3.4. Ondorioak
Lehenik eta behin, aztertutako irisgarritasun alderdiei dagokienez, ikusi ahal izan da funtzionaltasun eta segurtasun alde adierazgarria dagoela hiriburuaren guneari zerbitzua ematen dioten geltokien eta gainerakoen aldean.
Bilboko guneak geltoki modernoen multzoa hartzen du, orain dela gutxi berriztatu direnak. Horiek, Ametzolako kasu ulertezinean salbu, irisgarriak dira oztopo fisikoak deuseztatzeari dagokionez.
Gainerako lineek baldintza eskasetan dauden geralekuak sartzen dituzte, eta horiek arazoak ageri dituzte sarbideetan, biziguneetatik urrun daude eta gabezia garrantzitsuak dituzte ergonomiaren, segurtasunaren eta funtzionaltasunaren gaietan.
Horrela, ikus daiteke nasa askok ez dutela itxaronaldian gutxieneko erosotasuna bermatzeko elementu funtzionalik: altzariak, babeserako markesinak, itxaroteko atondoak, eta abar.
Bestalde, jada esan den moduan, geraleku ugari kokaleku ibiltezin batean dago, errepidearen ondoan, ibilgailuen trafiko biziko eremuetan, iristea zaila den ingurune naturaletan, eta horrek zaildu egiten du oinezko joan-etorria ia edozein pertsonarentzat.
Azpiegiturak ageri dituen gainerako gabezia nagusiak hurrengoetan zehazten dira:
– Eraikin itxiak edo haietara iristea zaila dutenak: orri bikoitzeko ate estuak.
– Ez dago nasen arteko joan-etorri autonomoa eta segurtasunekoa ahalbidetzeko eraikuntza sistemarik edota sistema mekanikorik.
– Altzariak ez daude egokiturik eta, beraz, ez dute bermatzen erabilera unibertsala.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat berariazko multzorik gabeko eserlekuak; euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago.
– Ikusmen urrituentzako ukimen seinaleztapenik ez dago, ez sarbideetan, ez atondoetan, ezta nasetan ere.
– Bidaiariarentzako komunikazio eta informazio sistemen hornidura eskasa da: ez dago megafoniarik ez eta teleadierazgailurik ere; informazio estatikoko zutoinak daude baina ez dira irisgarriak pertsona guztientzat.