2.3. Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako gizarte zerbitzuak
2.3.1. Pozik ez egoteko arrazoiak eta harrera-egoitzen sarearen egoera
Aurreko urteetan, ohikoa zen esparru honi buruzko informazioa hasteko, babes gabeko egoeran dauden haurrentzako bigarren mailako arretako gizarte zerbitzuek artatutako adingabeei buruzko datu kuantitatibo batzuk ematea (haur horiek foru-aldundien ardura dira). Jakin badakigu funtzio hori behatokien berezko funtzio bat dela edo erakunde horien berezko urteko memoria-idatzietan ere jasota ageri dela, nahiz eta bilakaera-segiden balioak (1995. urtetik aurrerako datuak ditugu) eta autonomia-erkidego osoaren ikuspuntuak informazio hori eskatzera eta txostenean jartzen jarraitzera bultzatu. Gure ustez, informazio hori oso baliotsua da, baina haurren zerbitzuek eskatu digute datuak beren erakundeetan finkatuta eta eskuragarri egon ondoren eskuratzeko (txosten hau argitaratzen den data beretan gertatzen da hori eta horrek zaildu egiten du datu horiek txostenean sartzea). Eskaera horri jaramon egin diogu, eta hori dela eta, 2013. urteari dagokion txostenean ez dira agertuko datu horiek, eta informazioa lortu ondoren sartuko dira geroago egingo diren txostenetan.
Eraz, hasteko esparru horrekin zerikusia duten kexak aurkeztu dituzten pertsonek helarazitako alderdiei buruz hitz egiten hasiko gara. Kasu gehienak haurren zerbitzuek emandako balioztatzearekin ados ez dauden gurasoek aurkeztu dituzten kexak dira. Balioztatze horien bidez ondorioztatu da guraso horien seme-alabak babesik gabe daudela, guraso-agintea eten zaie eta foru-erakundeak bere gain hartu du haur horien tutoretza. Guraso horien ehuneko handi batek Arartekora jotzen du, haurraren edo nerabearen babes gabeko egoera eta haurra edo nerabea babesteko neurria zehazten duen foru-aginduaren aurkako errekurtsoa epaitegietan aurkeztu ondoren. Horren ondorioz, gur ezin dugu ezer egin kexaren sustatzaileen eskaera nagusiari dagokionez. Hala ere, eskaera horrekin batera, balioztapen-, jakinarazpen- eta informazio-prozesuarekin zerikusia duten beste gai batzuk ere heltzen zaizkigu, eta horietan esku hartu dugu, kaltetutako administrazioari informazioa eskatuz eta beren jokamolde egokiaren arabera aztertuz. Gauza da ondorioak atera diren kasu guztietan (Bakarrik dauden adingabe etorkinei buruzkoetan izan ezik. Hurrengo atalean emango dugu horien berri) administrazioaren jarduna zuzena izan da.
Babes gabeko eta aterperik gabeko egoera larri horiei aurre egiteko, foru-zerbitzuek hainbat neurri antolatzen dituzte, besteak beste etxebizitzan intentsiboki esku hartzeko planak, familia-nukleotik bereizteko neurriak eta harrera egiteko neurriak, bai senideren baten etxean bai egoitza batean. Haurrak modalitate horretan zaintzeko aukera ematen duen egoitza-baliabideen sarea etengabe eguneratzen ari da, gizarte-behar aldakorrei, eskaerei eta araudi-xedapenei erantzunez.
Bizkaian, guztira 36 leku murriztu dira Izurza, Zabaloetxe, V
ivero zentroetan eta Zornotzako lehen harrerarako zentroan. Denak bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako zentroak dira, eta lurraldera gero eta adingabe gutxiago iristen direlako eta harreran zeudenak emantzipatzen hasiak direlako murriztu dira leku horiek. Aitzitik, oinarrizko programa orokorreko bi zentro berri ireki dira, Hogar Izargune zentroa (Stella Marisek kudeatzen duena) eta Hogar Sopela zentroa (Bizgarrik kudeatzen duena).
Gipuzkoan, Mendixka zentroa itxi da, egiturazko arkitektura-zailtasunak direla eta. Arazo horiek konpondu ahal izateko diru-kopuru handia beharko zen. Zentro horretako zortzi lekuak Loistarain eta Matsaria zentroen artean banatu dira, bakoitzari launa egokitu zaizkiolarik. Sarearen neurria mantenduz, egoera hori aprobetxatu da sarearen antolaketa eskaerara eta joeretara egokitzeko, programen eta adin-tarteen arabera. Bi zentro hartzaileak oinarrizko programarako 8 leku dituzten 2 modulutan antolatu dira. Lehenengo moduluan 12 urtera arteko haurrak egongo dira, eta bigarrenean, 13 eta 17 urte bitarteko nerabeak.
Araban, ugaritu egin dira 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako eta nerabeentzako oinarrizko programako lekuak, zentro berri batean (Castillo de Portilla II zentroa) 7 leku gehiago ezarri direlarik, eta Hogar Geroa zentroan (8 izatetik 9 izatera igaro da) eta Hogar Sendoa zentroan (7 izatetik 8 izatera igaro da) leku bana gehiago ezarri delarik. Halaber, Ibaia Harrera eta Larrialdi zentroan ere leku bat gehiago jarri da (14 izatetik 15 izatera igaro da), etxetik berehala atera behar duten 13 eta 18 urte bitarteko nerabeen berehalako arretarako. Azkenik, herritar-agiria eman zaio bakarrik dauden adingabe atzerritarrentzako “Estibaliz” izeneko behin behineko baliabideari (7 leku har ditzake), eskaeraren hazkuntza masiboari eta aurreikus ezin daitekeenari erantzuteko, Gizarte Ongizateko Foru Institututik esaten dutenaren arabera.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoak berriz ere balorazio positiboa eman dio harrera-egoitzen sarearen mugimendu horiei, eta jada ez bakarrik administrazio eskudunek baliabideak beharren bilakaerara egokitzeko eta sortzen ari diren beharrak bizkortasunez artatzeko interesa dutela adierazten duelako, baizik eta baita foru-aldundien ikuskaritza-lanaren eskakizunei erantzuten hasi delako, duela gutxi arte babes gabeko egoera zeunden haurrentzako baliabideetan ez baitzen egiten.
