IV.ATALA.Arartekoaren beste tresna batzuk administrazio ona izateko eskubidea sustatzeko
Herritarrek beren eskubideak urratu direlakoan edo indarreko legea bete ez delakoan administrazio publikoen aurka aurkezten dituzten kexen gainean ebaztea da Arartekoaren oinarrizko eginkizunetako bat.
Bere funtzio adierazgarria hori izanik, Ararteko erakundeak administrazioaren kontrol eta orientazio jarduera proaktibo ugari burutzen ditu asmo orokorreko beste tresna batzuen bidez. Horien helburuak administrazioaren jardueran praktika onak edo aldaketak proposatzea, esparru jakin bateko herritarren eskubideen betetzeari buruzko ikerketa eta eztabaida sustatzea edo horien hedapena bultzatzea dira.
Kapitulu honetan 2013. urtean zehar bideratutako jardueren emaitzaren laburpena gaineratu dugu eta Arartekoaren web orrira bidaltzen ditugu horien inguruko informazio zehatzagoa nahi dituztenak.
1.Gomendio orokorrak
Banakako kexen ebazpena, zalantzarik gabe, garrantzi handikoa da azaltzen diren kasu konkretuak argitzeko. Nolanahi ere, batzuetan ikusten da auzia kasu partikularraz harago doala eta modu orokorrean hel dakiokeela, herritar ugariri edo, modu estrukturalean, administrazioen jardunari eragin diezaiokeelako.
Zenbaitetan, arau aldetik hutsuneak daudela sumatzen da, edo aldatu egin behar direla lehendik dauden arauak, bidegabekeriazko egoerarik ez gertatzeko edo eskubideak hobeto bermatuko dituzten arauak lortzeko.
Halako kasuetan, Arartekoak gomendio orokorrak egiten ditu, administrazio bati edo hainbati begira.
2013. urtean, 9 gomendio orokor egin dira, beste hainbeste gairen inguruan. Gomendio horiek osorik gure web gunean aurki daitezke (www.ararteko.net).
1.1. Arartekoaren 1/2013 Gomendio Orokorra, urtarrilaren 18koa
Deribazio judizialaren bidez familia elkarguneen erregulazioa eta funtzionamendua.
Arartekoak familia elkarguneez duen kezka orain urte batzuk sortu bazen ere, gomendio orokor hau 2011 eta 2012. urteen bitartean bertatik bertara egin den ikerlan baten ondorioa da. Ikerlan horren bidez aztertu nahi zen zenbateraino betetzen den Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko familia elkarguneak erregulatzeko araudia.
Gomendio orokor horretan Arartekoak hainbat neurri proposatu ditu, batez ere epaitegiekin lankidetzan aritzearen eta koordinatzearen arloan.
1.2. Arartekoaren 2/2013 Gomendio Orokorra, otsailaren 5ekoa
Arkitektura-oztopoak dituzten egoitza-eraikin kolektiboetan irisgarritasun unibertsala bermatzeko beharra, bereziki igogailuak instalatuta.
Arartekoaren gomendio honen bitartez baloratu eta aztertu nahi dugu euskal botere publikoek zer-nolako jarduera-eremua duten bizitzeko eraikinetan arkitektura-oztopoak kendu ahal izateko tresnak bereganatzeko.
1.3. Arartekoaren 3/2013 Gomendio Orokorra, otsailaren 15ekoa
Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak borondatearen kontrako ospitaleratze egoeran daudenean dituzten eskubideen aitortze eraginkorra bermatzen dituzten neurriak hartzeko beharra.
Gomendio horretan, Ararteko erakundeak neurri batzuk proposatzen ditu, adibidez, pazienteari informazioa emateko idazki bat eskura izatea eta bertan argi eta erraz azaltzea haren eskubideak; eta bide bat abiaraztea, neurriak eragindako pertsonari eskubide horiek irakurri dizkiotela eta haien edukia behar bezala ulertu duela idatziz jaso ahal izateko.
Orobat, pazientearen historia klinikoan dagoen informazioa eta nahi gabeko barneratzearen gainekoa eskuratzea mugatzeari dagokionez, bidezkoa iruditzen zaio osasun-administrazioak hartutako murrizketa-neurriek behar bezala bermatzea babestu egingo direla hain kontuzkoak diren datu horiek.
