2.6. Ibilgailuen irisgarritasuna
2.6.1. Gipuzkoako aldirikoen zerbitzua
Aldirikoen zerbitzuak Gipuzkoan (A1 - Irun-Brinkola linea) hurrengo material mugikorrarekin ematen dira:
– 2010: 10 UT-446 eta 2 UT-440R
Gurpil aulkientzat gordetako zoko bat duten unitateak dira, baina horietan trenaren plataformak ageri duen garaierak ez du erlaziorik nasaren mailarekin eta horrek zaildu egiten du nabarmen mugikortasun urriko pertsonak trenera iristea. Gurpil aulkien erabiltzaile diren pertsonen kasuan, trenera sartzea erabat galarazten dute baldintza horiek.
Erlazio horretan dagoen "gap" bertikal-horizontala aldatu egiten da aintzat hartutako geltokia edo geralekua gorabehera, eta horrek are gehiago zailtzen ditu nasetan egin beharreko berriztatze jarduerak.
Irisgarritasunaren gaian, UT-446 hauek hurrengo ezaugarriak dituzte:
– Plataforma baxuak eta mailak pasillora iristeko.
– Pasillo estuak.
– Bagoi estankoak. Igarotzeko zailtasuna.
Renferen Irisgarritasun Plana 2014 delakoak erabat irisgarria izango den material mugikorra sartzea du helburuen artean, Donostiako guneko aldirikoen zerbitzuan. Material ibiltari honen adibide CIVIA trenak dira.
Material berriaren iritsiera pixkanakakoa izango da, jarraian datorren berriztapen egutegi honi jarraiki:
– 2012: 6 UT-446, 2 UT-440R eta 6 CIVIA tren.
– 2014: 12 CIVIA tren.
Flota pixkanaka modernizatzeko ezarri den egutegiaren arrazoia Nasak berriztatzeko plana gauzatzeko behar den denbora da. Berriztatze hori gauzatzen ari da, eta horrekin bereizketa tarterik gabeko nasa-plataforma erlazioa bermatuko duten instalazioak (goratuz edo beheratuz) egokitu nahi dira.
2.6.2. Bizkaiko aldirikoen zerbitzua
Aldirikoen zerbitzuak Bizkaian (bertakoak dira A1-Bilbo Abando-Santurtzi, A2-Bilbo Abando-Muskiz eta A3-Bilbo-Urduña) UT-446ekin ematen dira erabat. Zehazki, egungo flotak (2010. urtean) 21 tren ditu.
Gipuzkoan bezala, hemen ere arazo nagusiak nasaren eta trenaren arteko erlaziotik sortzen dira, ibiltezina baita erabat. Gainera, zenbait geltokitan segurtasunerako arrisku adierazgarria dago, baita pertsonaren beraren mugikortasun maila edozein dela ere.
Renferen Irisgarritasun Plana 2014 delakoak material ibiltaria berritzea eta CIVIA unitateak Bizkaiko lurraldean jartzea hartzen du. Hala eta guztiz ere, nasak egokitzeko jarduerak kostu handikoak dira eta, zenbait kasutan, abiadura handiko sarea Bilbora iristea definitzearen baldintzapekoak dira.
Hori dela eta, testuinguru hau ikusita, bestelako konponbide gisa pentsatu da UT-446 trenak egokitzea hirugarren bagoi irisgarri bat sartzearen bitartez. Kotxe berri bat izango litzateke, zoru baxua edukiko lukeena, eta multzo osoaren erdigunean kokatuko litzateke. Bertan, toki garbi bat edukiko litzateke gurpil aulkia erabiltzen duen pertsona kokatzeko, eta toki berdinean komun unibertsal bat ere edukiko litzateke.
Iturria: Renfe
2.6.3. Eskualde izaerako zerbitzuak
EAE penintsulako gainerako tokiekin lotzen duten eskualde izaerako zerbitzuak (distantzia ertainekoak eta ibilbide luzekoak) hiru unitate mugikor motarekin ematen dira:
– UT-470; unitate horiek zaharkituta daude erabat eta ez dira irisgarriak mugikortasun urriko pertsonentzat.
– ALVIA trenak. Askoz ere modernoagoak eta funtzionalagoak dira, eta gurpil aulkia erabiltzen duten pertsonentzako gordetako plaza bat dute.
– 449 Serieko ale erosi berriak. Mugikortasun urriko pertsonentzat berariazko sarbidea dute, gurpil aulkiarentzat gordetako tokia eta komun egokitua.
2007. urtetik aurrera, Renfek eta ADIFek ATENDO konpromisoa hartu dute. Hori zerbitzu pertsonalizatu bat da, trenbide sareko geltoki nagusietan ematen dena joan-etorriak egiteko zailtasunak dituzten bidaiariek trenbide zerbitzuak eskuratu eta erabiltzea errazteko eta hori bermatzeko. Zerbitzua pixkanaka finkatu da gure geografian barrena, eta, gaur egun, Donostia Iparraldeko, Irungo, Bilbo-Abandoko eta Vitoria-Gasteizko geltokietan topa daiteke.