6. Ondorioen laburpena
Airetiko garraioan ezgaitasunen bat duten pertsonek edo mugikortasun urria duten pertsonek dituzten eskubideei buruz Batasuneko araudiak biltzen dituen manuak euskal aireportuetan betetzeak baldintzatu egiten du irisgarritasunaren gainean egin daitekeen edozein azterketa.
Hegaldiaren zikloko fase guztietan zehar laguntza pertsonala eskuratzeak, alegia, aireportura iristen denetik, fakturazio prozesuan, segurtasun eta aduana kontroletan, ontziratzean, hegaldian, ontzitik ateratzean, kontroletan, ekipajea eskuratzerakoan eta destinorantz irteten den arte, ez du ezkutatu behar aireportuko instalazioetan dauden irisgarritasun gabeziak.
Arazo gehien eragiten dituen alderdietako bat azpiegiturara iristeko garraio publikoko zerbitzu eskaintza eskasa da:
– Bilboko aireportuak bakarrik du behar besteko zerbitzu eskaintza edozein lurralderentzat estrategikoa den garraio azpiegitura batentzat.
– Gipuzkoaren kasuan, autobus geralekua instalazioetatik kanpo atera izanak ez du bakarrik garraio zerbitzuaren funtzionaltasuna baldintzatzen, baizik eta, baita ere, erabiltzailearentzako arriskua areagotzen du eta azpiegiturak kanpoaldean izan dezakeen sustapena eta norberaren ibilgailua ez den beste mugikortasun hautabide bat sortzea baldintzatzen ditu.
– Bestalde, Vitoria-Gasteizko aireportuak taxi zerbitzuak bakarrik ditu ibilgailu pribatuan joan-etorria egin beharraren hautabide gisa, eta hori, bestalde, bat dator egun duen hegaldi eskaintza murritzarekin.
Euskal aireportuetan, irisgarritasunari dagokionez, ageri diren gabezia adierazgarrienak hauetan zehazten dira:
– Instalazioak ez daude ongi prestatuta zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonentzat: ez dago hankaz ukitzeko zerrendarik gida izateko kanpoaldeko oinezko ibilbidean eta zona komunetan, ez dago ezta ere indukzio magnetikoko begiztarik arreta/fakturazio mahaietan, eta abar.
– Altzariak ez daude egokiturik instalazioetan: arreta eta fakturazio mahaiak nahiz eserlekuak neurriz gaineko garaieran daude lurrarekiko.