Azken balorazio hori dela eta, 2012ko urrian hasitako ofiziozko espedientea, 131/2008 Dekretuaren betetze-mailari buruzkoa, aipatu behar dugu, oraindik amaitu gabe dagoena (131/2008 Dekretua, uztailaren 8koa, gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautuko dituen dekretua). 2012ko txostenean aipatzen genuen bezala, hiru foru-aldundiei, Vitoria-Gasteizko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari informazio zabala eskatu genion, eta txosten hau amaitu behar genuenean, informazioak muga jo zuen eta ezinezkoa izan zen une horietan balorazio zehatza egitea eta ondorioak ateratzea. Hala ere, bi ondorio nagusiak aurreratu ditugu jada: titulazio kontutan (eta horrenbestez, gaitasun profesionalak eskuratzeko egiten diren prestakuntza espezializatuetan) hezkuntzan lan egiten duten langileek eta baliabidetako laguntzaileek betekizunak ehuneko nahiko handi batean bete ez izanari buruzkoak dira, eta lan horiek eskuratzeko betekizunak bete ez izanari buruzkoak. Lehenengo gaiari dagokionez, gure ustez guztiz okerra izan da, beste batzuen artean, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak zabaldu zuen zirkularra. Zirkular horretan, titulazio sorta harrigarriki handi bati eman zitzaion lanbide hori eskuratzeko aukera, eta titulazio horietako batzuek ez zuten ia zerikusirik hezkuntzaren arloarekin. Hala ere, saileko talde berriarekin urteko lehen hiruhilekorako bilera bat aurreikusita genuenez, gure gogoetak zuzenean ahoz helarazte erabaki genuen, eta aipatu zirkular hori, araudi-mailarik ez duena, kentzeko proposatzea. Geroago, babes gabeko egoeran dauden haurren gizarte zerbitzuen inguruan hau jakinarazi zitzaigun: zerbitzu hori Familia Politika eta Gizarte Garapena Zuzendaritzak kudeatzen zuen Haurrak esparrura atxikitzen zela, eta betekizun horiek ez betetzeak eragin zuen hausnarketaz baliatzeko asmoa zegoela (ezinbestean, hiru foru-aldundiek egin zuten gogoeta hori), dekretua sakonki aztertzeko. Dekretu hori lehenago edo beranduago adieraziko da autonomia-erkidegoko legedian, araudiaren testuinguruari buruzko atalean aipatzen genuen haurrei buruzko legedian aurreikusitako aldaketak kontuan izanda. Ondorio gisa, gaur egun 131/2008 Dekretua betetzen den ala ez jarraitzen dugu oraindik, baina ez da ebazpen bakar bat egin horren inguruan.
Jarraipena egiteko bide bat da ikuskatze-bisitak egitea. Aurten, Bizkaiko sareko “El V
ivero” harrera-egoitzara egin zen. Bisitan erreparatutakoa, xede horretarako eskatutako dokumentazioaren azterketa eta foru-aldundiko Haurren Zerbitzuko kideekin egindako egiaztapena oinarri hartuta egin zen bisita horren ondoriozko txostena, eta 3 gairen inguruko iritzia azaltzeko du. Orain, hiru gai horietako bi baino ez ditugu aipatuko, baliabidearen baldintza materialei eta funtzionalei buruzkoak baitira. Hirugarren gaia, bakarrik dauden adingabe etorkinen (baliabide honen erabiltzaileak) emantzipazio-prozesuekin lotutakoa, datorren 2.2.2. atalean jasoko da, gazte horiek aurre egin behar dieten egoera bereziei buruzkoan, hain zuzen.
A. Deskripzio-datu batzuk
El V
ivero egoitza Galdakaoko udal-mugartean dago, Artxanda-Urigoiti errepideko 9. kilometroan, eta emantzipaziorako prestakuntza-programa batean dihardu. 2013ko uztailaren 1etik 23 pertsonarentzako tokia du. Urgatzi Elkarteak kudeatzen du.
2006ko urrian, egoitza osatzen duten lau eraikinak, lehenago Aldundiak erabiliak baso-lanetarako base gisa, oraingo erabilerarako birmoldatu eta egokitu ziren. Hirigunetatik kanpo egonik, harako garraio publikorik ez dagoenez, furgoneta partikular bat erabili behar da joan-etorri guzti-guztietarako.
Lau eraikinetatik, bi handienetan mutilen gelak daude. Datu horren arabera, pentsa liteke funtzionamendua modulukakoa dela, gehienez 12 pertsona hartuta bakoitzean, 131/2008 Dekretuan ezarri bezala, hain zuzen ere, baina eguneroko dinamikari erreparatuta berehala ohartzen gara egoitzako jarduera egoiliar guztiak multzo bakarrean kontuan hartuta antolatuta dagoela. Hirugarren eraikin batean sukaldea dago, berau ere prestakuntzarako prestatua, eta laugarrenean administrazio-langileak eta hezitzaileak aritzen dira. Ez daude egokiturik mugikortasun urriko pertsonentzat. Badira, bestalde, bi areto gaztelaniako eskolak emateko eta beste oinarrizko gaitasun batzuk lantzeko, jantokia, egongelak eta garbigailuen gela. Azkenik, egitura erdi itxi batean mantentze-lanak eta bestelako konponketak egiten dira.
