5. Taxi zerbitzua: taxi egokituaren egoera EAEn
EAEn garraiobideek duten irisgarritasunaren egoerak hobekuntza adierazgarriak erakusten baditu ere, batez ere herrigune nagusietan, oraindik mugatu egiten du mugikortasun urriko pertsonek aske mugitzeko duten eskubidea. Egoera horretan, taxi egokituaren zerbitzuak are garrantzi handiagoa hartzen du, batez ere gure geografiako hiri eta herri txikietan bizi diren mugikortasun urriko pertsonentzat.
Taxi zerbitzua udalaren eskumena da. Udalak dira taxi lizentziak mugatu eta ematen dituztenak. Foru administrazioek, bestalde, eskaria gorabehera baimentzen dute garraioko zerbitzu publikoa emateko aukera, horretarako kasuan kasuko garraio baimena emanez.
Zer dio arauak?
Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean xedatutakoa garatzen duen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuak arau teknikoak biltzen ditu hiri inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako eta informazio eta komunikazio sistemetako irisgarritasun baldintzei buruz, eta azpiegiturek eta material mugikorrak bildu beharreko irisgarritasuneko baldintza teknikoak finkatzen ditu. Zehazki, 4.6. artikuluak zera finkatzen du:
"1.- Hiru milatik (3.000) gorako biztanle kopurua duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, udalek gutxienez taxi egokitu bat izan dadin sustatuko dute eta eguneko 24 ordutan bermatu beharko da zerbitzua.
2.- Nolanahi ere, 20 taxi lizentzia baino gehiagoko udalerrietan, taxien lizentzien %5ek gutxienez gurpil-aulkidun erabiltzaileentzat egokituta egon beharko dute, Eranskin honetako 4.6.1 atalean ezarritakoaren arabera".
Zein da euskal hiriburu eta lurraldeen errealitatea?
Erantsitako taula ikusita, Bilbok ez du betetzen ibilgailu egokituei atxikitako lizentzien derrigorrezko %5 hori.
Taxi egokitua | Lizentziak | Egokituak | % |
Bilbo | 774 | 28 | %3,62 |
Donostia | 307 | 15 | %4,89 |
Vitoria-Gasteiz | 194 | 17 | %8,76 |
Iturria: geuk egina.
EAEn taxi egokituak bizi duen errealitateari buruzko datu partzial batzuk eskuratu ahal izan dira, Taxiaren Euskal Federazioaren bitartez. Informazio iturrien kalitatea eta fidagarritasuna hor egonda ere, ez da posible izan lurralde historiko bakoitzeko informazio ildo homogeneo bat finkatzea.
Egoera horretan egonda, gaia ikuspegi holistikoago batetik jorratzea erabaki da, egiaztatu ahal izan den egoera zehatzen batean indarra jarriz.
Zentzu horretan, hurrengo baieztapen orokorrak egin daitezke:
– 3.000 biztanletik gorako edota 20 lizentzia baino gehiagoko udalerri askok ez du betetzen legediko artikulu multzoa, izan ere, udalerri horiek ez dute bermatzen eska daitekeen ibilgailu egokitu kopurua.
– Egoera horretaz jabetuta, Gipuzkoa eta Arabako foru administrazioak saiatu egin dira taxi egokituaren zerbitzua eskura dagoela bermatzen eskualde edo koadrila mailan. Zentzu horretan, eskualde edo koadrila bakoitzean gutxienez taxi egokitu bat egoteko saiakera egin da.
Ikuspegi berariazkoago batetik begiratuta, bereziki aipatu behar da taxi egokituak Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuen ondoren garrantzitsuen diren hirietan duen egoera, alegia
, Barakaldon eta Irunen.
Bi udalerri horiek, 100.000 eta 70.000 biztanlerekin ia hurrenez hurren eta bakoitza 20 taxi lizentzia baino gehiagorekin, 4 eta 3 ibilgailu egokitu eduki beharko lukete hurrenez hurren. Gaur egun, Barakaldok ez du ibilgailu egokitu bakar bat ere eta Irunek bi ditu bakarrik. Horiek, gainera, Bidasoaren eskualde osoari eman behar diote zerbitzua, eta baita Hondarribiko aireportuari ere. Baldintzatzaile horiek, argi eta garbi, murriztu egiten dute mugikortasun urriko pertsonek eskatutako zerbitzua ematearen bermea.