14. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
14. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
Datuen babesaren gaian, berariazko erakunde bat dago
–Datuak Babesteko Euskal Bulegoa– euskal administrazioek datuen babesaren araudia bete dezaten, eta horrek eragin egiten du gai honi buruzko kexa gehienak erakunde hari aurkeztea.
IETen eskubideen arloan kexa idatzirik ez jaso izanak ez du adierazten behar bezala betetzen ari denik IETen eskubideen arloko legedia, are gutxiago administrazio elektronikorako sarbide eskubideak. Aitzitik, jatorria administrazioarekiko harreman elektronikoak gutxi erabiltzean kokatu behar da, eta, are kezkagarriagoa dena, herritarrek administrazio elektronikoarekiko dituzten eskubideei eta eskubide horiek balia daitezen zer organorengana jotzeari buruz duten ezagutza mugatua da.
Aipatutako gogoetei jarraiki, ezinbestekoa da administrazioarekiko harremanetan IETen erabilera sustatzen duten ekimenak hedatzea, baita esparru jakin horretan herritarrek dituzten eskubideak ezagutzea eta zabaltzea ere.
Ekimen horiek justifikatzen dituen datu enpiriko gisa, EUSTATek 2014an Euskadiko familiei egindako Informazioaren Gizarteari buruzko azken Inkestan, Euskadin 1.255.800 dira Internet erabiltzen duten 15 urte eta gehiagoko pertsonak, hots, biztanleria osoaren %67,9.
Araba dago lurralde historikoen buru Internet darabilen
biztanleriaren ehunekoari dagokionez, %69 direlarik. Haren atzean Bizkaia eta Gipuzkoa daude, %67,7 direlarik bietan.
Etxeetako IET ekipamenduari dagokionez, euskal familien %69k ordenagailu pertsonala daukate, %66,4k Interneterako konexioa daukate eta %93k telefono mugikorra dutela diote.
Adinari dagokionez, 15 eta 24 urte arteko euskal gazte ia guztiek (%98) darabilte Internet, eta IETez gehien jabetu den adin-tartea dela erakutsi dute. Haien atzean datoz 25 eta 34 urte (%95,1) eta 35 eta 44 urte (%93,7) arteko pertsona taldeak; 45 urtez gorako adin-tarteei 10 puntutik gorako aldeak ateratzen dizkiote.
Genero ikuspegitik aztertuta, Interneten erabileran gizonen eta emakumeen arteko aldeak murriztu egin dira. 15 urte eta gehiagoko biztanleei dagokienez, EUSTATen datuek erakutsi dutenez, Internet darabilten gizonak gizon guztien %71,8 dira, eta emakume erabiltzaileak, aldiz, emakume guztien %64,2. Ehunekoa kalkulatzeko 2014ko Interneten erabiltzaile guztiak hartzen baditugu oinarri, %51,1 gizonak dira eta %48,9 emakumeak.
Oraindik ere etxea da euskal biztanleriak aukeratzen duen toki nagusia Internetera konektatzeko (%93,1), eta haren atzetik, urrun, beste sarbide toki batzuk datoz, hala nola lantokia (%36,7) edo ikastetxea (%11,3).
Interneten bidezko erosketak, 2014an, 3,2 puntu gehitu dira aurreko urtearen aldean; horrek esan nahi du euskal biztanleen %41,7k erakusten dutela sarearekiko konfiantzan ondasunak eta zerbitzuak kanal digitalaren bidez erosiz.
Zerbitzu elektronikoen arloan, Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin du, 2013ko datuekin, Zerbitzu Publiko Aurreratuen direktorioa ZERPA. Zerbitzu horien arabera, euskal herri-administrazioek dagoeneko 11.000 zerbitzu eta izapide baino gehiago eskaintzen dituzte Internet bidez. Udalen multzoak eskaintzen du zerbitzu eta izapide gehien (%44,1), ondoren Eusko Jaurlaritzak (%21,9) eta foru aldundiek (%15,3). Eskaintzarik handiena egiten duten erakunde publikoen artean, Eusko Jaurlaritza dago lehen tokian, Internet bidezko 1.153 prozedura eta izapiderekin, Bizkaiko Foru Aldundia da bigarren (447) eta Arabakoa gero (360). Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) laugarren tokian dago (346). Irungo Udala da lehen udala zerbitzu elektronikoetan, seigarren tokian baitago (236) eta horren ondotik, oso gertu, Bilboko Udala (232 unitaterekin).