Instalazioen barrualdea eta altzariak garbiak dira, baina baita oso erabiliak eta “petatxu” ugari eginak ere. Kanpoaldea, berriz, utzi samarra ikusten da.
Logelak kolektiboak dira, 4 lagunentzat. Mutil guztiek dauzkate ohea eta armairua, azken altzari hori giltzarrapoz itxia, norberak bakarrik erabiltzeko moduan. Instalazio guztietan nabarmena da nortasun-zantzuen urritasuna, guk dakigula ez debeku edo aginduren baten ondorioz, bestelako arrazoiengatik baizik, horietako batzuk, beharbada, gelak kolektiboak izatea, mutilek besteen gauzekiko errespetua gutxi bizi izana, eta, azken batean, tokiarekiko duten lotura-sentimendu eskasa.
Logeletan zein dutxa kolektiboetan bainugelak eta komunak daude (komun-ontziak, konketak eta dutxak). Txikiak dira, ordea, eta nahikoa hobetu litezke erabilgarritasunaren eta erosotasunaren aldetik. Dena den, haietan pribatutasuna ziurtatuta dago, itxigailua dutelako.
Lehenago esan bezala, egoitzako egitarauaren helburua gazteak emantzipaziorako prestatzea da. Gehien-gehienak Zornotzan dagoen lehen harrerarako zentrotik etorri dira, eta bakarrik etorritako etorkin adingabeak dira, 17 urtetik gorakoak; hau da, berandu sartu ziren haurrak babesteko programan, eta izan ere, haietako batek ere ez du urtebete eman haur babesgabeentzako gizarte-zerbitzuen sarean. Horrek ondorioak ditu bi aldetatik gutxienez:
a. Jardueren orientazioa
Gure herrialdean oso denbora gutxi daramatenez, mutilak ez daude inongo ikastetxetan eskolatuta. Ondorioz, batez ere hizkuntza-gaitasunak eta oinarrizko ezagutza edo trebetasun teknikoak eskaintzen zaizkie, ahalik eta autonomia pertsonal eta sozial handiena lortu dezaten eta, geroago bestelako prestakuntzarik jasoz gero, atarramentu ona atera dezaten horretatik. Horregatik, Lanbidek sukaldaritzarako prestakuntza-zentroaren izaera aitortu dio egoitzari. Oso prestakuntza oinarrizkoa izan arren —ez dago 1. kalifikazio-mailakotzat ere homologaturik— aukera ematen die lan-merkatuan laguntzaile soil gisa sartzeko edo Lanbide Prestakuntzarako Programetan zein beste ikasketa batzuetan hasteko.
Prestakuntza hori, haatik, ez dago egoitzako gazte guztien eskura, guztira 12 plaza eskaintzen direlako. Gainerakoak egoitzako hezitzaileek goizean ematen dituzten eskoletara doaz, gaztelanian eta bestelako oinarrizko gaitasunetan trebatzera.
Zentroak lan handia egiten du, halaber, mutilen egoera administratiboa erregularizatzeko izapideetan: erroldatzea, pasaportea eskuratzea etab.
b. Egoitzatik irtetea eta emantzipazio-prozesua
Aldundiko Gizarteratze Zerbitzuak gazte atzerritarrei zuzendutako Mundutik Mundura programari heltzeko, duela gutxitik hona gazteek urtebetez egon behar izan dute, gutxienez, har babesgabeentzako sisteman. Eskakizun hori dela medio, El V
ivero Egoitzako mutil guztiak programan sartzeko aukerarik gabe geratzen dira hasieratik. Hala, bada, adin-nagusitasunera iritsi aurreko asteetan egoitza harremanetan jartzen da Bilboko Udaleko Gizarte-larrialdietako Udal Zerbitzuarekin, horrek kudeatzen baitu aterpetxerako onarpena. Aterpetxea aldi baterako baliabidea denez, bertan egonaldi labur bat eginda gazte gehienak kalean bizi beharrean suertatzen dira, denbora gehienbat luzez.
Astelehenetik ostiralera arte, bazkaria eta afaria prestakuntza-ikastaroan bertan prestatzen dira, eta asteburuan catering zerbitzu baten esku geratzen dira. Platerak zein mahai-tresnak erabili eta botatzekoak dira.
Aisia-uneak egoitzatik oso gertu dauden kirol-gune batzuetan (pilotalekua, kantxak...) ematen dituzte batez ere, eta asteburuan Bilbora jaisten dira.
Egoitza Urgatzi Elkarteak kudeatzen du. Irailaren hasieran jaso genituen datuen arabera, zuzendariaz gain, zentroak beste 16 profesional ditu, hezkuntza-taldeari atxikiak, eta 4 gehiago ordezpenetarako. Lanbidek aitortutako prestakuntza-programa dela medio, badute ostalaritza-alorreko kalifikazioa duen irakasle bat ere. Profesional guztiek lanaldi osoz dihardute.
B. Kezka-iturriak
B.1. Ratioak eta hezkuntza-langileen kalifikazioa
109. artikuluan, uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuak, gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituenak, gutxieneko ratioak zehazten ditu zuzendaritzako zein hezkuntzako pertsonalari dagokionez. Artikuluaren 1. atalean emantzipaziorako prestakuntza-zentroak aipatzen dira, esanez bai egunez baita aterpean hartutako pertsonak bertan daudenean ere zentroek zuzendari bat eta hezitzaile bat izan beharko dituztela 4 haur edo nerabeko 23 pertsona hartzen dituen baliabide baten kasuan, egoitza honetan, kasu, 6 hezitzailez ari gara. Dekretuaren arabera, bestalde, egoki deritzoten laguntzaile kopurua izan ahalko dute, betiere kontuan izanik egoiliarren beharrak eta ezaugarriak. Gauez, ratioak hezkuntza-laguntzaile bat aurreikusten du moduluko; gure kasuan, hortaz, bi lirateke.
