2.1. A1-Irun-Brinkola linea
Gipuzkoako aldirikoen guneak linea bakarra du, A1 deiturikoa, eta Madril-Irun trenbide korridorearen barruan sartuta dago. Hura 29 geltokik eratzen du guztira Irundik hasi eta Brinkolaraino. Zabalera iberikoko bide bikoitzeko trazatua da, eta horrek zirkulazioaren bi noranzkoetan trafikoa independentea izatea ahalbidetzen du.
Korridore horretako zerbitzu eskaintzak hurrengo produktuak hartzen ditu: aldiriko eta eskualdeko trenen zerbitzuak, bidaiariak garraiatzeko eta salgaien zerbitzuak egiteko.
2.1.1. Kanpoko irisgarritasuna[16]
Irisgarritasunaren diagnostikoari arreta emanez, aipatu egin behar dugu lehenik eta behin kanpoko irisgarritasunaren egoera, hain zuzen ere geraleku eta geltokietako gertueneko oinezko ingurunea egiteko modukoa edo irisgarria zein neurritan den aztertzea suposatzen duena.
Korridore honetan oinezko ingurunea oso heterogeneoa da, eta hori espazio publikoaren titular diren administrazioen aniztasunaren isla da.
Lehentasunezkoa da geltokietan bertan irisgarritasuna hobetzeko jarduerekin batera kanpoko hiri inguruneetako ibilbideak ere pixkanaka berriztatze eta egokitzea, horren bitartez pertsonak jatorritik destinora (irisgarritasun katea) egiten duen joan-etorriaren funtzionaltasuna eta autonomia bermatzeko.
Zentzu horretan, Gipuzkoako aldiriko trenen trenbide korridorean gabeziak ageri dira oraindik, eta horiek islatu ziren jada Gipuzkoako garraio publikoak duen ibilerraztasunaren inguruko diagnostikoan (Gizloga, 2007).
Adibide modura, hauek dira oinezkoentzako kanpoko ibilbideetan gabeziak ageri dituzten hirigune nagusiak.
– Irun (Benta auzoa)
– Pasaia
– Herrera
– Loiola
– Martutene
– Hernani
– Zumarraga (behin-behineko ibilbidea ingurunean obrak egiten aritzeagatik)
Gabezia multzo horrek, batez ere, irisgarritasun fisikoarekin uztartutako elementuei heltzen die: malda malkartsuak, egokitu gabeko eskailerak, hondatutako pasabideak, eta abar.
Hiri zoladuran gida elementurik ez dagoela ere aipatu behar da –hankaz ukitzeko zerrendak–, horien bitartez ikusmen urrituak garraio ekipamenduetaraino gidatzeko.
2.1.2. Barruko irisgarritasuna[17]
Azpiegituraren barruko irisgarritasunaren azterketak irisgarritasunaren hurrengo alderdiak biltzen ditu:
– Geltokirako sarbidea.
– Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria.
– Zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena.
– Informazioa emateko eta txartelak saltzeko mahaiak.
– Informazio eta komunikazio sistemak.
– Altzariak.
– Komunak.
2.1.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
ADIFen Gipuzkoako geltokietako eraikinen barrualdera sartzea zaildu egiten da zenbaitetan oztopoak daudelako (eskailerak, mailak) edo kanpoko ateen kokapena ez delako funtzionala (estuak, astunak).
2.1.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Lineako geltoki eta geraleku ugarik ez du nasen artean joan-etorri autonomoa eta segurtasunekoa bermatzeko eraikuntza elementurik (egokituriko arrapalak) edota mekanismorik (igogailuak).
Alderdi hori oso kaltegarria da mugikortasun urriko pertsonentzat eta geltoki garrantzitsuenetariko batzuetan gertatzen da.
Nasen artean joan-etorrien segurtasuna bermatu ahal izatea izan behar da ADIFek Gipuzkoan garatzen dituen jardueren lehentasun nagusietako bat.
Ez dago azpiko edo gaineko pasabide egokirik, hautabide izateko eta trenbideen gainazaletik derrigor pasa behar izatea saihesteko, eta hori lehentasunezko esku-hartzea izan behar da, ez bakarrik joan-etorriaren funtzionaltasuna bermatzeko, baizik eta, baita ere, edozein pertsonaren segurtasuna areagotzeko bere mugikortasun maila zein den alde batera utzita.
Korridoreko lau geltokik (Irun, Donostia Iparraldea, Gros eta Loiola) bakarrik dituzte nasen arteko pasabideak behar bezala egokituta, hau da, irisgarritasun unibertsala bermatzeko elementu mekanikoekin edo eraikuntzakoekin.
29 geltokietatik 18tan ez dago gaineko igarobidea ez den bestelako aukerarik. Gainera, igarobide horiek oso kontserbazio egoera kaskarrean daude askotan, zoladura hondatuarekin, irristakorrarekin, mailen arteko aldearekin, irtengune eta mailekin, eta horiek benetan baldintzatzen dute segurtasuna.
Bestalde, partekaturiko nasek eraikuntza estutasuna ageri dute edo eragindako estutasuna bestela (kale-argiak, zutoinak...), eta horrek haien eraginkortasuna mugatzen du eta pertsonaren segurtasuna baldintzatzen du joan-etorriak iraun bitartean.
Ate automatizatuak lineako geltoki garrantzitsuenetan ageri dira. Ate hauek zerrenda horizontalak dituzte seinaleztatzeko, araudiak kontraste kromatikoari buruz finkatzen duena betez. Atea ireki eta ixteko denbora erregulatu egin behar da mugikortasun urriko pertsonari igarotzea ahalbidetzeko.