2.1. Bankuko datuak Bilbao-Bizkaia Ur partzuergoari uztea
Galdames eta Sopuertako Udaletako (Bizkaia) herritar batzuek Arartekoari jakinarazi ziotenez, tokiko entitate hori Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoan sartzearen ondorioz, haien Udalek haien datu pertsonalak eman zizkioten Partzuergoari, banku-helbideratze datuak barne. Arartekoaren ustez, Udalak ezin du eman kexa-espediente bietan emandako Ebazpenetan, Udalak ezin du eman harbidedunen banku-helbideratze datua, Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoak zerbitzua emateko beharrezkoa ez delako, erabiltzaileek lehenago euren baimena eman ezean. Halaber, herritarrei utzitako harpidedun fitxategiko erregistroko datu pertsonalen edukiaren berri ematea gomendatu genuen, haiek ezagutu ahal izateko eta, edonola ere, Partzuergoaren eta Udalaren beraren aurrean, euren datu pertsonalak baliogabetzeko eta zuzentzeko eskubideak erabili ahal izateko.
2.2. Beste arlo batzuek kudeatutako kexak eta kontsultak izapidetzean, IETei eta datuen babesari buruzko arazo batzuk interesgarriak dira eta, beraz, aipatu egingo ditugu:
• Eusko Jaurlaritzari twitter bidez egindako kontsulta. Pertsona batek twitter bidez jo zuen Arartekoarengana jakinarazteko Eusko Jaurlaritzaren sare sozial horren korporazio-erabiltzaile bik kontsulta bat egin zutela eta ez zutela batere emaitzarik jaso. Arartekoak alderdi biekin egindako gestioen bidez, ulertu egin da twitter ez dela bide egokia administrazioari informazioa eskatzeko, kanal hori harreman bide esleitu ezean, baina, gutxienez, edozein eskari jaso izana jakinarazi eta aurretik ezarritako bidera birbidera dadila gomendatu da.
• Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizateko Foru Erakundea. Jasotako kexa enpresa-ziurtagiriak paperezko euskarrian baino ez emateari zegoen lotuta; hura enpresek ziurtagiriaren datuak bide elektronikoz bidaltzeari buruzko araudiaren aurkakoa zen eta, gainera, izapidetzeko denborari dagokionez, eraginkortasunik gabea. Bere erantzunean GOFEk disfuntzioa onartu zuen eta hura laster konpontzea espero zuen, sistema informatiko egokia ezarriz.
• Bizkaiko Foru Ogasuna. Herritar batek adierazi zigun ez zegoela batere ados Bizkaiko Foru Ogasunaren jarduketarekin. Jakin zuenez, 2012ko PFEZren aitorpenean bere aldeko itzulketa zegoen, eta haren titulartasunekoa ez zen kontu zenbaki batean ordaindu nahi zuten. Hura jakin eta Bizkaiko Foru Ogasunaren Bilboko bulegoetan bertaratu ondoren, adierazi zioten aitorpena haren izenean aurkeztu zela, baterako aitorpenaren modalitatean eta telematikoki. Kasu jakin honetan, ez daukagu elementurik erabiltzailearen koordenatu-txartela eta pasahitza titularra ez zen pertsona batek era desegokian ustez erabiltzea Foru Ogasunaren jardunbide arduragabeari egotzi ahal izateko eta, beraz, gure esku-hartzea bukatutzat eman genuen.
• Arabako Foru Aldundiko Haurren Zerbitzua. Haurren Zerbitzuak babes espediente batean zeuzkan alaben aitak jarritako kexa bat izapidetu bitartean, eta hari espedientean dauden agiriak ikusten uko egitearen ondorioz, erabaki egin dugu, informazioa eskuratzeko eskubidea eskubide absolutua ez bada ere, eta beste eskubide batzuk zaindu beharragatik hura mugatu badaiteke ere, ezinbestekoa dela informazioa emateari egindako uko oro arrazoitzea eta neurtu egin dela frogatzen duten datu eta argudioekin behar bezala justifikatzea; ez du balio, ordea adingabeen eskubideak eta datu pertsonalen babesa orokorrean aipatzeak informazioa emateari egindako ukoa justifikatzeko arrazoi gisa.