Bisita egin genuenean, lanegun bateko goizean, zentroan 5 profesional zeuden guztira: zuzendaria, 3 hezitzaile eta sukaldaritza-ikastaroko irakaslea. Kopuru hori arauan gutxienekotzat agintzen denarekin (6) alderatzea nahikoa da konturatzeko eskaintzen den hezkuntza-arreta ez dela heltzen ezarritako mailara, ezta 109.1a) artikuluaren interpretazio eskuzabalena eginda ere, honako hau baitio: egoitza-harrerako baliabidearen tamainaren arabera, pertsona horrek zuzendaritza-eginkizuna gauzatu ahal izango du baliabide horretan eta, aldi berean, eginkizun hori bera bete ahal izango du antzeko ezaugarriak dituzten beste baliabide batzuetan, hots, zeregin horietako bat hezkuntza-lana balitz ere. Eta irakurketa eskuzabalena litzatekeela diogu zaila iruditzen zaigulako tamaina horretako zentro batean (handienetako bat da) zuzendariak bete-betean jardun dezakeenik hezkuntza-lanetan lehentasuna eman behar badie dekretuak ezartzen dizkion 18 eginkizunei (104. artikuluaren a letratik r letraraino zerrendatuta).
Pertsonalari dagokionez, uste dugu azpimarratzekoa dela zer lanbide-kategoriaren pean lan egiten ari diren hezkuntza-taldeko kideak, inondik ere ez huskeria bat edo nomenklatura-kontu hutsa berau, kontuan izan behar baitugu lanbide-kategoriaren arabera zehazten direla eginkizunak, ardurak eta ordainsariak gutxienez, eta kategoria berei jarraiki eskatzen direla, aurrerago aipatuko den bezala, kalifikazio mota batzuk ere. Sukaldaritza-irakaslea alde batera utzita, berezko eginkizuna edukitzeaz gain haren kalifikazioa Lanbidek eskatutakoa baita prestakuntzari onetsia emateko, hezkuntza-langileetatik %25ek (16tik 4) baino ez dute hezitzaile-kontratua, gainerakoetatik 8 animatzaile gisa kontratatuta baitaude, eta beste 4rak, zaintzaile gisa. Ordezpen-langileetatik batek ere ez du hezitzaile-kategoriaren pean jarduten. Atal honetako lehen paragrafoan aipatu dugun dekretuaren testura itzuliz, arauaren arabera hezitzaile bat egongo da lau mutileko, pertsonal laguntzailea haren osagarri delarik, eta egoitzak egoki iritziz gero kontratatua soilik. Ondorioztatzen da, beraz, langileen artean hezitzaileen kopurua behar den baino txikiagoa dela argiki.
Hezkuntza-taldeaz nabarmenduko dugun azken gauza profesionalen kalifikazioa da. Dekretuaren 106.2 artikuluak honako hau dio hezkuntza-langileen prestakuntzari dagokionez:
a) Hezitzaileek gizarte-hezkuntzako diplomatura, edo, hori izan ezean, hezkuntza-zientzietako edo gizarte-zientzietako diplomatura edo lizentziatura bat eduki behar izango dute, betiere Gizarte Hezitzaileen Elkargoaren gaikuntza lortu badute.
b) Hezkuntza-langile auxiliarrek gizarteratze-teknikariaren goi-mailako prestakuntza profesionala izango dute.
Alde horretatik, aplikatzekoa da, halaber, zortzigarren Xedapen Gehigarrian adierazitakoa: 106. artikuluaren 2. idatz-zatian aurreikusitakoaren ondorioetarako, hezkuntza-langileei -hezitzaileei nahiz hezkuntza-langile auxiliarrei- eskatzen dizkieten titulazioak haurrak eta nerabeak babesteko sarean beren jarduera profesionala gauzatzen Dekretu hau indarrean sartu ondoren hasten diren profesionalei soilik eskatu ahal izango zaie. (indarrean hasita argitaratu zenetik —abuztuaren 8tik— 20 egunera, 2008ko abuztuaren 28an, alegia).
Hezitzaile gisa kontratatuta dauden 4 pertsonetatik, 3rentzat ez da aplikagarria 106. artikulua, 2007az geroztik lan egiten baitute El V
iveroko zentroan, eta laugarrenaren kasuan, lizentziatua da gizartearen zientzietan, baina ez dauka Gizarte Hezitzaileen Elkargoaren gaikuntza.
Animatzaile kontratatutako 8 pertsonetatik, 4ri ez zaie kalifikazioari buruzko eskakizuna aplikatu behar dekretua argitaratu baino lehenagotik lan egiten dutelako babes-sarean, lauretako batzuek El V
ivero zentroan eta besteek sareko beste baliabide batzuetan. Zortzietako beste bi diplomatuak dira gizarte-hezkuntzan; beste bat ere diplomatua da, baina erizaintzan eta elkargo profesionalaren gaikuntza gabea, eta laugarrenaren kasuan ez daukagu informaziorik haren kalifikazioari buruz.
Ordezpen-langileen zerrendan dauden 4 pertsonak animatzaile lanbide-kategoriarekin kontratatzen dituzte (haietako batek zaintzaile-kontratua izan du kasuren batean), eta kalifikazioari dagokionez, bat diplomatua da gizarte-hezkuntzan, eta gainerakoak goi mailako gizarteratze-teknikariak dira.
Azkenik, zaintzaile kontratatutako 4 pertsonetatik, 3ri ez zaie dekretua aplikatu behar zortzigarren xedapen gehigarriak zehazten duenagatik, hau da, 2008 baino lehenagotik lan egiten dutelako sarean, eta laugarrenak gizarte-hezkuntzako gradua ikasten du.