Etorkizunari begira, azpimarratu dugu behar-beharrezkoa iruditzen zaigula Nahi Gabeko Barneratzeari buruzko Protokoloa betetzera bideratutako neurri gehiago hartzea.
1.4. Arartekoaren 4/2013 Gomendio Orokorra, martxoaren 4koa
Aldi baterako kontratazio-burtsak erregulatzen dituzten arauetan, diskriminazio positiborako neurriak ezar daitezela, ezgaituak euren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuetara iritsi ahal izatea errazteko.
Arartekoak gomendatzen die, batik bat oraindik neurririk hartu ez duten administrazioei, enplegu publikorako sarbidea eraendu behar duten printzipioak bermatuz, diskriminazio positiboko neurriak ezar ditzatela aldi baterako kontratuetarako beren lan-poltsak erregulatzeko arauetan, ezinduek beren ezaugarrietara egokitutako lanpostuak errazago eskura ditzaten.
1.5. Arartekoaren 5/2013 Gomendio Orokorra, ekainaren 17koa
Bakarrik dauden adingabe/gazte etorkinen arretarako bermeak.
Arartekoak eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Sailak koordina dezala Euskal Autonomia Erkidego osoan jarduteko baterako protokolo baten prestakuntzaren bukaera. Protokolo horretan parte hartu beharko dute Fiskaltzak, Gobernuaren Azpiordezkaritzek, polizia kidegoek, Segurtasun Sailak, Herri Administrazio eta Justizia Sailak eta Osasun Sailak, baita foru aldundien adin txikikoak babesteko zerbitzuek ere, eta horien guztien eginkizunak eta jarduerak argitu beharko dira.
Orobat, Arartekoak nabarmendu du oso garrantzitsua dela gizarte-laguntza edota bideratze egokia izatea adin txikiko eta gazte horiek babes-baliabideetatik irteten direnean.
1.6. Arartekoaren 6/2013 Gomendio Orokorra, ekainaren 27koa
Berriz aztertu behar da jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan sarrera ukatzeko eskubidea baliatzeari eta diskriminazioa debekatzeari buruzko araudia.
Ararteko erakundeak kexak jaso izan ditu erantzunik ezaren ondorioz edo administrazioak emandako erantzuna ez delako egokia izan. Kexek aditzera eman zuten atzerritar jakin batzuei ez dietela taberna edo diskoteka batean sartzen utzi, hau da, jendearentzat zabalik dauden establezimendu pribatuetan.
Gomendio horretan, Ararteko erakundeak ondorioztatu du sarrera ukatzeko eskubideari eta diskriminazioaren debekuari lotutako araudia hobetzea nahitaezkoa dela, bereziki, ikuskizun publiko eta aisialdirako jardueren arloan. Halaber, zigortzeko prozedura eta berme sistema ere hobetu beharko lirateke.
1.7. Arartekoaren 7/2013 Gomendio Orokorra, abuztuaren 7koa
Abokatu elkargoetako orientazio juridikoko zerbitzuek eta doako laguntza juridikoko lurralde batzordeek doako justiziaren onuraren eskatzaileen datu fiskalak eskuratu ahal izatea.
Arartekoak hiru Foru Aldundiei eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailari eskatzen die neurriak har ditzaten eta beharrezko lankidetza-hitzarmenak sina ditzaten Orientazio Juridikoko Zerbitzuek eta Doako Laguntza Juridikoaren Probintzia Batzordeek beharrezko zerga informazioa izan dezaten doako justizia erregulatzen duen araudiak esleitzen dizkien funtzioak aurrera eramateko. Era berean, gogorarazi du Datu pertsonalak babesten dituen lege organikoari jarraiki, informazioa ondorio horietarako bakarrik eman beharko dela eta, edozelan ere, aurretik eskatzailearen berariazko baimena izanda.
1.8. Arartekoaren 8/2013 Gomendio Orokorra, irailaren 24koa
Osasun Sistema Nazionalean asegururik ez duten pertsonei osasun-arreta jasotzeko orduan aldez aurretiko erroldak eragiten dizkien mugak.
Arartekoak honako gomendio hau egin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari: berrikus dezala ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuak ezartzen duen urtebetez erroldatuta egon izanaren eskakizuna, Osasun-sistema Nazionalean asegurudunak zein onuradunak ez diren pertsonek benetan osasun-arreta jasotzeko aukera izan dezaten.