• Donostiako Udala. Arestian aipatu kexan bezala, Udal horretako Prebentzioaren, Haurren eta Familiaren Zerbitzuari gomendatu diogu ondo eta behar beste arrazoitu behar dituela adingabeak babesteko espedienteetan dauden agiriak eta txostenak eskuratzeari uko egiteko erabaki oro.
2014. urtean ez da datuen babesera edo IETetara berariaz zuzendutako jarduera arauemailerik egon, baina horrekin harreman eztabaidaezina duten arau- eta jurisdikzio-berrikuntzak egon dira, adibidez:
• Europako eremuan:
Aurtengo berrikuntza nagusia Europar Batasuneko Justizia, maiatzaren 13an, “Interneten ahaztua izateko eskubidea” babesteko emandako epaia izan da. Han ebatzi denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren datu pertsonalen tratamenduari buruzko 95/46/CE Zuzentaraua eta Europar Batasuneko funtsezko eskubideen Gutuna aplikatuz, Interneteko bilatzaileek (hala nola Google) argitaratutako informazioetarako estekak ezabatu behar dituzte egiaztatzen bada pertsonaren datuen babeserako eta duintasunerako funtsezko eskubidea urra dezaketela edo dagoeneko egokiak ez badira; kasu horretan, eragindako pertsonak datuak babesteko agentziei edo justizia auzitegiei erreklama diezaieke.
Bestalde, bilatzaile horiek kudeatzen dituztenek datuak babesteko araudia bete behar dutela, informazioaren gizartearen bitartekari dihardutela eta datu horien tratamenduaren arduradunak direla ere jaso da.
Halaber, funtsezko kantu batez ohartarazi da: bidezko interesaren eta adierazpen eta informazio askatasunaren eta eragindako pertsonen eskubideen arteko beharrezko oreka; hortaz, bizitza publikoan eginkizun edo zeregin bat burutzen duten pertsonen informazioa salbuetsita dago.
Egoera horiek behin betiko konpontzeko, Europar Batasuneko datuen babesari buruzko Arautegia onartu behar da eta, gure ustez, bizkortu egin daiteke epai horren ondoren.
Formatu irekietako informazioaren eta argitalpenen berrerabilpenari dagokionez, Arartekoak irmotasunez bultzatu du politika hori, eta emaitza zientifikoen argitalpen irekiranzko joera “itzulerarik gabeko puntu” batera iritsi da, Europako Batzordeak aurkeztutako azterlan baten arabera. 2002,an agertu zirenetik, Creative Commons lizentziak eduki mota oro, argazki eta bideoetatik ikerketa akademiko, hezkuntza material edo datu publikoetara, era irekian partekatzeko nazioarteko estandar bihurtu dira. 2006an munduan Creative Commons lizentzia peko 50 milioi bat lan bazeuden, 2014an kopurua 882 milioitaraino igo da.
• Estatu mailan, joan den abenduan Espainiako Gobernuaren Gardentasunaren Ataria ireki da, gardentasun, informazio publikorako sarbide eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoa betez, eta publizitate aktiboa eskaintzen du: erakundeena, araudiei eta ekonomiari buruzkoa, eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzea ahalbidetzen du (muga batzuk jarrita, hala nola datu pertsonalen babesari buruzko 15. artikuluan xedatutakoak).
• Autonomia eremuan, 2014an Eusko Jaurlaritzaren hiru ekimen gauzatu dira zein, Arartekoaren aburuz, interes handikoak dira ekintza arlo honetarako:
- Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, ekainaren 17an, 2014-2016ko Berrikuntza Publikoko Plana,onartu zuen, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailak bultzatuta, herri-administrazio autonomikoa modernizatzen aurrera egiteko.
Plana aurreko 2011-2013 BPPren bilakaera da eta honako helburu estrategikoak dauzka:
- Administrazio irekia: Herri-administrazioaren gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza sustatzea.