Laburbilduz, El V
ivero emantzipaziorako prestakuntza-zentroak hezitzaile lanbide-kategoriarekin kontratatutako talde bat izan beharko luke, eta kalifikazioari (edo gaikuntza) dagokionez, pertsona horiek gizarte-hezkuntzako diplomatuak izan beharko lukete. Horietaz gain langile laguntzaile gehiago behar dituela uste badu, zentroak badu horretarako ahalmena. Hala ere, 20 profesionaletatik (ordezpen-langileak ere zenbatuta) 4k baino ez dute hezitzaile-kategoria, eta 3k, bakarrik, eskatzen zaien gizarte-hezkuntzako diplomatura.
Azaldutakoagatik, gomendio hauek helarazten dizkiogu Gizarte Ekintza Sailari:
a. Ziurta dezan El V
ivero emantzipaziorako prestakuntza-zentroko mutilei ematen zaien arreta bat datorrela 131/2008 Dekretuan ezarritakoarekin, eta zehazki:
Kontuan harturik egunez mutil guztiak zentroan daudela, ematen zaien arretak bat etorri behar du ezarritako ratioarekin; horren arabera eguneko txandan hezitzaile batek egon behar duenez 4 mutileko, guztira 6 hezitzailek izan behar dute zentroan.
Gutxieneko ratio hori dela medio zentroari dagozkion hezkuntza-profesionalek hezitzaile lanbide-kategoriako kontratua izan behar dute, eta kategoria horren araberakoak izan behar haien eginkizunak/ardurek eta ordainsariak ere.
Kalifikazioaren aldetik, bai hezitzaileek baita —hala erabakiz gero— kontratatzen diren hezkuntza-laguntzaileek ere dagokion kalifikazioa izango dute; honako hau, hain zuzen: hezitzaileek, gizarte-hezkuntzako diplomatura (edo aipatutako beste prestakuntza motak eta elkargo profesionalaren gaikuntza), eta laguntzaileek LHko goi-zikloa gizarteratze-alorrean.
b. Ikuskaritza-zerbitzuak jarraipen zorrotza egin behar du azaldutakoa bete egiten dela egiaztatzeko, eta horretarako, mailakako zuzenketa-plan bat prestatzeaz gain horren garapena aztertu ere bai.
B.2. Dutxak eta zentroaren mantentze-eskasiak
Bisitaren txostenaren hasierako azalpenean aipatu dugun bezala, bainugelen eta dutxen kopurua urria iruditu zaigu, eta erabilgarritasunaren eta erosotasunaren aldetik, badutela zer hobetu. Zaila da instalazio horiek “etxe” izena merezi duen toki batean irudikatzea, are gutxiago neguko egunetan, nahiz eta huraxe izan dekretuarekin sareko egoitzei eman nahi zitzaien giro edo kutsua.
Zentroaren mantentzeari dagokionez, harritzekoa da utzikeriaren zenbaterainokoa, agerikoa egoitza osoan eta are nabarmenagoa kanpoaldean. Ez dugu balorazio berbera egiten errepideaz bestaldeko “moduluaz”, gainerako instalazioak baino askoz egoera hobean egoteagatik eredu egokia izan bailiteke egoitza osoak nola egon beharko lukeen ohartzeko. Horretaz ari garela, ezin aipatu gabe utzi zentroko langileek mantentze eskasaren ondorioak arintzeko egiten dituzten ahaleginak, haien benetako eginkizunak beste batzuk izan arren.
Nahiz eta jakin ez gaur egun zer diru-ratio dagokion haur/plaza bakoitzari titularitate pribatukoak baina erantzukizun publikokoak diren foru-zerbitzuak hitzarmen bidez kudeatzen diren kasuetan, nahikoa izan zaio erakunde honi hainbat entitatek hitzarmen bidez kudeatzen dituzten Aldundiaren beste egoitza-baliabide batzuk ikuskatzea esateko euskal administrazioaren ardurapean dauden mutil hauek askoz egoera material hobean egon litezkeela. Gordinagoak izanda, baliabide hau kudeatzen duen erakundea (elkartea) irabazi-asmorik gabekoa izanik argi dago lor daitezkeen etekin eta mozkin guztiak berriz bideratu beharko liratekeela kontratatutako programara.
Horregatik, gomendatzen diogu Gizarte Ekintza Sailari:
a. Ziurta dezan El V
ivero emantzipaziorako prestakuntza-zentroko gazteak behar bezalako egoera materialean daudela, eta zehazki:
Bainugela eta dutxa gehiago eta erosoagoak jartzea zentroan, bereziki “modulu” zaharrenean eta gune komunean, azken hori eguneroko bizitzaren toki nagusia baita zentroan.
Eraikinen kanpoaldearen egoera egokia bermatzea.
b. Egiazta dezan, behar diren neurriak hartuz, hitzarmenean zentroko jarduera eta funtzionamendurako aurreikusten den dirua erabiltzeko irizpideak bat datozela haur babesgabeentzako egoitzak arautzen dituen dekretukoekin.
Halaber, harrera-egoitzen baliabideetan emandako arretari buruzko atal honetan, eta 2012ko txostenean adierazi genuen bezala, 2013. urtean zehar aurreikusita genuen jarraipena egitean Gipuzkoako Foru Aldundiak Aixola zentroan adingabeak eskuburdinekin fisikoki geldiarazteko ohiko praktiken inguruan jarritako salaketa oinarri hartuta hasi zen ofiziozko jarduketari zegokienez hartutako konpromisoei. Oraingoan, gai horren inguruan hartutako bi erabakietan zenbateraino aurrera egin zen jaki nahi izan genuen:
Segurtasuneko enpresari eskatzea langileek beren funtzioak uniformean eskuburdinarik eta borrarik eraman gabe egiteko. Izan ere, une hartan bazirudien argudiatzen zela langileek uniformea behar bezala jarrita joan behar zutela lantokira eta uniformeak elementu horiek zituela.
