17. Etxebizitza
1. Arloa kopurutan
2014an, Etxebizitza arloan 123 espediente kudeatu ditugu, alegia Arartekoak guztira kudeatu dituen espedienteen
% 5,58; hori, kontuan hartu gabe baztertu edo beste defentsa bulego batzuetara bidali ditugun kexak.Hona hemen espedienteak dagozkien administrazioen arabera banakatuta:
• Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra
(Euskal Autonomia Erkidegokoa) ;98
• Tokiko Administrazioa ;11
Gaiei dagokienez, espedienteak honako hauei buruzkoak izan dira:
• Etxebizitza babestuaren alokairua ;55
• Etxebizitzarako sarbidea: premia
frogatzea eta esleitzeko prozedura ;25
• Administrazioaren funtzionamendua
eta prozedura administratiboa ;25
• Kalteak etxebizitza babestuetan
eraikitze akatsengatik ;12
• Beste alderdi batzuk ;4
• Etxebizitza erosi eta birgaitzeko laguntzak ;1
• Herritarren eskubideak ;1
Aurten kudeatutako erreklamazioen (hau da, 2014an jasotakoen zein 2014ko urtarrilaren 1ean hasita zeudenen) izapide zehatzei dagokienez, txostena idazten ari garen honetan, hau da Etxebizitza arloaren egoera:
2. Kexarik aipagarrienak
Orain, Etxebizitza arloan sartzen diren gaien sailkapena aintzat hartuta, herritarrek erreklamazioak zer gai nagusitan jarri dituzten aztertuko dugu.
2.1. Etxebizitzarako sarbidea: premia
;frogatzea eta esleitzeko prozedura
Aurten, errentan hartzeko babes ofizialeko etxebizitzak zuzenean esleitzeko eskarien inguruan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako informazio eta erantzunekin konforme ez daudela eta herritarrek aurkeztutako kexa eta kontsulten kopuruak gora egin du. Aztertu ditugun kasuetan, Sailak iritzi dio kexagileek ezin izan dutela egiaztatu legez babestutako etxebizitzak zuzenean esleitzeko bidea ematen duten salbuespeneko egoeran zeudela.
Erakundean hartu ditugun erabakietan saiatu gara azaltzen 2012ko urriaren 15eko Agindua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa, indarrean jarri zenetik, errentan jartzeko etxebizitza babestuak esleitze aldera, etxebizitza premiaren baremoa ezartzeko sistema objektibo bat erabili behar dela eta, gainera, herritarren eskaria dagoen eskaintza publikoa baino handiagoa dela, zoritxarrez. Ondorioz, iritzi diogu aipatu sailak emandako informazioa eta erantzunak zuzenbidearekin bat zetozela, eta kexagileei jakinarazi diegu gaur egungo baremazio irizpideak batuta ateratzen den puntuazioaren ordena dela, oro har, babestutako etxebizitzak esleitzeko erabili behar dena.
Aurreko urteetan bezala, babes ofizialeko etxebizitzen esleipendun diren familien kexak jaso ditugu; familia horiek etxebizitza handiagoa eskatzen dute, esleitu zitzaien etxebizitzan dagoeneko ez dutelako behar adina leku. Aztertutako kasuetako bitan, kexagileek Etxebizitza Hutsen Programako, hau da, Biziguneko etxebizitza bat zeukaten errentan hartuta. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari elkarlan-eskariak egin ondoren, erantzun hau jaso dugu: “ezin ditugu eskariak onartu, ez daukagulako haientzako moduko etxebizitza librerik”.
Sailak azaldu digu, halaber, etxebizitza handiagoak eskatu dituzten familiei ezin dietela egoki erantzun, batetik, 75 m2 edo gehiagoko etxebizitza gutxi daudelako; eta, bestetik, premia larriagoan dauden herritarrei erantzun behar dietelako.Bi espedienteetan gure esku-hartzea amaitu eta atera ditugun ondorioak eman ditugu aditzera, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari ohartarazi diogu etxebizitza premia larriei erantzuna emateaz gain, behar adina bitarteko jarri behar dituztela hala alokairu erregimeneko etxebizitza babestuen ibilbideak gauzatzeko nola etxebizitzak errentan hartzen dituzten pertsona eta familien araberako neurria izan dezaten lortzeko.
