1. Trenbide sistema
EAEko trenbide zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta ibilgailu pribatuarekin eta garraio publikoko beste modu batzuekin lehiatzeko gai izango den hautabide bihurtzeko, beharrezkoa da gaur egun garraio modu honen erabilera unibertsala baldintzatzen duten oztopoak gainditzea.
Orokorrean, eta egindako diagnostikoari jarraiki, zera uste da:
1. Udalek lehentasuna eman behar diete instalazioetako oinezkoen inguruneak egokitzera zuzendutako jarduerei.
2. Azpiegituraren kudeatzaileei (ADIF, FEVE, ETS) gomendatu egiten zaie:
– Nasa eta trenaren arteko erlazioan nahiz ibilgailu barruko joan-etorrian eta unitate mugikorrean emandako informazio eta zerbitzuetara iristerakoan erabat irisgarria izango den material mugikorra sar dezatela.
– Nasak egokitu ditzatela nasaren eta trenaren arteko erlazioa maila berdinean egiten dela bermatzeko.
– Oinezkoentzako trenbide-pasaguneak ezabatzeko plana egin dezatela, eta nasen artean joan-etorri unibertsala eta segurua bermatzeko sistema teknikoak instalatu edo eraiki ditzatela.
– Metal-kautxuzko trenbide-pasaguneak instala ditzatela, bestelako pasabiderik ez duten geltokietan.
– Geltokietara sartzeko ateak eta haren barruan daudenak automatiza ditzatela; sarbideetan, atondoetan eta nasetan arrapalak eta eskailerak egoki ditzatela.
– Instalazioetan komunikazio eta seinaleztapen sistemak ezarri eta hobetu ditzatela, horretarako ikusmen eta entzumen urrituentzako irisgarritasuna hobetzea ahalbidetuko duten teknologia berritzaileak eskuratuz.
– Ergonomia eta erosotasun baldintzak hobetu ditzatela irisgarritasun kate osoan zehar: altzariak, autosalmentako makinak, komunak, eta abar.
Txosten honetako I. eranskinean bildu diren laburpen fitxetan, oparotasunez xehatu dira ikuskatutako trenbide korridoreetako bakoitzean igarritako gabeziak eta une honetan gauzatzen ari diren jarduerak, proiektatu direnak edo azterlan fasean daudenak. Eskuratutako informazioari esker egin ahal izan den diagnostikotik abiatuta, kasuan kasuko berariazko gomendioak egin dira aztertutako linea bakoitzeko.