1.9. Arartekoaren 9/2013 Gomendio Orokorra, azaroaren 5ekoa
Dokumentazio klinikoa eskuratzeko eskabideak ebazterakoan oinarritzat hartzen diren irizpideak egokitzea.
Arartekoak, besteak beste, honako gomendio hauek helarazi nahi dizkio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari:
aplikagarriak direla dioen alegazio orokor baten bitartez dokumentazio kliniko jakin bat ikusteko eskaera ukatu.
2.Azterlanak
2013. urtean, 2012an hasitako azterlan hau argitaratu da:
Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
Krisiak herritarren bizi baldintzetan eta pobrezia tasetan eragina dauka, baina eragin hau ez da berdina izan herritar guztientzat. Haurren taldea pobrezia eta gizarte bazterketa pairatzeko arrisku gehien duenetako bat da, haren mendekotasun ekonomikoa, soziala, parte-hartzailea, legala eta politikoa dela-eta. Horrez gain, eragin hori beste kolektibo batzuetan baino oharkabeagoan pasatzen ari da. Eta bistakoagoa egiten laguntzeko, hain zuzen, Arartekoak krisi ekonomikoak haurrengan duen eraginari buruzko azterlan bat aurkeztu zuen 2013ko urtarrilean.
Azterlanak guztira 58 adierazle jorratzen ditu, 7 eremutan taldekatuak, azken urtekoetan krisi ekonomikoak EAEko haurren ekonomia– eta gizarte-arloko eskubideen baliatzeari zuzenean nola eragiten dion agerian jartzen dutenak. Hainbat datu:
15 urtetik beherako 35.000 haur (% 11,7) baino gehiago euren oinarrizko beharrak ase ahal ezin izateko arriskuan dauden etxebizitzetan bizi dira. Krisia hasi zenetik, arriskuan dauden adingabeen kopuruak % 2,6 egin du gora.
Beste lurralde eremuetako datuekin zuzenean parekatzeko aukera eskaintzen duten adierazleek azaltzen dutenez, pobrezia larriko egoeretarako ezarritako atalasetik (batez bestekoaren % 40) beherako diru-sarrerak dituzten familietan bizi diren 15 urtetik beherakoen proportzioa % 3,5etik % 6,2ra pasa da 2008tik 2012ra. Pobrezia erlatiboko tasak (batez bestekoaren % 60ko atalasea kontuan hartzen duena) estatuko (% 25,9)batez bestekotik dezente beherago dagoen balioa dauka, baina 15 urtetik beherako herritarren % 16,1i eragiten dio une honetan.
Adingabeak dituzten familietako batzuek pobreziarako arrisku berezia dute: guraso bakarreko familiak, atzerriko nazionalitatea duen pertsona baten mendeko familiak, kualifikazio baxuko edo 35 urtetik beherako burua duten familiak.
Familien % 8 inguruk kide aktibo guztiak langabezian ditu.
Egun arte, diru-sarrerak bermatzeko errentaren sistemak EAEko pobrezia-tasak eusten aldeko eragina izan duela dirudi.
Gutxienez 2 egunetan behin proteinak dituen janariren bat izateko aukera ez duten familien ehunekoak gora egin du.
Gabezia materialen ondorioz, haurrak etorkizuneko desabantaila eta zaurkortasun egoeran daude, euren gara hezkuntza, gizarte eta laneko garapenean eragina izan dezakeena. Horregatik, ezinbestekoa da haurrak kontuan hartzea gure gizarteak pairatzen dituen erronken aurrean erabakiak hartzerakoan, ez soilik euren garapen eta ongizatearengatik, baita gizarte guztiarenarengatik ere, etorkizuneko kostea garestia izan baitaiteke (herritarren eskumen maila murriztea, produktibitate gutxiago, langabezia-tasa handiagoak, babeserako sistemaren koste handiak, hezkuntza eta osasun sistema urritzea, etab.)
3.Txosten bereziak
3.1. 2013an argitaratutako txostena
Gaur egun, IKTak, gure bizitzen osagarri edo zati bat izatetik, gure bizitzetan zeharka eta modu iraunkorrean sartzera igaro dira. Presente daude eskolan, lanean, administrazioekiko eta banku-erakundeekiko harremanetan, ondo pasatzeko eta komunikatzeko dugun eran... Hainbesteraino daude presente, non lan-hipotesi hau onartzera garamatzan: gure egungo gizartean, gizarte-bazterketa sortzen duten faktoretzat har liteke teknologia horiek ez ezagutzea eta ez erabiltzea.