Zentroa kudeatzen zuen enpresari proposatzea segurtasuneko langilerik gabeko esku-hartzea bere gain hartzea. Gipuzkoa Babestenek argudiatu zuen, epe laburrera eta ordura arte lan egiteko jarraitu zuten eredua kontuan izanda, ez zuela bideragarritzat jotzen langile horiek baztertzea. Profesional horien zereginari, kokapenari, jarduketa-protokoloari eta abarri buruzko berariazko hausnarketa bat egiteko ohartarazi zitzaien, Haurren Zerbitzuarekin eztabaidatzeko horren inguruan zehaztu gabeko epe batean.
Hau nabarmen dezakegu emandako informaziotik:
1. Salatutako egoerari egindako jarraipen intentsiboa; hau da: banakako elkarrizketa kopuru handia egin ziren egoitzan bizi ziren adingabe guztiekin (29), bisitak baliabidera eta bilerak baliabideko hezkuntza-taldearekin (9) eta bilerak baliabideko arduradunarekin eta zuzendariarekin (6), 2012ko abuztutik 2013ko urrira.
2. Ez da salaketarik eta gorabeherarik izan euskarri mekanikoko tresnen baimendu gabeko erabilerarekin lotuta, eta egindako bisitetan egiaztatu da segurtasuneko langileek ez zutela ez eskuburdinarik ez borrarik.
3. Kudeaketa-enpresak segurtasun-zaindariak kentzeari aurre egin izana, nahiz eta Gizarte Politikako Sailak esku-hartzeko eredua aldatzeko eta zentroaren hezkuntza-proiektu berri bat idazteko eskatu arren. Hezkuntza-proiektu berri horretan segurtasun-zaindaririk gabeko lan-metodologia bat jaso beharko zen, eta zaindariak pixkanaka-pixkanaka kentzen joan beharko ziren.
Erresistentzia hori gorabehera, eta testu hau amaitu baino egun batzuk lehenago adierazi zitzaigunaren arabera, zentroko proiektua berriz egitea lortu da azkenik. Aurreikusita dago datorren martxoaren 1ean desagertuko direla behin betiko segurtasun-zaindariak. Adierazi diguten os olan gogorra izan dela eta izaten ari dela, batez ere hezkuntza-taldea aldaketa egiteko zailtasunak jartzen ari baita eta aldaketa horien aurka agertu baitago, zenbait kasutan oso esplizituki.
Gure aldetik, defendatzen dugu nekez beteko dutela segurtasuneko profesionalek 131/2008 Dekretuko 109.1. b) artikuluan xedatutakoa, “immobilizazio fisikoa erabiltzen duten esku-hartzeei buruzko prestakuntza berezia jaso duten hezkuntza-langile teknikariak, hezitzaileak eskatuta soilik jardungo zutenak, integratzeari buruzkoa”. Izan ere, hasiera batean, segurtasuneko langileek ez dute hezkuntza-alderdiei buruzko inolako prestakuntzarik. Horren ondorioz, hezitzaileen zeregin hezitzailea indartu eta sendotu ondoren, gure ustez, onuragarria izango da, bai gazteentzat bai hezitzaileentzat, hezitzaileak ez diren aginte-irudirik gabeko zentro bateko proiektua, hasieran izan daitezkeen zailtasunak gaindituta, zerbitzuaren ardura duen foru-erakundeak defendatzen duen bezala.
Azkenik, ez dugu ahaztu behar asko atzeratzen ari direla harrera-egoitzen baliabideetara baimendu gabe ez agertzean jarraitu beharreko jarduketa-protokoloa egiten, baina aurten ere berriz esan behar dugu ez dela inolako aurrerapenik egin.Kasu honetan, antolaketa-arrazoiengatik gertatu da, autonomia-erkidegoko gobernuko sailen eta zuzendaritzen artean gaiak eta eskumenak berriz banatzearekin lotutako arrazoiengatik, hain zuzen. Hala ere, dokumentu hau bukatzeko garairako, esan dezakegu zeregin horri heltzeko lehen bilerarako deia berehala egingo zela zirudiela.
2.3.2.
Bakarrik dauden adingabe etorkinei berariazko arreta
Bakarrik dauden adingabe atzerritarren esparruan (kasu honetan ere ez dugu eman datu kuantitatiborik), 2013ko daturik garrantzitsuena izan da 5/2013 Gomendio Orokorra, ekainaren 17koa. Bakarrik dauden adingabe/gazte etorkinen arretarako bermeak. Gomendio horrek azken urteetan ebazpenen, gomendioen eta Eusko Legebiltzarrari urtero egindako txostenen bidez modu zatikatuagoan aurkeztu joan diren gogoetetako asko jaso eta osatu ditu modu antolatuagoan, arrazoituagoan eta zehatzagoan, gazte horien ahultasun handiko egoera itxuratzen duten alderdi anitzei buruzko ikerketa ugarien emaitza gisa.
Adingabe/gazte horiek artatzeko eta gizarteratzeko funtsezkoak iruditzen zaizkigun hiru unetan jarri dugu arreta gomendioan: (1) parte hartzen duten herri-administrazioek haiek aurkitu eta abegi egiteko unea, (2) adindunak direla xedatzen duen fiskaltzaren dekretuan oinarrituta foru aldundiek egoitzako abegia edota tutoretza eteteko unea eta (3) babes baliabideetatik irtendakoan behar den lagun egitea edo bideratzea.
Gomendio horretan ez dugu berariaz aztertu adina zehaztearen kontua, izan ere, hori jada askon aztertu dute herritarren defentsa-erakundeek; aitzitik, abegi prozesu osoan eta zaintza, tutoretza edota egoitza abegia eteterakoan bete behar diren bermeak eta prozesu bietan dauden premiak eta arazoak aztertu ditugu. Bestalde, adingabe/gazte horiek geratzen diren egoera zaila nabarmendu dugu, adingabeak direla dioten agiri baliagarriak edukita, Fiskaltzak adina zehazteko ateratako dekretua dela-eta tutoretza eteten zaienean. Halaber, babes baliabidetik irten ondoren lagun egiteko edota bideratzeko premia ere azpimarratu nahi dugu.
