V. ATALA. Gizartearekiko harremanak eta Erakundeen arteko lankidetzarako jarduerak
1. Gizarte erakundeekiko harremanak
Gobernuz kanpoko erakundeak eta antolatutako gizarte zibila, Arartekoaren ustez, euskal gizartearen arazoen begiak eta belarriak dira. Haien informazioari esker, jardunak hasten ditu ofizioz eta politika publikoen ebaluazio egiazkoagoa egiten du Arartekoak.
Arartekoaren erakundean beti baloratzen dugu elkarte horiek eta boluntarioek egiten duten lana. Gizarte esku hartzeko hirugarren sektorea, une honetan, Euskadin pertsonen eskubideen gizarte sistemaren bideragarritasunaren zutabeetako bat da. Orain bizi dugun krisialdi ekonomiko eta sozialean inoiz baino argiago ikusten dugu haien lana zein garrantzitsua den. Era berean, inoiz baino babes publiko handiagoa behar dute haiek beren baliabide ekonomikoei eusteko, horiei esker esku hartzen baitute gizartean. Bidezkoa da hori aitortzea eta gizartearen eta erakundeen aurrean hala aldarrikatzea. Gizarteak eta erakundeek laguntza eman behar diete egunetik egunera eta trukean ezer eskatu gabe beren lanarekin gizartearen eta baztertuen edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonen arazorik larrienak beren gordintasun osoan ager daitezen galarazten dutenei. Bazterketa gero eta zifra kezkagarriagoak lortzen ari da, eta gizarte-baliabiderik sekula jaso ez zuten pertsona askori eragiten ari zaie pixkanaka; horrela, eraldatzen ari da krisialdia piztu arte zegoen profila, hau da, pobrezia handian zeuden pertsonena.
Arartekoa pertsonek eta pertsonentzat asmatutako erakundea da, euskal administrazioak kontrolatzeko funtzioa herritarren arazoen arabera betetzen baitu. Horrek Arartekoak hiru planotan jardutea dakar:
• Salatutako administrazioak indarrean dagoen legeriaren arabera jardun duen egiaztatzea.
• Administrazioetan jardunbide egokia bultzatzea, herritarren eskubideei arreta hobea emateko eta tratu hobea eta eraginkorragoa emateko.
• Kasuan bitartekari lana egitea. Izan ere, askotan, administrazioak zuzen jokatu duen arren, gure esku hartzearekin, hurbileko tratua emanez, errealitatearen edo jardun den kasu zehatzaren ikuspegi ezberdina eskainiz edo araua modu malguagoan interpretatuz, pertsonen arazo zehatzak konpondu ahal izaten dira, edota berdintasun ezeko, babesik gabeko eta bidegabeko egoerak eragozten dira.
Eginkizun horiek bete eta lortu nahi diren helburuak lortu ahal izateko, gizarte-elkarteak ezinbesteko lankideak dira. Horregatik, Ararteko erakundeak 2013 eta 2014an hasi dituen hausnarketa estrategikoko prozesu guztietan (aliantzak kudeatzea, eragina ebaluatzea eta estrategia-plana), haien ikuspegia aintzat hartu da, hobetu beharreko alderdiei eta Arartekoaren lana egiteko moduari dagokienez.
2014. urtean erakundearekin bilerak egin dituzten elkarteak eta taldeak
2014. urtean, Arartekoak gizarte eragileekiko harremana zaintzen jarraitu du bere ohiko jardunean. Batez ere, egoera txarrean dauden pertsonei laguntzeko edo askotariko gizarte arazoak konpontzeko lanean aritzen diren elkarte, erakunde eta taldeekin: giza eskubideen aldeko taldeak, atzerritarrei, presoei edo baztertuta daudenei laguntzekoak, etxerik gabekoei laguntzekoak eta abar.
Urte hauetako esperientziak erakutsi digu, izan ere, erakunde eta talde ugari giltzarriak izan daitezkeela gure gizarteko sektore baztertuen edo oso ahulen eta Arartekoaren eta halako erakundeen arteko bitartekari lanetan; hala, beren eskubideen eta gatazkak konpontzeko bideen jakitunago egin ditzakete, beren aldarrikapenak adierazteko laguntza eman, administrazioei herritarrentzako zerbitzu arretatsua eman dezaten eskatu, eta, modu horretan, erakundeetan konfiantza handiagoa izateko eta gizarte kohesio handiagoa lortzeko modua egin.
Hala, 2014. urtean, Arartekoak lankidetza harremanak izan ditu, estuagoak edo ez hain estuak, honako elkarte, erakunde eta gizarte talde hauekin:
• 3/12 elkartea
• ACABE ARABA
• ACABE BIZKAIA
• ACABE GIPUZKOA
• AEK/KORRIKA
• Amnesty International
• Ancora elkartea, Donostia hiriko kultur ondarea babestu eta defendatzeko
• Argilan
• Asenki
• ADAP elkartea
• ARRATS elkartea
• Beroa elkartea
• Besarka elkartea
• Gipuzkoako Orno - Muineko Kaltetuen Elkartea
• BG Guraso bakarreko familietako amak diren emakumeen elkartea
• Euskal kazetarien elkartea
• Euskarri elkartea
• iQual elkartea
• IRESGI elkartea
• Lauka elkartea
• SARTU elkartea
• Erkidegoz gaindiko elkarteak edota eskubideetara bideratuak (orokorrak): Amnesty International, UNICEF, Save the Children, POI…
• Elkartean. Ezindu fisikoen Euskal Autonomia Erkidegoko Konfederazio Koordinatzailea
• ASSIS
• AVATI. Nortasun nahasmendua duten pertsonentzako eta haien familientzako euskal elkartea
• AVIFES. Senideen eta Gaixotasun Mentalaren Bizkaiko Elkartea
• Elikagaien bankua
• Bidesari
• Biltzen
• Bizitegi
• BOKATAS
• Sestaoko Cáritas, Ijitoen Idazkaritza Fundazioa
• Arabako Abokatuen Elkargoa
• Bizkaiko Abokatuen Elkargoa-JPT
• Gipuzkoako Abokatuen elkargoa-JPT
• Gizarte Langintzaren Elkargoak
• Hemen Patzuergoa
• Gurutze Gorria
• Eginaren Eginez
• Ekologistak Martxan
• Elkartean
• Elkartu
• ERNE
• Etorkintza
• Etxerat
• Euskal Dendak
• Euskal gorrak
• FEDEAFES. Buru gaixotasuna duten pertsonen eta haien senideen elkarteen Euskadiko Federazioa
• FEKOOR. Gutxitasun fisikoa edota organikoa duten Bizkaiko pertsonak
• Gizagune fundazioa
• IZAN fundazioa
• Gao Lacho Drom
• Harresiak apurtuz
• Haurralde fundazioa
• Helduak Adi
• Hiria kolektiboa-médicos mundo
• Hizkuntz Eskubideen Behatokia
• IRSE
• Jolas eta Ekin
• Kaleratzeak stop desahucios
• Meatzalde Bizirik, Kima Berdea, Por Muskiz Bai
• Médicos del Mundo
• Mugarik gabe
•OME-Osasun Mentalaren Elkartea. Asociación de salud mental y psiquiatría comunitaria
• Bizkaiko Kartzela Pastoraltza
• Gure Energia
• Plataforma Hemen
• Gizakia Helburu
• RAIS fundazioa
•Bilerak presoen giza eskubideen alde lan egiten duten nazioarteko GKE batzuekin (AI, HRW, AIT, Espetxeen Nazioarteko Behatokia, e.a.) eta eragindako pertsonen elkarteekin
• SIDALAVA
• LAB sindikatua (Donostiako Udala)
• Solokoetxe ikastola
• SOS arrazakeria - Bizkaia
• Sos -arrazakeria
• SOS-arrazakeria - Araba
• ZUBI ETXE
• Zubiko
Txosten honetako III. ataleko arreta publikoko kolektiboen arloetako ataletan, erakunde horiekiko lankidetzari buruzko erreferentzia zabalagoak daude.
2. Arartekoaren 25. urteurrena
Arartekoa sortu zenetik 25 urte bete zirela eta, ekainaren 20an erakunde-ekitaldi bat>> egin zen Eusko Legebiltzarrean, urteurren hori ospatzeko.
Ekitaldi horretan parte hartu zuten, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Iñigo Lamarca arartekoak, ararteko ohiek, Soledad Becerril Espainiako herriaren defendatzaileak eta autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaileek, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk, legebiltzarkide batzuek, Euskal Herriko Justizia Auzitegiko presidenteak, fiskal nagusiak, baita beste erakunde eta gizarte-elkarte batzuetako hainbat ordezkarik ere
Ekitaldia hasteko, hitz batzuk esan zituzten Ganberako presidenteak, arartekoak, Espainiako herriaren defendatzaileak eta lehendakariak.
Bere mintzaldian, Iñigo Lamarcak hauxe esan zuen “Arartekoa hasieratik gidalerro berari jarraitu zaio Estatutuak eta legeak agindutakoa zintzo betetzeko, eta arreta berezia jarri du bere lana zorrotz betetzen. Horretarako funtsezkoa izan da merezimendu eta gaitasun printzipioen arabera profesional bikainak kontratatzea, baita erakundearen independentzia eta alderdikeriarik eza indartzea ere. Horrek guztiak osatu ditu Arartekoaren itzalari eta sinesgarritasunari, alegia, bere eragiteko ahalmenari eta eragingarritasunari eusten dioten zutabeak”.
