2. Ekipamenduak: terminalak
2.1. Bilboko autobus geltokia (Termibus)
La terminal de autobuses de Garellano, S.L. da Bilboko udalak, hiriko autobus geltokia ustiatzeko, egindako emakidaren enpresa titularra 1996. urtetik aurrera.
Autobus terminala toki estrategiko batean kokaturik dago: edukiera handiko bide sarera iristeko sarbide ezin hobeak ditu, eta horrek erraztu egiten du errepidetiko garraio zerbitzuen antolamendua. Gainera, azkenaldian, erreferentziako nodo bat bihurtu da, garraioko hiri eta hiri arteko zerbitzu ugarik bat egiten dutelako puntu horretan: tranbiak, metroak, Renferen aldirikoek, Bilbobusek, eta abarrek.
2.1.1. Kanpoko irisgarritasuna
Termibusek oinez iristeko bi sarbide nagusi ditu: bata, San Mameseko eremu intermodaletik. Hura arrapala batean amaitzen den ibilbide irisgarri baten bitartez egiten da, nahiz eta kurban egoteak zaildu egiten duen haren irisgarritasuna. Bestea, EITB –Euskal Irrati Telebista– enpresa kokatzen den zonatik dator, eta egokitu gabe dagoen malda malkartsuko arrapala batean amaitzen den ibilbide irisgarria du.
Ikusmen urrituek ukimen zerrendak dituzte bi sarbideetan, terminaleranzko ibilbidean orientatzeko.
2.1.2. Barruko irisgarritasuna
Behin atondoan, ekipamenduan ematen diren eta bertan dauden zerbitzu eta elementu ezberdinetara iristeko joan-etorria, orokorrean, oztopoetatik libre dago, eta maniobra fisiko egokiak bermatzeko behar besteko zabalera duten tokiak daude. Zoladura trinkoa, gogorra eta irristatzeen aurkakoa da.
Aitzitik, ikusmen urrituek ez dute gidatzeko sistemarik –ukimen zerrendarik– garraio zerbitzua funtzionaltasunez erabiltzeko behar diren elementuetarantz orientatzeko: nasetarantz, eragileen leihatiletarantz, eta abarretarantz joateko hain zuzen. Hankaz ukitzeko gida badago, baina eskasa dela ikus daiteke, izan ere, atondotik egokitutako zerbitzuetara eta informazio puntura doa bakarrik.
Informazio leihatilak eta salmahaiak ez daude egokiturik irisgarritasuneko parametro arautzaileei jarraiki. Ez dago garaiera baxuagoan jarritako tartetik, ezta sakonera egokiko zokorik ere.
Eserlekuak ez daude egokituta, eta ez dago mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako eserleku multzo berariazkorik. Euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago, horren bitartez mugikortasun urriko pertsonaren atsedena erraztu ahal izateko esertzeko edo altxatzeko maniobra erabat gauzatu beharrik gabe. Geltokian komun higieniko egokituak eskaintzen dira.
Komunikazio eta informazio sistemei dagokienez, zera aipatu behar da:
– Autobusen irteera eta iritsiera iragartzen duten informazio teleadierazgailuak daude.
– Ez dago megafonia sistemarik irteeren eta iritsieren berri emateko.
– "Cyberpass"[26] sistemarik ere ez dago, horren bitartez ahozko informazioa emateko ikusmen urrituei. Orokorrean, ez dago zentzumen ezgaitasuna duten pertsonei informaziora iristea bermatuko dien sistemarik.
– Informazio estatikoa ez dago zentralizatuta, eragile pribatu bakoitzari uztartuta baizik. Edukien tamainak eta haien kokapenak ez dute errazten guztiok hartara iritsi eta irakurri ahal izatea.
2.1.3. Ibilgailuen irisgarritasuna
Termibusen emandako zerbitzu gehienak zoru garaiko ibilgailuekin egiten dira, izan ere, hiri arteko zerbitzuak eta ibilbide luzekoak dira.
Ibilgailuen irisgarritasun diagnostikoa, haien tipologia gorabehera, txosten honetako kasuan kasuko kapituluan jorratuko da.
[26] Cyberpass sistema: urrutiko kontrola sakatzeari esker aktibatzen den seinale igortze-hartzaile den sistema. Sistemak soinu seinaleak egiten ditu, eta horiek oso erabilgarriak dira itsuentzat semaforoetan, autobus geralekuetan...
2.2. Donostiako autobus geltokia
Hiriburu gipuzkoarrak urteak daramatza autobusen geltoki intermodal berriaren proiektua eztabaidatzen, eta, denbora horretan zehar, erabiltzaileak ohiko terminal bat izatetik oso urrun dagoen ekipamendu batekin bizi behar izan dira.
