13. Segurtasuna
Segurtasun arloak idatzizko 95 kexa jaso ditu, hots, Arartekoak aldi honetan jasotako guztien % 4,31. Herri-administrazioei eta eragin dieten azpi-arloei dagokienez, honela banatu dira:
Administrazioen arabera:
• Tokiko Administrazioa 52
• Euskal Autonomia Erkidegoko
Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 35
Azpi-arloen arabera:
• Trafikoa 62
• Herritarren eskubideak 16
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 10
• Herritarren segurtasuna 3
• Jokoak eta ikuskizunak 1
• Beste alderdi batzuk 1
• Babes zibila 1
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 1
Txostena ixteko egunean, aurten izapidetutako kexak honako egoeran zeuden:
Bestalde, honako azpi-arloetan 6 espediente izapidetu ditugu ofizioz:
• Atxiloketa zentroak 2
• Herritarren eskubideak 2
• Herritarren segurtasuna 2
2014an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jaso du kexa gehien, eta haren ondoren Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek. Beste udal batzuek ere jaso dituzte kexak, baina ez hainbeste.
Arestiko urteetan bezala, atal honetan ematen ditugun zenbatekoetan ez dira jaso ezesteko legezko kasuren batean egoteagatik edo herriaren defendatzailearen edo beste defendatzaile batzuen eskumen eremukoa izateagatik esku hartzerik izan ez dugunak.
Administrazioek euren jarduketa zuzendu dute aurten amaitutako kexa askotan, guk jarduketa okerra sumatu ondoren.
Oro har, administrazioek Arartekoari lagundu beharra ere modu nahiko onargarrian bete dute. Hala ere, zailtasunak dauzkagu oraindik gure eginkizunak behar bezala garatzeko, eta horrek erakunde honetara jotzen duten pertsonen eskubideei eragiten die eta kexen izapidetzea zuribiderik gabe atzeratzen du. Oraindik ere arazorik ohikoenak egiten ditugun informazio eskaerei erantzuteko luzamendua eta galdetzen ditugun kontu jakinei eta egiten dugun balorazioari ez erantzutea dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari egin dizkiogun gomendioetan (Arartekoaren 2014ko otsailaren 20ko Ebazpena eta Arartekoaren 2014ko abenduaren 10eko Ebazpena) aipatu arazo horietako batzuk deskribatu dira. Erantsi behar da aipatu sailak ez diola erantzun lehen gomendioari eta Ondarroako Udalak ere ez diola erantzun egin diogun gomendio bati (Arartekoaren 2014ko ekainaren 18ko Ebazpena); hori dela-eta, ulertu behar izan dugu ez dituztela onartu. Gure oharpenei ez erantzutearen beste kasu batzuk dira 2014an amaitu ditugun aurreko urteetako kexa bi; haietan, Durango eta Donostiako Udalek ez diote erantzun trafiko araudia urratzeagatik jarritako zehapena baliorik gabe uzteko eta istripu bati buruzko polizia txosten bat berraztertzeko, hurrenez hurren, igorri genien balorazioari, eta ez digute adierazi esan genien ildotik jarduteko prest dauden.
2.1. Herritarren eskubideak
2014an izapidetu ditugun kexetan maiz errepikatzen diren arazoak agertu dira berriz, hala nola indarraren erabilera eta haren barneko kontrola, ustez okerrak diren jarduketen barne ikerketa, argiketen eta salaketa administratiboen kontrola, eragiten dituzten egitateei dagokienez, kontra-salaketa, bide publikoko identifikazioak, hutsegiteengatiko atxiloketa, agintekeria eta agenteek identifikazio profesionaleko zenbakia emateari uko egitea.
Aipatu kontuetako batzuk, hala nola ikerketa, argiketen edukiaren kontrola, identifikazio profesionaleko zenbakia emateari uko egitea eta kontra-salaketa arestiko atalean aipatu Arartekoaren 2014ko otsailaren 20ko Ebazpenean eta Arartekoaren 2014ko ekainaren 9ko Ebazpenean aztertu dira.