Bestalde, eguneroko bizimoduak argi eta garbi erakusten digu aspaldiko formulek ez dutela emaitza onik ematen arazoak konpontzeko garaian. Krisi orokorreko eta ezinegon sozialeko testuinguru honek agerian jartzen du badirela erronka berri eta zaharrak, eta erronka horiek jarduteko modu berriak behar dituztela, eta herritarrek parte hartzea ere beharrezkoa dela.
Pertsonak ahalduntze digitalaren fase edo aldi batean edo bestean daudela kontuan hartuta, hainbat eten digital daudela esan dezakegu. Gai hori izango da txosten honen egituraren eta horren analisiaren bizkarrezurra.
Horrela, honako eten digitalak geureganatu ditugu gure txostenean:
Sarbidearen eten digitala.
Erabilera-eten digitala.
Eskuratze-eten digitala.
Partaidetza-eten digitala.
2013an argitaratu den txosten berezi horren bidez, Ararteko erakundeak euskal gizartearen eskutik gaur egungo IKTen erabilera eta eskuratze mailaren egoera ezagutarazi nahi du, bai eta gizartean eta eremu publikoan IKTen bidezko parte hartze maila ere.
Bertako 41 ondorioetatik batzuk aipatuko ditugu:
Irisgarritasunaren araberako eten digitala ezin da oraingoz gainditutzat hartu: euskal familien % 34,2k ez du interneterako konexiorik.
IKTen erabilerari dagokionez, Euskadin egondako bilakaera jarraitua izan da, izan ere, euskal herritarren % 65,3k internet erabiltzen du.
Eskuratzeko aukeraren araberako etena baloratzen badugu, harrigarria da Euskadin internet erabiltzen duten herritarren % 13,5ak uste duela interneten edo IKTen erabilera ez diola hobekuntza zehatzik eskaini haren bizitzan.
Euskal herritarren arabera IKTen eragin positiborik handienak honakoak izan dira: erakundeak herritarrengana hurbiltzea, bizi-kalitatea hobetzea eta herritarrek erakundeetan izandako parte-hartzea handitzea.
Esparru publikoan parte hartzeko motibazioei buruz hitz egiten dugunean % 27k besterik ez du aipatzen erabakietan parte hartzea horretarako motibazio gisa; herritarren % 33,6k uste du haren parte-hartzea ez dela oso erabilgarria.
Txostenaren azken xedea da herri-administrazioei egindako gomendioen (guztira 39) agiri bat garatzea. Egindako ikerketan oinarritua dagoen agiri horrek, IKTen bidez, euskal gizartearen e-gizarteratzea eta gizartean zein eremu publikoan parte hartzea jorratzeko erronka eta ildo estrategiko berriak mahaigaineratuko ditu.
3.2. 2013. urtean egiten ari diren txosten bereziak
2013. urtean zehar dezente aurreratu da bi txosten bereziren prestaketa:
–
EAEn, askatasuna kendu dieten pertsonen buruko osasunak jasotzen duen arreta sozio-sanitarioaren egoerari buruzko txostena
Urteak dira, Euskadin preso bizi diren pertsonen buruko osasuna haien eskubideen alde lanean diharduten kolektiboen eta Ararteko erakundearen kezka nagusietakoa dela. Espetxeetako biztanleriari buruzko azterlan askok agerian utzi dute preso bizi diren pertsonen buruko osasuna nabarmenki narriatzen dela. Buruko gaitzak dituzten, droga mendetasunarekin zailtasunak edota buruko ezintasunak dituzten pertsonak ugaritzen dira. Era berean, osasun arreta ematen dien sistemak gabeziak dituela hauteman da.
Txostenaren helburua zera da: preso dauden pertsonen egoera ezagutzea, euren buruko osasunaren egoerari dagokionez; espetxe bakoitzean arreta sozio-sanitarioa emateko baliabideak ezagutzea; osasun arretarekin eta, espetxetik ateratzerakoan, gizarte arretarekin lankidetza hitzarmenak edo koordinazio mekanismoak eta presoen eskaera eta beharrak ezagutzea, euren buruko osasunean eragina duen edozein zailtasun barne.
