II. Kapitulua. Esparru juridikoa eta kontzeptuala
Irisgarritasunaren esparruan kontzeptu aldaketa gertatu da azken hamarkadetan eta, horri esker, lege aurrerapauso garrantzitsuak izan dira ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasuneko eta bereizkeriarik ez jasateko eskubidearen gizarte aitorpenaren alde.
Lehenengo aldaketa honi esker gertatzen da: bakarkako errehabilitazioaren ikuspegian oinarritutako ezgaitasun teorietatik haien gizarte izaera defendatzen duten teorietara igaro izana. Planteamendu honek –irisgarritasunaren gaian– onarraraztea ekarri zuen ez dela gizabanakoa egokitu egin behar dena batez besteko gizakiarentzat diseinatu den ingurunera, baizik eta ingurunea dela biztanleriaren behar anitzei egokitu behar zaiena, ingurune hori irisgarri izan beharrez pertsona guztientzat.
Kontzeptu aldarazpen horrek eragin egin du irisgarritasun arauek gurpil aulkia aukeratzea erreferentziako elementu gisa, izan ere, ezgaitasun mugatzaileenak estaltzearekin besteak ere barne hartuko lirateke. Horregatik, gurpil aulkia, ezgaitasunaren sinboloa, irisgarritasunaren sinbolo ere bihurtzen da.
Bigarren aldaketa bat ere gertatzen da agertoki juridikoan, ezgaitasunaren araudi tratamenduan bereizkeriaren aurkako legeak agertzearekin. Arau horiek oinarritu egiten dira eskubide zibilen eta gizarte eskubideen aitorpen eta defentsan, berdintasun eskubidean, bereizkeriarik ez jasatekoan eta erabateko herritar izatekoan, eta ez ingurune fisikoaren ezaugarrien arauetatik ezgaitasunen bat duen pertsona batentzat erator daitezkeen eskubideetan. Arau hauen izaera juridikotik datorren ondorio nagusia epaitegietan horiek betetzea exijitzeko aukera da.
Bestalde, eta paraleloki, baina bereizkeriaren aurkako arauekin bateragarria izanez, irisgarritasun unibertsalaren filosofia sendotzen joan da azken hamarkadan, guztiontzako diseinuaren kontzeptuaren premisatik abiatuta.
Orain hogeita hamar urte jada, ikuspegi hori proposatu egin zuen Dessertinek, hain zuzen ere 1975. urteko lege frantziarraren egileetako bat. Hura izan zen nazioarteko agertokian irisgarritasuna biztanleria osoaren arazoa zela esan zuen lehenengoa: ezgaitasunen bat duten pertsonena, zalantzarik gabe, baina baita adinekoena, haurrena, haurdun dauden emakumeena, haur kotxeak daramatzaten pertsonena, fardelak garraiatzen dituzten pertsonena, eta abarrena ere. Haren aburuz, "pertsona oro izan da, egun da edo izango da egunen batean ezgaitasunen bat duen pertsona".
Irisgarritasun unibertsalaren filosofia onartzeak esan nahi du gizartea dela bere osotasunean bere kideen aniztasunera egokitu behar duena, pertsona guztiek bizitzaren eremu guztietan erabat parte hartzen dutela bermatzeko behar diren ingurune aldarazpenak sartuz. Halaber, gizartea aniztasunera egokitzea pertsonen berdintasunerantz eta haien eskubideen errespeturantz eraginkortasunez eramaten duen bide bakarra dela onartzea dakar.
Kontzeptuaren bilakaeraren prozesu hau islatu egiten da Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideen Konbentzioa onetsi izanean 2006ko abenduaren 13an –NBEren Biltzar Nagusiak onetsi zuen–. Hura 2008ko maiatzaren 3an jarri zen indarrean Estatu espainiarrean.
Konbentzio hori aldaketa adierazgarria izan da ezgaitasunaren tratamenduan. Ikuspegi juridikotik begiratuz gero, esan dezakegu horrek ezgaitasuna errehabilitazioaren eredutik begiratzeko modua edo horrela tratatzeko modua gainditzea eta gizarte eta aniztasun ereduak barneratzea ekarri duela. Bi eredu horiek bateratzea da konbentzioaren filosofiaren inspirazio.
Jada esan den moduan, gizarte ereduaren premisa irten egiten da ezgaitasunaren jatorriaren arrazoi gisa gizarteak jartzen dituen mugak aitortzetik, zerbitzuak emateari dagokionez eta ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartearen antolamenduan, berdintasun baldintzetan, parte hartzeko aserik behar dituzten berariazko beharrak egokitzeari dagokionez. Hori dela eta, hartu beharreko konponbideak ez zaizkie zuzendu behar pertsonei bakarka, baizik eta, baita ere, gizarteari, horren bitartez gertatzen diren bereizkeria egoerak gainditzen saiatzeko.
Bestalde, aniztasunaren dimentsioa bizitza independentearen mugimenduen printzipioetara iristen da. Mugimendu horrek uste du ezgaitasuna gizakiari datxekion ezaugarri bat dela, eta giza aniztasunaren beste adierazpen bat. Ezgaitasunen bat duten pertsonak eskubide eta aukera berdintasuna duten gizaki ezberdin gisa aitor daitezela eskatzen dute, eta uste dute ezgaitasunaren ezaugarri unibertsal horrek eskatu egiten duela gizarteak beharrezko esfortzua gain hartzea egoera horretara iritsi ahal izateko.
Halaber, konbentzioak giza eskubideen eremuan kokatzen du ezgaitasuna. Horren froga dira oinarritzat hartzen dituen printzipio gidariak:
– Atxikitako duintasunaren, bakarkako autonomiaren –norberaren erabakiak hartzeko askatasuna barne– eta pertsonen independentzia errespetatzea.
– Bereizkeriarik eza.
– Gizartean erabateko parte-hartzea eta gizarteratzea edukitzea eta horiek eraginkorrak izatea.
– Ezberdintasunekiko errespetua eta ezgaitasunen bat duten pertsonak onartzea aniztasunaren eta gizaki izatearen alderdi gisa.
– Aukera berdintasuna.
– Irisgarritasuna.
– Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna.
– Ezgaitasunen bat duten haurren gaitasunen bilakaera eta beren nortasuna mantentzeko duten eskubidea errespetatzea.