San Frantzisko auzoan (Bilbo) gertatutako atzerritar jatorriko pertsonen polizia kontrol eta identifikazio masibo eta bereizi gabe batek kexa eragin du berriz. Kexan adierazi zenez, operatiboan kalea itxi, kale horretako dendak zuzentzen zituzten pertsonak eta haietan zeuden bezeroak bide publikora irtenarazi, pertsona horiek identifikatu eta haietako batzuk atzerritartasuneko araudia betetzeari lotutako zioengatik atxilotu zituzten. Halaber, adierazi zenez, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Polizia Nazionalarekin batera esku hartu zuten kontrolean, baina Udaltzaingoak esan zigun ez zuela operatiboaren berririk izan eta ez zuela hartan parte hartu eta han zeuden agenteek egin zuten bakarra kontrolak eragindako ibilgailuen eta oinezkoen trafikoa zuzentzea izan zela. Kexan azpimarratu zen ezaugarri etniko jakin batzuk dauzkaten atzerritar jatorriko pertsona guztien kontra bereizi gabe burutzen diren jarduketetan pertsona horiei ospea kendu eta kriminalizatu egiten direla, etorkinen artean izua, segurtasunik eza eta ezinegona eragiten direla eta erakundeek, gizarte erakundeek eta norbanakoek haien gizarteratzea lortzeko burutzen dituzten lan prozesuak baliogabetzen direla.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ustezko zirkular batek ere kexa bat jaso du. Zirkularra magrebtar gazteei eta beste talde batzuetako pertsonei egindako identifikazioei buruzkoa omen zen, eta komunikabide batek eman zuen haren berri. Kexak aipatutakoa bat zetorren egunkarietan albistearen berri izan genuenean ofizioz ekin genion jarduketarekin; haren emaitzaren berri 4.1 atalean eman genuen.
Erakunde honek arbuiatu egiten du atzerritar jatorriko pertsonen identifikazio kontrol masiboak eta bereizi gabeak egin ahal izatea, kanpoko itxuran edo ezaugarri fisiko hutsetan oinarrituta, diskriminatzailea delako, etorkin talde osoa eta haiek bizi diren auzoak estigmatizatzen dituelako, herritar guztiengan inpaktua duelako eta eskubideei erasaten dielako. Berriz errepikatu behar dugu poliziaren kontrol jarduketak ezin direla oinarritu orokorrean pertsonen arraza jatorrian, jarduketa horiekin lortu nahi den bidezko xedearen ikuspuntutik kasu jakin horretan inguruabar hori esanguratsua dela justifikatzen ez bada, eta berriz esan behar dugu oso garrantzitsua dela gomendatu ditugun prebentzio eta kontrol mekanismoak ezartzea eremu horretan jarduketa diskriminatzaileak saihestu eta aurkitzeko (“Poliziaren jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzko urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorreko VI.1 idatz-zatia, eta Arartekoaren 2014ko abenduaren 10eko Ebazpena, zeinen bidez Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari Ertzaintzan arraza profilen garapena prebenitu eta kontrolatzeko gomendatzen baitzaio).
Aurten, halaber, zalantzan jarri da genero indarkeriako ustezko delitu baten biktimari emandako tratamendua. Kexan adierazi zenez, agenteek ustezko delinkuentea balitz bezala tratatu zuten biktima, ustezko erasotzailearen adierazpenetan oinarrituta; izan ere, azken haiei eman zitzaien sinesgarritasun handiagoa, argi zegoenean genero indarkeriako ustezko delitu bat zela.
Halaber, Ertzaintzak kalamua gizarte elkarteei buruz jarduteko dauzkan irizpideei buruzko kexa bat jaso dugu.
2014an iaz hasitako kexa bi izapidetzen amaitu dugu. Kexen arrazoia etxerik gabeko atzerritar jatorriko pertsonak bizi diren abandonatutako eraikinen utzarazteak ziren. Bilboko Udalak halako utzarazteak egin aurretik arazoaren ikuspegi sozialari heltzen dion plangintza egiteko, pertsona horiek gizarteratzeko politika publikoen araberakoak izateko, epaileen baimenez egiteko, delitu horiko kasuan izan edo eragindako pertsonen baimena eduki ezik, eta behar bezala arrazoituta egoteko egin genion gomendioa onartzearen aldeko jarrera adierazi zigun (Arartekoaren 2013ko abenduaren 11ko Ebazpena).
Aurten izapidetu ditugun kexek eta egin ditugun ofiziozko jarduketek erakusten dute oraindik ere ez direla betetzen erakunde honek gehiegikeriak saihestu eta gertatuz gero aurkitu ahal izateko proposatu dituen prebentzio eta kontrol mekanismoetako asko, egun batez ere urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean jaso direnez. Ondorengo 4.3 atalean gabezia horietako batzuk aipatu ditugu.
