15. Lana eta gizarte segurantza
1. Arloa kopurutan
Aurten, arlo honetan, guztira 16 kexa espediente kudeatu dira.
Arloko kexei buruzko informazio estatistikoa, abenduaren 31n, honakoa izan da:
2. Kexarik aipagarrienak
Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Ohiko kexak zerbitzuen funtzionamenduarekin lotuta egon dira; zehazki, enplegu eskarien kudeaketari edo enplegua eta lanbide heziketa sustatu eta babesteko jarduerari buruzkoak izan dira. Halaber, lan ikuskaritzaren eta OSALAN taldearen esku hartzearekin lotutako kexak ere egon dira.
Lanbide heziketari dagokionez, prestakuntza ikastaroetara joateagatiko laguntzen ordainketari buruzko hainbat kexa jaso ditugu. Iaz bezala, ordainketetan atzerapenak egon dira, eta nahiz eta orduan ere gaia bideratu genuen, garraiorako laguntzen ordainketan atzerapen hori jasan zutenei ez zitzaizkien behar bezala azaldu ordainketa horren arrazoiak edo aurreikuspenak.
Are garrantzia handiagoa izan du, hala ere, laguntza horiek erretiratu izanak; aurten, izan ere, ez baita deialdi berrietarako aurrekontu gordailurik aurreikusi.
Interesdunak kexa batean adierazitakoari jarraiki, ikastaroa egiten ari zen unean Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta bat jasotzen ari zen. Ondorioz, Lanbiderekiko laneratze hitzarmenetan prestakuntza ikastaroak egiteari buruzko betebeharren bat aurreikusten bada, lekualdaketarako laguntzak beste era batean landu beharko liratekeela planteatu dugu.
Edonola ere, beharrezkoa iruditu zitzaigun Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari iradokitzea aurrerantzean informazio argi eta zehatza eman zezala ikastaroetako laguntzei buruz, kexetan ageri ziren itxaropen zapuztuak saiheste aldera.
Eremu honetan bada, beste laguntza batzuk falta direla azpimarratu da kexetan. Merkataritza establezimendu txikiak irekitzeko autoenplegu proiektuak finantzatzeko orduan baliabide urriak daudela nabarmendu dute hainbatek. Laguntza horiek TAS/1622/2007 Aginduaren esparruan kokatzen dira. Bada, laguntza horietarako ez da aurrekontu hornidurarik aurreikusi, eskumenak eskualdatu ondoren (gehienetan Lanbidera).
Prestakuntza ikastaroei dagokienez, kexa batzuetan azaldu denez garrantzitsua da eskaintza horien baldintzei buruzko informazio egokia izatea eta eskaintza horien gaineko kontrol gehiago egotea.
Partaideen esanetan, ez ziren bete funtsezko baldintzetako batzuk, zehazki, ikasleen ehuneko hirurogeirentzako kontratazio eskaintzari buruzkoa.
Kexa onartuta, bada, ikasle horiek egindako erreklamazioaren erantzunean zera ikusi genuen: Lanbideren azalpenei jarraiki, eskaintza horiek arautzen dituen araudian (abenduaren 23ko 327/2003 Dekretua, lan aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena) ez dago aurreikusita prestakuntza zentroek (kasu honetan bezala) kontratazio konpromisodun proiektuak tramitatu ditzaketenik.
Hala ere, erantzunean adierazi zenez, enpresak prestakuntza zentroari kontratazio itxaropenak zeudela jakinarazi zion, eta, ondorioz, ikasleei aukera horien berri ematea komenigarritzat jo zen.
Ikasleek, ondoren, hainbat jarduera egin zituzten lan eskaintzaren konpromiso hori urratu izana argitzeko, tartean Lanbideri igorri genion informazio eskaeran erantsi genuen erreklamazioa. Bertan, ikasleek kontratazio konpromiso horiekin zuzenean lotutako gaiak planteatu zituzten. Konpromisoaren benetako irismenari buruzko informazioa eman ez zitzaiela pentsarazten duten zantzuak azaldu zituzten, zehazki.
