3. FEVE (Bide estuko trenbideak)
FEVE (Bide estuko trenbideak) trenbideen konpainia publiko bat da, Sustapen Ministerioaren mendekoa dena. Hark salgaien zerbitzuak eta bidaiarienak egiten ditu Galizia, Asturias, Kantabria, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Gaztela eta Leon autonomia erkidegoetan eta Murtziako lurraldean.
EAEko FEVE sareak zabalera metrikoko trazatuan 85 km hartzen ditu eta oso-osorik Bizkaitik igarotzen da. Bertatik, aldiriko eta eskualdeko trenez gain, salgaien zerbitzuak ere igarotzen dira.
FEVEk EAEn dituen geltokien irisgarritasunaren diagnostikoa hurrengo trenbide korridoreen inguruan egituratzen da:
3.1. Bilbo-Balmaseda-Leon aldirikoen eta eskualdekoen korridorea
3.1.1. Kanpoko irisgarritasuna
Geltokira iristeko oinezkoentzako ibilbidea oso kalteturik dago Bizkaian FEVEren trenbide trazatua igarotzen den hainbat hirigunetan. Ikusi da alde ikaragarria dagoela funtzionaltasunaren eta joan-etorrien segurtasunaren aldetik Hiriburuaren eremuaren eta gainerako hiriguneen artean. Zentzu honetan, geraleku ugari kokaleku zail batean dago, errepidearen ondoan eta ibilgailuen trafiko biziko zonetan, espaloiez babestutako oinezkoentzako ibilbiderik gabe. Neurri batean, hirigintzaren aldetik ingurunearekiko apurtuta geratzen diren ekipamenduak dira.
Oinezko inguruneetan oztopo fisiko garrantzitsuak egotearen testuinguru honetan, are zailagoa da geltokien hiri ingurunea ukimeneko elementuekin –zerrendak– seinaleztatzeko beharra aipatzea, horien bitartez ikusmen urritua geltokiaren kokalekurantz bideratzeko.
3.1.2. Barruko irisgarritasuna
Idatz zati honek irisgarritasunaren hurrengo alderdien gaineko azterketa biltzen du:
– Geltokirako sarbidea.
– Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria.
– Zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena.
– Informazioa emateko eta txartelak saltzeko mahaiak.
– Altzariak.
– Komunak.
– Informazio eta komunikazio sistemak.
3.1.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Korridoreko ekipamendu gehienek geltokira iristeko arrapalak dituzte, eta haien funtzionaltasuna ezberdina da kasu bakoitzean.
Orokorrean, arrapalek ez dute eskubanda bi aldeetan, garaiera bikoitzean eta ibilbide osoan zehar, nahiz eta luzeraren, peraltearen eta maldaren aldetik haietako batzuk funtzionaltzat hartzerik dagoen. Beste zenbaitetan, arrapala horiek iristezinak dira erabat eta haien erabilera errazterik zegoen eskura egondako espazioa aprobetxatu izan balitz haiek luzatu eta zabalduta egiteko.
Eraikinei dagokienez, zera adierazi behar da: atondora iristeko ateek sarreran mailarik izaten ez badute ere, horiek estuak izaten dira eta orri bikoitzekoak, eta horrek zaildu egiten du mugikortasun urriko pertsonen igarotzea.
3.1.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Ziurrenik, FEVEren korridore osoan gehien kalteturiko irisgarritasun alderdia da. Horrela, hurrengo traba fisikoak ageri direla egiaztatu da: babes barandarik edo eskubanda egokiturik gabeko malda malkartsuko arrapalak, eskailera tarte arriskutsuak, trenbideen gainazaletik derrigor igaro beharra saihestuko duen elementu mekanikorik edota eraikuntza elementurik ez dago, eta abar.
Bestalde, zera egiaztatu ahal izan da: korridoreko geralekuak nasa bakarrekoak badira ere, gainazaletik igaro beharraren gaia adierazgarria da oraindik, izan ere, kasu askotan, oinezkoentzako kanpoko ibilbideak behartu egiten du trenbideak gurutzatzera nasara iristeko.
Kasu deigarrienetariko bat Bilboko Ametzolako geltokiarena da. Orain dela gutxi berriztatutako ekipamendua da, sestra beheratuan kokatzen da eta bere instalazioak FEVEk eta ADIFek partekatzen dituzte. Ekipamendu honetan, FEVEri dagokion alderdian ez dago nasara iristeko igogailurik.
Geltokietako atondoak oztopoetatik libre daude eta maniobrak egiteko behar besteko aukera ematen dute intereseko puntuetara joan-etorri autonomoa bermatzeko. Aitzitik, toki berdin horiek ez dute ukimen zerrendarik ikusmen urritua ematen diren zerbitzuetara bideratze aldera.
