2.4. A3 Linea-Bilbo Abando-Urduña
A-3 lineak Nerbioi harana egiten du eta Bilbo-Tuterako trenbide zaharrari dagokio. Bertatik, aldiriko trenak igarotzeaz gain, Bizkaia Lautadarekin komunikatzen duten tren guztiak ere ibiltzen dira, bai merkataritzakoak, bai distantzia ertain eta luzeko trenak ere.
Korridore honetan nahastu egiten dira eredutzat jo daitezkeen geltokiak (Miribilla Bilbon eta Amurrio Iparraldea) oso egoera kaskarrean dauden geralekuekin. Hondamen hori ez da bakarrik irisgarritasun fisikoari dagokionez ikusten, baizik eta, baita ere, pertsonaren ergonomiaren ikuspegitik, hau da, joan-etorrian segurtasuna, erosotasuna eta funtzionaltasuna ematen duten alderdi horien guztien ikuspegitik.
2.4.1. Kanpoko irisgarritasuna
Kanpoko irisgarritasunari buruz esan egin behar da A-3 lineak funtzionaltasun benetan zalantzagarriko geraleku multzoa duela, oinezkoentzako dauden sarbide zailak ikusita behintzat. Zenbait kasutan, hirigintzaren aldetik ingurunearekin apurtzen duten instalazioak dira.
Oinezkoentzako ingurune oso zailak daudela egiaztatu da, hiriguneetatik urrun eta ia ibiltezinak. Ibilbideek malda malkartsuetan behera abiarazten dute pertsona, zolatu gabeko bidexka estuetatik igaro behar izatea eta eskailera tarteak jaitsi edo igo behar izatea.
Industrialdeetan kokatzen diren geralekuez ari gara, ibilgailu pribatuarekin iritsita ere sarbide zaila duten eremuetan, edo ibilgailuen trafiko biziko guneetan kokatzen direnez bestela.
Neurri txikiagoan, nahiz eta herrigune garrantzitsuei zerbitzua emateagatik adierazgarria izanez halaber, aipatzekoa da hurrengo geltokietan oinezkoentzako ibilbideek duten konfigurazioa:
Hankaz ukitzearen ondotik gidatzeko zerrendak daudela ikusi da zenbait ekipamenduren hurbileneko oinezko ingurunean (adibidez Amurrio-Iparraldean).
2.4.2. Barruko irisgarritasuna
Azpiegituraren barruko irisgarritasunari buruz zera azpimarratzen dugu:
2.4.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Korridoreko ekipamendu gutxik du elkartutako eraikina eta atondoa. Daudenetan, mugikortasunerako oztopo nagusia ohiko ateen kokalekua da, sarbidea estutzen baitute bi orriak irekita ez egoteagatik.
Oso deigarria da Laudioko geltokiaren egoera, Bilbon kokaturikoak eta gero ziurrenik lineako garrantzitsuena izaki. Irudiek mugikortasun urriko pertsonei geltokira sartzea eragozten dieten mugak islatzen dituzte –mailak eta ate estuak–.
Ate automatizatu guztiek dituzte seinaleztapenerako zerrenda horizontalak kontraste kromatiko adierazgarriarekin.
2.4.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Inolako zalantzarik gabe, ibilgailuaren irisgarritasunaren ondoren, hau da trenbide azpiegitura osoan arazo eta kezka gehien sorrarazten duen alderdia, eta ez bakarrik irisgarritasunaren ikuspegitik, baita pertsonaren segurtasunaren ikuspegitik ere.
Lineako geltokien erdiak gainazaleko derrigorrezko pasagunea du nasen arteko joan-etorrirako; hau da, ez dute eraikuntza elementurik edota mekanismorik trenbideetatik ibili behar izatea saihesteko. Hori, bere horretan arrisku handia bada ere edozein erabiltzaileren segurtasunerako, are arazo larriagoa bihurtzen da mugikortasun urriko pertsonen kasuan.
Gainera, zoladuraren egoerak eta trenbide-pasaguneen kokalekuak berak (kurban geltoki askotan) areagotu egiten dute modu adierazgarrian haien gainetik igarotzeko arriskua.
Egoera hori ikusita, presazkoa da ADIFek lehentasunezko esku-hartze plan bat gauzatzea.
Bestalde, beharrezkoa da azpimarratzea hirigune nagusietako geltokietan salbu, horietan eraikuntza elementuak dituztelako eta zenbaitetan baita nasetara joateko eta haien artean mugitzeko mekanismoak ere, gainerako ekipamenduetan nasetara iristearen arazoa gaineko edo azpiko pasabideen bitartez konpontzen dela, egokitu gabeko arrapalekin edo eskailera tarteekin.
Aintzat hartuz gero korridoreko ekipamendu gehienetan ez direla segurtasuneko eta funtzionaltasuneko gutxieneko betekizunak betetzen, badirudi logikoa dela pentsatzea instalazio hauetan ez dela egongo ikusmen urrituei zuzendutako informazio eta laguntza elementurik. Zentzu horretan, ikusi da gida zoladurarik ez dagoela geltokian barrena ibiltzea errazteko eta hartan eskaintzen diren zerbitzuak topatzeko.
2.4.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, atondo eta nasetako zoladurak propietate egokiak ditu trinkotasunari, gogortasunari eta irristatzearen aurkako gaitasunari dagokienez. Hala eta guztiz ere, ikusi ahal izan da trenbide-pasaguneak direla hondamen egoera handiena ageri dutenak, eta horrek arriskua eta gainazal horietatik egin beharreko joan-etorrien zailtasunak areagotzen ditu.
Ia geltoki guztiek dituzte gabeziak nasetako segurtasun seinaleztapenetan: ez dago hankaz ukitzeko botoirik edota zerrenda kromatikorik.
2.4.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Enpresa eragileko langileek atenditutako geltokiek ez dute leihatila egokiturik, ezta hiriburuko ekipamenduetan ere: ez Bilbo Abandon, ez Miribillan.
Leihatilara iristeko bidea oztopoetatik salbu dago, eta, horri esker, erabiltzailearen zirkulazio librearen eta maniobrak egiteko aukeraren alde egiten da.
2.4.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Alderdi honen diagnostikoak A-1 Bizkaia korridoreko kapitulu homologoan adierazitakoari heltzen dio.
Aitzitik, beharrezkoa da azpimarratzea hurrengo geralekuek ageri duten altzari nahiz bidaiariarentzako zerbitzu elementuen falta nabarmena: Basauri
, Bakiola, Arrankudiaga, Arbide, Laudioko Santa Kruz, Luiaondo, Salbio eta Iñarratxu. Inguruabar horrek ez du joan-etorriaren segurtasunaren, erosotasunaren eta ergonomiaren alde egiten.
2.4.2.6. Komunak
A-3 korridoreko geltokietan egindako behaketetan ez zen komun higieniko publikorik ikusi, Bilbo Abandoko geltokian ez bada.
2.4.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Bilbo Abando, Miribilla, La Peña, Ollargan eta Laudioko geltokietan (zirkulazio faktorea badago[20]) bakarrik iragartzen da megafoniatik trenen irteera eta iritsiera.
Informazio dinamiko bisualari dagokionez, hiriburu bizkaitarreko ekipamenduek bakarrik dituzte informazio teleadierazgailuak.
Gainerako instalazioetan ez zaio erabiltzaileari bestelako komunikaziorik ematen, informazio estatikotik harago.