Gure ondorioa Enplegu Sailari igorri genion, eta, bertan azaldu genionez, proiektuan onartu ez diren konpromisoak ez dira eskaintzetan sartu behar. Lanbideren erantzunean jasotako egoeren kasuan, egokiagoa dirudi ikasleei kontratazio itxaropenei buruzko informazioa ematea, ikastaroaren eskaintzan konpromiso hori sartu gabe. Edonola ere, ezin da inoiz konpromisorik sartu benetan izaera hori ez badu.
2012ko ekainean laneratze aktiborako hitzarmen bat sinatu zuen pertsona batek kexa bat aurkeztu zuen, hitzarmen hori aktibatuta ez zegoela jakin zuelako, inolako informaziorik jaso ez zuen arren. Lanbidera jo zuen eta, bertan azaldu ziotenez, bere kasua zerbitzu zentraletan aztertzeko zain zegoen, azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuko 5. artikuluko 1 h) atalarekin lotuta (horren bidez, gizarte enpresen kalifikazioa arautzen da eta horietan sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira), gizarte bazterkeria egoerak tarteko.
Interesdunak adierazitakoaren arabera, argi dago ez zekiela 2012an sinatutako hitzarmenak ez zuela ondoriorik. Enpresa lankide batean eskaintza bat egin nahi izan zuenean eduki zuen horren berri eta horregatik jo zuen Lanbidera, bere egoera argitzeko. Lanbidek Arartekoari igorritako erantzunean azaldu zuenez, bestalde, interesdunari jakinarazi egin zitzaion kolektibo espezifiko bateko kide izate hori egiaztatu gabe zegoela.
Edonola ere, baldintzetako baten betearazpenari buruzko zalantzak jakinarazi zitzaizkiola onartuta ere, ez da inon ageri, geroago, hitzarmena sinatu ondoren, hitzarmenaren baliagarritasunik eza jakinarazi zitzaionik.
Hitzarmen berri bat sinatu zen ondoren eta arazoa bideratu egin zen. Hala ere, guk Lanbideri gure gogoetak jakinarazi genizkion. Izan ere, aurreko hitzarmenaren eraginkortasun eza jasota geratu ez zenez, ziurgabetasuna sortu zen eta horrek negatiboki eragin zion bi alderdien arteko harremanetan nagusitu behar den segurtasun juridikoari. Ikuspegi juridikotik, izan ere, argi dago interesdunak, hitzarmena aktibo zegoela pentsatuta, fede onez jokatu zuela. Baldintzetako bat betetzen ez bazen, hitzarmena ez zen formalizatu behar. Eta, formalizatzekotan, jasota geratu beharko litzateke bazterkeria baldintza hori betetzean egongo zela indarrean.
Eremu desberdin batean, pertsona nazionalizatu batek zera planteatu zigun, ez zela onartu bere aurreko AIZren ordez egungo NAN jartzeko eskaria, Udal bateko Tokiko Garapen eta Enplegu Zentro batek igorritako diploman. Bigarren abizenaren aldaketa ere ez zen onartzen.
Udalaren ustez, izan ere, ezin zen bere eskaria bete, aurkeztutako NANa froga bakarra bazen. Aurreko nortasuna eta ondorengoa bat zetozela egiaztatzen zuen agiriren bat aurkezteko eskatu zitzaion eta hori egiteko moduari buruzko informazioa eman.
Aurrekariak aztertu ondoren, administrazioaren erabakia ez zela bidegabea ondorioztatu genuen. Gaitasun diploma bat bezalako agiria lortzearekin lotutako datu bat aldatu nahi zen. Agiri horrek ikastaro bat gainditu dela ziurtatzen du, eta, beraz, pertsona baten gaitasun profesionala egiaztatzen du. Horrenbestez, pertsona horren aurreko eta ondorengo nortasuna berdina direla argi eta garbi azaldu behar da, datu garrantzitsua baita. Horregatik eskatu zuen udalak egiaztagiri hori, aurreko eta ondorengo nortasunari buruzko datua egiazkoa zela ziurtatzeko.
