5. Ibilgailuen irisgarritasuna
Bilboko aireportuan, gurpil aulkian doan mugikortasun urriko pertsonaren ontziratzea eta hartatik irtetea "finger" izeneko sistema baten bitartez edo "ambulift" ibilgailuaren bitartez egiten da kasuen % 92tan. Gainerakoetan, eskuzko gurpil aulkia erabiltzen da mailak gainditzeko plataformaren ordez, izan ere, hura ezin da erabili pertsona egokitu zaion eserlekura eramateko maniobra egiteko behin hura kabinaren barruan dagoelarik.
Hondarribian jarduten duen hegazkin mota fuselaje baxukoa da, beraz, ontziratzeko eta hartatik irteteko ohiko sistemak –igotzeko plataforma eta "finger" teleskopikoa– ezin dira erabili.
Aireportu gipuzkoarrean jarduten duen "handling" agenteak "ambulift" ibilgailu bat du gurpil aulkien erabiltzaileak ontziratzeko eta haietatik irteteko. Kasuan kasuko pertsona toki batetik bestera leban mugitzen dela saihestea da helburua.
Vitoria-Gasteizko aireportuan, aireontzira sartzeak eta hartatik irteteak berezitasun bat du. Vitoria-Gasteizen jarduten duten hegazkinak fuselaje baxukoak dira, beraz, ontziratzeko eta hartatik irteteko ohiko sistemak –"finger" eta igotzeko plataforma– ezin dira erabili. Egoera horren aurrean, beldar motako operatiboa duen mailak gainditzeko makina erabiltzen dute, eta horrek gurpil aulkia erabiltzen duen pertsona hegazkinera igotzea eta hartatik jaistea ahalbidetzen du.
Komenigarria litzateke Vitoria-Gasteizko aireportuko arduradunek gurpil aulkia erabiltzen duen bidaiaria ontziratzeko eta hartatik ateratzeko beste sistema bat eskuratzea. "Ambulift" ibilgailua aukera ona izan daiteke.
Mugikortasun urriko pertsonek hegazkinen barruan egiten dituzten joan-etorrien baldintzei dagokienez, lehenik eta behin azpimarratu beharra dago, mugikortasun urriko pertsonek airetiko garraioan dituzten eskubideei buruzko 1107/2006 Erregelamendu Europarrean xedatutakoari jarraiki, airetiko eragileak behartuta daudela hegazkinaren barruan laguntza ematera mugikortasun urriko pertsonari esleitu zaion eserlekuraino, baina ezin diote pertsona horri lagundu ez janariarekin, ez sendagaiekin, ez komunikazioarekin, ezta komunera eraman ere. Horretarako guztirako, mugikortasun urriko pertsonak laguntzaile baten laguntza beharko du.
Hegazkinen barrualdeko irisgarritasun gabezia nagusiak hauek izaten dira:
– Pasillo estuak. Joan-etorri zaila.
– Egokitu gabeko komunak.
– Segurtasun eta larrialdi sistemak altuegi.
– Larrialdien aurrean jarduteko jarraibideak ikusmen urrituentzat irisgarriak ez diren formatuetan.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat kabinan gorde beharreko berariazko eserleku erreserba ez da betetzen.