2.2. Babes zibila
2014an errepidez iristerik ez duen mendiko eremu batean bat-batean ziplo erori zen mendizale gazte baten lagunek gaztearentzat premiazko osasun laguntza eske 112 telefonora egin zuten deiari Larrialdiko Euskal Sistemak emandako erantzunari buruzko kexa bat jaso zen. Gaztea hil egin zen azkenean. Kexan laguntza agertzeko behar izan zen denbora (berrogeita hamar minutu baino gehiago deia egin zenetik mugiarazi ziren lehen baliabideak gaztea zegoen toki zehatzera iritsi arte) eta erabilitako baliabideak jarri ziren zalantzan, baita larrialdiko telefonoarekin komunikatzeko telefono estaldurarik ez egotea ere. Laguntza denbora laburragoan emanez gero ere gaztea hil zitekeela adierazi arren, aldi berean, zalantza adierazi zen, denborari eta erabilitako baliabideei dagokienez, eman zen erantzuna heriotzan erabakigarria izan ote zen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi zigunez, egindako jarduketen analisi zorrotz eta xehea egin zuen, eta ondorioztatu zutenez, jarduketa haiek aplikatutako taktika operatiboaren araberakoak izan ziren. Halaber, adierazi zigunez, egindako analisiari esker suhiltzaile zerbitzurik gertuenak “automatikoan” mugiarazteko aukera identifikatu zen hobetzeko ildo gisa, “geroratuta” egin beharrean, aipatu taktika operatiboan ageri zenez, eta irizpide hori aplikatzen hasiak ziren.
2.3. Trafikoa
2014an izapidetu ditugun kexa gehienak zehapen araubideari buruzkoak izan dira berriz eta prozedurari dagozkion kexak piztu dituzte berriz; hari dagokionez, aurreko urteetako arazoen antzekoak jakinarazi dizkigute, batez ere hutsegiteen frogari, jakinarazpenei eta formula estandarizatuen erabilerari lotuta. Jakinarazpenei dagokienez, zerbait berria egon da: Trafikoko Zehapenen Ediktu Taularen bidez (TESTRA) egiten direnak burututzat jotzen diren unea.
Frogaren urritasuna izan da Santurtziko Udalari zuzendu diogun gomendioa zehapen bat baliorik gabe utz dezan (Arartekoaren 2014ko ekainaren 9ko Ebazpena. Gomendioan, iritzi diogu zehapena eragin zuen egitatea benetan gertatu zen pentsatzeko arrazoizko zalantza zegoen, eta zalantza hori bateraezina zen egitatea behar bezala frogatuta geratu zela ebazteko eta errugabetasun-presuntziorako eskubide konstituzionala (EK-ko 24. art.) urratu gabe zegokion zehapena jartzeko behar den ziurtasunarekin.
Zehapen araubidetik harago, beste arazo batzuk sortu dira, hala nola oinezkoen segurtasunerako arriskuak Bilbon Enekuriko gainaren eta Ibarrekolandaren artean doan espaloi-bizikleta bidean, oinezkoentzako eta txirrindularientzako esparruak bereizita ez daudelako eta bizikleta batzuk oso azkar doazelako. Halaber, zalantzan jarri da Bilboko Trafiko eta Aparkamenduaren Udal Ordenantzan (TAO) desgaitasuna duten pertsonen ibilgailuen araubide bereziari heldu ahal izateko jarritako baldintza, hots, pertsona desgaitua bera izatea ibilgailuaren gidaria (36. eta 37. art.). Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko Ebazpenean, Ordenantza aldatzea gomendatu diogu Bilboko Udalari, araubide horretan abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuan araututako aparkamendu txartel bakarraren titularrak sartzeko, mugitzen diren ibilgailua gidatu ez arren.
2014an iaz jakinarazi genuen kexa batean izandako esku-hartzea amaitu dugu; Ondarroako Udalari gomendatu diogu, luzamendu gehiagorik gabe, pertsona itsu batek udalerriko oinezkoentzako ibilbideetatik era seguruan eta legezko irisgarritasun printzipioaren arabera ibiltzeko duen eskubidea babesteko neurriak har ditzala.
Era berean, aurten Ortuellako Udalari zehapen bati buruzko kexa bat izapidetzen amaitu dugu, udalak kexagileari zehapenaren ordainketa murriztua egiten utz ziezaion helarazi genion balorazioa onartzea lortu gabe.