Atal hau amaitzeko, Arartekoaren 2014ko martxoaren 19ko ebazpena aipatuko dugu. Ebazpen horretan “Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatzen zaio beharrezko neurriak har ditzala beren ondorengoen zaintza partekatua duten bereizitako eta banandutako pertsonek babes ofizialeko etxebizitza bat txandaka gozatzeko aukera izan dezaten alokairu-araubidean”.
Gomendio horretan alaben zaintza partekatua duen emakume banandu baten kexa aztertu genuen. Emakumeak “familiaren egoitza gisa izendatutako etxebizitzaren seihileko erabilera eta titulartasuna partekatzen ditu, eta familiaren etxebizitza bere senar ohiak okupatzen duen aldietarako alokairuko babes ofizialeko etxebizitza bat behar duela adierazi du”. Kexagileak Arartekoak esku hartzea eskatu zuen, ez ziotelako utzi Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena ematen, etxebizitza baten titular zelako.
Kexagilearen kasua “etxebizitza premiaren eskakizunaren salbuespenei” buruzko arauarekin alderatu eta gero, ondorioztatu genuen saila arauaren interpretazio mugatzailea egiten ari zela, eta araua bikote bat banandu edo dibortziatu ondoren familia-egoitzaren erabilera ezkontideetako bati esleitzen zaionean bakarrik aplikatu daitekeela, harreman horretatik jaiotako seme-alaben zaintza ere, normalean, ezkontideetako bati esleitzen baitzaio.
Gauzak horrela, egin genuen gomendioan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eskatu genion araudia interpretatzerakoan gaur egungo errealitatea kontuan hartzea, seme-alaben zaintza partekatzen duten eta familia-etxebizitza txandaka erabiltzen duten bikotekideek babes ofizialeko etxebizitza bat eduki ahal dezaten familia-etxebizitza erabiltzea beste bikotekideari tokatzen zaionean.
Izan ere, gomendioan azaldu genuen moduan, “hala egin ezean, bereizi edo banandu ondoren beren ondorengoen zaintza partekatua eta, beraz, familia-egoitzaren erabilera partekatua duten bikotekide eta ezkontideei etxebizitza babestuaz gozatzeko orduan tratu diskriminatzailea ematen zaiela ulertzen dugu”.
Hala eta guztiz ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ez ditu onartu kexagileak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko eta babes ofizialeko etxebizitza bat errentan hartu eta txandaka erabiltzeko aukera izan behar duela justifikatzeko eman ditugun arrazoiak. Dena den, Arartekoari emandako erantzunean honako hau adierazi du: “hala ere, indarrean dagoen araudian alda
ketak eginez gero, kontuan hartuko da egindako gomendioa”.
2.2. Etxebizitza babestuaren alokairua
Joan den ekitaldiko urteko txostenean, ikusita herritarrek alokairu publikoen prezioa jaisteko eskari gehiago egin zituztela, administrazio publikoei gomendatu genien, batetik, alokairu publiko horien prezioak arrazoizkoak ziren ala ez lehenbailehen aztertzea; eta bestetik, babes publikoko etxebizitzen onuradunek etxebizitza-gastuak zailtasunik gabe ordaindu ahal ditzaten behar adina neurri hartzea.
Gauzak horrela, azken urtean alokairu publikoen prezioaren inguruko kexa eta kontsulta gutxiago jaso ditugu.Zalantzarik gabe, baliabide ekonomiko gutxiko pertsona askorentzat, etxebizitza-gastuek behera egiten dute, batetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak babestutako etxebizitzen alokairuaren prezioari eusteko neurriak hartu dituelako (“errenta berezi”en bitartez); eta bestetik, errentariei ez zaielako egotzi ondasun higiezinen gaineko zerga.Ondoriozta dezakegu, beraz, aldi baterako hartu dituzten neurriak egokiak direla.
Edozein modutan, alokairu publikoen prezioari eusteko hartutako bideak etengabea eta orokorra izan behar duela deritzogu, eta, beraz, babestutako etxebizitzen errentaren prezioa arautzen duen araudian jaso behar dela.
Alde horretatik, gogoratu beharra daukagu Eusko Legebiltzarrak, 64/2014 Legez besteko Proposamenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatu ziola, 2014ko apirilaren 7an, 2010eko azaroaren 3ko Agindua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak zehazteari buruzkoan moldaketa batzuk egitea, eta agindu hori 2014an ez duela bete.
Ondorioz, gure aburuz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak alokairu publikoen prezioa berriz arautu eta aipatu 64/2014 legez besteko proposamenean planteatutako moldaketen bideragarritasuna zer iritzi duen azaldu beharko luke. Proposamen horietako batzuk errentariek nahiz babestutako etxebizitzetako errentarien hainbat elkartek egin dituzte azken urteetan (proposamen horietako batzuk dira, adibidez, errentaren zenbatekoaren gehieneko %30ean tasak eta erkidegoko gastu finkoak sartzea, eta errentariek erkidegoko gastuetan zuzenean parte hartzeko mekanismoak ezartzea, beharrezkoak ez diren edo gutxitu daitezkeen kontsumoak murrizte aldera).
Atal hau biribiltze aldera, herritarrek babestutako etxebizitzen alokairuaren inguruan aurten egindako kexen edukia aipatuko dugu, labur-labur; kexa asko Biziguneri, hau da, Etxebizitza Hutsen Programari buruzkoak dira.Alde batetik, errentariek fidantzak berandu bueltatu dizkietelako eta errentan hartutako etxebizitzako kalteen ondorioz fidantza horietan egin dizkieten atxikipenekin bat ez datozelako kexa gehiago egin dituzte.
Beste alde batetik, beren etxebizitzak Bizigune programan sartzeko laga dituzten jabeen kexek ere gora egin dute.Jabeek etxebizitza lagatzea adostutako aldia amaitu ondoren egin dituzte erreklamazio horiek, eta adierazi dute etxebizitzak egoera txarrean bueltatu dizkietela.
Kexa-espedienteak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako dokumentazioa eta txosten teknikoak aztertu ondoren, jarduera administratiboa egokia izan dela iritzi diogu.Beharbada, errentatzailearen eta errentariaren artean etxebizitzaren zaintzaren eta kalteen konponketaren inguruan sortzen diren ezinbesteko eztabaidak gutxitu egingo lirateke etxebizitzak emandakoan nola dauden aztertzeko kontrol-mekanismo gehiago jarrita, batetik; eta errentariek eta etxebizitzen alokairu programa publikorako lagatzen duten jabeek dauzkaten eskubide eta betebeharren inguruko informazioa emateko neurri osagarriak jarrita, bestetik.
2.3. Kalteak etxebizitza babestuetan
;eraikitze akatsengatik
Oraindik ere, maiz, babestutako etxebizitzen onuradunek babes publikoko etxebizitzetako eraikuntza-akatsak konpontzeko eskariak egiten dituzte.Aurreko hainbat txostenetan azaldu bezala, administrazio publikoek beranduegi erantzuten dituzte herritarrek egindako salaketak; askotan, gainera, eraikuntza-akatsak konpondu arte denbora asko pasatzen da, eta denbora horretan esleipendunek ezin dute bizigarritasun-baldintza egokietan bizi.
Aurten amaitutako kexa-espedienteak aztertu ditugu, eta ondorioztatu dugu, batetik, administrazio publikoek egoki erantzun dietela Arartekoak egindako elkarlan-eskariei eta, oro har, babes publikoko etxebizitzen erabiltzaileek salatutako eraikuntza-akatsak konpontzeko neurri egokiak hartu dituztela.
Alde horretatik, errentamendu-erregimenean lagata zeuden eta eraikuntza-akatsak zituzten hainbat etxebizitza babesturen kasuan esku hartu dugu eta, azkenik, kasu horietan eraikuntza-akatsak konpontzeko arazo teknikoak zeudela egiaztatu ondoren (hezetasun-arazo larriak zeuden), Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Alokabide sozietate publikoaren bitartez, errentariei etxebizitzaz alda
tzeko aukera eskaini die. Udal-etxebizitza bat errentan hartuta zeukan emakume baten eskubideak betetzea ere lortu dugu, Hernaniko Udalari egindako eskari batean.
2.4. Administrazioaren funtzionamendua
;eta prozedura administratiboa
Kexa eta kontsulta nagusiei dagokienez, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta egiteko eskariak atzera bota dituztelako eta onartutako eskariei baja emateko erabakiak hartu dituztelako kexa eta kontsulta asko jaso ditugu 2014an. Dakigunez, erregistro horretan egoki izena ematea ezinbesteko baldintza da babes ofizialeko etxebizitzaren baten onuradun izateko. 2008an gomendio orokor hau egin genuen: “Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legera egokitu behar dira etxebizitza eskatzaileen erregistroari dagozkion
ebazpenen tramitazioa eta jakinarazpena”. Gomendio horretan ondorioztatu genuen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bajak emateko erabakiak hartzeko prozedura formala aztertu behar zuela eta prozedura horretan interesdunari entzuteko izapidea eta erabaki horien berri jakinarazteko bidea ezarri behar zituela.
Gomendio orokor horretan ondorioztatu genuen, halaber, jakinarazpen pertsonalak egin ordez ezin zirela, legez, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren inguruko erabakiak iragarki-oholetan argitaratu, erabakiak argitaratzea jakinarazpen pertsonalen osagarri izan behar zuela, izatekotan.
Oraingoz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila ez dago etxebizitza-arloan eskumena zuten aurreko sailek erabakien jakinarazpenen baliozkotasunaren gainean aplikatzen zuten irizpidea alda
tzeko prest. Jarrera hori argi geratu da, guk egindako gomendioari ezezkoa eman baitiote. Izan ere, egiaztatu genuen, babestutako etxebizitza baten esleipena behar bezala jakinarazi ez zutenez, babestutako etxebizitzen eskatzaile batek esleitu zioten etxebizitza galdu zuela eta, gainera, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja eman ziotela, “esleitutako etxebizitzari isilbidez uko egiteagatik”.
Gure esku-hartzearen emaitza Arartekoaren 2013ko azaroaren 26ko ebazpen batean dago jasoa. Ebazpen horren bidez, “Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatzen zaio berrikus dezan kexagileari Eskatzaileen Erregistroan baja emateko ebazpena, ez delako egiaztaturik geratu esleitu zitzaion babes ofizialeko etxebizitzari uko egin zionik”. Gomendio horretan erabakien jakinarazpenak argitaratzea nahikoa ez dela adierazten duen jurisprudentzia-doktrina ugari bildu genuen (jakinarazpenak argitaratzea interesdunaren helbiderik ez edukiz gero edo interesduna non bizi den ez jakinez gero bakarrik da eraginkorra), eta iritzi genion kexagileak, etxebizitza esleitu zitzaionaren jakinarazpena berme formalik gabe egin zenez, eskubidea zuela, batetik, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja emateko erabakia berraztertzeko; eta bestetik, babestutako etxebizitza izateko egindako eskariaren araberako bizilekua esleitzeko.
Gaur egun, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroa 2012ko urriaren 15eko aipatu Aginduaren bidez dago arautua; Agindu hori etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da. Araudi horren arabera ere iragarki-oholetako argitalpenek dute lehentasuna eta ondorioz, epigrafe honen hasieran azaldu bezala, etxebizitza babestuen eskatzaileek kexa asko aurkezten dituzte, ez dutelako erregistroan baja ematen zaienaren berri jasotzen eta, ondorioz, ezin dituztelako erregistroan baja ez emateko alegazio eta frogak garaiz aurkeztu.
Babestutako Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan baja emateak ondorio larriak dauzka herritarrentzat (antzinatasuna galtzeaz eta babestutako etxebizitzak esleitzeko prozeduretan parte hartzeko aldi baterako debekuaz gain). Kasu batzuetan, herritarrek salatu dute baja emanez gero etxebizitza-arloko gizarte-laguntzak jasotzea ukatu diezaieketela edo laguntza horiek jasotzeari utz diezaieketela. Azken kasu horiek ikusita, beraz, arrazoi gehiago dago erregistroaren inguruko erabakiak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean ezarritako berme formal guztiekin egin daitezen eskatzeko.
Azkenik, Arartekoaren 2014ko azaroaren 10eko ebazpen bat aipatu beharra daukagu. Ebazpen horren bidez, “babesturiko etxebizitzen erosleen eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea gomendatzen zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, bankuek finantzaziorik ez emateagatik esleituriko etxebizitza eskuratzeari nahitaez uko egin behar dioten pertsonei dagozkienak”.
Gomendio hori egin genuen, hain zuzen ere, krisi ekonomikoa hasi zenetik babes ofizialeko etxebizitzen esleipendun askok ezin izan dutelako esleitutako etxebizitza eskuratu, finantza-erakundeek ez dietelako etxebizitzaren prezio osoa ordaintzeko hipoteka-mailegua eman, aldez aurretik kontsulta egin eta behar zuten finantzazioa jasoko zutela ziurtatu zieten arren.
Kasu horietan (batzuk auzibidez konpondu dira), Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak esleitutako etxebizitzak erosi zituztenek salerosketa-kontratu pribatu bat zuten sinatua eraikuntza-enpresa batekin, eta enpresa horrek Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzaren nahitaezko oniritzia zeukan. Gauzak horrela, erosleek azaltzen zuten babesgabe sentitzen zirela, etxebizitza babestua galtzeaz gain kalteak ordaindu behar zituztelako, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ez zietelako inolako konponbiderik ematen haiek eragin ez zituzten kalteak arindu ahal izateko.
Gomendio horren helburua da, beraz, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak arazo hori aintzat hartzea eta babestutako etxebizitzen esleipendunen eskubideak betetzen direla ziurtatzea, baldin eta bankuen finantziaziorik jaso ezin badute edo, bat-bateko lan-urritasunagatik, esleitutako etxebizitza babestuari uko egin behar badiote.
Gauzak horrela, gomendioan bi proposamen daude jasota: 1. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak babestutako etxebizitzak salerosteko baimentzen dituen kontratuak berrikustea eta kontratu horien klausulak Kontsumo, Nekazaritza Segurtasun eta Nutrizioko Espainiako Agentziak gaur egun zehaztuta daukan kontratu-ereduan ezarritako akordioen arabera moldatzea; eredu hori Eusko Jaurlaritzaren “Etxebizitza erosteko eskuliburua”n jasoa dago. 2. Kexagileei eta antzeko egoeran dauden guztiei Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan duten antzinatasunari eusteko eta errentamendu-erregimeneko etxebizitza babestuak esleitzeko gaur egungo prozesuetan parte hartzeko eskubidea aintzatestea.
Txosten hau amaitu dugu eta oraindik ez dugu jaso gomendio horren inguruko Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren erantzunik.
2.5. Beste alderdi batzuk
Etxebizitza premia berezia duten kolektiboei dagokienez, bi esku-hartze nabarmenduko ditugu, errentamendu-erregimeneko bi etxebizitza babesturen onuraduni bizilekuaz egoki eta duintasunez goza dezaten lagundu baitiegu.
