1.2. Hiri arteko zerbitzuak
Lurraldeko hiri arteko zerbitzuak –EAE barruan– probintzietako aldundien eskumena dira. Garraio linea erregular ezberdinak eragile pribatuek ustiatzen dituzte, emakida publikoko araubidepean. Zerbitzu multzo hau marka baten inguruan antolatu ohi da, irudi bakarra eta adierazgarria, adibidez Lurraldebusen inguruan Gipuzkoan eta Bizkaibusen inguruan Bizkaian.
Probintzia arteko izaera duten linea erregularren emakida publikoaren titulartasuna eta kudeaketa kilometro gehien hartzen dituen lurraldeko administrazioari dagokio –EAEko bi lurralde historikoren artean zerbitzua ematen denean–.
Zerbitzuak plataforma baxuko ibilgailuekin nahiz zoru garaia dutenekin ematen dira, linearen ezaugarriak zeintzuk diren gorabehera: erdibideko geldialdiak egiten dituen edo ez, ibilbidearen luzera, zein bide saretik ibiliko den, bezeroaren beharrak, eta abar.