Espainiar nazionalitatea eskuratzean, Nortasun Agiri Nazional berria lortzen da eta datuak (adibidez, zenbakia) ez dira bat etortzen aurreko egoitza txartelean agertzen zirenekin. Gaitasun agirian, zehazki, AIZ agertzen zen.
Bateragarritasun Ziurtagiriari esker, bada, (nazionalitatea lortu duen) espainiar batek egiaztatu egin dezake bere nortasuna bat datorrela lehen Espainian bizi zen atzerritar gisa zuen AIZrekin. Ziurtagiri horretan, halaber, AIZ NAN bihurtu dela agertzen da.
Bateragarritasun ziurtagirien helburua, izan ere, aurreko nortasunaren eta egungoaren lotura egiaztatzea da. Bateragarritasun agiri hori erabilgarria da interesdunak eremu desberdinetan egin behar dituen tramiteetarako, honakoa kasu. Hori guztia azaldu genion interesdunari eta nazionalitate aldaketa hori Atzerritarren Erregistro Nagusiari jakinaraztea komeni zitzaiola jakinarazi genion. Izan ere, hala, administrazio eskudunak agiri bat igorriko du, lehen AIZ zeukan eta orain NANa daukan pertsona berdina dela egiaztatzeko.
Laneko segurtasunari dagokionez, Leioa
ko campuseko obra batean langile bat erori eta hiltzea eragin zuen zorigaitzezko gertakariko egoeren gainean ikerketa egokiak egiten ari direla ikusi ondoren, Arartekoak gertatutakoari buruzko informazioa eskatu zion Enplegu Sailari, Lan Ikuskaritza eta OSALAN tartean. Halaber, EHU/UPVri ere informazioa eskatu zitzaion, konponketa kontratatu zuen erakundea berau izanik, obrako segurtasun neurrien baliagarritasunari buruzko informazioa biltzeko.
Administrazioen jarduerei dagokienez, lan ikuskaritzak egin zituen hasierako jardueren berri izan genuen, horiek arau haustearen aktan jaso baitziren. Ikuskaritzaren ondorioz, lan arloan arau hausteak egiaztatu ziren, baita gizarte segurantzan ere, eta, ondorioz, isuna jarri zitzaion obrarako kontratatutako enpresari, bai eta azpi kontratatutakoari ere. Segurtasun neurriak ez betetzearen ondorio larriak direla eta, horien betearazpenaren gaineko zaintza areagotu egin behar dela errepikatu nahi dugu.
Lan ikuskaritzaren arloko jarduera eremu batean, gainera, kexa batek haren jarduerarekiko desadostasuna planteatu digu. Lan jazarpen bati buruzko salaketaz ari gara. Lan harreman horretan, zehazki, kaleratze baten ondoren adostasun batera iritsi ziren.
Aztertutako datuen arabera, kaleratzearen gainean lortutako adostasunari buruzko jarduerak eta jazarpenaren gainean egindakoak nahastuta daudela ondorioztatu ahal izan dugu. Izan ere, jarduera horien amaierak bi gaietan eragiten zuela pentsatu da. Alabaina, adostasunaren ziozko adiskidetzea bidegabeko kaleratzearen gainekoa zen, eta, beraz, emaitza horrek ez zeukan loturarik jazarpenaren ziozko salaketarekin.
Geroago, interesdunak sustatu zituen jardueren ondorioz, zera jakin ahal izan zuen, bere garaian ikuskatzaile jarduleak ez zuela antzeman enpresaren arduradunek haren gaineko jazarpenik egin zutenik. Hau da, ikuskatzailearen epaia ez zen jakinarazi eta hori salaketari tramitazio desegokia ematea dela uste dugu. Are gehiago kontuan hartzen badugu enpresaren egoeratan egondako bilakaeraren ondorioz, orain, ikuskatzailearen iritziz, ezin dela jarduera berririk egin.