Gizarte-erakundeen lana ere nabarmendu du Lamarcak: “Euskadik punta-puntako elkarte-sarea dauka, sare horretan milaka emakume eta gizon gizarte-boluntariotza lan bikaina egiten ari dira gizarteratzearen alde, justizia nahiz ekitate sozialaren alde, giza eskubideen alde, pertsonen arteko elkartasunaren eta senidetasunaren balio etikoaren alde”.
Azkenik, 25 urteotan giza eskubideen elikagai diren kultura eta balioak sustatu eta indartzeko zer lan egin den aipatu zuen.
Jardunaldia hasi ondoren, Victoria Campsek Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Filosofia Moral eta Politiko arloko katedradun emeritua da bera honako izenburuko hitzaldia eman zuen: “Demokrazia eta gizalegezko balioak”. Balio zibikoak zer diren eta zergatik diren beharrezkoak aztertu du Capmsek.
Geroago egin zen mahai-inguruan, Arartekoaren gaineko ikuspegi ezberdinak azaldu dira. Bertan parte hartu dute Mikel Mancisidorrek –Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen arloko Nazio Batuen Batzordeko kidea eta UNESCO Etxearen zuzendaria Alberto López Basagurenek –Konstituzio Zuzenbidean katedraduna eta El Ararteko liburuaren egileetako bat eta Garbiñe Biurrunek –Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salako presidentea.
Ekitaldian zehar bideo bat proiektatu da. Bertan bildu dira Arartekoarekin lankidetza estuan aritzen diren gizarte-erakundeetako ordezkarien hitzak, baita ere, urteurren hau dela-eta, IOIko presidenteak, FIOko presidenteak eta EBko herriaren defendatzaileak Arartekoari bidalitako mezuak.
3. Giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen inguruko jarduerak
3.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak
Urteko txosten honen IV. kapituluaren 4. atalean osorik azalduta dagoenez, EHUren Uda Ikastaroen XXXIII. edizioan, irailaren 9 eta 10ean, Arartekoak antolatutako ikastaro hau egin zen Gasteizko Montehermoso jauregian: Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: botere publikoen erantzuna
Edizio horren barruan egin ziren, halaber, Estatu osoko Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak.
Foro horrek urtero biltzen ditu autonomia erkidegoetako defendatzaileak eta Espainiako defentsa-erakundea, honako xede hau lortzeko: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien jarduera eta helburuekin zerikusia duten alderdiez eztabaidatzea, baita gai eta arazo komunak jorratzea ere.
Herriaren defendatzaileek honako ADIERAZPENA >onartu zuten familiei laguntzeko politika publikoak jorratu diren jardunaldi horietan:
Herriaren Defendatzailea, Andaluziako Herriaren Defendatzailea, Aragoiko Justicia, Diputado del Común, Procurador del Común, Kataluniako Síndic de Greuges, Valentziako Erkidegoko Síndic de Greuges, Valedor do Pobo, Nafarroako Arartekoa eta EAEko Arartekoa Gasteizen bildu dira XXIX. Koordinazio Jardunaldietan, “Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: botere publikoen erantzuna” gaia jorratzekoetan, eta adierazpen hau jendaurrean aurkeztu nahi dute.
Familiak askotarikoak dira morfologiari dagokionez eta berezko eginkizun esklusibo batzuk garatzen dituzte, beste gizarte-sistema eta -erkidego batzuez ordezten zailak direnak. Familia lehen mailako afektu eta harremanen egoitza da, baita eragile sozializatzaile nagusia ere, eta norberaren garapenari eta erkidegoaren eraikuntzari modu erabakigarrian laguntzen die. Konstituzioak 39.1. artikuluan, autonomia- estatutuek beren testuetan eta Europar Batasunaren Funtsezko Eskubideen Gutunak 33. artikuluan balio hori eta haren esklusibotasuna aitortzen dituzte eta botere publikoak familiaren babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatzera hertsatzen dituzte.
1.Europako testuinguruko herrialdeekin alderatzen duen begirada batek agerian jartzen du Espainian familiak babesteko gastua txikiagoa dela, eskuragarri dauden azken datuen arabera BPGdren % 1,51 baitzen, Europako batez bestekoa % 2,26 izanik. Familia-politikek Espainian gutxienez Europako batez bestekora heltzen diren ekonomia- eta aurrekontu-baliabideak eduki beharko lituzkete.
2.Familiek, haien konfigurazioa eta osaera edozein direla ere, premia komun batzuk dauzkate. Hiru arlo hauek hartzen dituzte barne: a) seme-alaben hezierari eta familia barneko zaintzari lotutako kostuei aurre egiteko baliabideak; b) familia-erantzukizunak bateratzeko denbora eta zerbitzuak; c) informazioa, orientazioa eta aholkuak guraso-gaitasuna modu egokian garatzeko. Politika publikoek hiru arlo horietako premiak behar bezala bete behar dituzte.
3.Kostuak konpentsatzera bideratutako politikek, nagusiki zerga-politiken eta zuzeneko transferentzia ekonomikoen bidez egikaritutakoek, gizarte-errealitate berriak (bai askotariko familia-ereduak bai seme-alabak zaintzeko ereduak) aintzat hartu behar dituzte eta adingabeen, ezgaitasunen bat duten pertsonen eta mendetasuna duten pertsonen arreta modu erabakigarriago batean babestu behar dute.
4.Lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari eta haurren eta zainketak behar dituzten pertsonen zaintzan eta arretan erantzunkidetasunari dagokienez, gure aburuz, herri-administrazioek kontrataziorako sorospen zuzenak edo zeharkakoak, lan-merkatura itzultzeko pizgarriak eta trebakuntza- eta birziklatze-jardunak onartzen jarraitu behar dute. Horrez gain, emakumeak lan- merkatuan sartzearen eta gizonek familia-erantzukizunetan aktiboki parte hartzearen alde egiten duten arau-aldaketetan sakontzeari eutsi behar zaio.
5.Era berean, beharrezkotzat jotzen da bateratzea errazten duten zerbitzuen eskaintza nahiko bat bultzatzea:
0 eta 3 urte bitartean dauzkaten haurren arretarako zerbitzuak eta mendeko pertsonentzako hurbiltasun-zerbitzuan. Halaber, laneko eta aisialdiko ordutegiak aztertu beharko lirateke hobeto arrazionalizatzeko.
6.Europako zuzentarauen ildotik eta beren seme-alaben hezkuntzan eta garapen integralean duten erantzukizuna egikaritzeko orientazioa bilatzen duten gurasoen eskaerei erantzunez, ezinbestekoa da gurasotasun positiboko neurrietan aurrera egitea, haien ezarketa handituz, familia eta eskolaren arteko elkarlana are gehiago sustatuz eta guraso-erantzukizunak modu egokian gauzatzeko prozedura eraginkorren erabileran aurrera eginez.
7.Frogagarria da familia-moten aniztasuna gero eta zabalagoa dela. Aniztasun horrek behar diren onarpena eta errespetua aurkitu behar ditu legezko tipifikazioan, agiri ofizialetan eta ikastetxeetako curriculumean eta diskurtsoan. Era berean, ahultasuna edo babesgabetasuna sor dezakeen inguruabarren batean dauden familia-motei (guraso bakarreko familiak, familia etorkinak, familia homoparentalak, etnia ijitoko familiak, etab.) berdintasunerako eta bereizkeria ez jasateko daukaten eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak antolatu behar dira.
8.Laguntza sozioekonomikoa funtsezkoa da espainiarrek jasaten duten krisi larriaren ondorioz gizarte- bazterketako arriskuan edo egoera latzean dauden familia guztientzat. Zentzu horretan, gure iritziz, botere publiko eskudunek Espainian bizitza duin bati lotutako premiak betetzea helburu duen eta gizarteratzeari eta laneratzeari lotuta dagoen prestazio ekonomiko bat egotea ahalbidetu behar dute. Prestazio horietarako eskubidearen onarpenari buruzko ebazpenak laster eta legez ezarritako epeen barruan eman behar dira. Bestalde, politika publikoen lehentasuna haur-pobrezia eta pobrezia energetikoa ezabatzea izan behar da; horretarako, neurri eta tresna eraginkorrak prestatu behar dituzte.
9.Gure ustez, etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko konstituzio-eskubidea babesteko eta bermatzeko mekanismoak indartu behar dira, bereziki egoitza-irtenbide egoki bat eskuratzeko aukeratik baztertuta dauden familiei eta seme-alabak dituzten familiei dagokienez, etxebizitza hutsen kopurua murriztuz, alokairua sustatuz eta herritarrak beren ohiko etxebizitzen utzarazpenen aurka babestuz. Halaber, herriaren defentsa erakundeok bigarren aukerako lege baten onarpena babesten dugu; lege horrek utzarazteko aukera murrizten duten mugak barne hartuko lituzke, gainzorpetze edo kaudimen- gabeziako kasuetan betiko gizarte-bazterketa saiheste aldera.
10.Gure aburuz, ahultasun- edo arrisku-egoeran dauden eta adingabeak dituzten familientzako laguntzak bereziki aipatu behar dira. Zehazki, hauetaz ari gara:
a) pobrezia-egoeran dauden eta adingabeak ardurapean dituzten familiak; b) seme-alabekin gatazkak dituzten familiak; esparru horretan familia- bitartekaritza gehiago sustatzeko eskatzen dugu, baita familia-elkarguneen zerbitzuen arauketa autonomiko bat ere, nolanahi ere haurrak edo nerabeak eragin diezaiokeen erabakiak hartzeko parte hartzen duela bermatuta egon dadin;
c) genero-indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak; haientzat berezko nortasuna daukaten biktimatzat jotzeko eskatzen dugu.
11.Autonomia mugatuta daukaten eta bizitza autonomo bat garatzeko laguntza pertsonalak edo materialak behar dituzten pertsonak bizi diren familiei dagokienez, sistema desberdinak harmonizatzeko eta koordinatzeko neurriak hartu behar dira, gainjartzeak, bikoiztasunak eta gabeziak edo estaldura-eskasiak saiheste aldera. Pertsona eta familia horientzat, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema gizarte-estatuaren funtsezko euskarri bat da, eta alferrik galdu behar ez den gizarte-erdiespen bat ere bai. Gure iritziz, pertsona horiek beren etxeetan mantentzera bideratutako tresna eta neurri guztiak orobat indartu eta zabaldu behar dira.
3.2. Nazioarteko harremanak
Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren urteko Batzarra
Arartekoaren ondokoak Ombudsmanen Nazioarteko Federazioaren (FIO) XIX. Batzar Nagusian eta Kongresuan parte hartu zuen, Mexiko hirian, 2014ko urriaren 1etik 3ra. Aurten, giza eskubideak babesteko eskualdeetako sistemak hartu dira gaitzat.
Biltzar horrexetan, Emakumeen defendatzaileen FIOren sarea elkartu zen, Arartekoa parte-hartzaile zela, eta Federazioaren XIX. Biltzar Orokorra egin zen, non emakumeek politikan duten partaidetza aztertu baitzen. Arartekoa Zuzendaritza Batzordeko partaide da, espainiar Estatuko herriaren defendatzaileen ordezkari gisa. Topaketa hori baliatuz, Julia Hernández aukeratu zuten sare horren Europako koordinatzaile.
FIOk bere baitan hartzen ditu Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetako edo estatuko defentsa-erakundeekin batera.
Rainbow Has proiektuaren konferentzia Bruselan
Azaroaren 18an Rainbow Has proiektuan ateratako ondorioak eztabaidatzeko konferentzia europarra izan da Bruselan, Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzan. Europako Batzordeak babestu eta diruz lagundutako proiektua da. Bi urtean landu da, Arartekoaren edo euskal herritarren defendatzailearen zuzendaritzapean.
Rainbow Has proiektuaren helburua adingabe homosexual edota transexualen oinarrizko eskubideak babestea da, baita bi amak edo bi aitak osatutako familia homoparentalen seme-alabenak ere. Eskubide horiek babestu eta bermatzeko, aniztasun afektibo eta sexuala bultzatzen du, ikastetxeetan gertatzen den bullying edo eraso homofoboari aurre egiten dio eta hezkuntza-komunitatearen, administrazio publikoen, gizarte elkarteen eta GKEen estamentuetan oinarritutako sareak sortzen ditu.
Rainbow Has proiektuan Europar Batasuneko 8 herrialdetako (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia, Holanda, Italia, Polonia eta Erresuma Batua) 12 erakundek parte hartzen dute. Azterlanak, mintegiak eta bilerak egin dituzte aipatutako haur eta nerabe horien egoerari buruzko diagnostiko zehatzak edukitzeko, proposamenak eta gomendioak aurkezteko eta lankidetzarako sare sendoak sortzeko.
Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzak Bruselan dituen bulegoetan egin da konferentzia europarra eta Rainbow Has proiektuan parte hartzen duten erakundeen ordezkariek parte hartu dute: unibertsitate desberdinetako adituak, Europako Parlamentuko LGBT Intergroup kideak, ILGAko kideak (International lesbian, gay, bisexual, trans and intersex association) eta NELFAkoak (familia homoparentalen federazio europarra). Europako arartekoaren bulegoko ordezkariak, europarlamentariak eta erakunde eta GKE desberdinetako kideak ere ez dira faltako.
Euskal Herriko arartekoa den Iñigo Lamarcak inauguratu du konferentzia. Rainbow Has proiektuaren bost lan ildoen emaitzak eztabaidatu dituzte bertan, eta jardute onaren hiru adibide jarri dituzte: Eusko Jaurlaritza, Cambridgeko Comberton College Academy eta Peterborougheko Voyager School.
Txostenaren ondorioak Bulgaria, Espainia, Polonia, Italia eta Erresuma Batuan egindako azterlan kualitatiboetan oinarritzen dira. 130 familiak, irakasleek eta haurrek parte hartu dute azterlan horietan. Mintegiak egin ziren Europako bederatzi hiritan eta erakunde publikoak, ikerketa zentroak, giza eskubideen erakundeak, LGBT erakundeak eta familiak ordezkatzen zituzten 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Ikerketari esker, ikastetxeek, erakunde publikoek eta GKEek bultzatutako jardute onaren 22 kasu identifikatu dituzte.
Hakamada Iwao kasuari buruzko apelazioak
Hakamada Iwaoren kasuari buruzko kanpainaren barruan -Gipuzkoako Amnesty International taldeak bultzatu du-, beste herrialde batzuetako Amnesty Internationaleko taldeekin koordinatuta, Arartekoak hilero zenbait apelazio bidali dizkie Japoniako agintari batzuei (Justiziako ministroari, lehen ministroari, fiskal nagusiari eta espetxeko zuzendariari) eta Hakamada Iwaogatik duen kezka agertu die. Hakamada Iwaok 78 urte ditu orain, eta horietatik azkeneko 44ak espetxean igaro zituen, heriotzaren zain. Heriotza korridorean denbora luzeena zeraman pertsona izango zen, ziur aski.
Aurtengo martxoan, zorionez, Iwao Hakamada aldi baterako libre utzi dute Japonian, Shizuokako Barrutiko Gorteak epaiketa berri bat egiteko eskaera onartu eta gero.
4. Arartekoak sinatutako hitzarmenak
Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena, hizkuntza-eskubideen arloan
Arartekoak, Iñigo Lamarcak, eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, sinadura ekitaldia burutu zuten martxoan. Akordio honen bitartez, herritarren eskubide linguistikoak defendatu eta eskubide hauen gaineko jarraipena egiteko bide berri bat zabaldu dute bi instituzioek (Arartekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak).
Koordinazioak, gardentasunak, eraginkortasunak, bi norabideko informazio trukaketak eta instituzioen arteko leialtasunak motibatu dute, hain zuzen ere, Gobernuak Arartekoarekin sinatutako akordioa. Noski, bakoitzaren konpetentziak hasieratik bukaerara errespetatuz.
Arartekoak aipatu zuen bezala, “euskararentzat neurri handi batean oraindik kaltegarria den egoera soziolinguistikoan, hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoa azpimarratu nahi dut. Zentzu honetan, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzarekin gauzatuko dugun koordinazio esparru berriak beste aurrerapauso bat ekarriko du berekin”.
“Arartekoaren eginkizuna da hizkuntza eskubideak babestea eta, ondorioz, herritarren kexak aztertzea eta horren gainean ebaztea. Ararteko erakundera heltzen diren kexen arabera, euskal hiztunen eskubideak administrazioekiko dituzten harremanetan ez daude behar bezala bermaturik zenbait esparrutan. Hori dela eta, garrantzitsutzat jotzen da kexen eraginkortasuna ahalik eta gehien hobetzea. Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarekin harreman estuagoa lortuko du Arartekoak, izenpetu dugun hitzarmenaren bidez. Horren arabera, Elebide zerbitzuarekin herritarren kexei buruzko gorabeherak hobeto koordinatuko dira hizkuntza eskubideen babes handiago baten mesedetan”, argitu du arartekoak.
Hitzarmena Eguía Careaga Fundazioarekin
Arartekoak eta Eguía-Careaga Fundazioko zuzendariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute abenduan. Horri esker, agiri-baliabideak partekatu eta trukatu ahal izango dira Arartekoaren Dokumentazio Zentroaren eta SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroaren artean, batez ere SIISek gizarte-politika eta gizarte-zerbitzuen arloan duen agiri-zerbitzu espezializatua eta Arartekoak giza eskubideen arloan kudeatzen dituen agiriak.
5. BESTE JARDUERA BATZUK
batzuk: Arartekoaren eta haren ondokoaren jarduerarik esanguratsuenak, hitzaldiak emateari dagokionez, eta administrazioek eta gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzeari dagokionez
Baloreak eta giza eskubideak sustatzeko lanean, Arartekoaren erakundeak urte osoan zehar jarduera ugari gauzatzen ditu, adibidez, gizarte-erakundeek antolatutako ekitaldietan parte hartzen du, giza eskubideekin lotutako gaien inguruko foroetan hitzaldiak egiten ditu, erakundearen helburuekin estuki lotuta dauden ekitaldi instituzionaletan esku hartzen du, etab.
Jarduera horien guztien katalogoa web orrian dagokion atalean atalean kontsulta daiteke.