Administrazioek euren jarduketa zuzendu dute aurten amaitutako kexa askotan, guk jarduketa okerra sumatu ondoren. Kexa horien adibide bat dira Getxo eta Oñatiko, zehapen bana baliorik gabe utz zezaten egin dizkiogun gomendioak eragin dituztenak.
2014an martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Trafikoari, Motordun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeko testu artikulatua aldatzeko apirilaren 7ko 6/2014 Legea onartu da. Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legea eta Euskadiko Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuari buruzko eskumenak erabiltzea aratzeko urriaren 21eko 207/2014 Dekretua ere onartu dira
Halaber, esan behar da aurtengo ekainaren 2an prozesu penaletako informazioari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko maiatzaren 2ko 2012/13/UE Zuzentaraua ordenamendura eramateko epea amaitu zela eta Gorte Nagusietan, zuzentarau hori eta prozesu penaletako interpretazio eta itzulpenerako eskubideari buruzko 2010eko urriaren 20ko 2010/64/UE Zuzentaraua ordenamendura eramateko, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzeko Lege Organikoaren proiektua izapidetzen ari dela.
4.1. Ofiziozko espedienteak
2014an izapidetutako ofiziozko jarduketetako batzuek, aurreko urteetan bezala, atxiloketa zentroen egoera eta atxiloketari buruzko jardunbideak egiaztatzea bilatu dute. Ondoko 4.4 atalean laburbildu dira jarduketa horiek.
Ofiziozko beste espediente batzuk ere izapidetu ditugu. Haien artean, azpimarratu behar dira Espainia 2014 Foro Globala burutzearen aurka protestatzeko ekintza bortitzetan gertatutako istiluetan Ertzaintzaren esku-hartzea burutu zen inguruabarrak ezagutzeko hasitakoak, eta egunkarietan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ustezko zirkular bati buruz informatu zuen albistea egiaztatzeko; haren arabera, zirkular hartan Ertzaintza Barakaldon gazte magrebtarrak eta beste talde batzuetako pertsonak identifikatzera deitu zen, eta lehenago aipatu dugu 2.1 atalean. Azken jarduketa horretan, Ertzaintzan arraza profilak egitea prebenitu eta kontrolatzeko neurriak hartzea gomendatu diogu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari (Arartekoaren 2014ko abenduaren 10eko Ebazpena, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari Ertzaintzan arraza profilak garatzea prebenitu eta kontrolatzeko gomendatzekoa)
4.2. Txosten berezien jarraipena
Atxiloketa zentroak bisitatuz eta kexak izapidetuz arloari lotutako txosten berezi biren jarraipena egin ahal izan dugu: “Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa-zentroak” (1991) eta “Bilboko San Frantzisko (Bilbo) zonan atzerritarrekiko burututako jarduera polizialei buruz Arartekoak izandako esku-hartzea” (1998ko urteko txostena, I.1 kapitulua, 1.6 atala).
“Ziegak. Udalaren eta Ertzaintzaren atxiloketa-zentroak” txostenaren betetze mailaz egin dugun balorazioa hurrengo 4.4. atalean laburbildu dugu.
Beste batzuetan nabarmendu dugunez, “Bilboko San Frantzisko (Bilbo) zonan atzerritarrekiko burututako jarduera polizialei buruz Arartekoak izandako esku-hartzea” txosteneko gomendio askoren irismena orokorra da eta gure esku-hartze eremuan sartzen diren gainerako polizia-kidegoei ere zabaldu behar zaie. Ikuspegi hori kontuan hartuta, oraindik ere gomendio batzuk betetzen ez direla ikusi dugu, hala nola estereotipoetan edo kanpoko ezaugarri jakin batzuetan oinarritutako jarduketa diskriminatzaileak saihestekoak edo poliziek lekukoak daudenean duten jarrerari, desadostasuneko adierazpenen aurreko erantzunari, identifikazio profesionaleko zenbakia emateari uko egiteari, zuribiderik gabeko tratuari eta identifikazioei lotutakoak [8. gomendio zehatza].
4.3. Gomendio orokorren jarraipena
Aurten izapidetu ditugun kexei eta atxiloketa zentroetara egindako bisitei esker, urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorra egin dugu; Arartekoak lanean hasi zenetik segurtasun arloan egin dituen gomendio gehienak daude han.
Polizia jarduketen barne ikerketetan gabezia handiak egiaztatu dugu berriz ere (II.1.1 atala). Oraindik dirauten arazoetako batzuk behar beste ez ikertzea eta poliziaren jarduketari berari lotutako kausa penalaren izapidetzean babestuta ez ikertzea dira. Halaber, berretsi dugunez, oraindik ez da jardunbide protokolo argi eta zehatzik ezarri.
