4. Irisgarritasun katea
EAEn garraio publikoko azpiegituren eta ekipamendu eta ibilgailuen irisgarritasun egoeraren diagnostikoa egituratu egin da funtzionalki lurralde historiko bakoitzean jarduten duen garraiobidearen inguruan eta irisgarritasun katea izena duen hori osatzen duten segmentuak gorabehera, hau da, edozein ibilbide jatorri batetik destino bateraino zatitzen den etapa multzoa gorabehera.
Garraio sistemaren bat erabiltzea dakarren jatorri batetik destino baterainoko ibilbide baten Irisgarritasun katearen funtsezko elementuak hauek dira:
– Sarbide ibilbidea: hurbileneko hiri ingurunea garraioko azpiegitura edo ekipamenduarekin (trenbide geltokia, autobus geltokia, eta abar) lotzen duen oinezkoentzako ibilbideari heltzen dion etapa da. Garraio ekipamendura iristeko dagoen kanpoko ibilbidearen irisgarritasunaren[9] eta pasatzeko modukoa izatearen[10] gaineko azterketa hartzen du. Udalei dagokie etapa honetan irisgarritasuna bermatzea.
– Garraio ekipamendua: azpiegituraren barruko elementuetan joan-etorri eta erabilera baldintzei buruzko etapa. Hurrengoak hartzen ditu: eraikinerako sarbidea, halakorik egonez gero; joan-etorria instalazioaren barrualdean; ekipamendutik emandako eta bertan ageri diren zerbitzu publikoak normaltasunez eskuratzea eta horien erabilera ergonomikoa, eta ontziratze eta hartatik irtete segurua eta funtzionala azpiegitura-ibilgailua-azpiegitura erlazioan. Garraio azpiegitura eta ekipamenduaren kudeatzailearen eta garraio eragilearen beraren eskumena da katearen fase honetan irisgarritasun baldintzak betetzen direla bermatzea.
– Ibilgailua[11]: irisgarritasun katearen hirugarren segmentuak garraio ibilgailuaren barruko joan-etorri baldintzei heltzen die, hau da, joan-etorriaren segurtasunari eta erosotasunari buruzko gaiei, ibilgailuaren barrualdetik funtzionalki mugitzeko gaitasunari eta hartan ageri diren erabilera publikoko elementuen erabilera normalizatuari: txartela baliogabetzea, gelditzea eskatzeko txirrina, komunak... Etapa honen gaineko eskumena garraio eragilearena da bakar-bakarrik.
Jatorritik destinora doan ibilbidea irisgarria izan behar da kateko segmentu guztientzat joan-etorriaren arrakasta bermatu nahi bada. Zentzu horretan, aipatutako etapez gain, ibilbide honek bizitokiaren eta ingurune publikoaren arteko lotura gehitu behar du, komunikazio izaerako beste elementu batzuekin batera. Horiek informazioa eskuratzen dela eta hura erabat ulertzen dela, bidaia behar bezala planifikatzen dela eta hura ezustekorik gabe burutzen dela bermatu behar dute.
"Destinora iristeko aukerak benetan zalantzan jartzen dituen edozein pertsonak atzera egingo du eta ez dio ibilbideari ekingo. Zalantza horren ñabartasunean ezkutatzen da askotan ezgaitasunen bat duten pertsonen aurkako bereizkeria sakonena, eta, horregatik, irisgarritasun jardueretan aurrerantz jarraitzea eta haiekiko hurbil mantentzea oso garrantzitsua da".
Iturria: Espainiako Irisgarritasunari buruzko Liburu Berdea
Jarraian datorren taulak aintzat hartutako lurralde eremu bakoitzeko (lurralde historikoa) azterketak emandako xehetasunak erakusten ditu:
Lurralde historikoa | Garraio modua | Azpiegitura | Ibilgailua |
Gipuzkoa | Trenbidea | Geltokiak / geralekuak | Trena |
Airetikoa | Aireportua | Hegazkina | |
Errepidetikoa | Autobus terminalak / Geralekuak | Autobusa / Taxia | |
Bizkaia | Trenbidea | Geltokiak / geralekuak | Trena / Metroa |
Tranbia | |||
Airetikoa | Aireportua | Hegazkina | |
Errepidetikoa | Autobus terminalak / Geralekuak | Autobusa / Taxia | |
Araba | Trenbidea | Geltokiak / geralekuak | Trena |
Tranbia | |||
Airetikoa | Aireportua | Hegazkina | |
Errepidetikoa | Autobus terminalak / Geralekuak | Autobusa / Taxia |
[9] Irisgarritasuna: Ibilbide bat irisgarria (egokitua) dela esaten da horri buruzko araudian bildu diren funtzionaltasun eta dimentsio betekizunak betetzen dituenean, mugikortasun urriko pertsonen joan-etorrien autonomia eta segurtasuna bermatuz.
[10] Pasatzeko modukoa izatea: Irisgarria ez den ibilbidea, ez dituelako lege ezarpen guztiak betetzen. Aitzitik, behar bezain funtzionala eta segurua da pertsonaren joan-etorria ahalbidetzeko.
[11] Ibilgailu bat irisgarria dela esaten da mugikortasun urriko pertsona bat barrura sartu daitekeenean inolako laguntzarik gabe.