- Administrazio eraginkorra: Kalitatezko zerbitzu eskaintza, zenbait kanalez (aurrez aurre, telefonoz, Internetez) eskuragarria, garatzea.
- Administrazio efizientea: Kudeaketa administrazioko efizientzia hobetzea, antolamendua egokituz, kudeaketa eredu berriak ezarriz eta teknologiaren erabilera burutsua eginez.
- Administrazio berritzailea: Administrazioko berrikuntza sustatzea, herritarrak eta profesional publikoak politiken eta zerbitzu publikoen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan engaiatuz.
- Joan den abenduan amaitu den “Euskadiko demokraziaren eta herritarren parte-hartzearen liburu zuria”, bere sustatzaileen hitzetan, erreferentziazko esparrua da gizartea eta administrazioak bultzatu, mobilizatu eta engaiatzeko.
Liburu zuri horretan jasotako gobernantza ereduaren helburua –haren prozesu parte-hartzailean Arartekoaren Erakundeak ere esku hartu du-, euskal gizarteko gaitasun publiko eta pribatuak aintzatetsi eta haietan jardutea, balio publikoa sortzeko engaiamendu kolektiboa bultzatu xedez. Ikaskuntza eta hazkuntza partekatuko eredu hori gobernu onaren printzipioetan oinarritzen da: osotasuna, eraginkortasuna eta efizientzia, gardentasuna, parte-hartzea eta lankidetza. Liburu zuri horrek, beraz, bultzatu nahi duen gobernantza eredua balio publikoa egokiro sortzeko hiru alderdi parte-hartzaileak bateratzearen emaitza da:
- Parte-hartze politikoa.
- Zerbitzuak diseinatzeko parte-hartzea.
- Lankidetzako parte-hartzea.
- Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, irailaren 16ko saioan, Euskal Herri Administrazioaren Lege proiektua onartzea; haren asmoa herritarrek gardentasunerako duten eskubidea eta administrazioak eragiten dieten erabaki publikoak hartzeko prozesuan aktiboki parte hartzea bultzatu eta errazteko duen betebeharra bultzatzea da. Proiektu horren oinarrietako bat administrazio elektronikoa eta herritarren arreta dira; hala, egiaztatu egiten da zuzentzen dituzten printzipioak bat datozela herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legekoekin eta lotura dutela herritarrek herri-administrazioarekin bide elektronikoz erlazionatzeko dituzten eskubideen dekalogokoekin; haien artean daude berdintasuna, proportzionaltasuna, lankidetza eta batez ere, sarbide unibertsala eta guztientzako diseinua bermatzekoa (Arartekoak funtsezkoa deritzo ikuspegi horri). Horretarako, kanal anitzeko sistema bat aurreikusten da, osagai teknologikoak, antolakuntzakoak, informaziokoak eta pertsonalak bilduz, aurrez aurreko kanalen, telefonozkoen edo telematikoen bidezko komunikazioa Interneten oinarritutako bideen erabileraren bidez erraztea helburu izanik.
Halaber, ona deritzogu Bilboko Udalaren jardunbideari; izan ere, aurten Bilbao Open Data plataforma atera du, udal datu publiko guztiak entitateen, enpresen eta herritarren eskura jartzeko zerbitzua, gardentasuna eta datuen erabilera sustatu xedez.
Azpimarratu behar da Euskadi dela I+Gn esfortzurik handiena jartzen duten autonomia erkidegoetako bat, Cotec berrikuntza teknologikorako fundazioak egindako Espainiako Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 2014ko Txostenaren arabera. Agiri horren arabera -2012ko datu estatistikoak jaso ditu-, Euskadi dago buru biztanleko I+Gko gastuaren sailkapenean, atzean Nafarroa, Madril eta Katalunia daudelarik.
Gizarte testuinguruan berriz nabarmendu behar dugu herritarrek Interneten dituzten datuen segurtasunari buruz duten kezka gero eta handiagoa, Arartekoak bere jarduketetan jaso duenez. Internauten jarrera, ordea, paradoxikoa da: EMC multinazional teknologikoak hamabost herrialdetako 15.000 zibernauten Interneteko pribatutasunari buruzko iritziekin argitaratutako mundu mailako “Privacy Index” azterlanean jaso denez, lau pertsonatatik hiruk diotenez, uko egiten diote euren pribatutasuna Interneteko onura gehiagoren truke sakrifikatzeari, baina egiatan ez dituzte euren datuak behar beste babesten eta, izan ere, %62k luzaroan erabiltzen dituzten pasahitz berberak.
