1.1. Trenbide sistema
EAEko trenbide sistemaren irisgarritasun baldintzak ez dira gehiegi aldentzen beste eremu geografiko batzuetan ageri den egoeratik. Material mugikorraren eta trenbide azpiegituraren irisgarritasunaren egoerak, egun, ez du behar besteko bermerik eskaintzen mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko, eta hori azken urteotan inbertsio garrantzitsuak egin badira ere.
Trenbide sareetan irisgarritasunaren egoerak ageri dituen gabeziak irisgarritasun katearen funtsezko etapa guztietan gertatzen dira:
– Trenbide azpiegiturara sartzeko ibilbidean.
– Trenbide geltokien eta geralekuen sarbideetan.
– Geltoki barruko mugikortasunean, nasetara daramaten sarbideetan eta material mugikorrean. Azpimarratzekoa da gure autonomia erkidegoko tren geltokietan dauden trenbide-pasagune gehienek duten egoera larria, eta baita nasaren eta trenaren arteko irisgarritasun arazo konpondu gabea ere.
Halaber, beharrezkoa da azpimarratzea ia ez dagoela irisgarritasun neurririk komunikazioan trenbide sare osoan, horrek aukera eman diezaien ikusmen urrituei edo zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei informazio egokia eskuratzeko.
Halaber, garrantzitsuak dira ere instalazioetako ergonomia eta funtzionaltasunean eta garraio ekipamenduetan ageri diren gabeziak.
Aztertutako linea guztietan egiazta daiteke bi geltoki mota elkarrekin ageri dela: (1) irisgarritasun baldintzak biltzeagatik eredu izan daitezkeen geltokiak, lurralde historikoetako hiriburuei edo hirigune handiei uztartuta eta (2) segurtasunaren, ergonomiaren eta irisgarritasunaren alorreko gaietan gabezia adierazgarriak dituzten instalazioak. Trenez egindako joan-etorriek hiri arteko izaera edo izaera metropolitarra dutenez gehienbat, eredu diren geltokiak hirigune handietan bakarrik edukitzea ez da nahikoa edo ez da oso eraginkorra, izan ere, irisgarritasuna kate osoan bermatu behar dira, jatorritik hasi eta destinoraino.
Trenbide sareak gorabehera, ETS-EuskoTrenen lineek ageri dituzte, orokorrean, irisgarritasun baldintza onenak, ADIFen eta FEVEren kudeaketapean dauden euskal korridoreetatik igarotzen direnek ageri dituztenen aldean. Hala eta guztiz ere, egoera oraindik kritikoa dela aipatu behar da, izan ere, lehen adierazi dugun moduan, ikuspegi integratzaile batetik begiratuz gero ez da joan-etorri kate osoan irisgarritasuna bermatzen.
Gure autonomia erkidegoan 167 geltoki dago martxan, aldirikoen zerbitzuak emateko. Horietatik 73 ADIFenak dira, 73 ETSrenak eta 21 FEVErenak.
Irisgarritasun fisikoaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da EAEko geltoki guztietatik %22k bakarrik duela oinezkoentzako hiri ibilbide edo ingurune irisgarria.
Hiri ingurunetik nasara iristeko irisgarritasun fisikoa betetzeari dagokionez, geltokien %17k bakarrik ematen du mugikortasun urriko pertsonentzat berme guztiak biltzen dituen erabilera egiteko aukera. Gainerako %83 ez da irisgarria.
Geltokien irisgarritasunari buruzko emaitza ere ez da ona; %22 bakarrik iristen da irisgarritasun fisikora.
Eskuratutako datuak ikusita, azpimarratu egin behar dugu programatu edo gauzatu diren esku-hartzeen funtzionaltasunak, instalazioetan eta zerbitzuetan irisgarritasun baldintzak zehazki hobetzea ekartzeaz gain, ekintza estrategia orokorrago bat hartu behar duela, jarduerak irisgarritasun kate osoaren hobekuntza integralerantz bideratzeko.
Ikuspegi oso horretatik abiatuz, argi geratzen da zein den agente bakoitzak duen erantzukizuna trenbide bidezko garraio sistemaren irisgarritasunean eta katearen etapa bakoitzean. Horrela:
– Udalei sarbide ibilbidearen, hau da, hurbileneko hiri ingurunea eta trenbide ekipamendua edo azpiegitura komunikatzen dituen oinezko ibilbidearen irisgarritasuna bermatzea dagokie.
– Azpiegituraren kudeatzaileei dagokie beharrezko neurriak hartzea joan-etorri segurua eta funtzionala bermatzeko geltokietan.
– Trenbide eragileei dagokie material mugikorra, erabakigarria delako erabat irisgarria izango den nasa-tren erlazioa bermatzeko.
Egindako diagnostikoan eskuratutako ondorioei buruzko informazio zehatzagoa eskuratzeko, txosten honen I. eranskinera jotzen dugu. Bertan, laburpen fitxak izeneko horietan, aztertutako korridore bakoitzari buruzko berariazko informazioa bildu da.