5. BESTE JARDUERA BATZUK
batzuk: Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean atalean kontsulta daiteke.
Ondoren, Iñigo Lamarca arartekoak egindako jarduera batzuen laburpena eskaintzen dugu:
• Otsailaren 20an, Iñigo Lamarca arartekoak“Krisialditik nola atera: Europak erantzuten du” gaiari buruzko topaketa-eztabaidan parte hartu zuen. Jardunaldi hori Europako Parlamentuaren Espainiako informazio bulegoak antolatu zuen, eta hainbat adituk esku hartu zuten, esaterako, Reyes Calderónek, Javier Diáz-Giménezek eta José García Montalvok. Arartekoa parte hartzeko topaketa horretara gonbidatu zuten eta honelako gaiak jorratu ziren bertan: oraingo krisiari aurre egiteko zer neurri hartu behar diren edo etorkizunean nola ekidin daitezkeen horrelako egoerak.
• Martxoaren 4ean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren eta Arartekoaren XXV. urtemuga ospatzeko antolatutu ziren hitzaldiak “Giza eskubideak ganoraz” izenburuarekin. Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak eta Arartekoak topaketa bat egin zuten Bilbon, giza eskubideen berme-sistemei buruz hausnartzeko. Juan Luis Ibarra Auzitegiko presidenteak eta Iñigo Lamarca arartekoak hasi zuten ekitaldi hori eta bertan izan ziren Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko presidentea, Euskal Ganberaren Mahaiko kideak, beste legebiltzarkide batzuk eta Justiziako, hainbat erakundetako eta hedabideetako ordezkari ugari.
• Martxoaren 13an hizlari gisa parte hartu zuen Donostiako Giza Eskubideei buruzko XVII. Ikastaroetan. Ikastaro horiek izenburu honekin antolatu ziren: “Aniztasun afektibo-sexuala: Nazioarteko Zuzenbideak ematen dituen babes erantzunak”. Bere mintzaldian, arartekoak hizpide izan zituen azaleratzen ari diren giza eskubideak, LGTBen aldeko berdintasunerako politika publikoak izateko beharra eta nazioarteko aktibismoak eskubide horiek exijitzeko orduan duen eginkizuna.
• Era berean, martxoan, arartekoak hitzaldi bat eman zuen, Bartzelonan, Gizarte Eleaniztunetako Hizkuntza Eskubideei eta Gizarte Kohesioari buruzko Nazioarteko Sinposioan. Ekitaldi hori Kataluniako Síndic de Greugesek antolatu zuen, Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearekin lankidetzan. Sinposio horren bitartez, Katalunian, Espainian eta beste gizarte eleaniztun batzuetan hizkuntza-eskubideak zer egoeratan dauden aztertu nahi zan, eskubideak babesteko erakundeek (ombudsmanek eta hizkuntza komisarioek) egiten duten lana abiapuntu hartuta, hurbilketa historiko, soziologiko eta juridikoaren esparruan.
• Apirilaren 7an Diru-sarrerak bermatzeko politiken mugak eta ahalmenak izenburuko mahai-inguruan parte hartu zuen, Deustuko Unibertsitatean, honako jardunaldi honen barruan: 25 urte diru-sarrerak bermatzeko politikak egiten Euskadin. Jardunaldi hori Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu zuen eta bermatzeko prestazioen oraingo sistemak zer erronkari egin behar diren aurrea aztertu ziren bertan.
• Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak 25 urte bete zituen aurten. Hori ospatzeko, erakunde horrek nazioarteko biltzar bat antolatu zuen, maiatzaren 21ean, Nazioarteko biltzarra: globala-eskualdekoa-herrikoa, erakundeak, harremanak eta sareak. Lege Soziologiaren iragana eta geroa” izenburuarekin, besteak beste, gai hauetaz hausnartu eta eztabaidatzeko: trantsizio-justizia, gazteen delinkuentzia, adin txikikoen epaitegiek hartutako neurriak, bitartekotza zibila eta pertsonak mugartean salerostea, gizarte-desberdintasunak eta erakunde juridikoak. Iñigo Lamarca arartekoak biltzarraren hasiera-ekitaldian parte hartu zuen, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren justizia sailburuarekin batera.
• Maiatzaren 26an arartekoak “Janari eta etxebizitza duinerako eskubidea” izeneko nazioarteko biltzarrean parte hartu zuen, Bilbon. Bi egunean barrena, zientzia-komunitateko hainbat hizlarik, kudeatzaile publiko batzuek eta zenbait gizarte-eragilek aztertu zuten zeintzuk diren gizarteak aurre egin beharreko erronkarik garrantzitsuenak gai hauen gainean: janariak eskuratzeko eskubidea gauzatzea, janari soberakinak kudeatzea, etxebizitza duina izateko eskubidea eta hiria bere onera ekartzea. Biltzarra hasi ondoren, mintzaldien gai nagusia Europar Batasunaren erronkak eta paradoxak izan zen, izan ere, Europar Batasunean tonaka janari galtzen dira alferrik, nahiz eta gero eta pertsona gehiagok ez duten janariak eskuratzeko bide egokirik.