OSALANen jarduera bati dagokionez, bestalde, enpresa batek bere desadostasuna azaldu zigun, ikuskapen jarduera bat salaketa anonimo batean oinarritu zelako.
Organismo horren interneteko orrian adierazten denez, ez dira tramitatuko salaketa anonimoak. Kexaren arrazoia planteatuta, bada, organismo horren ardura zen kasu honetan zergatik esku hartu zuen argitzea.
Interesdunak planteatutakoaren aurka, OSALANen zera adierazi zuen erantzunean, kexa identifikatuta zegoela eta ez zela anonimo. Halaxe dokumentatu zen, gainera. Horrenbestez, puntu hori argituta geratu zela ulertu genuen.
Nolanahi ere, garrantzitsua iruditu zitzaigun kontuan hartzea kexa OSALANen webgunean jasotako oharrari buruzkoa bazen, haren arabera “Ez direlako salaketa anonimoak tramitatuko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 70. artikuluaren arabera”, adierazpen horrek, gure ustez, ez duela esan nahi OSALANek esku hartu ezin duenik. Izan ere, gertaera bat ezagutzeko moduak ez dio bertan esku hartzea galarazten horretarako gaitasuna duenari.
Laguntzak jasotzen dituzten enpresetan tokiko enpleguaren sorrera ez sustatzea eta beste erkidego batzuetan erroldatutako pertsonen kontratazioa onartzea ere salatu dute kexetako batzuek. Horren harira, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten edota ordainketaren araberako prestazioa jasotzen ez duten langabetuen kontratazioa babesteko deialdietan Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea funtsezkoa den arren, hortik kanpo salaketa hori bidera ezina da.
Gizarteratze arlokoak diren hainbat kexa lan arloko kexa honekin zeharka lotuta egon dira, lanaren legediko arau haustetzat jotzen zituzten hutsuneekiko harremana planteatzen baitzuten. Zehazki, berez boluntarioak izan ez ziren enplegu uzteak boluntario gisa ulertzen ari zirela planteatu zitzaigun. Enplegu harreman batzuetan zaila da halakorik frogatzea, eta, ondorioz, lan ikuskaritzak era arrazoituan jardutea ere zaildu egiten da. Edonola ere, komenigarria iruditu zaigu pertsona batzuek azaldu diguten errealitate hau aipatzea. Izan ere, beren kontratu iraungitzeetan boluntariotasunaren presuntzioa aplikatu zaie. Arazo hori batez ere arautu berri den eremu batean eman da, zehazki, etxeko zerbitzuko lan harreman berezien arloan.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
Administrazioaren beste jarduera arlo batzuetan bezala, honetan ere arazoak sortu dira haren funtzionamenduaren ondorioz. Funtzionamendu desegokia ez da ematen soilik bestela jokatu balitz emaitza desberdina izango luketen kasuetan. Berariaz aztertzen ez diren erreklamazioetan erantzunik ez dagoenean ere ematen da, nahiz eta dagokion administrazioaren jarduera ez den desegokia izan.
Laguntzen atalean ikusi dugunez, kexa batzuetan haserre agertu dira lehen agintaritza publikoen babesa zuten arloak desagertu egin direlako.
Prestakuntza ikastaroetarako lekualdaketen kasuan pentsatzekoa da laguntza horiek ezabatu izanak eragina izango duela ikastaroetara joateko orduan eta, ikastaro horiek gizarteratze lanen parte badira, kontuan hartu beharko dira.
Lan istripuak oraindik ere egon badaude eta, datuei erreparatuz gero, batzuetan hartu beharreko neurriak kontrolatu ez direlako gertatzen dira, hau da, printzipioz saihestu egin zitezkeen istripuak dira. Hori dela eta, neurrion betearazpenaren gaineko zaintza areagotu egin behar dela uste dugu.