Gainera, 2011ko uztailaren 1az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu du Estatuko administrazioaren eginkizun eta zerbitzuen eskualdatzea espetxeetako osasunaren arloan, eta, hortaz, alderdi hori aintzat hartu beharra dago txostenean, izan ere, Euskadi da bere Osasun Zerbitzuan espetxeetako osasuna osorik sartu duen lehenbiziko autonomia erkidegoa. Horrela, Osakidetzak oinarrizko arretatarako bere eskualdeetan txertatuta dituen osasun zentro bihurtu ditu bere osasun-zentroak, eta erreferentziako ospitale bat dute, diagnosi- eta terapeutika-zerbitzu guztiekin.
Modu berean, Eusko Jaurlaritzaren Herri Administrazio eta Justizia Sailaren menpeko barneratze-zentroetan sartuta dauden adin txikikoen eskaeren eta beharren azterketa bat egingo da txostenean.
– EAEn familiak babesteko politika publikoen egoerari buruzko txostena
Familiei laguntzeko politika publiko horiek bultzatu eta indartzeko asmoz, Ararteko erakundeak azterlan bat hasi du, argitu nahi baitu arlo horretan zer politika publiko dauden, baita euskal familiek zer premia eta eskari dituzten eta zenbateraino dauden pozik oraingo laguntza-politikekin.
Kontu honekiko hurbilpena, zentzu zabal batean, egun arte familiak babesteko bideratutako neurri publikoen azterlanaren bidez abiatu behar da.
Horretarako, familia eredu ugari daudela kontuan hartu beharra dago, amak aitak eta seme-alabek osatutako ohiko familia ereduan barneratu ezin daitezkeenak.
Azterlanaren bidez, halaber, euskal familiek duten babes-maila gure Europako inguruko beste erreferenteekin alderatzen da.
4.Arartekoaren udako ikastaroak
EHUko XXXII. Udako Ikastaroen barruan, Donostiako Miramar Jauregian Ararteko erakundeak antolatutako ikastaro bat egin zen, Pertsonen eskubideak babestea finantza-erakundeekin dituzten harremanetan izenburukoa.
Azken urteotan, gure gizartea nozitzen ari den krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioz, esku lotuta ikusten ari gara zenbait herritar izugarrizko ahultasun eta babesgabetasun egoeran daudela, bai finantza-produktuak edo finantza–zerbitzuak erosi dituztelako, bai bankuen jarduera batzuek kontrolatu gabeko ondorioak sortzen dituztelako, familiaren bizitzan eragin handia dutenak. Egoera hori ezin larriagoa bihurtzen da hipotekak betearaztean eta ohiko etxebizitza galtzean.
Arartekoak arazo horren gaineko eztabaida piztu nahi du, kontzeptu-ikuspegi hau abiapuntu hartuta: banku-zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak al dira? Ikuspegi ap
rioristiko horretatik begiratuta, administrazioaren esku-hartzeak zuzena behar du izan, horren gaineko araudia eta kontrol eraginkorra barne direla.
Era berean, Estatuak ziurtatu behar du herritarrek kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak legez babestuta egongo direla. Ziurtatu behar da banku-kontratazioak berekin dakartzan betebehar guztietan beteko direla oinarrizko eskubide horiek.
Gainera, etxebizitza izateko eskubidea Konstituzioan babestutako eskubidea dela kontuan hartuta aztertu behar da hori guztia. Horregatik, ezusteko gertakariren baten ondorioz etxebizitza galtzen bada, hipoteka betearazi delako, administrazioak zenbait neurri abiarazi behar ditu oinarrizko eskubide horri eusteko.
Horretarako, hizlari garrantzitsuak izan ditugu ikastaroan. Hasteko, Fernando Zunzunegui jaunak kontsumitzaileen eskubideak babestu eta baliatzeko araudia zertan den azaldu zuen: ikuspegi juridikotzat jotzen den hori.
Jarraian, Carmen Gallastegi andreak ikuspuntu ekonomikoa ekarriko zuen, baina familien egoerarekin eta gizarte-ekonomiarekin lotuta.
