3. Araudi autonomikoa
EAEk, ELGL onetsi aurretik, bere jarrera adierazia zuen hirigintza irisgarritasunaren gaian, hain zuzen ere Hirigintza-oztopoak kentzeko araudiari buruzko martxoaren 24ko 59/1981 Dekretuaren bitartez. Hala eta guztiz ere, eraikinetako irisgarritasunaren araudia ez zen euskal arautegian 1983. urtearen amaierara arte finkatu, hain zuzen ere Arkitektura-oztopoak kentzeko araudiari buruzko abenduaren 19ko 291/1983 Dekretuaren onespenarekin. Xedapen horren izaera aurrerakoia zen erabat garai hartarako, izan ere, xedea definitzerakoan, zera aipatzen zuen: "ezgaitasun iraunkor nahiz behin-behineko izan dezaketen guztiek –haur, haurdun dauden emakume, zama-eramaile, eta abar–". Beste era batera esatearren, nolabait diseinu unibertsalaren oinarrizko postulatuetako bat biltzen zuen, hain zuzen ere ingurunea guztion beharretara egokitzean zetzana.
Arau horrek, egun indarrean dagoen araudiaren aurrekari zuzena, oinarrizko akats bat zuen: hura bete beharra ekartzeko zehapen sistemarik ez zuen.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan irisgarritasunaren gaian indarrean dagoen araudia honela egituratzen da:
1.a. Jarduteko esparru orokorra, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak definitzen duena da. Esparru honek zera jasotzen du:
– Legearen xedea eta hura aplikatzeko esparru materiala.
– Neurrien definizioa lau esku-hartze eremuetan irisgarritasuna bermatzeko –hiri inguruneak eta espazio publikoak, eraikinak, informazio eta komunikazio sistemak eta garraioak–; definizio horretan, batetik, baldintza orokorrak sartzen dira eta, bestetik, erreserbak.
– Herri administrazioek –Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta gainerako erakunde publikoek– hartu beharko dituzten neurriak irisgarritasuna sustatu eta bultzatzeko.
– Araudiko eskakizunak betetzen diren edo ez kontrolatzeko neurriak.
– Zehapen araubidea, hau da, arau-hausteak, zehapenak eta araudia betetzen ez den kasuan aplikatu beharreko prozedura definitzea.
– Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua sortzea, gai horretako kontsulta organo eta parte hartzeko organo gisa.
Legearen 5. artikuluak garraioaren eremuko irisgarritasuna arautzen du, hurrengo xedapen orokorrak finkatuz:
"1.- EAEko herri-administrazioen aginpidetzakoak diren bidaiarien garraio publikoek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.- Bidaiarien garraio publikorako den material erosi berria araudiz ezarritako baldintza teknikoei egokitu beharko zaie. Baldintza horiek lege honen helburuekin bateragarri izan beharko dute.
3.- Bidaiarien garraio publikorako diren eraikin edo instalazioek informazio eta komunikazio akustiko, ikustezko eta sentsorialerako sistema egokiak izango dituzte, edozein pertsonak era autonomoan eta behar bezalako segurtasun-baldintzetan erabiltzeko modukoak.
4.- Garraio arloan aginpidedunak diren herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte garraio publikoak, bai eta horiekin lotutako eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariak ere, lege honetako eta berau garatzen duten arauetako aginduei pixkanaka-pixkanaka egoki dakizkien.
5.- Garraio arloan aginpidedunak diren euskal herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte atal honetan garraio publikoentzat jasotzen diren erregimen eta betebeharrak pixkanaka-pixkanaka garraio pribatuei aplika dakizkien".
Bestalde, Legearen II. Kapituluko 10. artikuluak zera finkatzen du garraioko erreserbei buruz:
"1.- Hiri eta hiriarteko garraiobide publiko kolektiboek, eta batez ere autobus, trenbide eta funikularrek, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten, gutxienez gurpil-aulkietarako bi leku eta lau eserleku gorde beharko dituzte kotxe bakoitzeko, sartzeko ateetatik hurbil, behar bezala seinaleztatuta eta txirrinak eta gelditzeko eskatzeko seinaleak eskuragarri daudela.
2.- Aipatutako garraiobideak irisgarriak izango zaizkie mugikortasun murriztua duten pertsonei; era berean, barrualdean lekuz aldatzeko behar bezalako segurtasun-baldintzak dituztela bermatu beharko dute, eta gorde egin beharko dute eragindako pertsonek eraman ditzaketen tresnak edo laguntza teknikoak eta/edo itsu-txakurra kokatzeko beharrezko den tokia.
3.- Mugikortasun murriztua duten pertsonek lekuz aldatzeko beharrizanak bete ditzaten, ibilgailu edo taxi egokitua egotea sustatuko dute hiru mila bizilagun baino gehiago duten herrietako udalek. Hala behar izanez gero, lizentzia berria eman daiteke horretarako".
2.a. Esku-hartze eremu ezberdinetan aplikatu beharreko baldintza teknikoak, legea garatzeko bi dekretuetan bildutakoak:
– 68/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena. Dekretu honek bost eranskin ditu:
I. eranskinak parametro antropometrikoak finkatzen ditu. Bertan, irisgarritasun kontzeptuen oinarrizko definizio batzuk sartzen dira, irisgarritasun zailtasunak dituzten pertsona taldeak identifikatuz eta neurriak, gorputz dimentsioak, helmen eta kontrol egoerak eta mugimendu eta transferentzietarako espazio beharrak ezarriz.
II. eranskinak irisgarritasuneko baldintza teknikoak arautzen ditu, espazio publikoetan eta komunitate izaerako elementuetan.
III. eranskinak irisgarritasuneko baldintza teknikoak finkatzen ditu eraikuntzarako.
IV. eranskinak irisgarritasuneko baldintza teknikoak finkatzen ditu komunikazio sistemetarako.
Azkenik, V. eranskinak, aurreko eranskinetan aurreikusitako irisgarritasuneko baldintza teknikoak arautzen ditu urbanizazio eta eraikuntzetan berriztatze, zabalkunde edo aldarazpen obrak egin behar direnerako.
– 126/2001 Dekretua, uztailaren 10ekoa, Garraioan Irisgarritasun-baldintzei buruzko Arau Teknikoak onesten dituena:
Dekretu honek lege testuan bildutako aurreikuspena osatzen du, eranskinean garraioko irisgarritasuneko arau teknikoak arautzearen bitartez. Lantzeko prozesuan parte-hartze zuzena eduki zuten eragindako taldeek eta Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak.
Eranskin horretan garraio azpiegituretan bete beharreko irisgarritasun baldintzak finkatzen dira, eta baita errepidetiko eta trenbidetiko garraio publikoaren material mugikorrean egon beharrekoak ere. Bertan sartzen dira ere garraio pribaturako baldintza jakin batzuk eta arautu egiten dira irisgarritasun baldintzen egokitzapenak gauzatzeari eta horiek kontrolatzeari buruzko alderdiak.
Arau multzo hau Euskal Autonomia Erkidegoaren Esparruan aplikatzen zaie euskal administrazioen eskumenekoak diren bidaiarien garraio publiko guztiei eta Euskal Autonomia Erkidegoan oso-osorik mugitzen direnei, eta, halaber, garraio horiei zuzendutako eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariei.