14. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
3 Ezintasunen bat duten pertsonak
1. Lankidetza-proiektuak
Ararmapak: irisgarritasun mapak eskura daitezke telefono eta gailu mugikorretatik
2012ko abenduan, Arartekoak web gune bat jarri zien eskura herritarrei. Web gune horren bidez, informazioa eman nahi da EAEko turismo, garraio publiko eta liburutegi baliabide batzuen irisgarritasunaren gainean. Igarotako denbora honetan, tresna hori hobetu egin dugu eta komenigarria iruditu zaigu garapen berriak gehitzea, erabilgarritasuna errazteko eta edonondik informazio hori eskuratu ahal izateko, baita kalean oinez goazenean ere.
Horrela, telefono eta beste gailu mugikor batzuetarako aplikazio bat sortzeko ideia bururatu zaigu. Aplikazio horri esker, edonork eskuratu ahal izango du irisgarritasun-mapetan bildutako informazioa gure geografiako edozein tokitatik. Elkarlanean egindako proiektu bat da, dinamikoa, etengabe haziz doa eta bertan funtsezko eginkizuna du herritarren partaidetzak. Zenbait baliabideri buruzko informazioa hainbat herri-erakundek eman badute ere, herritarrek oro har aukera ematen zaie datu osagarriak gehitzeko, baita eguneratzeko edo jada lortutako informazioa kontrastatzeko.
Beraz, aplikazio horren helburua ez da soil-soilik baliabideen irisgarritasunari buruzko informazio erabilgarria ematea, baizik eta baita ere herritarrek Euskadiko irisgarritasunaren gaineko informazioa elkarlanean eraikitzen parte har dezaten ahalbidetzea, argazkiak bidaliz, iruzkinak eginez eta edozein datu baliagarri emanez, ezgaitasunen bat duten pertsonek bermerik handienarekin moldatzeko argibideak izan ditzaten.
Interneten ikusgai dago http://mapak.ararteko.net helbide publikoan, software askean egindako aplikazio informatiko baten bitartez, eta doan deskarga daiteke, informazioa eta datuak formatu irekietan dituela.
Gizarte sareak
• Arartekoa Twitterren: Arartekoak presentzia aktiboa du Twitterren (@Ararteko). 2014 amaieran Arartekoak 3.349 jarraitzaile zituen eta berak 1.916 lagun, organizazio eta erakunderi jarraitzen zien.
Twitterri esker, herritarrekin elkarreragin aktiboa dago, eta Arartekoaren ikerketen eta ebazpenen ondoriozko funtsezko mezuak hedatzen dira.
• 2014an Ingurumenaren Foroa tresna garrantzitsua bihurtu da ingurumenari eta ingurumen arloko argibideak jasotzeko eskubideari buruzko informazioa hedatzeko, baita gai horren gainean Arartekoak esaten dituenak zabaltzeko ere. Bereziki, ingurumena babesteko elkarte eta erakunde erreferenteekin harremanak izateko horietara gerturatzeko bidea bilakatu da; azpimarragarriak dira ingurumen arloko informazioa eskuratzeko eskubidearen eremuan egindako ekarpenak eta lankidetza.
RAINBOW HAS proiektuaren bloga
RAINBOW HAS proiektua (2013-2014) RAINBOW proiektuaren (2011-2012) jarraipena da. Bi proiektuok Ararteko erakundeak koordinatu ditu eta Europako Batzordearen Justiziako Zuzendaritza Nagusiak aldi berean finantzatu ditu, “Oinarrizko eskubideak eta herritarrak” programaren esparruan.
RAINBOW HAS proiektuak blog bat dauka Arartekoaren web orrian eta, horren bidez, sakon aztertu nahi da haur eta nerabeek hezkuntza arloan sexu-aniztasunerako dituzten eskubideen egoera, berori hobetzeko asmoz.