1.3. Tranbia sistema
Tranbia sistemak erreferentzia dira hiri garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalaren gaian. Ez dira bakarrik "hiria egiten duten" proiektuak, hiri integrazioko lan sakona eta trazatua igarotzen den eremu funtzionaleko espazio berrantolamendua eskatzen duten aldetik; horrekin batera, bereziki, mugikortasun urriko pertsona taldeen gizarteratzea eta kultura integrazioa ahalbidetzen duten proiektuak dira, eguneroko joan-etorriak oztoporik gabe egingo direla bermatzen baitute. Inor baztertzen ez duen garraio sistema bat da, eta ezgaitasunen bat duten pertsona guztiek, haur kotxeak daramatzatenek eta une jakin batean bizikleta bat garraiatu dezaketenek erabil dezakete. Garraio publiko seguru, irisgarri eta ingurumenarekiko errespetuzkoa den baten aldeko apustu irmoa da.
Hala eta guztiz ere, Bilboko nahiz Vitoria-Gasteizko tranbia sistemara egindako ikuskatze bisitetan hurrengo gabeziak egiaztatu ahal izan dira:
– Bilboko eta Vitoria-Gasteizko tranbiaren proiektuetan irisgarritasun fisikoko oztopoak gaindituta, gaur egun komunikazio oztopoak geratzen dira kentzeko. Horrela, zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei sistemaren erabateko irisgarritasuna bermatuko zaie.
– Zentzu horretan, adierazi dezakegu Vitoria-Gasteizko tranbiak, Bilboko tranbia baino modernoagoa izateagatik, lortu egin duela dauden komunikazio oztopoak ezabatzeko behar diren irisgarritasun neurriak sisteman sartzea.
– Geralekuen hurbileneko oinezko inguruneek ez dute, gehienetan, gida izateko zerrendarik zoladuran, horren bitartez informazioa eman ahal izateko ikusmen urrituari.
– Beharrezkoa da erakunde eskumendunak Vitoria-Gasteizko tranbiaren inguruan sortu den arazoa jorratzea, hain zuzen ere markesinaren eta espaloiaren artean geltoki batzuetan dagoen igarobide estuari buruzkoa, izan ere, horrek gurpil aulkien erabiltzaileak igarotzea zailtzen du.