Ondoren, Iñigo Lamarca arartekoak egindako jarduera batzuen laburpena eskaintzen dugu:
• Otsailaren 20an, Iñigo Lamarca arartekoak“Krisialditik nola atera: Europak erantzuten du” gaiari buruzko topaketa-eztabaidan parte hartu zuen. Jardunaldi hori Europako Parlamentuaren Espainiako informazio bulegoak antolatu zuen, eta hainbat adituk esku hartu zuten, esaterako, Reyes Calderónek, Javier Diáz-Giménezek eta José García Montalvok. Arartekoa parte hartzeko topaketa horretara gonbidatu zuten eta honelako gaiak jorratu ziren bertan: oraingo krisiari aurre egiteko zer neurri hartu behar diren edo etorkizunean nola ekidin daitezkeen horrelako egoerak.
• Martxoaren 4ean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren eta Arartekoaren XXV. urtemuga ospatzeko antolatutu ziren hitzaldiak “Giza eskubideak ganoraz” izenburuarekin. Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak eta Arartekoak topaketa bat egin zuten Bilbon, giza eskubideen berme-sistemei buruz hausnartzeko. Juan Luis Ibarra Auzitegiko presidenteak eta Iñigo Lamarca arartekoak hasi zuten ekitaldi hori eta bertan izan ziren Bakartxo Tejería Eusko Legebiltzarreko presidentea, Euskal Ganberaren Mahaiko kideak, beste legebiltzarkide batzuk eta Justiziako, hainbat erakundetako eta hedabideetako ordezkari ugari.
• Martxoaren 13an hizlari gisa parte hartu zuen Donostiako Giza Eskubideei buruzko XVII. Ikastaroetan. Ikastaro horiek izenburu honekin antolatu ziren: “Aniztasun afektibo-sexuala: Nazioarteko Zuzenbideak ematen dituen babes erantzunak”. Bere mintzaldian, arartekoak hizpide izan zituen azaleratzen ari diren giza eskubideak, LGTBen aldeko berdintasunerako politika publikoak izateko beharra eta nazioarteko aktibismoak eskubide horiek exijitzeko orduan duen eginkizuna.
• Era berean, martxoan, arartekoak hitzaldi bat eman zuen, Bartzelonan, Gizarte Eleaniztunetako Hizkuntza Eskubideei eta Gizarte Kohesioari buruzko Nazioarteko Sinposioan. Ekitaldi hori Kataluniako Síndic de Greugesek antolatu zuen, Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearekin lankidetzan. Sinposio horren bitartez, Katalunian, Espainian eta beste gizarte eleaniztun batzuetan hizkuntza-eskubideak zer egoeratan dauden aztertu nahi zan, eskubideak babesteko erakundeek (ombudsmanek eta hizkuntza komisarioek) egiten duten lana abiapuntu hartuta, hurbilketa historiko, soziologiko eta juridikoaren esparruan.
• Apirilaren 7an Diru-sarrerak bermatzeko politiken mugak eta ahalmenak izenburuko mahai-inguruan parte hartu zuen, Deustuko Unibertsitatean, honako jardunaldi honen barruan: 25 urte diru-sarrerak bermatzeko politikak egiten Euskadin. Jardunaldi hori Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu zuen eta bermatzeko prestazioen oraingo sistemak zer erronkari egin behar diren aurrea aztertu ziren bertan.
• Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundeak 25 urte bete zituen aurten. Hori ospatzeko, erakunde horrek nazioarteko biltzar bat antolatu zuen, maiatzaren 21ean, Nazioarteko biltzarra: globala-eskualdekoa-herrikoa, erakundeak, harremanak eta sareak. Lege Soziologiaren iragana eta geroa” izenburuarekin, besteak beste, gai hauetaz hausnartu eta eztabaidatzeko: trantsizio-justizia, gazteen delinkuentzia, adin txikikoen epaitegiek hartutako neurriak, bitartekotza zibila eta pertsonak mugartean salerostea, gizarte-desberdintasunak eta erakunde juridikoak. Iñigo Lamarca arartekoak biltzarraren hasiera-ekitaldian parte hartu zuen, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentearekin eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren justizia sailburuarekin batera.
• Maiatzaren 26an arartekoak “Janari eta etxebizitza duinerako eskubidea” izeneko nazioarteko biltzarrean parte hartu zuen, Bilbon. Bi egunean barrena, zientzia-komunitateko hainbat hizlarik, kudeatzaile publiko batzuek eta zenbait gizarte-eragilek aztertu zuten zeintzuk diren gizarteak aurre egin beharreko erronkarik garrantzitsuenak gai hauen gainean: janariak eskuratzeko eskubidea gauzatzea, janari soberakinak kudeatzea, etxebizitza duina izateko eskubidea eta hiria bere onera ekartzea. Biltzarra hasi ondoren, mintzaldien gai nagusia Europar Batasunaren erronkak eta paradoxak izan zen, izan ere, Europar Batasunean tonaka janari galtzen dira alferrik, nahiz eta gero eta pertsona gehiagok ez duten janariak eskuratzeko bide egokirik.
