2. Txostenaren edukia eta egitura
Txostenaren helmena eta izaera finkatzeko, beharrezkoa da bi alderdi funtzional aztertzea: irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsona taldeak –mugikortasun urriko pertsonak– eta Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraio sistemari dagokion eremu funtzionala.
Garraioaren alorrean mugikortasun urria duen pertsonaren kontzeptuak bildu egiten ditu joan-etorriak egiteko eta garraio sistemak modu autonomoan eta funtzionalean erabili ahal izateko zailtasunak dituzten pertsona guztiak.
Joan-etorriak egiteko gaitasunean murrizketa, iragankorra edo aldi baterakoa izan, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial batek eragindakoa da, nahiz eta beste motaren bateko faktoreek eragindakoa ere izan daitekeen, adibidez adinak eragindakoa edo une jakin batean kargak, maletak, eta abar lekuz aldatzeko beharrak eragindakoa.
Zehazki, mugikortasun urria duen pertsona definitzen duten inguruabar nagusiak hurrengo adieretan biltzen dira:
1. Joan-etorriak egiteko gurpil aulkia behar duten pertsonak. Bidaiatzeko benetako zailtasunak dituzte, mugitzeko oztopo ugari gainditu behar dituztelako: eskailerak, beheragunerik gabeko espaloiak, zoladura irregularrak, eta abar.
2. Zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonak, ohiko garraio zerbitzua erabiltzeko arazo garrantzitsuak badituzte: txartela erosteko, geltokira iristeko, ibilgailuan sartu eta hartatik irteteko, agenteei kontsulta egiteko, eta abar.
3. Ezgaitasunik gabeko adinekoak[2].
4. Anputazioren bat jasan izanagatik edo artritisa edukitzeagatik gorputzeko atalen batean mugikortasun funtzionalik ez duten pertsonak eta joan-etorriak egiteko benetako zailtasunak topatzen dituztenak: espaloiak igo eta jaisteko, ibilgailuetara sartu eta haietatik irteteko, eta abar.
5. Gutxiegitasun kardiakoa edo arnasakoa duten pertsonak.
6. Joan-etorri normalak egitea galarazten duen gaixotasunen bat duten pertsonak, adibidez giro berrietara egokitzeko arazoak topa ditzaketen alergia prozesuak dituzten pertsonak.
7. Modu iragankorrean mugikortasun galeraren bat duten pertsonak: haurdun dauden emakumeak, gorputz atalen bat igeltsatuta edukitzeagatik makuluekin ibili behar diren pertsonak; karga astunak daramatzaten pertsonak, adibidez haurrak besoetan edo haur kotxeetan daramatzatenak, eta abar.
Irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonen multzoak, horiek mugikortasunagatik edo komunikazioagatik eragindakoak izan alde batera utzita, Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren I. Eranskineko 3. artikuluan definiturik daude.
Azterlan hau egiteko, bost kategoriatan sailkatu dira lehen aipatutako mugikortasun urriko pertsonak: adinekoak; ezgaitasun iraunkorra duten pertsonak, horien artean gurpil aulkia erabiltzen dutenak sartuz; aldi bateko ezgaitasun fisikoa duten pertsonak; haurdun dauden emakumeak, eta modu iragankorrean jarduera mugatzaileak egiten ari diren pertsonak.
Garraiobideetara iristerakoan talde horrek topa ditzakeen arazo nagusiak hauek izan daitezke:
– Izaera fisikoa dutenak: azpiegituretara iristeko mailen arteko aldeak, maldak eta eskailerak gainditzea ezinezkoa izateagatik; igarobide estuetan eta bira egiteko tokirik ez dutenetan barrena abiatzea ezinezkoa izateagatik; ateak ireki eta ixtea zaila izateagatik; aldi berean bi eskuak erabiltzea behar duten mekanismoak martxan jartzea zaila izateagatik, eta abar.
– Zentzumen izaera dutenak: botoi multzoak edo errotuluak bezalako gauzak identifikatzea ezinezkoa izateagatik edo mailen arteko aldeak edo irtenguneak bezalako oztopoak identifikatu ezinagatik; norabideak eta ibilbideen jarraipena finkatzeko informazioa falta izateagatik; zailtasunak edukitzeagatik seinale akustikoak eta argi seinaleak identifikatzeko, adibidez alarmak, txirrinak, eta abar.
Egindako diagnostikoaren eremu funtzionalari[3] dagokionez, azpimarratzekoa da honela egituratuta geratzen dela:
1. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten garraio sistemak.
1.1. Bidaiarien garraio publikoko zerbitzu erregularrak.
1.1.1. Erabilera orokorrekoa
1.1.2. Jatorria edo destinoa EAEn edukita
1.1.2.1. Garraio azpiegitura eta ekipamenduak
1.1.2.2. Material mugikorra
1.2. Taxi egokituaren lineaz kanpoko zerbitzua
2. Azterketatik kanpo utzi dira EAEn ematen diren itsas garraioko zerbitzu batzuk eta baita kable bidezko garraioak, funikularra eta zubi esekia ere.
[2] Irisgarritasunaren Plan Nazionala 2004-2012 (IMSERSO) delakoak ezgaitasuna ez duten adin aurreratuko pertsonak (65 urte edo gehiago) hartzen ditu inguruneko oztopoak ezabatzearen onuradun izan daitezkeen pertsona gisa.
[3] Aldez aurretiko oharra: EAEn dauden autobus geltokien irisgarritasun egoeraren diagnostikoa ez da oinarritu ekipamendu lagin baten berariazko azterketa batean. Aldiz, erreferentziako azterlan ezberdinetan oinarritu da. Horrela, txostenean ekipamendu hauetan ohikoen diren oztopo fisikoak eta komunikaziokoak azalduko dira.