Galtzadako eta Basurtuko geltoki berrietan ageri diren ate automatikoek ez dute seinaleztapen horizontaleko bandarik kontraste kromatiko egokiarekin. Automatismo horrek igarotze denbora nahikoa eman behar die haietatik igarotzen diren pertsonei.
3.1.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, zoladurak propietate egokiak ageri ditu gogortasunaren, trinkotasunaren eta irristatzeen aurkako ezaugarrien aldetik, bai atondoetan, bai nasetan.
Nasetako segurtasun seinaleztapenari dagokionez, gehienetan zerrenda kromatikoa dago, baina ez dago botoien ukimen zoladurarik.
3.1.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
FEVE geltokien ezaugarria da, normalean, enpresa eragileko langilerik ez edukitzea arretarako. Halaber, arretarako eta jendeari txartelak saltzeko mahaiak ez daude behar bezala egokituta mugikortasun urriko pertsonentzat.
3.1.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Ekipamendu guztiek ez dute gutxieneko altzari multzoa joan-etorrian eraginkortasuna eta ergonomia bermatzeko.
FEVE geltokietan dagoen eserleku modeloak ez ditu betetzen, orokorrean behinik behin, eska daitezkeen irisgarritasun parametro guztiak, zehazki eserlekuek bizkarra eta beso-euskarriak edukitzea garaiera egokian (>0,45 m) lurrarekiko. Aldiz, ikusi ahal izan da eserlekuak EAEko beste trenbide lineetakoak baino garaiera altuagoan kokatzen direla.
Bestalde, ez dago berariazko eserleku erreserbarik mugikortasun urriko pertsonentzat geltokietan, eta euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago.
Ikusi ahal izan da bidaia baliogabetzeko gailuek zabalera handiagoko igarobidea eduki ohi dutela, gauzak garraiatzen dituzten pertsonentzat, gurpil aulkian daudenentzat, eta abarrentzat berariaz egina. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa da gailu hauen irekiera eta itxiera mekanismoak kontrolatzea, horren bitartez mugikortasun urriko bidaiariak igarotzeko aukera duela bermatzeko.
Autosalmentako makina modeloa nahiko modernoa da, baina oso funtzionaltasun gutxikoa. Gauzak horrela, ordaintzeko zirrikituak altuegi kokatzen dira (>1,20 m) eta makina ez dago egokiturik ikusmen urrituen taldeak erabiltzeko. Makinak, geltoki askotan, ateen atzean kokatzen dira eta horrek ere ez du haien erabilera errazten.
3.1.2.6. Komunak
Ez da ohikoa FEVEko geltokiek komun higieniko publikoak edukitzea eta, halakorik baduten kasuetan, horiek ez daude behar bezala egokituta.
3.1.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Korridoreko geltoki garrantzitsuenek (Bilbo, Basurtu, Irauregi, Sodupe, Zalla eta Balmaseda) sistema dinamikoak dituzte bidaiariari informazio akustikoa eta bisuala emateko.
Gainerako instalazioetan ez da informazio estatikoko paneletan ageri den informazioa ez den bestelako komunikaziorik ematen. Zentzu horretan, irakurketaren plano bisualak eta informazio zutoinetan jasotako edukien tamainak ez dute bermatzen erabiltzaile guztiak hartara iritsi eta hura irakurri ahal izango dutenik.
3.2. Bilbo-Santander eskualde korridorea
Santanderrerantz doan eskualde korridorean sartuta dauden FEVEren EAEko geltokiek duten irisgarritasuna banan-banan aztertuz gero, emaitza komun batzuk ikus daitezke eta horiek jarraian azalduko dira:
Kasu gehienetan, Arangurenetik Santanderrerantz doan linea funtzionaltasun gutxiko geltokietatik igarotzen da horiek kokatzen diren hiriguneentzat, izan ere, horietara iristeko beharrezkoa da ibilgailu pribatuan joatea.
Gainerakoan, eraikin gehienak itxita dituzten geltokiak dira, arreta eskaintzeko enpresa eragileko langilerik gabekoak eta pertsonak itxaron behar duen bitartean gutxieneko erosotasuna eta babesa edukiko dituela bermatzeko elementurik gabekoa: altzariak, atondoa, markesina, eta abar.
Instalazio hauek ageri dituzten gainerako gabezia nagusiak hurrengoetan zehazten dira:
– Eraikin itxiak. Ate estuengatik eta zoladura eskasagatik kaltetutako joan-etorria.
– Ez dago nasen arteko joan-etorria ahalbidetzeko eraikuntza sistemarik edota sistema mekanikorik. Trenbide-pasaguneak egoera eskasean daude.
– Egokitu gabeko altzariak. Euskarri iskiatiko osagarriak falta dira.
– Ikusmen urrituentzako segurtasun eta gida seinaleztapenik ez dago, ez sarbideetan, ez atondoetan, ezta nasetan ere.
– Komunikazioko eta informazioko sistema dinamikoen hornidura eskasa da.