• Ekainaren 14an, arartekoak udal gizarte-zerbitzuen Estatuko jardunaldiak itxi zuen. Bi egunean barrena, zenbait gizarte-langilek, politika arduradun batzuek, baita hainbat profesionalek eta herritarrek ere, udal gizarte-zerbitzuen egoeraz gogoeta egin zuten.
•Ekainaren 25ean, EHUren Uda Ikastaroaren barruan, arartekoak honako izenburuko hitzaldia eman zuen Donostian: “Aniztasun afektibo-sexuala eskolan. Rainbow Europako proiektua”. Hitzaldi hori “Hezkuntza afektibo-sexuala nerabezaroan, bizitzarako gaitasunak” deritzan ikastaroaren barruan txertatuta zegoen. Ikastaroa Javier Gómez Zapian Psikologia Fakultateko irakasleak zuzenduta.
• Urriaren 23an Bilboko “Film Sozialak” Zine Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak AITORTZA BEREZIA egin zion Ararteko erakundeari, sortu zenetik 25 urte bete zirela eta, erakunde honek giza eskubideen esparruan egiten duen lan bikainagatik, bereziki pertsonen eskubideak defendatu eta babesten, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen jarduera eta politika publikoekin duten erlazioan.
• Abenduaren 3an arartekoakparte hartu zuen Ospitaleen 19. Kongresu Nazionalaren aurreko jardunaldia egin zen Galdakao-Usansolo ospitalean, Osasun arloko Zuzendarien Espainiako Elkarteak (SEDISA), Mondragón Health-ek eta OSI Barrualde-Galdakaok antolatuta. Jardunaldia hasi ondoren, honako izenburuko hitzaldia eman zuen: “Herritarrak eta osasun zerbitzuak”.
• Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, jarduneko arartekoak hitzaldi bat eman zuen, Otxarkoagako Lanbide Eskolan BIZITEGIk antolatutako jardunaldi batean. BIZITEGI Bizkaian egoera txarrean bizi diren pertsonei laguntzeko eta haiek gizarteratzeko elkartea da eta baztertutako taldeekin zuzenean esku hartzen dihardu.
• Abenduan, Arrasaten, zainketa aringarriei buruzko XI. Arinduz jardunaldia aurkeztu zuen eta bertan “Gaixoak haren bizitzaren amaieran nahi dituen eskubideak” izeneko hitzaldia eman zuen. Jardunaldiaren programak, Euskadiko Zainketa Aringarrien Sozietateak antolatuta (ARINDUZ), aurretiazko borondateari, heriotza-lekuko lehentasunak eta gaixoen eta horien senideen premiei buruzko alderdiak jorratu zituen.
Hona hemen Julia Hernández Arartekoaren ondokoak egin dituen edo partaide izan den ekitaldirik esanguratsuenak:
Julia Hernández arartekoaren ondokoak gizarte-erakunde batzuekin eta gizarte zibilaren ordezkariekin egindako zenbait bileratan parte hartu du, baita Arartekoari kexa azaldu dioten kexagile batzuekin egindakoetan ere, Estatuko gainontzeko herriaren defentsa-erakundeekin elkartu da, EAEko hainbat udaletara bisitak egin ditu eta zenbait jardunaldi, mintegi eta ekitalditan parte hartu du. Besteak beste, honako hauek aipatuko ditugu, interesgarriak direlako:
• Martxoan, Arartekoaren ondokoak hizlari gisa parte hartu zuen iQual Elkarteak portulageten antolatutako jardunaldian: Partekatutako zaintzari eta berdintasunari buruzko I. foroa. iQual gizonen eta emakumeen eskubideen berdintasun erreal eta eraginkorraren aldeko borrokan konpromiso aktiboa duten gizonek eta emakumeek osatutako elkarte bat da.
• Urrian,Ombudsmanen Nazioarteko Federazioaren (FIO) XIX. Batzarrera eta Kongresura joan zen. Mexikon egin zen eta aurten giza eskubideak babesteko eskualdeetako sistemak izan dituzte hizpide. Biltzar horretan, Emakumeen Sarea elkartu zen, non emakumeek politikan duten partaidetza aztertu baitzen. Topaketa hori baliatuz, Julia Hernández aukeratu zuten sare horren Europako koordinatzaile.
• Orobat, telebistako hainbat debatetan esku hartu du. Horien artean, aipagarriak dira sextingari buruzko bat eta jaietako sexualitatearen gaineko beste bat.