2.4. Autobus geralekuen sarea
Autobus geralekuen sarea EAEn oso zabala da, eta oso heterogeneoak diren ingurune fisiko eta oinezko inguruneetan integratzen da. Horrek egoera anitzak eragiten ditu eta errepidetiko garraioaren irisgarritasun maila larriki baldintzatzen.
Ez da inoiz ahaztu behar joan-etorri katearen kontzeptua eta, une oro, irisgarritasuna bermatu beharraren garrantzia haren etapa guztietan, jatorritik destinora.
Autobus geralekuak kokatzen diren udalerrietako udalak dira instalazio horien lurzoruaren titularrak eta baita instalazioetako eta ekipamendu horietako mantentze lanak egiteko eskumendun ere, betiere, bertan jarduten duten (geratzen diren) linea erregularren –hirikoak eta hiri artekoak– emakida egiten duen administrazioaren kaltetan izan gabe. Inguruabar horrek aldakortasun gehiagoko faktore bat sartzen du hiri altzariko elementu hauen funtzionaltasun eta irisgarritasun diseinu eta ezaugarrietan.
Autobus geralekuetan azterketa jorratzeko garaian, hiru faktore dira erabakigarri haien funtzionaltasun eta irisgarritasunean:
– Sarbidea: geralekua irisgarria izatea bezain garrantzitsua da hiri ingurunetik hartara oinez joan ahal izango dela bermatzea. Zentzu horretan, hurbileko ibiak, espaloi zabalak, hiri ingurune zabalak bezalako elementuak egoteak bermatu egiten du joan-etorria autonomoa eta segurua izango dela mugikortasun urriko pertsonentzat.
– Modulu teknikoa: markesina, altzariak, barrualdeko tokia, informazio estatikoa eta informazio dinamikoa integratzen ditu. Elementu horiek finkatzen dute geralekuaren funtzionaltasun eta ergonomia maila.
– Espaloia-ibilgailua binomioa: hau da, bien arteko bereizketa bertikal-horizontala. Horrek mugikortasun urriko pertsonak ibilgailura modu autonomoan eta seguruan igotzeko eta hartatik irteteko duen gaitasuna mugatu dezake.
Txosten honen asmoa ez da EAEn dauden geraleku guztien irisgarritasun azterketa egitea, baizik eta horrelako ekipamenduetan gehien errepikatzen diren oztopo ohikoenen multzoa azpimarratzea, lehen aipatutako funtsezko faktore bakoitzari dagokionez.
Horretarako, iturri bibliografikoak eta dokumentalak ikertu eta aztertu dira, horren bitartez posible izan zedin txostenean egungo errealitatea islatzea. Erreferentzia gisa, oinarrizko hurrengo azterlanak aipatzen dira:
– Bizkaiko Garraio Irisgarriaren Plan Estrategikoa (BGIPE), Bizkaiko Foru Aldundia, 2009.
– Gipuzkoako errepide sareko 20 autobus geralekuren lagin baten egokitzapen azterlana, 2009.
– Gipuzkoako linea erregularretako autobus geralekuen inbentarioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2004.
– Vitoria-Gasteizko Irisgarritasun Plana, 2007.
Mugikortasun urriko pertsonek geralekuetan dituzten irisgarritasun oztopo nagusiak hauek dira:
2.4.1. Sarbidea
Geralekuranzko oinezko ibilbideak ez du beti bermatzen mugikortasun urriko pertsonaren sarbidea segurtasun eta autonomia pertsonaleko oinarrizko printzipioei jarraiki egin ahal izatea.
Oztopo nagusiak hauetan daude:
– Ibilgailuen trafiko biziko inguruneetan, hiriguneen kanpoaldean, kokatzea, galtzadaren alboan dagoen eta babesik ez duen oinezko ibilbide bat behar izanez.
– Oinezko ibirik ez egotea ekipamendutik hurbil.
– Eraikuntza arazoengatik edo oztopoak egoteagatik –edukiontziak, txorkoak, zutabeak, ibilgailuak– espaloi estuak topatzea sarbide ibilbidean.
– Hiri zoladura baldintza kaskarretan dago edo ez du behar besteko seinaleztapenik kontraste kromatiko adierazgarriarekin, hankaz ukitzearen bitartez jarraitzeko eta hori gida izateko ikusmen urrituarentzat ekipamendua topatzerakoan.
2.4.2. Modulu teknikoa
Hainbat faktorek aukera ematen du geraleku bat helezintzat edo funtzionaltasun gutxikotzat jotzeko:
– Markesina gorago kokatzea hara iristeko dagoen espaloirik gabeko arrapalaren aldean.
– Markesina espaloiko ertzetik gertu kokatzen da, eta horrek galarazi egiten du gurpil aulkia erabiltzen duen mugikortasun urriko pertsona bat hurbildu ahal izatea.
– Barruko toki murriztua, gurpil aulkian doan mugikortasun urriko pertsonaren maniobrak ahalbidetu gabe.
– Elementu funtzionalik gabeko geraleku modulua: markesina, eserleku egokituak, argiztapena eta informazioa, pertsonari itxaron bitartean erosotasuna, ergonomia eta segurtasuna bermatzeko.
– Informazio estatikoko panelak pertsona guztientzako irisgarriak ez diren formatuetan edukitzea.
– Soinu erako egokitzapenik (Cyber sistema) ez duen geraleku modulua, horren bitartez ikusmen urrituei errazteko markesina edo geraleku zutabea topatzea, bertatik igarotzen den autobusaren zenbakia jakitea, itxaron beharreko denbora ezagutzea, eta abar.[27]
2.4.3. Espaloitik ibilgailura
– Ezinezkoa da ibilgailuak espaloira hurbiltzea, beste ibilgailu batzuk aldi baterako gelditu direlako edo bertan aparkatu dutelako.
– Plataformetan edo espaloi aurrerabideetan gurpil aulkiekin maniobrak egitea zaila da, espaloia plataformari egokitzen ez zaion diseinu eta instalazioaren ondorio (zirrikitu arriskutsuak).
– Garaiera gaindiezina zintarriaren eta plataformaren artean gurpil aulkiekin iritsi nahi bada. Arrazoiak hauek dira:
• Atzeratzen den arrapala zabaldu baino lehen ibilgailua albo batetik belaunikatzearen maniobra ez gauzatzea.
• Garaiera desegokian dagoen zintarria.
Adibide modura, mugikortasun urriko pertsonek geralekuetan dituzten arazo komun batzuk erakusten dira jarraian.
Jada aipatu den bezala, markesina modelo aniztasun handia dago hiru lurralde historikoetan. Ekipamendu sorta honen barruan, batzuk irisgarriagoak dira beste batzuk baino.
Adibide modura, jarraian EAEko lurralde bakoitzari eta probintziako hiriburu bakoitzari dagokion modeloa bildu eta erakusten da.
Ezer baino lehen esan beharra dago, Gipuzkoak oraindik ez duela markesina irudi bakarra, Bizkaiko eta Arabako aldundien kasuan ez bezala, eta hori Foru Aldundiak bere modelo propioa zabaltzen hasteko saiakerak egin baditu ere (ikusi erantsitako irudia).