1.3. Europar Batasuna
Europar Batasunaren esparruan hurrengo testuak aipatu beharko lirateke:
– 1996. urtean, abenduaren 20ko Kontseiluaren baitan bildutako Europar Batasunaren Kontseiluaren, Gobernuetako ordezkarien eta Estatu kideen Ebazpena egin zen. Ebazpen hori elbarritasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunari buruzkoa izan zen (EEAO 97/01/13) eta azpimarratu egin zuen beharrezkoa zela ezgaitasunen bat duten pertsonei erabateko herritar izatera iristea galarazten zieten oztopoak deuseztatzea.
– 2000. urtean, Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari egindako Jakinarazpena onetsi zen: "Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako oztoporik edukiko ez duen Europarantz". Brusela, 2000. urteko maiatzaren 12a (BATZ. 2000 – 284 amaiera, EEAOn argitaratu ez zena). Jakinarazpenak azpimarratu egiten zuen Europar Batasunak trakzio elementu gisa zuen papera, estatu kideen arteko lankidetza bultzatzeko, trukea sustatzeko eta egungo oztopoak deuseztatzera eramango duten praktika onenen garapenerako.
Batzordeak koordinazio handiagoa defendatzen du hurrengo esparruen artean: enplegua, hezkuntza, lanbide heziketa, garraioa, barne merkatua, informazioaren gizartea, teknologia berriak eta kontsumitzaileen politika. Halaber, jarduteko ildo estrategiko batzuekin jarraitu beharreko ibilbidea finkatzen du: mugikortasunaren eta irisgarritasunaren hobekuntzarantz; guztion zerbitzura dagoen informazioaren gizarte baterantz; laguntza teknologiei dagokienez garapen gehiago edukiko duen merkatu komunerantz.
Bestalde, jakinarazpen honekin lortu nahi diren helburuak hauek dira:
• Mugikortasunaren alde egitea herritartasunaren osagai den heinean.
• Irisgarritasunaren gaian, sektore arteko politiken gabeziak estaltzea.
• Ezgaitasunen bat duten pertsonei informazioaren gizartean sartzea ahalbidetzea.
• Laguntza teknologien merkatua hobetzea.
• Merkatuan, ezgaitasunen bat duten kontsumitzaileen eskubideak eta interesak babestea.
– Urte horretan bertan, Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua onetsi zen, 2000ko azaroaren 27koa, enpleguan eta lanbidean tratu berdintasunerako esparru orokorra finkatzeari buruzkoa. Bereizkeriaren aurkako arau bat da, laneko irisgarritasun fisikoko gaiei buruzkoa.
2003. urtean "Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Urte Europarrak" sortutako bultzada baliatuz, Batzordeak emaitza horiek aprobetxatu nahi izan zituen urte anitzeko ekintza plan bat ezartzearen bitartez. Ekintza plan honen helburua hau da: 2010. urtea baino lehen, ezgaitasunaren dimentsioa sartzea eragindako politika komunitarioetan eta ekintza zehatzak aplikatzea oinarrizko eremuetan. Horrela, ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazio ekonomikoa eta gizarteratzea hobetuko dira (Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari urriaren 30ean egindako Jakinarazpena: "Aukera berdintasuna ezgaitasunen bat duten pertsonentzat: ekintza plan europar bat" (BATZ 2003-650 amaiera, aldizkari ofizialean argitaratu ez zena).
– 2006. urtean, Ministroen Batzordeak Rec(2006)5 Gomendioa onetsi zuen Estatu kideentzat. Gomendio hori Europako Kontseiluaren Ekintza Planari buruzkoa zen, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak sustatzeko eta haien parte-hartzea erabatekoa izateko gizartean: ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea Europan 2006-2015.
– 2008. urtean, Kontseiluaren 2008ko martxoaren 17ko 2008/C75/01 Ebazpenak, Europar Batasunean ezgaitasunen bat duten pertsonen egoerari buruzkoa, gonbitea luzatzen die Estatu kideei eta Batzordeari zera berma dezaten: ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasuna; lan merkatuan duten parte-hartzea areagotzea, enplegu malguko planak, laneratze aktiboa eta laguntza teknologiak eta laguntza pertsonala erabiltzea bezalako neurri positiboak konbinatzearen bitartez; herritar guztiak informazioaren gizartean sartzen direla sustatzea, esparru digitalean sartzeari buruzko Rigako Adierazpenarekin bat etorriz, informazio eta komunikazioko teknologia irisgarriak garatuz eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntza teknologien bitartez.