Halaber, Telekomunikazioen eta Sareko Informazioaren Gizartearen Behatoki Nazionalak, INTECO Komunikazioaren Teknologien Institutu Nazionalarekin batera, egindako Espainiako etxeetako zibersegurtasunari eta konfiantzari buruzko azterlanetik ateratako datuen arabera, etxean haririk gabeko konexioa duten Interneten erabiltzaileen %26,4k ez daki zer babes sistema darabilen, eta %15ek ez daki babestuta dagoen edo ez dagoela dio zuzenean.
Arartekoan 2010ean sortu zen IET eta datuen babesaren lan eremu honen helburuen artean, herritarrek datuen babesari eta administrazio elektronikotik eratorritako eskubideei dagokienez herritarrek dauzkaten eskubideei balioa ematea, eta haien zabalkundean eginkizun proaktiboa egitea daude, sinetsita baikaude eskubide horien erabilerak eta haiek babesteak berrikuntza ahalmen handiagoa duten herritarrak sustatzen laguntzen dutela.
Horrexegatik, 2014n helburu horri lotutako zenbait jarduketa planifikatu eta burutu dira.
4.1. Txosten bereziak
2013an E-inklusioa eta Euskadin herritarrek IKTen bitartez gizartean eta eremu publikoan parte hartzea izeneko txosten berezia argitaratu da.
Eremu horretan egoerek eta proiektuek duten bilakaera azkarra dela-eta, 2014aren amai aldera txostenean identifikatutako 4 arrakala digitalei buruzko datuen jarraipenari eta txosten berezi horretako zenbait gomendiori heldu zaie. Zehazki, Arartekoak euskal herri-administrazio kopuru adierazgarri batek hartutako ekimenei buruzko informazioa eta dokumentazioa bildu ditu, honakoei lotuta:
• Erakundeen webetako zerbitzuen eta edukien eskuragarritasuna errazteko jarduketak.
• Multikanalerako eskubidea bultzatzeko ekimenak.
• Gailu mugikorretatik erabiltzeko garatutako aplikazioak, batez ere adineko pertsonei eta funtzio aniztasuna duten pertsonentzat pentsatutakoak.
• Herritarrek parte hartzeko eta IETen bidez gardentasuna bultzatzeko ekimenak.
Laburbilduta, funtsezko honako alderdiak azpimarra litezke:
Euskadiko arrakala digitalen bilakaeraren analisia (2012-2014)
2012 eta 2014. urteen arteko bilakaera aztertuta, alda
keta positibo batzuk identifika ditzakegu Euskadiko arrakala digitalen murrizketan. Halaber, egiazta dezakegu hobetzeko tarte handia eta euskal herritarren IETen erabileran desberdintasuneko egoerak daudela oraindik.
EUSTATen datuen arabera, gaur egun Euskadiko arrakala digitalei lotuta jarraitzen duten lau alda
gai handi aipa ditzakegu:
• Familia mota: Internet erabiltzen duten familien artean seme-alabak dituztenen ehunekoa seme-alabarik ez dutenen edo pertsona bakarrak osatutakoen ehunekoa halako bi da ia.
• Generoa: Euskadin Internet erabiltzen duten gizonen eta emakumeen ehunekoa urtero handitu arren, ez da nahikoa gizonen eta emakumeen arteko erabilera aldea murrizteko. Emakumeek gizonek baino gutxiago erabiltzen dute Internet oraindik (aldea 7,5 puntukoa da ia).
• Adina: 55 urtetik gora, erabilera ehunekoak herritar gazteenenak baino nahiko txikiagoak dira. Azken bi urteetan 55 eta 64 urte arteko herritarren artean Interneten erabileran 20 puntuko hazkundea gertatu da.