Edmundo Rodríguez Achuteguik defentsa jurisdikzionalaren ikuspegia azaldu zuen, banketxeen zerbitzu eta produktuen kontsumitzaileen eskubideei dagokienez.
Bukatzeko, mahai-inguruak ikuspuntu osagarriak eskaini zizkigun:
Justizia administrazioan eskumenak dituen administrazio autonomikoaren ikuspegia, Manu Valín Justiziako zuzendariaren eskutik, eta etxebizitza sustatzearen ikuspuntua, Mario Yoldi etxebizitza sustatzeko arduradunaren eskutik. Horrela aztertu ahal izan genuen zer tresna jarri diren abian herritarrak babesteko, baita etxebizitza izateko eskubidea benetan gauza dezaten ahalbidetzeko ere.
Rafael Richen ikuspegia. Giza eskubideen arloan abokatu ekintzailea da eta Stop Desahucios Córdoba-ko defendatzailea. Gainera, ap
arteko eskarmentua du banketxeen sektorean.
Ararteko erakundearen ikuspegia, Maria José Fernández de Landaren eskutik. Ogasun arloko arduraduna da eta oso ondo ezagutzen ditu finantza-erakundeen produktuak. Arartekora etortzen direnek azaltzen dizkiguten arazoetara hurbildu gintuen.
Ikastaroan emandako hitzaldiak 2013ko abenduan argitaratu dira.
5.Arartekoaren jardunaldiak
5.1. Jardunaldia: informazioa eskuratzeko eskubidea, herritarren eskubide gisa
Arartekoak jardunaldi bat egin zuen maiatzaren 6an, Bilboko Yohn jauregian, izenburu honekin: Informazioa eskuratzeko eskubidea, herritarren eskubide gisa: hedabideen eta gizarte zibileko erakundeen eginkizuna.
Ponentzia nagusia Access Info Europe-eko zuzendari exekutibo Helen Darbishire andreak eman zuen. Ondoren, mahai-ingurua egin zen, parte-hartzaile hauekin: Lucía Martínez Odriozola Kazetarien Euskal Elkarteko presidentea, Carlos Barcina –Arartekoko ingurumen arloko koordinatzailea eta Joserra Ortiz txipio Bai elkarte ekologistako partaidea.
Informazioa eskuratzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da eta estu lotuta dago informazio-askatasunarekin eta botere publikoa gauzatzean funtsezkoak diren printzipio batzuekin, adibidez, gardentasunarekin eta parte-hartze eraginkorrarekin. Eskubide hori giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean aitortu dute, Europar Batasunaren eremuan, baita gure inguruko herrialde gehienetako legerietan ere.
2008an Europako Kontseiluak nazioarteko lehen ituna onartu zuen arlo horretan: hain zuzen, Informazioa eskuratzeko eskubideari buruzko Europako Ituna. Espainiak oraindik ez du itun hori berretsi. Oraingoz, autonomia erkidegoan edo Estatuan ez dago legeriarik informazio publikoa eskuratzea herritarren eskubide gisa babesten duenik.
Iñigo Lamarca arartekoak bere mintzaldian adierazi zuenez, “informazioa eskuratzeko eskubidea funtsezko osagaia da demokrazia ireki eta parte-hartzaile baterantz urratsak egiteko. Administrazio egokiaren printzipioak exijitzen du botere publikoak, beren eginkizunak betetzean, herritarren demokrazia-kontrolpean jar daitezen. Gizarte informatua gizarte eskatzailea eta zorrotza da, bere eskubideak zaintzeko eta garatzeko borrokatzen duena”.
5.2. Eudelek eta Arartekoak antolatutako lan-jardunaldia, gazteen lonjen erabilera arautzeko udal jardueren gainean
Arartekoko hainbat teknikari, baita ehunen bat euskal udalerritako ordezkari politiko eta tekniko ere, EUDELen egoitzan bildu ziren azaroaren 14an, Bilbon, gazteen lonjen erabilera arautzeko udal jarduerak aztertzeko lan-jardunaldian.
Topaketa horretan, EAEn burutu diren hainbat udal jarduerari buruzko erreferentziazko adibideak ezagutarazi zaizkie euskal udalei, gazteen lonjen erabilera arautu eta antolatzeko, horiek hiri-ingurunera egokitzeko eta erabiltzaile gazteen eta auzokideen elkarteen arteko bitartekaritza egiteko. Gasteiz, Portugalete, Abanto-Zierbena, Gernika-Lumo eta Elgoibarko udaletako ordezkariek mahai-inguru batean parte hartu dute, gainontzeko udalerriei horietako esperientzietako batzuk azaltzeko.
