3.1. Kanpoko irisgarritasuna
Aireportuko beste azpiegitura batzuetan gertatzen den moduan, hiriburutik urrun kokatzeak eragin egiten du hartara iristeko bitarteko motorizatuak erabili behar izatea.
Gaur egun, terminalera zuzenean iritsi daiteke ibilgailu partikularraren bitartez eta taxi zerbitzuaren bitartez. Autobusen linea erregularrak geraleku bat zuen terminalaren eraikinaren alboan, baina jada ez da azpiegiturara sartzen.
Geralekua kanpoaldera atera da, espaloirik gabeko ingurune batera, ibilgailuen trafiko biziko galtzada batera, ingurumarietan semaforoz araututako oinezkoentzako pasabiderik gabeko batera. Inguruabar hori arrisku larria da instalazioetatik autobusez irteten diren edo hartara autobusez iristen diren aireportuaren erabiltzaile guztientzat, are gehiago erabiltzaile horiek ezgaitasunen bat badute edo mugikortasuna urriturik badute.
Autobus geltokitik ibilgailuen aparkalekuraino doan oinezko ibilbidea ibilgarria da, baina ez du gidatzeko elementurik –bideratzeko zerrendak– ikusmen urrituentzat.
Aparkalekutik mugikortasun urriko pertsonentzako topalekuraino, terminalaren sarreran kokatzen dena, ibilbideak zailtasunak ageri ditu, ibietan oztopo-zutoinak daudelako eta zoladurak irregulartasunak ageri dituelako. Aurretiko tartean bezala, hemen ere ez dago ukimen zerrendarik ikusmen urritua behar bezala bideratzeko.
Orain dela gutxi terminaleko aparkalekua zabaltzeko lanak egin dira. Gaur egun sei plaza dago gordeta mugikortasun urriko pertsonentzat dauden 233en artean, eta horrek irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudiak finkatutako irizpideak betetzen ditu (plaza bat 40 plazako edo zatiki baliokidea).