Donostiako egungo autobus geltokia ez da aire zabalean ibilgailuak aparkatzeko dagoen eremu bat besterik. Bertan, ez dira bere egituran integratzen altzariak, ezta probintzia hiriburu bateko ekipamendu batek eduki beharko lituzkeen elementu funtzionalak ere.
Garraio eragileen merkataritza lokalak geltokiaren ingurumarietan sakabanatuta daude. Bidaiariek itxaroteko tokia markesina handi bat da, altzaririk eta informazio estatikorik gabea.
2.2.1. Kanpoko irisgarritasuna
Geltokia kalean bertan dago (Pio XII.aren kalea). Ekipamenduranzko oinezko ibilbide ezberdinek (hirigunetik edo Amarako auzotik) bermatu egiten dute mugikortasun urriko pertsonaren erabateko funtzionaltasuna eta segurtasuna bere joan-etorrian. Edonola ere, ikusmen urrituak behar bezala bideratzeko, gida izango den zerrendarik zoladuran ez dagoela ikusi da.
2.2.2. Barruko irisgarritasuna
Aire zabaleko eta azalera handiko aparkaleku modura, geltokiak ez du barrualdeko atondorik. Hala eta guztiz ere, hurbileneko oinezko inguruneak ez du oztoporik, eta horrek bermatu egiten du joan-etorria autonomoa eta segurtasunekoa izatea eragileen merkataritza lokaletaraino, eta han oztopoak hasten dira.
Lokal horietako askok mailak dituzte barrualdera sartzeko, eta horrek ez du ahalbidetzen gurpil aulkien erabiltzaileak barneratu ahal izatea. Bestalde, kanpoko ibilbideentzat adierazi den moduan, ikusmen urrituek ez dute kasu honetan ere ukimen sistemarik zoladura gainean gida izateko eta merkataritza lokalak topatzea errazteko.
Zoladura trinkoa, gogorra eta irristatzeen aurkakoa da. Altzariak eskasak dira, eta egokitu gabeko eserlekuak dituen eta euskarri iskiatiko osagarririk ez duen itxaroteko markesina handi batek eratzen du altzari multzo hori.
Geltokiak komun publiko egokitu bat du, kabina motakoa.
Erabiltzailearentzako komunikazio eta informazio sistemen erabateko gabezia dago. Ez dago informazio dinamikorik, ezta informazio bisualik edota akustikorik ere, eta informazio estatikoa eskasa da eta ez da oso funtzionala.
2.2.3. Ibilgailuen irisgarritasuna
Donostiako terminalean emandako zerbitzu gehienak zoru garaiko ibilgailuekin egiten dira, izan ere, hiri arteko zerbitzuak eta ibilbide luzekoak dira.
Ibilgailuen irisgarritasun diagnostikoa, haien tipologia gorabehera, txosten honetako kasuan kasuko kapituluan jorratuko da, errepidetiko sistemaren atalean hain zuzen.
2.3. Vitoria-Gasteizko autobus geltokia
Donostian bezala, Vitoria-Gasteiz ere bere geltoki intermodaleko proiektua (garraio aldageltokia) gauzatu zain dago, eta bere egituran autobus terminala integratuko da.
Bitartean, egungo ekipamendua ez da nahikoa erabiltzaile guztien erabateko irisgarritasuna bermatzeko.
2.3.1. Kanpoko irisgarritasuna
Vitoria-Gasteizko autobus geltokiak eraikin bat du; haren atondoan integratzen dira informaziorako puntuak eta eragileen salmentarakoak, eta bidaiarientzako hainbat zerbitzu ere badago bertan. Gainera, instalazioaren aldamenean bi espaloi dago, Herrandarren kalean eta Jose Mardones kalean kokaturikoak, eta itxaroteko eremu eta ibilgailuen aparkaleku dira.
Ekipamendu horretara iristeko oinezkoen ibilbideak oztopoetatik libre daude, eta nahiko ibilgarriak dira mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorri autonomoa eta segurua bermatzeko. Aitzitik, ikusmen urrituek ez dute gida elementurik zoladuraren gainean, horien bitartez geltokiaren kokalekurantz bideratzeko.
Jose Mardones kalean ibilgailuak aparkatzeko eremuen aldamenean dauden espaloiak estuegiak dira, eta hori arrisku bat izan daiteke autobusetarantz abiatzen diren mugikortasun urriko pertsonentzat.