Lehenbiziko kasuan, kexagileak laurogei urte zeuzkan eta guk bitartekari-lanak egitea eskatu zuen, bizi zen udal-etxebizitzan leiho berriak irekitzeko jarri zioten sistema ezin zuelako erabili. Etxebizitzaren ardura zuen erakundearekin, alegia Bilboko Udal Etxebizitzak entitatearekin zenbait izapide egin ondoren, jakin genuen errentariak eta udal-erakundeak akordio bat adostu zutela eta errentariaren beharrari erantzun ziotela: etxebizitzako bi leihotan errentariak leiho horiek erraz irekitzeko eta haren premiaren araberako sistema bat jarri zuten.
Bigarren kasuan, desgaitasun fisikoa eta mendetasun handia zuen pertsona batek esku hartzea eskatu zigun, babes ofizialeko etxebizitzaren errenta igo ziotelako.
Kexagileak kexa-idazkian adierazi zuen, errentaren igoera zela eta, janzteko eta elikatzeko oinarrizko gastuak ezin ordaindurik geratzen zela, desgaitua zenez laguntza eta tratamendua behar zituelako egunero, ezinbestean, eta hilero asko ordaindu behar zuela horregatik (etxean bertan laguntza jasotzeko, autonomia pertsonaleko zentro batera joateko eta abar).
Gauzak horrela, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eta Alokabide sozietate publikoari proposatu genien kexagilearen diru-sarrerak aztertzea; izan ere, ikusi genuen jasotzen zuen prestazioetako bat finalista zela (%65etik gorako desgaitasuna izateagatik zegokion) eta, ondorioz, gure iritziz, prestazio hori ez zela kontuan hartu behar babestutako etxebizitzaren errentaren zenbatekoa zehazteko.
Azkenik, kexagileak jakinarazi zigun Alokabide sozietate publikoak errentan hartuta zeukan etxebizitza babestuaren errenta txikitzea onartu zuela eta, beraz, autonomia pertsonala sustatzeko egunero behar zuen laguntza eta tratamendua ordaintzen jarraitu ahal izango zuela.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
Eusko Legebiltzarrean Etxebizitzaren Lege Proposamena lantzen jarraitzen dute. Proposamen horren helburua da “etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidea arautzea Euskal Autonomia Erkidegoan”. Azken urteetan azpimarratu dugu euskal herritarrek etxebizitzaz gozatzeko duten eskubidea bene-benetan eta modu eraginkorrean ziurtatzeko lege bat behar dutela. Horregatik, espero dugu hurrengo ekitaldian, Legebiltzarrean jorratzen ari diren ekimenari esker, oinarrizko gizarte-eskubide hori finkatzeko araua onartzea.
Aurrez aipatu legez besteko 64/2014 proposamenaz gain (proposamen hori Alokabidek kudeatzen dituen etxebizitza publikoetan aplikatzen den kontseilariaren 2010eko azaroaren 3ko Agindua alda
tzea da), Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politika publikoan eragina izango duten Legebiltzarreko beste bi ekimen aipatu behar ditugu.
Alde batetik, Eusko Legebiltzarrak, 2014ko otsailaren 26an, guztira 37 ebazpen onartu zituen, etxebizitzaren inguruko eta hirigintza leheneratzeko Eusko Jaurlaritzaren politika hobeto antolatzeko.
Egiaz, erabaki horien helburua da “2013-2016 Etxebizitza Plan Zuzentzailean” jarraibide batzuk sartzea, besteak beste errentamendu-erregimeneko etxebizitza gehiago jartzeko, etxebizitza hutsak erabiltzeko neurriak sustatzeko eta bitarteko ekonomikoak ez dauzkan jendeari etxebizitza duina eta egokia izateko duen eskubidea bermatzeko, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: eskuragarritasuna, iraunkortasuna eta energia aurreztea.
Beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrak, 2014ko azaroaren 6an, EAEn administrazio publikoak hutsik dauzkan etxebizitzen inguruko 174/2014 Legez besteko Proposamena onartu zuen. Proposamen horren helburua da erosketa-erregimenean jarrita dauden baina hamabi hilabete baino gehiago esleitu gabe daramaten etxebizitza babestuak errentan uztea sustatzea.
Eusko Jaurlaritzaren araudien inguruko jarduerari dagokionez, babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridikoan ezer gutxi alda
tu da. Aurten dekretu hauek onartu dituzte (ordena kronologikoan daude zerrendatuta):
a) 80/2014 Dekretua, maiatzaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duen dekretua alda
tzen duena.
b) 2014/180 Dekretua, 2014ko irailaren 23koa , merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritzako ASAP (alokairu segurua, arrazoizko prezioa) programa sortzeko den Dekretua alda
tzen duena.
c) 230/2014 Dekretua, abenduaren 9koa, Alokabide, S.A. sozietate publikoaren estatutu sozialak alda
tzeko baimena ematen duena.
Bere aldetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak xedapen bakarra argitaratu du aurten: Agindua, 2014ko azaroaren 26koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinen bidez bigarren aldiz alda
tzen baita etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko agindua. Xedapen horren helburua da etxebizitzak birgaitzeko laguntzak erregulatzen dituen araua aipatu 80/2014 Dekretuan egindako alda
keten arabera moldatzea.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Babestutako etxebizitzen eskariaren eta eskaintzaren arteko aldea oso handia da oraindik, eta ez dirudi alde hori laster txikituko denik, krisi ekonomiko bete-betean gaudelako eta, egoera horretan, herritarrek nekez aurkituko dutelako beren premiak asetzeko modua etxebizitzen merkatu librean. Hori dela eta, botere publikoek neurri normatibo eta ekonomiko sendoagoak hartu behar dituzte herritarrek etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko duten eskubidea eraginkorki ziurtatzeko.
Etxebizitza Legeak ziurtatu behar du epaimahaien aurrean eskatu ahal izatea etxebizitzaz gozatzeko eskubidea betetzea. Horrez gain, euskal administrazio publikoek ahalegin handia egin behar dute aurrekontu aldetik, batez ere alokairu-erregimeneko etxebizitza babestuen gero eta eskari handiagoari erantzun egoki eta eraginkorra eman nahi badiote.
2014an egin ditugun esku-hartzeak aztertu ondoren, ikusi dugu euskal administrazio publikoak jabetzen ari direla etxebizitza-politika publiko egokia gauzatzeak duen garrantziaz, herritarrek bizimodu duina izan dezaten. Alde horretatik, egiaztatu dugu neurri egokiak hartu dituztela alokairu publikoen prezioari eusteko eta familiek, gabezia ekonomikoak badituzte ere, babes publikoko etxebizitzez modu egonkor eta iraunkorrean gozatzeko aukera izateko.
Betiere, irizten diogu babestutako etxebizitza gehiago jarri eta etxebizitza libreak gizarte-alokairuan jartzeko programa publikoak indartu behar direla; izan ere, administrazio publikoek dauzkaten etxebizitza-motak, maiz, ez dira babes publikoko etxebizitzen onuradunek etxebizitzaz alda
tzeko duten premiei erantzuteko modukoak.
Halaber, uste dugu Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroa hobeto kudeatu beharra dagoela, horretarako behar adina bitarteko material eta giza baliabide jarrita, herritarrek babestutako etxebizitzak esleitzeko prozeduretan eta etxebizitza-arloko gizarte-laguntzetan behar bezalako berme formalak izan ditzaten.
Azkenik, etxebizitzaren eta gizarte-laguntzaren arloetan eskumena duten administrazio publikoen arteko koordinazioa ezinbestekoa da, baldin eta etxebizitza-arloan pobrezia eta bazterkeria saihestu nahi badira.