Horrela, gomendio horretan gai hauek jorratu dira:
1. Foru aldundietako babes zerbitzuen, Eusko Jaurlaritzako sailen, polizien, gobernuaren azpiordezkaritzen, fiskaltzen eta, hala badagokio, asilo eta babes bulegoaren arteko beharrezko koordinazioaren eta lankidetzaren garrantzia pertsona horiek aurkitu eta haiei abegi egiteko prozesuan.
2. Abegian eta, Fiskaltzak adindunak direla ebazteko emandako dekretuaren ondoren, berehalako arreta, zaintza, egoitza abegia edo tutoretza etendakoan, dagozkien bermeak eta eskubideak betetzea.
3. Adingabe/gazte horiek babes baliabideetatik irteten direnean gizarte lagun egite edota bideratze egokiak duen garrantzia.
Eta honela zehaztu ditu gomendio-gaiak:
A. Beharrezko koordinazioaren eta elkarlanaren garrantziari dagokionez:
1. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Herriko Autonomia Erkidego osoan jarduketa protokolo komunaren prestaketa koordinatu behar luke, lurralde historiko bakoitzean zerbitzuen kokapenaren arabera behar diren aldaketak eginez, baina irizpide, berme eta eskubide berberak sartuz. Protokolo horretan Fiskaltzak, Gobernuaren azpiordezkaritzek, polizia kidegoek, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Herri Administrazio eta Justizia Sailak, Osasun Sailak, eta foru aldundietako adingabeen babes zerbitzuek parte hartu eta haien funtzioak eta jarduketak zehaztu behar dira.
B. Bermeak eta eskubideak betetzeari dagokionez:
2. Edozein eragile publiko edo gizarte eragilek Babesgabetasuneko egoeran dagoen adingabe edo balizko adingabe bat dagoela atzematen duen kasu guztietan, foru aldundietan adingabeak babesteko eskumena duten zerbitzuen esku jartzea.
3. Foru aldundiek, Fiskaltzari adina zehazteko osasun azterketak egiteko eskatu aurretik, pasaporte baten edukia faltsua, okerra edo iruzurrez egina izateko arrazoizko zantzuak daudela arrazoituta argudiatzea.
4. Adina zehazteko osasun azterketak egiteko eskaera egin aurretik, bakarrik dauden atzerritar adingabeen erregistroa kontsultatzea eta, pertsonaren agiriak edukiz gero, bide diplomatikora jotzea jatorrizko herriko agintaritzek datuen egiazkotasuna ziurta dezaten, batez ere Espainiak hitzarmena sinatu duen herrien kasuetan, hala nola Marokoren kasuan.
5. Adina zehazteko prozesuetan auzitegi-medikuntzako erakundeen “Adinaren auzitegi-kalkulua egiteko metodoei buruzko gomendioen dokumentua” izeneko testuko gomendioak betetzea eta haietan guztietan auzitegi-medikuntzako euskal erakundeak esku hartzea. Halaber, ebaluazioa halako azterketetan adituak diren medikuek egitea.
6. Dagokion asingabe/gazteari, banaka eta hezkuntza arreta egokiz, foru aldundiak, Fiskaltzaren adina zehazteko dekretuan oinarrituta, berehalako arreta, zaintza, egoitza abegia edo tutoretza eteteko hartutako ebazpenaren eta hura errekurritzeko eskubidearen, errekurtsoa aurkeztu behar dion organoaren eta hura jartzeko epearen berri ematea.
C. Babes baliabideetatik irteten direnean gizarte lagun egite edota bideratze egokiak duen garrantziari dagokionez:
7. Bizileku-baimena lortu gabe adin-nagusitasunera iritsi den kasuetan, babes zerbitzu batek tutoretza, zaintza, behin-behineko babesa edo zaingoa izan duenean, inguruabar bereziengatik bizileku-baimena emateko gomendioa egiterakoan, foru aldundiak prestakuntza baliabideen baliatze maila kontuan hartzea, zein ere den pertsona hori abegian emandako denbora. Txostenak prestakuntza edo beste edozein motatako baliabideen baliatze maila deskribatu behar luke, azkenean alde edo aurka eginez, baina arrazoituta beti ere.
8. Banakako irteera plana egitea, kasu guztietan, zein ere den lehenago emandako denbora eta zein ere diren auzibidean errekurrituta egoteagatik eztabaidan egon litezkeen adinari buruzko kontuak, eta egoitzako babes baliabideetatik irtetean herri-administrazio eskudunen jarraipena eta laguntza egotea.
9. Babes baliabideetatik irtetean gazte horien gizarte-ahultasuna kontuan hartzea, oinarrizko premiak estaltzeari begira eta inguruabar bereziengatik bizileku-baimena eskuratzeko edo hura berritzeko behar diren betekizunak betetzeko.
10. Haurren zerbitzuak gizarteratze eta laneratze zerbitzuekin koordinatzea, gazte horien gizarteratzea eta lan gaikuntza bilatzen duten laguntza eta emantzipazio programak erraztu eta sendotzeko, baita hasita duten lan prestakuntzari jarraitzea ahalbidetzeko, erakundeek egindako ahaleginek haien erabateko gizarteratzea eta laneratzea lor ditzaten.