Orain azaleratzen ari den errealitatea da gazteen talde batzuek merkataritza-lonjak erabiltzea elkartzeko eta aisialdirako lokal bezala. EAEn egindako zenbait azterlanetan azaltzen denez, lokalen erabilera hori elkartzeko eta aisiarako lehentasunezko toki gisa sendotzen ari da euskal gazteen artean.
Fenomeno horrek eztabaidak sortu ditu gai honen gainean: nola bateratu daiteke, modu egokian, aisialdiko jarduera hori ingurumenaren kontrolarekin, segurtasunarekin eta lokaletako arriskuak prebenitzearekin, alde batetik, eta hiri-inguruko auzokideen komunitatearekin duten harremanarekin, bestetik.
Gai horiek denak zehazki aztertu ahal izateko, Arartekoak ofiziozko espediente bat hasi zuen. Informazioa eskatu zuen gazteen aisialdiko jarduera hasi berri horren testuinguru sozial eta juridikoaz, baita arlo horretan udalek jarduteko dauzkaten aukerez ere, gai horretaz irizpide eta printzipio orokor batzuk ezartzeko.
Jardunaldi horretan lortutako ekarpenak Arartekoak prestatuko duen ondorio-txosten batean aztertuko dira.
6.Beste jarduera batzuk
6.1. Arartekoaren Informazio-guneak egoitza publikoetan
Arartekoak euskal herritarrei egiten duen lanaren berri emateko zereginarekin jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztiek jakin dezaten erakunde honek zein zerbitzu publiko eskaintzen duen, eta nola izan dakiekeen erabilgarri. 2009an, Arartekoak informazio-kanpaina bat hasi zuen, hau da, EAEko udaletxeetan informazio-gune batzuk jarri zituen, eskultura baten antzeko euskarri bat, kartoi-harrizkoa, erakundearen inguruko informazio interesgarriarekin (zer den, zer egiten duen, noiz jo Arartekoarengana, nola aurkeztu kexa bat...).
Lehenengo fasean, informazio-gune horiek EAEko udal bakoitzean jarri ziren, ikus daitezkeen eta normalean jendea askotan ibiltzen den tokietan. Bigarren fasean, informazio baliabideak hiru foru aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako bulegoetara bidali ziren.
Ararteko erakundea euskal gizarteari hurbiltzeko eta gauzatzen dituen zereginak gehiago eta hobeto ezagutzera emateko, ekimen berri bat jarri da martxan: dibulgazioko aldizkari bat bidaltzea informazio-guneetara, hain zuzen. Modu labur eta entretenigarrian azaltzen du Arartekoak urtean barrena gauzatu dituen jarduera batzuk (txosten bereziak, gomendioak, kexak eta kontsultak...).
6.2. Aldizkari digitala
Arartekoak etengabe egiten du ap
ustu modernizazioaren alde, baita herritarrei egiten dugun lanaren berri emateko bideak hobetzearen alde ere, eta, horri esker, 2013an “e-albisteak” aldizkari digitala sendotu da. Oso tresna erabilgarria da herritarrei erakunde honek gauzatzen dituen jarduera guztien berri emateko. Bi hizkuntzatan argitaratzen da eta erraz irakurtzen da. Aldizkari honen formatua malgua da, eta, bertan, Arartekoaren jarduerarik garrantzitsuenetako batzuk jasotzen dira: gomendioak, artikuluak, argitalpenak, ebazpenak...
Informazio eguneratua eskaintzeaz gain, aldizkari digitalak, era berean, zuzeneko esteken bitartez web orriko beste eremu batzuetara sartzeko aukera ematen du; adibidez, Haur eta Nerabeentzako Bulegora, arreta publikoko kolektiboetara, ebazpenetara, gomendioetara, ohiko txostenetara eta ezohiko txostenetara.
Gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte zibil antolatua buletin honen xede garrantzitsua dira, baita herri-administrazioak, komunikabideak eta Arartekoak egiten duen lanaren informazio eguneratua izan nahi duten herritar guztiak ere.