Azkenik, epigrafe honetan beharrezkoa da irisgarritasuna sustatzeko beste tresna batzuk aipatzea, horiek garrantzi berezia baitute garraioaren sektorean:
Trenaren bitartez egindako garraioa
Lehenik eta behin, Europako Parlamentuaren 2008/164/EE Zuzentaraua aipatu behar dugu, hain zuzen ere Elkarreragingarritasuneko Zehaztapen Teknikoari (EZT) buruzkoa mugikortasun urria duten pertsonen kasuan, Europan zeharreko ohiko trenbide sistemetan eta abiadura handikoetan (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2008ko martxoaren 7koa).
Material mugikorraren irisgarritasunari buruzko EZTak zera finkatzen du:
"Tren guztiek, gutxienez, mugikortasun urriko pertsonei egokituriko ate bat eduki beharko dute; ate horrek sistemaren bat eduki beharko du kotxearen eta nasaren arteko distantzia estaltzeko, betiere, distantzia horiek hurrengoen artean egonez gero:
Hutsune horizontala ≥ 75 mm
Hutsune bertikala ≥ 50mm".
Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1371/2007 Erregelamenduak, urriaren 23koa, finkatu egiten ditu trenbideko nazioarteko bidaiarien eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren, eta hura zuzenean aplikatzekoa da Estatu espainiarrean.
Erregelamendu horrek, hamargarren oinarrian, bildu egiten ditu trenbidez egindako garraioak eduki behar dituen baldintzak ezintasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna errazte aldera; horren bitartez aukera berdintasuna bermatuko da garraiobide hau erabiltzeko garaian (V. kapitulua, 19.etik 25.era bitarteko artikuluak).
Erregelamenduak ezarri egiten du bidaiariak trenbidez garraiatzeko zerbitzuak herritar guztientzako onuragarri izan behar direla. Horretarako, aurreikusi egiten du ezintasunen bat duten pertsonek eta ezintasunen batengatik, adinagatik edo beste edozein faktorerengatik mugikortasuna urriturik duten pertsonek eduki egin behar dituztela trenez bidaiatzerakoan gainerako herritarrek dituzten aukera baliokideak. Halaber, gainerako pertsonek duten eskubide berdina dute mugikortasun askatasunerako, aukeraketa askatasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko. Hori dela eta, enpresa eragileek eta trenbide sareen administratzaileek bereizkeriarik gabeko irisgarritasun neurri batzuk finkatu behar dituzte talde honen garraioari aplikatze aldera, eta, horretarako, ezgaitasunen bat duten pertsonen eta mugikortasun urriko pertsonen ordezkari diren erakundeen parte-hartze aktiboa eduki behar dute.
Errepidetiko garraioa
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001. urteko azaroaren 20ko 2001/85/EE Zuzentaraua, gidariaren eserlekuaz gainera beste zortzi toki dituzten eta bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuei aplikatu beharreko xedapen bereziei buruzkoa. Horren bitartez, 70/156/EEE eta 97/27/EE zuzentarauak aldarazi ziren.
Besteak beste, zuzentarauak jaso egiten du gidarien betebeharra dela existitzen diren sistemak aktibatzea autobusaren zoruaren garaiera murrizteko.
Airetiko garraioa
1107/2006 EE Erregelamendua egin zen, airetiko garraioan ezgaitasunen bat duten pertsonen edo mugikortasun urria dutenen eskubideei buruzkoa (EBAO Ln, 204, argitaratua 2006ko uztailaren 26an).
Erregelamendu hau kokatu egiten da garraio publikoko modu guztietan bidaiarien eskubideak indartzeko plan bateratu baten baitan. Ezgaitasunagatik, adinagatik edo beste faktoreren batengatik mugikortasun urriko desabantaila jasaten duten pertsonek gainerako herritarrek airetiko garraioa erabiltzeko dituzten aukera berdinak eduki behar dituzte. Erregelamenduak betebeharrak finkatzen ditu ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntzearen alorrean, eta betebehar horiek hegazkin konpainientzat nahiz aireportuen kudeatzaileentzat dira.