Gomendioaren 1. puntuan aipatzen den presazko harrerako protokoloarekin lotuta, iazko urteko txostenean jakinarazi genuen aurrerapenak egiten ari zirela eta 2013. urtean onartuko zela aurreikusteko moduan ginela. Ez zen horrela izan. Nahiz eta esparru horretan eskumena duen Eusko Jaurlaritza Sailak, gaur egun Familia Politika eta Gizarte Garapena Zuzendaritza denak, lanean jarraitu duen adingabe horien harreran parte hartzen duten eragileekin bi aldeko elkarrizketak eta elkarrizketa aldeaniztunak egiten, protokoloaren testua osatuz eta adostuz, prozesuan estatu-mailako harrera-protokolo berria egingo dela bat-batean jakiteak atzeratu egin du autonomia-erkidegoko protokoloa egiteko lana, estatu-mailakoa nolakoa izango den itxaron behar delako eta bien artean beharrezkoa delako koherentzia izatea.
Gizarte-akonpainamenduaren eta/edo babes-baliabidetik ateratzean egoki bideratzearen garrantziaren inguruan egindako gomendioaren oinarri den argudiaketa Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako Sailari egindako gomendioen hirugarren blokean ere erabili dugu, El V
ivero egoitza-baliabidera egindako ikuskatze-bisita, aurreko atalean (2.2.1.) aipatzen genuena, jasotzen zuen espedientean. Esaten genuen bezala, lehenengo bi gogoetan baliabide horretako baldintza materialei eta funtzionalei buruzkoak ziren, baina hirugarrena, bakarrik dauden adingabe etorkinen, baliabidearen erabiltzaile direnen, emantzipazio-prozesuekin lotuta dagoen neurrian, orain azalduko dugu. Labur-labur azalduko dugu, zentrotik ateratzean nolabaiteko prestaketa eta koordinazioa egiten bada ere, foru-aldundiko Gizarteratze Zerbitzuak inolako erantzunik ematen ez duelako sortzen dela arazoa. Izan ere, bazterketa-egoera dauden pertsona helduak izanda, zerbitzu horri dagokio arreta hori ematea.
Aurten bakarrik dauden adingabe etorkinek aurkeztu eta izapidetu diren kexa apurrek bera zuten: desberdintasun handia zegoen fiskaltzaren dekretuan, adina zehazteko probak (aurkitu zituzten unean agiririk gabe egoteagatik) egin ondoren, adierazitako adinaren eta haurrak/nerabeak abegi hartuta zuen umeen foru-zerbitzuaren kudeaketen bidez haurraren/nerabearen jatorrizko herrialdeetako administrazioan lortutako dokumentazio ofizialean aitortutako adinaren artean. Arabako eta Bizkaiko (gertaerak lurralde historiko horietan gertatu dira) foru-fiskaltzen irizpidea, oro har, hau zen: lehentasuna ematea emandako dekretuari geroago lortutako dokumentazioaren aurretik. Edonola ere, foru-aldundietako haurren zerbitzuek erabakia ontzat hartzen zuten eta horren arabera jokatzen zuten. Hala ere, ez da horrela gertatu kasu guztietan, aipatu kexek jarduketa okerren balorazioa jaso baitute, 2013ko ekainaren 10eko, irailaren 19ko eta irailaren 19ko ebazpenetan ikus daitekeen bezala. Kexa horietan bi alderdi nagusi azpimarra ditzakegu:
Beharrezkoa da egoera bakoitza banaka aztertzea, beharrezkoa balitz Probintziako Fiskaltzari irizpide bereziak ezartzeko eskatuz eta erabat pareka ezin diren egoeretarako irizpide orokorrak automatikoki aplikatzearen ondorio negatiboak gaindituz.
Probintziako Fiskaltzaren erabakia, adingabetasuna zehazten duena, ontzat hartuta, haurrak babesteko zerbitzuek haurraren tutoretzari eta arreta osoari atxikitako betebeharrak gauzatu beharko dituzte, inolako salbuespenik gabe, baita haurrak administratiboki legeztatzeko eta defendatzeko helburua dutenak ere, bere interesekin zerikusirik ez duen jarduketa edo erabaki baten ondorioz kalteak erator dakizkion kasuetan. Edonola ere, irizpide hori jada azaldu zuen erakunde honek 18/2006 Ebazpenean (18/2006 Ebazpena, ekainaren 26koa, Bizkaiko Foru Aldundiari egina, tutoretzapeko adingabea babestean jarrera eraginkorra izan dezan).
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen tutoretzapeko bakarrik zeuden adingabe etorkinek beste arazo bat izan zuten kasu batzuetan: erroldatzean atzerapenak izatea pasaportea ez zuten bitartean. Arazo horri erantzun zion Arartekoaren 5/2011 Gomendio Orokorrak, urriaren 17koak. Gomendio horretan, erroldan izen-ematea arautzen zuen araudia aztertzen zen eta udalen askotariko praktika. Oro har, udalei eskatzen zitzaien pertsonen interesen aldekoa izango zen moduan aplikatzeko araudia, eta haurren esparruan herri-administrazioek dituzten betebeharrak aintzat dituen jarduketa-protokolo bat egiteko (dagokion foru-aldundiarekin hitz eginez). Izan ere, ezin dira betebehar horiek ahaztu haurrak agiririk ez izan arren eta une jakin batean adingabe gehiago egoteagatik hitzartutako lekuak baino. Gomendioa hedatu zenetik bi urte igaro ondoren, Barakaldo, Bilbo, Galdakao eta Loiu udalerrietan zailtasun batzuk izan direla aipatu da. Horren ondorioz, ofiziozko ikerketa bat hasi zen lau udalerrietan. Ondorio gisa esan dezakegu guretzat pozgarria dela egiaztatzea adierazitako zailtasunak gainditu direla, bai praktika egiatan aldatu zelako, baina adingabe bakar bat ere erroldatzeko ahalegina ez zelako egin (ziurtzat jo baitzen ez zela posible izango, gomendioa egin aurretik gertatzen zen bezala), bai ofiziozko esku-hartze horren ondorioz kasu horietan nola jokatu behar den adostu delako azkenik.