• Ekainaren 14an, arartekoak udal gizarte-zerbitzuen Estatuko jardunaldiak itxi zuen. Bi egunean barrena, zenbait gizarte-langilek, politika arduradun batzuek, baita hainbat profesionalek eta herritarrek ere, udal gizarte-zerbitzuen egoeraz gogoeta egin zuten.
•Ekainaren 25ean, EHUren Uda Ikastaroaren barruan, arartekoak honako izenburuko hitzaldia eman zuen Donostian: “Aniztasun afektibo-sexuala eskolan. Rainbow Europako proiektua”. Hitzaldi hori “Hezkuntza afektibo-sexuala nerabezaroan, bizitzarako gaitasunak” deritzan ikastaroaren barruan txertatuta zegoen. Ikastaroa Javier Gómez Zapian Psikologia Fakultateko irakasleak zuzenduta.
• Urriaren 23an Bilboko “Film Sozialak” Zine Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak AITORTZA BEREZIA egin zion Ararteko erakundeari, sortu zenetik 25 urte bete zirela eta, erakunde honek giza eskubideen esparruan egiten duen lan bikainagatik, bereziki pertsonen eskubideak defendatu eta babesten, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen jarduera eta politika publikoekin duten erlazioan.
• Abenduaren 3an arartekoakparte hartu zuen Ospitaleen 19. Kongresu Nazionalaren aurreko jardunaldia egin zen Galdakao-Usansolo ospitalean, Osasun arloko Zuzendarien Espainiako Elkarteak (SEDISA), Mondragón Health-ek eta OSI Barrualde-Galdakaok antolatuta. Jardunaldia hasi ondoren, honako izenburuko hitzaldia eman zuen: “Herritarrak eta osasun zerbitzuak”.
• Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, jarduneko arartekoak hitzaldi bat eman zuen, Otxarkoagako Lanbide Eskolan BIZITEGIk antolatutako jardunaldi batean. BIZITEGI Bizkaian egoera txarrean bizi diren pertsonei laguntzeko eta haiek gizarteratzeko elkartea da eta baztertutako taldeekin zuzenean esku hartzen dihardu.
• Abenduan, Arrasaten, zainketa aringarriei buruzko XI. Arinduz jardunaldia aurkeztu zuen eta bertan “Gaixoak haren bizitzaren amaieran nahi dituen eskubideak” izeneko hitzaldia eman zuen. Jardunaldiaren programak, Euskadiko Zainketa Aringarrien Sozietateak antolatuta (ARINDUZ), aurretiazko borondateari, heriotza-lekuko lehentasunak eta gaixoen eta horien senideen premiei buruzko alderdiak jorratu zituen.
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak:
Julia Hernández arartekoaren ondokoak gizarte-erakunde batzuekin eta gizarte zibilaren ordezkariekin egindako zenbait bileratan parte hartu du, baita Arartekoari kexa azaldu dioten kexagile batzuekin egindakoetan ere, Estatuko gainontzeko herriaren defentsa-erakundeekin elkartu da, EAEko hainbat udaletara bisitak egin ditu eta zenbait jardunaldi, mintegi eta ekitalditan parte hartu du. Besteak beste, honako hauek aipatuko ditugu, interesgarriak direlako:
• Martxoan, Arartekoaren ondokoak hizlari gisa parte hartu zuen iQual Elkarteak portulageten antolatutako jardunaldian: Partekatutako zaintzari eta berdintasunari buruzko I. foroa. iQual gizonen eta emakumeen eskubideen berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko borrokan konpromiso aktiboa duten gizonek eta emakumeek osatutako elkarte bat da.
• Urrian,Ombudsmanen Nazioarteko Federazioaren (FIO) XIX. Batzarrera eta Kongresura joan zen. Mexikon egin zen eta aurten giza eskubideak babesteko eskualdeetako sistemak izan dituzte hizpide. Biltzar horretan, Emakumeen Sarea elkartu zen, non emakumeek politikan duten partaidetza aztertu baitzen. Topaketa hori baliatuz, Julia Hernández aukeratu zuten sare horren Europako koordinatzaile.
• Orobat, telebistako hainbat debatetan esku hartu du. Horien artean, aipagarriak dira sextingari buruzko bat eta jaietako sexualitatearen gaineko beste bat.