2.1.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, geltokietako atondoek baldintza egokiko zoladura dute trinkotasunari, gogortasunari eta irristatzeen aurkako propietateei dagokienez.
Aldiz, nasek eta, oso bereziki, trenbide-pasaguneek gabezia gehiago ageri dituzte, irregulartasunekin, goraguneekin eta lurzoru irristakorrekin.
Nasei dagokienez, ia geltoki eta geraleku guztiek dituzte gabezia garrantzitsuak segurtasuneko seinaleztapenaren gaian: ez dago ukimen botoirik edo kolore zerrendarik.
2.1.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Geltoki guztiak ez daude zerbitzatuta[18]. Horrelakorik dutenek salmahai egokituak eduki behar dituzte, hau da, garaiera gutxiagoko tarte batekin (0,80 m) eta 0,70 m-ra dagoen 0,50 m-ko sakonera duen zokoarekin. Orokorrean, zerbitzua duten geltokietako leihatilak ez daude egokiturik. Hala eta guztiz ere, joera pertsona batek atenditutako salmenta ordezkatzekoa da, autosalmentako makinen bitartez.
Instalazio gehienetan, leihatilarako joan-etorria oztopotik libre dago, eta horrek mugikortasun urriko pertsonaren mugikortasuna eta maniobrak egiteko aukera ahalbidetzen ditu. Aitzitik, komunerako eta geltokian ageri diren elementuetarako bidea adierazteko ez dago ukimen zerrendarik.
2.1.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Lineako geltokien multzoan eserleku modelo anitz dagoela egiaztatu ahal izan da. Gehienetan, modelo horien ezaugarri da bizkarrik edota beso-euskarririk ez edukitzea, eta lurzoruarekiko garaiera desegoki batean egotea (<0,45 m). Gainera, ez da mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako eserleku multzorik ikusi, ezta euskarri iskiatiko[19] osagarririk ere.
Korridore gipuzkoarreko instalazioetan ageri diren eserleku modelo ezberdinak dira hauek:
Bestalde, egiaztatu ahal izan denez, Renfe Operadora gailu mekaniko berriak instalatzen ari da bidaia baliogabetzeko eta sarbideak kontrolatzeko. Elementu horiek igarobide zehatza eta zabalera egokia dute gurpil aulkientzat, orgentzat, haur kotxeentzat. Hala eta guztiz ere, igarotzeko finkatu den gehieneko denbora kontrolatu egin behar da, mugikortasun urriko pertsonaren segurtasuneko igarotzea errazte aldera.
Autosalmentako makinei dagokienez, egiaztatu ahal izan da Renfe Operadorak ordezkatu egin duela txartelak saltzeko makinaren modelo zaharra modernoagoa eta funtzionalagoa den beste batekin. Edonola ere, modelo berria ez da erabat irisgarria.
Horri dagokionez, azpimarratzekoa da ikusmen urrituen taldeari egokitzen ez zaion makina modelo bat dela. Ez du soinu euskarririk erosketa prozesuan, eta goi-erliebeko karaktererik edo Braille sistemarik ere ez du. Gainera, zenbaitetan, makinak toki ez oso egokietan jartzen dira eta horrek pertsona haietara iristea zailtzen du.
2.1.2.6. Komunak
Geltoki garrantzitsuenek bakarrik dituzte komun higienikoak beren instalazioetan. Hala eta guztiz ere, Donostiako, Tolosa geltokiko eta Zumarragako ekipamenduek bakarrik dituzte komun egokituak.
2.1.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Donostiako guneko geltoki hauek ematen diote informazio akustikoa edo bisuala erabiltzaileari:
GELTOKIAK | SISTEMAK |
IRUN | Teleadierazgailuak eta megafonia. |
DONOSTIA | Monitoreak eta megafonia automatikoa. |
ZUMARRAGA | Ahozko informazioa (zirkulazio faktorea badago). |
TOLOSA GELTOKIA | Ahozko informazioa (zirkulazio faktorea badago). |
BEASAIN | Megafonia. |
ORDIZIA | Eskualdeko trenak bakarrik iragartzen dira. |
Gainerako instalazioetan ez da informazio estatikoa ez den bestelako komunikaziorik. Zentzu horretan, egiaztatu ahal izan da kasu askotan informazio panelen kokalekuak eta haietan bildutako edukien tamainak ez dutela errazten erabiltzaileak horietara iritsi eta irakurri ahal izatea. Informazioa ez da guztiontzako irisgarriak diren formatuetan ematen.
[16] Eskumen oharra: kaletik garraio ekipamenduraino dagoen oinezko ibilbidearen irisgarritasuna udal administrazioaren eskumena da (udalena, alegia).
[17] Eskumen oharra: garraio ibilgailura irisgarritasun unibertsala bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa da ADIF, eta horretarako azpiegiturak egokitzen ditu (sarbideak, pasabideak, eraikinak, nasak). Bestalde, RENFE Operadora eskumendun da instalazioetan dauden eta bertan ageri diren elementuen erabilera funtzionaltasunaren alorrean (altzariak, leihatilak, autosalmentako makinak...).
[18] Zerbitzatua: Termino honek enpresa eragilearen langileak geltokian daudela esan nahi du bidaiariari arreta emate aldera.
[19] Mugikortasun urriko pertsonaren atsedena errazten duten sistemak, esertzeko edo altxatzeko maniobra erabat gauzatu beharra saihesten dutelako.