3.3. Ibilgailuen irisgarritasuna
FEVE Plan Estrategikoa 2012 delakoarekin bat etorriz, enpresa erosten ari den unitate mugikor berriak hornituta datoz punta-puntako azken sistemekin, horien bitartez mugikortasun urriko pertsonaren erabateko irisgarritasuna bermatzeko.
Material ibiltari berriak arrapalak ditu, kotxea eta nasa lotuz eta autonomiaz iristea erraztuz. Modernitate gutxieneko aleak pixkanaka egokituz joango dira, arrapala mugikor hauek berenganatzearen bitartez.
FEVEk EAEn egiten dituen aldiriko zerbitzuak 3600 Serieko unitate mugikorrekin egiten dira (10 ibilgailu) eta, orokorrean, irisgarriak dira nasaren eta trenaren arteko erlazioan, nahiz eta kurban dauden geltokietan arazoren bat ager dezaketen. Arrapalarik gabeko material ibiltaria da, nahiz eta, aipatutako Plan Estrategikoari jarraiki, espero daitekeen arrapala horiek pixkanaka instalatzen joango direla.
Ekitaldi honetatik aurrera –2010–, eskualde zerbitzuak 2700 Serieko 12 UTrekin ematen dira. Material ibiltari horrek sarbide arrapalak ditu mugikortasun urriko pertsonentzat, barrualdean toki zabala joan-etorria autonomoa izateko, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako tokiak, ainguratzeak gurpil aulkientzat eta laguntzailearentzako eserlekua.
2700 Seriearen irisgarritasunaren ezaugarriak hauek dira:
Bidaiarien sarbidea:
– Elektrikoki martxan jartzen diren orri bikoitzeko ateen bitartez sartzen da, eta 1.000 mm-ko zabalera duen igarobidea libre uzten da.
– Kotxe bakoitzak sartzeko ate bana du alde bakoitzean.
– Erreiaren buruan zoruaren garaiera 1.050 mm-koa da.
Eremurako sarbidea mugikortasun urriko pertsonentzat:
– Elektrikoki martxan jartzen den arrapala baten bitartez sartzen dira; arrapala hori gidariaren postutik zabaltzen da interesdunak aldez aurretik hala eskatzen badu.
– Arrapala eskaera alaka duten argi sakagailuen eta erliebe sinboloak dituztenen bitartez egiten da; horiek barrualdean nahiz kanpoaldean kokatzen dira, eremuetara sartzeko mugikortasun urriko pertsonentzako jarri diren ateen ondoan hain zuzen.
3.4. Ondorioak
Lehenik eta behin, aztertutako irisgarritasun alderdiei dagokienez, ikusi ahal izan da funtzionaltasun eta segurtasun alde adierazgarria dagoela hiriburuaren guneari zerbitzua ematen dioten geltokien eta gainerakoen aldean.
Bilboko guneak geltoki modernoen multzoa hartzen du, orain dela gutxi berriztatu direnak. Horiek, Ametzolako kasu ulertezinean salbu, irisgarriak dira oztopo fisikoak deuseztatzeari dagokionez.
Gainerako lineek baldintza eskasetan dauden geralekuak sartzen dituzte, eta horiek arazoak ageri dituzte sarbideetan, biziguneetatik urrun daude eta gabezia garrantzitsuak dituzte ergonomiaren, segurtasunaren eta funtzionaltasunaren gaietan.
Horrela, ikus daiteke nasa askok ez dutela itxaronaldian gutxieneko erosotasuna bermatzeko elementu funtzionalik: altzariak, babeserako markesinak, itxaroteko atondoak, eta abar.
Bestalde, jada esan den moduan, geraleku ugari kokaleku ibiltezin batean dago, errepidearen ondoan, ibilgailuen trafiko biziko eremuetan, iristea zaila den ingurune naturaletan, eta horrek zaildu egiten du oinezko joan-etorria ia edozein pertsonarentzat.
Azpiegiturak ageri dituen gainerako gabezia nagusiak hurrengoetan zehazten dira:
– Eraikin itxiak edo haietara iristea zaila dutenak: orri bikoitzeko ate estuak.
– Ez dago nasen arteko joan-etorri autonomoa eta segurtasunekoa ahalbidetzeko eraikuntza sistemarik edota sistema mekanikorik.
– Altzariak ez daude egokiturik eta, beraz, ez dute bermatzen erabilera unibertsala.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat berariazko multzorik gabeko eserlekuak; euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago.
– Ikusmen urrituentzako ukimen seinaleztapenik ez dago, ez sarbideetan, ez atondoetan, ezta nasetan ere.
– Bidaiariarentzako komunikazio eta informazio sistemen hornidura eskasa da: ez dago megafoniarik ez eta teleadierazgailurik ere; informazio estatikoko zutoinak daude baina ez dira irisgarriak pertsona guztientzat.