• Jarduera mota: 2014an lan egin eta Internet erabiltzen duten pertsonen ehunekoaren eta langabezian dauden eta Internet erabiltzen dutenenaren arteko aldea 50 puntukoa da ia. Arrakala horrek garrantzi berezia dauka Internet eta IETak pertsona talde horrentzat (langabezian daudenak) euren lan-bizitza promozionatzen eta bizi kalitatea hobetzen saiatzeko funtsezko tresna direnean.
Administrazioak herritarren parte-hartzea errazteko dituen bidea, moduak eta erak
Eskuratutako informazioaren bidez bilakaera aztertzean, ondorio garrantzitsuak agertzen zaizkigu:
• Aztertutako 10 administrazioetatik 9k, euren web atarietan, herritarren parte-hartzeari buruzko atal berezia dute eta han IET kanalak bermatzen dituzte herritarren eskaera eta kontsultarako eskubidea erabiltzeko.
• Txosten berezian adierazi bezala, ordea, ondoren haietako bakan batzuek baino ez dituzte argitaratzen herritarrek eskaera edo kontsulta horietan egindako ekarpenei buruzko informazio osoa, eskaerei erantzuteko erabilitako denborei buruzko estatistikak, eskaerei buruzko informazioa, arloen edo sailen bidez bilduta, etab.
• Aztertutako administrazio guztien esanetan, herritarren ekarpenak erabakiak hartzeko prozesuetan sartzeko behar diren mekanismoak dauzkate. Baina haietako batzuek baino ez dituzte ondoren argitaratzen iragazteko prozesu hori nola burutzen den, administrazioaren balorazioa, eztabaida, lan planetan sartzea, azken emaitzak, etab.
• Open Datari dagokionez, bilakaera positiboa da. Herri-administrazioaren maila bakoitzaren (jaurlaritza, aldundiak, udalak) ekimenen heldutasun mailari dagokionez, ordea, badirau alde handiak. Batez ere udal txikienentzat, gainditu beharreko arloa da oraindik gobernantza garden eta irekiagoko ereduarekin dituzten konpromisoetan.
• Bilakaeraren analisiak albiste onak ere badakarzkigu, hala nola administrazio guztiak multikanalei buruz egiten ari diren esfortzu etengabeak. Hala, egiaztatu ahal izan denez, azken 2 urteetan aurrerakada handia egin da gailu mugikorren bidez informazio eta izapidetzerako sarbidea edukitzeari dagokionez.
• Herritarren parte-hartzeari buruzko berme juridikoei dagokienez, analisian eskuratutako informazioa ikusita ez gara hain baikorrak. Aztertutako 10 euskal herri-administrazioetatik 5ek baino ez daukate herritarren parte-hartzea arautzen duen berariazko araudirik.
• Badago 2012an aztertu eta 2014an aurrerapen edo hobekuntzarik izan ez duen beste alderdi bat: funtzio publikoko berdintasunari lotutakoa, hain zuzen ere. Alegia, desgaitasun edo funtzio aniztasun motaren bat duten pertsonen aukera berdintasuna herri-administrazioetan euren lana burutzeko. Aztertutako administrazioetatik batek ere ez dauka barne arautegirik zehazteko nola jokatu behar den lanpostua eta gailu guztiak, aplikazio informatikoak, etab. egokitzeko, edonork, daukan funtzio aniztasun mota daukalarik ere, bere lana gainerako funtzionarioen aukera berdinekin burutu ahal izateko.
4.2. Bilerak
2014an Ararteko mapak proiektuari lotutako zenbait bilera egin dira, batez ere telefono eta beste gailu mugikor batzuetarako aplikazioaren deskargari lotutakoak, kasu batzuetan hura zabaldu eta haren erabilera bultzatzeko: hala nola Helduak Adi eta desgaitasun fisiko eta sentsorialaren eremuan lan egiten duten elkarteekin; eta beste kasu batzuetan dauden baliabideetako informazioa eguneratzea lortzeko (Merkataritza eta Turismo Sailburuordetza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza,
Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzua eta Euskal Trenbide Sarea), baita Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta haren mendeko Irisgarritasuna bultzatzeko Euskal Kontseiluarekin, eta Eusko Jaurlaritzako herritarren arretaren zuzendaritzarekin ere, webeko baliabide mapa handitzeko aukera aztertzeko.