2.3.2. Barruko irisgarritasuna
Geltokiko atondorako sarbidea aurrealdean eta alboetan kokaturiko sarrera ezberdinetatik egiten da, eta horiek ez daude behar bezala egokituta irisgarritasun fisikoaren ikuspegitik. Oztopo nagusi gisa aipatu egin behar da bertan dauden arrapalen funtzionaltasun eskasa, eta horien baldintzatzaile da gainera ohiko ateak egotea arrapala horiek eta gero, estuak eta astunak.
Barruko atondoa oztopoetatik libre dago, eta horrek erraztu egiten du komunetarantz eta ekipamenduan eskainitako eta bertan dauden elementuetarantz abiatzea.
Zoladura trinkoa, gogorra eta irristatzeen aurkakoa da, baina ez du gida izateko zerrendarik, horien bitartez ikusmen urrituak orientatzeko atondoko intereseko puntuetarantz: salmenta leihatiletarantz, altzarietarantz, komun higienikoetarantz, eta abar.
Eragileen informazio eta salmenta puntuetako leihatilak ez daude behar bezala egokituta.
Komun higienikoek komun egokitu bat dute sexu bakoitzeko, baina horiek erabili ahal izateko garbitasun eta higieneko gutxieneko baldintzak ez daude bermaturik.
Altzarien eremuan, ez dago mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako eta utzitako berariazko eserlekurik, ezta euskarri iskiatiko osagarririk ere.
"Cyberpass" sistemarik edo "T Moduko" megafoniarik ere ez dago instalatuta, horren bitartez ahozko informazioa emateko ikusmen eta entzumen urrituei, hurrenez hurren.
2.3.3. Ibilgailuen irisgarritasuna
Vitoria-Gasteizko ekipamenduan emandako zerbitzuak zoru garaiko ibilgailuekin egiten dira, izan ere, hiri arteko zerbitzuak eta ibilbide luzekoak dira.
Ibilgailuen irisgarritasun diagnostikoa, haien tipologia gorabehera, txosten honetako kasuan kasuko kapituluan jorratuko da, errepidetiko sistemaren atalean hain zuzen.
2.4. Autobus geralekuen sarea
Autobus geralekuen sarea EAEn oso zabala da, eta oso heterogeneoak diren ingurune fisiko eta oinezko inguruneetan integratzen da. Horrek egoera anitzak eragiten ditu eta errepidetiko garraioaren irisgarritasun maila larriki baldintzatzen.
Ez da inoiz ahaztu behar joan-etorri katearen kontzeptua eta, une oro, irisgarritasuna bermatu beharraren garrantzia haren etapa guztietan, jatorritik destinora.
Autobus geralekuak kokatzen diren udalerrietako udalak dira instalazio horien lurzoruaren titularrak eta baita instalazioetako eta ekipamendu horietako mantentze lanak egiteko eskumendun ere, betiere, bertan jarduten duten (geratzen diren) linea erregularren –hirikoak eta hiri artekoak– emakida egiten duen administrazioaren kaltetan izan gabe. Inguruabar horrek aldakortasun gehiagoko faktore bat sartzen du hiri altzariko elementu hauen funtzionaltasun eta irisgarritasun diseinu eta ezaugarrietan.
Autobus geralekuetan azterketa jorratzeko garaian, hiru faktore dira erabakigarri haien funtzionaltasun eta irisgarritasunean:
– Sarbidea: geralekua irisgarria izatea bezain garrantzitsua da hiri ingurunetik hartara oinez joan ahal izango dela bermatzea. Zentzu horretan, hurbileko ibiak, espaloi zabalak, hiri ingurune zabalak bezalako elementuak egoteak bermatu egiten du joan-etorria autonomoa eta segurua izango dela mugikortasun urriko pertsonentzat.
– Modulu teknikoa: markesina, altzariak, barrualdeko tokia, informazio estatikoa eta informazio dinamikoa integratzen ditu. Elementu horiek finkatzen dute geralekuaren funtzionaltasun eta ergonomia maila.
– Espaloia-ibilgailua binomioa: hau da, bien arteko bereizketa bertikal-horizontala. Horrek mugikortasun urriko pertsonak ibilgailura modu autonomoan eta seguruan igotzeko eta hartatik irteteko duen gaitasuna mugatu dezake.
Txosten honen asmoa ez da EAEn dauden geraleku guztien irisgarritasun azterketa egitea, baizik eta horrelako ekipamenduetan gehien errepikatzen diren oztopo ohikoenen multzoa azpimarratzea, lehen aipatutako funtsezko faktore bakoitzari dagokionez.
