2.2. Barruko irisgarritasuna
BGPk emandako informazioaren arabera, hauek dira Bilboko hiri azpiko instalazioen irisgarritasun ezaugarri nagusiak:
– Metro sare osoan igogailuak eskura edukitzea.
– Goiko igarobideak dituzten geltokiek sartzeko arrapalak dituzte, malda egokiarekin gurpil aulkien erabiltzaileen zirkulazioa ahalbidetzeko.
– Sarbide motzak eta seguruak.
– Irakurterrazak diren seinaleak, bai tamainaren aldetik eta bai kontraste kromatikoaren aldetik.
– Lurzoru zimurra nasaren ertzean.
– Braille sistema edota makrokaraktereak goi-erliebean igogailuetan.
– Megafonia geltokietan.
– Makina baliogabetzailea mugikortasun urriko pertsona taldeentzat –zabalagoa, alegia– balioztatze lerroetan.
– Koskak txarteletan makina baliogabetzaileetan nola sartu jakiteko.
– Garraio txartelak saltzeko makinak egokitzea.
– Zona ilunik edota itsurik ahalbidetzen ez duen argiztapen sistema, eta, batez ere, horiek edukitzea baliogabetzaileetan, eskaileretan eta nasetan.
– Ukimen gida instalatzea atondoa eta nasa komunikatzeko eskaileren azpian; horrela, itsuek edota ikusmen urrituek eskaileraren kokalekua topatu ahal dute.
– Barra estatiko bat jartzea informazio euskarrien behealdean (geltokiaren kokaleku planoak, linearen deskripzioa...).
2.2.1. Geltokiko atondorako sarbidea
Kaletik geltoki barruko atondoraino doan sarbidea gauzatu egiten da sistema mekanikoen bitartez –igogailuak, eskailera mekanikoak– edo eraikuntza elementuen bitartez –ohiko eskailerak–.
Igogailuak:
Hiri azpiko instalazioek kanpoko 28 igogailu dituzte eta lurpeko 22 geltoki.
Kaleko mailatik bertaratzeko, igogailu bakarra dago geltoki bakoitzeko. Igogailu horiek banaketa egiten den atondoraino eramaten dituzte bidaiariak. Bi igogailu mailaren konbinazioak –kaletik barruko atondora eta atondotik nasara– bermatu egiten du mugikortasun urriko pertsona taldeak bertara iristen direla.
Hala eta guztiz ere, ikusi da beharrezkoa dela igogailuak erabiltzeko lehentasunak behar bezala arautu eta seinaleztatzea, eta, horrekin batera, baita horien kopurua eta edukiera areagotzea ere geltoki berrietan, izan ere, geltoki nagusietan igartzen den erabilera eskariak baldintzatu egiten du hura lehentasunez erabiltzea mugikortasun urriko taldeen partetik.
Eskailera mekanikoak:
Metro sarearen erabiltzaileak igo eta garraiatzeko ohiko baliabidea da.
Metro geltokiak bi garaieratan banatuta daude: maila bat nasek eratzen dute, trenera iritsiz bertan; bestea, gorago kokatzen da, nasen gainean, eta bertan harrerako, txartel salmentako eta bidaiariak beren joan-etorrien noranzkoetara banatzeko atondoak kokatzen dira.
Barruko atondoak toki zabalak ditu, oztoporik gabekoak, eta horrek bermatu egiten du mugikortasun urriko pertsonek ekipamenduan ageri diren zerbitzu eta elementu ezberdinetara iristeko egin behar duten joan-etorriaren funtzionaltasuna, adibidez hauetara iristeko: txartelak, bezeroarentzako arreta, nasetara jaisteko igogailuak, eta abar.
Ikusmen urrituek arazoak eduki ditzakete barruko atondotik joan-etorri autonomoa egiterakoan hurrengo komunikazio oztopoak ikusita:
– Ez dago Braille sisteman eta goi-erliebeko karaktereetan idatzitako gida elementurik (plakak) eskaileretako eskubandetan, horien bitartez ikusmen urritua orientatzeko berak hartu nahi duen linearen zirkulazio noranzkorantz.