4.3. Iritzi artikulua
Otsailaren 20an, Arartekoak gori dagoen gai bati buruzko iritzi artikulu bat argitaratu zuen. Gaia Interneten ahaztua izateko eskubidea zen, eta berriz azpimarratu zen irtenbidea eskubide biek batera irautea dela: adierazpen eta informazio askatasunak eta eragindako pertsonen eskubideek, eta informazio askatasuna bermatzea, baina informazio horiek egiazkoak, neurrizkoak, indexaezinak izateko eta denboran indarraldia edukitzeko zama jasanez. Artikulu hartan ondorioztatu zenez, Arartekoaren ustez informazioa, gardentasuna eta ezagutza eraginkorra funtsezkoak dira, dagoeneko “etika digitala” esaten zaiona errespetatzen duen egiazko komunitate digitalaren eraikuntzan aurrera eginez.
5.1. Herri-administrazioen eskura dagoen dokumentazioko informazioa eskuratzeko eskubidea gero eta gehiago ari da erabiltzen; horretarako, administrazioek jarrera bermatzaileak hartu behar dituzte alderdi guztien eskubideekin, aurrez aurre dauden eskubideak neurtu behar dira eta informazio edo dokumentazio hori eskuratzeari uko egiten zaion kasuetan arrazoitu egin behar da.
5.2. Adingabeek Interneten bidez edo sare sozialetan parte hartuz euren adinerako egokiak ez diren edukiak eskuratzeari buruzko kexa eta kontsulta batzuetan, berriz errepikatu behar izan dugu gurasoek seme-alabak kontrolatu eta lagundu egin behar dituztela teknologiak erabiltzean eta edukiak eskuratzean.
5.3. Datuen babesari dagokionez, sare sozialen eta komunikazio sare publikoen erabileran informazio, kontzientziazio eta arriskuko jokabideak saiheste ez orokorra atzematen dugu oraindik; informazioa, datuak eta irudiak norberaren nahiaren kontra hedatzea erraztu dezake horrek, fitxategi horien zaintza eta transmisioaren urrakortasuna dela-eta.
5.4. Bere proiektuetako batzuen bidez, -hala nola Ararteko mapak, bere argitalpenen formatu irekiak, etab.-, Arartekoak informazioaren berrerabiltzea eta datu publikoen irekitzea sustatzeko lana egiten jarraitu du.
5.5. Arartekoaren inklusio digitalari eta gizarte parte-hartzeari buruzko txosten bereziko gomendioen betetze mailaren jarraipenak, iritzia emateko elementu berriak eman digu egungo egoeraren eta IETek herritartasun aktiboa eta inklusiboa bultzatzeko eta herritarren parte-hartzea errazteko duten ahalmena diagnostikatzeko.
Herritarren zein euskal herri-administrazioen aldean, analisiak erakutsi duen bilakaerak honakoak berretsi ditu, besteak beste:
• Arrakala digitalak pixkanaka murrizten ari dira, batez ere generoari eta adinari lotutakoak.
• Beste batzuek, hala nola lan jarduerari (landunak/langabetuak) eta familia motari (seme-alabak dituzten familiak/seme-alabarik gabeko familiak/bakarrik bizi diren pertsonak) lotutakoek, ordea, badiraute eta Interneten erabileran desberdintasun argiak erakusten dituzte oraindik.
• Administrazioen aldean, alderdi batzuetan “etxeko lanak” egin dira eta bideak, moduak eta erak jarri dira herritarren parte-hartze eta inklusio digitala ahalik eta gehien errazteko.
• “Etxeko lan” horietan aurrerapen handiak sartzen dira esparru arautzaile eta estrategikoan, hala nola, adibidez, Euskadiko demokraziaren eta herritarren parte-hartzearen liburu zuria eta Euskal Herri Administrazioaren Lege
Proiektua. Biak dira mugarri garrantzitsuak eta beste aurrerakada bat ekarri dute herritarrek bizitza politikoan eta euren ingurunearen eraketan izan behar duten eginkizun berria sustatzeko oinarriak ezartzen.
• Beste gomendio batzuk, ordea, bilakaeraren berrikuspen horren ondoren, indarrean daude oraindik eta administrazioek berrikusi eta baloratu behar dituzte.