Horretarako, iturri bibliografikoak eta dokumentalak ikertu eta aztertu dira, horren bitartez posible izan zedin txostenean egungo errealitatea islatzea. Erreferentzia gisa, oinarrizko hurrengo azterlanak aipatzen dira:
– Bizkaiko Garraio Irisgarriaren Plan Estrategikoa (BGIPE), Bizkaiko Foru Aldundia, 2009.
– Gipuzkoako errepide sareko 20 autobus geralekuren lagin baten egokitzapen azterlana, 2009.
– Gipuzkoako linea erregularretako autobus geralekuen inbentarioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004.
– Vitoria-Gasteizko Irisgarritasun Plana, 2007.
Mugikortasun urriko pertsonek geralekuetan dituzten irisgarritasun oztopo nagusiak hauek dira:
2.4.1. Sarbidea
Geralekuranzko oinezko ibilbideak ez du beti bermatzen mugikortasun urriko pertsonaren sarbidea segurtasun eta autonomia pertsonaleko oinarrizko printzipioei jarraiki egin ahal izatea.
Oztopo nagusiak hauetan daude:
– Ibilgailuen trafiko biziko inguruneetan, hiriguneen kanpoaldean, kokatzea, galtzadaren alboan dagoen eta babesik ez duen oinezko ibilbide bat behar izanez.
– Oinezko ibirik ez egotea ekipamendutik hurbil.
– Eraikuntza arazoengatik edo oztopoak egoteagatik –edukiontziak, txorkoak, zutabeak, ibilgailuak– espaloi estuak topatzea sarbide ibilbidean.
– Hiri zoladura baldintza kaskarretan dago edo ez du behar besteko seinaleztapenik kontraste kromatiko adierazgarriarekin, hankaz ukitzearen bitartez jarraitzeko eta hori gida izateko ikusmen urrituarentzat ekipamendua topatzerakoan.
2.4.2. Modulu teknikoa
Hainbat faktorek aukera ematen du geraleku bat helezintzat edo funtzionaltasun gutxikotzat jotzeko:
– Markesina gorago kokatzea hara iristeko dagoen espaloirik gabeko arrapalaren aldean.
– Markesina espaloiko ertzetik gertu kokatzen da, eta horrek galarazi egiten du gurpil aulkia erabiltzen duen mugikortasun urriko pertsona bat hurbildu ahal izatea.
– Barruko toki murriztua, gurpil aulkian doan mugikortasun urriko pertsonaren maniobrak ahalbidetu gabe.
– Elementu funtzionalik gabeko geraleku modulua: markesina, eserleku egokituak, argiztapena eta informazioa, pertsonari itxaron bitartean erosotasuna, ergonomia eta segurtasuna bermatzeko.
– Informazio estatikoko panelak pertsona guztientzako irisgarriak ez diren formatuetan edukitzea.
– Soinu erako egokitzapenik (Cyber sistema) ez duen geraleku modulua, horren bitartez ikusmen urrituei errazteko markesina edo geraleku zutabea topatzea, bertatik igarotzen den autobusaren zenbakia jakitea, itxaron beharreko denbora ezagutzea, eta abar.[27]
2.4.3. Espaloitik ibilgailura
– Ezinezkoa da ibilgailuak espaloira hurbiltzea, beste ibilgailu batzuk aldi baterako gelditu direlako edo bertan aparkatu dutelako.
– Plataformetan edo espaloi aurrerabideetan gurpil aulkiekin maniobrak egitea zaila da, espaloia plataformari egokitzen ez zaion diseinu eta instalazioaren ondorio (zirrikitu arriskutsuak).
– Garaiera gaindiezina zintarriaren eta plataformaren artean gurpil aulkiekin iritsi nahi bada. Arrazoiak hauek dira:
• Atzeratzen den arrapala zabaldu baino lehen ibilgailua albo batetik belaunikatzearen maniobra ez gauzatzea.
• Garaiera desegokian dagoen zintarria.
Adibide modura, mugikortasun urriko pertsonek geralekuetan dituzten arazo komun batzuk erakusten dira jarraian.
Jada aipatu den bezala, markesina modelo aniztasun handia dago hiru lurralde historikoetan. Ekipamendu sorta honen barruan, batzuk irisgarriagoak dira beste batzuk baino.
Adibide modura, jarraian EAEko lurralde bakoitzari eta probintziako hiriburu bakoitzari dagokion modeloa bildu eta erakusten da.
Ezer baino lehen esan beharra dago, Gipuzkoak oraindik ez duela markesina irudi bakarra, Bizkaiko eta Arabako aldundien kasuan ez bezala, eta hori Foru Aldundiak bere modelo propioa zabaltzen hasteko saiakerak egin baditu ere (ikusi erantsitako irudia).