– Kontraste kromatiko oneko makrokaraktereetan, goi-erliebean eta Braille sisteman adierazitako errotulaziorik ez dago instalazioetan.
– Atondoko zoladuran ez dago gidatzeko zerrendarik, horren bitartez orientazioa errazteko igogailuaren irteeratik makina saltzaileetarantz, bidaia baliogabetzaileetarantz, nasara iristeko igogailuetarantz, informazio zutabeetarantz, eta abarretarantz.
2.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Banaketa egiten duten atondoetan bi igogailu egoten da, bata noranzko bakoitzeko, eta horiek pertsonak eramaten dituzte kasuan kasuko nasetaraino. Hiri azpiko sistemak nasako 52 igogailu ditu.
Gainazaleko geltokietan, nasen arteko igarotzea goiko igarobideen bitartez konpontzen da, pasabidera iristeko igogailu edo arrapala egokituak edukiz (Lamiako, Astrabudua eta Urduliz).
Ikusmen urrituek nasen artea
n egiten duten joan-etorriari dagokionez, hurrengo komunikazio oztopoak topatu dira:
– Nasarako sarbideak ez du ukimen sistemarik pertsona jakinaren gainean jarri eta orientatzeko hartu nahi duen zirkulazioaren noranzkoari buruz (Etxebarrirantz edo Plentzia/Santurtzirantz).
– Unitate mugikorrera iristeko ateak kokatzen diren lekurantz orientatzen duen zerrenda bideratzailerik ez dago (urruneko ateak). Zentzu horretan, beharrezkoa da azpimarratzea garrantzitsua dela sartzeko ateen kokalekua bermatzea metro unitate motzenetan.
2.2.3. Atondoko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, atondo eta nasetako zoladurak propietate egokiak ditu trinkotasunari, gogortasunari eta irristatzeen aurkako ezaugarriei dagokienez.
Nasetako segurtasun seinaleztapenari dagokionez, azpimarratu egin behar da Metro Bilbaoren geltokietan nasaren ertza ongi markatuta dagoela, bai ukimenaren aldetik (botoiak), bai kolorearen aldetik (zerrenda horiak). Hala eta guztiz ere, geldialdian, ez da jakinarazten metro unitate laburrenen amaiera non kokatzen den.
2.2.4. Altzariak eta txartelak
Garraio txartelak saltzeko makinek ukimen pantaila dute, eta horrek salmenta mekanika sinpleago egiten du. Gainera, makina berrietako botoiak garaiera baxuagoan kokatu dira, horren bitartez erabileraren unibertsaltasuna errazteko.
Hala eta guztiz ere, horiek ez daude egokituta ikusmen urrituentzat, haiek ezin baitute erosketa mekanika ukimenaren bitartez erabili, eta ez dute laguntzeko bestelako sistemarik eskura (soinu gailua, makrokaraktereak, Braille / goi-erliebeko sistemak). Gainera, autosalmentako makina guztiak ez dira berdinak, izan ere, batzuk kokaleku ezberdinetan dituzte ordainketa egiteko gailuen zirrikituak.
Balioztatze lerroetan, gainerako gailuak baino zabalagoa den makina baliogabetzailea dago, horren bitartez gurpil aulkien igarotzea, haur kotxeena, eta abar errazteko. Finkatutako denbora erregulaturik dago erabiltzaileak igarotzeko, horren bitartez erabateko irisgarritasuna bermatzeko.
Eserlekuei dagokienez, geltoki ezberdinetako egungo modeloek ez dituzte betetzen indarreko araudiak exijituriko irisgarritasun parametroak. Mugikortasun urriko pertsonentzat utzitako berariazko eserleku multzorik ez dago, ezta euskarri iskiatiko osagarririk ere.
2.2.5. Informazio eta komunikazio sistemak
Metroko geltokiek megafonia sistemak eta teleadierazgailuak dituzte erabiltzaileari informazioa emateko. Eragilearen kudeaketa zentroarekin komunikatzeko interfono bidezko sistema bat instalatuta dago, eta arreta iraunkorra da. Osagarri modura, informazio estatikoko panelak daude, tamaina handiko edukiekin eta kontraste kromatiko adierazgarriarekin.