Oraindik ez da guztiz bete polizia funtzionarioek polizia uniformean haiek identifikatzeko zenbaki edo erreferentzia bat erakuts dezaten egin dugun gomendioa (V. atala). Berriz errepikatu behar dugu zenbakia zalantzarik gabe ikusi behar dela herritarrek poliziekin harremanak izan ohi dituzten distantziatik.
Halaber, berriz atzeman ditugu gomendioak betetzen ez dituzten egoerak, prebentzio eta kontrol mekanismoak jartzeari dagokionez, batez ere indarraren erabilerari, argiketen edukiak eragin dituzten egitateak fideltasunez islatzeari, kontra-salaketari, poliziei eurei lotutako legez kontrako portaerengatiko atxiloketei eta atzerritar jatorriko pertsonekiko jarduketa diskriminatzaileei dagokienez (II.1.1, II.2, IV. eta VI. atalak).
Atxiloketa zentroak bisitatuz, bestalde, aipatu gomendio orokorreko III. atalaren eta “Miaketa pertsonalaren dilijentzia poliziaren bulegoetan” (2001eko urteko txostena) gomendio orokorrean egin genituenen jarraipena egin ahal izan dugu. 4.4 epigrafean laburbildu dugu jarraipen horren emaitza.
Trafikoko azpi-arloan berriz berretsi dugu zehapen prozeduretan jasotzen den motibazioak ez dituela beti betetzen “Trafikoa, ibilgailu motordunen zirkulazioa eta bide segurtasuna: aurrez taxututako ereduen erabilera zehapen prozedurak tramitatzean. Zenbait arazo defentsarako eskubidearen inguruan” gomendioan (2003ko urteko txostena) adierazi genituen baldintzak.
4.4. Ikuskapeneko bisitak
2014an Sestaoko Ertzaintzaren eta Santurtziko Udaltzaingoaren atxiloketa zentroak bisitatu ditugu. Oro har, zentro bietako instalazioak egokiak dira euren eginkizunerako eta bisita egunean garbitasun eta mantenu baldintza egokiak zeuzkaten, baina irisgarritasunaren ikuspuntutik gabeziak dauzkate biak eta ez daukate adingabeak zaintzeko berariazko bulegorik, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak (17.3 art.) eskatu bezala. Bestalde, Udaltzaingoaren zentroan aurreko bisitan ikusi genituen gabezietako batzuek diraute, hala nola geletan argirik ez egotea eta sarbide independentea egokia ez izatea atxilotuak jendearen bistan ahalik eta gutxien erakusteko bermea behar bezala betetzeko, gomendagarria denean.
Zentro biek daukate atxiloketa bideoz grabatzeko sistema. Ertzaintzan, dirudienez, sistema 2006ko urteko txostenean (I. kapitulua, 7.1 atala) aztertu genuen modelokoa da; gure ustez hark ez zituen betetzen, gure aburuz, mekanismo horrek eraginkorra izateko behar dituen baldintzak, urriaren 6ko 81/1999 gomendioan adierazi genuenez (1999ko urteko txostena, II. kapitulua, 7.2 atala). Hala ere modelo horretatik bereizten da, atxilotuak egin behar duen ibilbideko puntu batzuk kamerek hartzen duten eremutik kanpo geratzen direlako. Udaltzaingoaren zentroa ere ez zaio guztiz egokitzen gomendioari. Ez batak ez besteak ez ditu bere egin, oro har, “Inkomunikatutako atxiloketaren eremuko berme sistemari buruzko azterlana eta hobekuntza proposamenak” azterlanean (2010eko urteko txostena) eta urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.8 atala) jaso ditugun bideo-grabaketari buruzko proposamen berriak. Halaber, ez dute bermatzen grabatutako materiala gehienez grabatutako jarduketetatik etor litezkeen balizko erantzukizun administratiboak eta penalak preskribatzeko epean gordetzea, eta ondorio horietarako ez dute kontuan hartzen giza eskubideak bermatzeko erakundeek, hala nola Arartekoak, esku hartzeko epea; hori defendatzen ditugun irizpideetatik aldentzen da eta mekanismoaren berme izatea mugatzen du.
Zentro bietan egiaztatu genituen atxiloketak, oro har, behar bezala bideratuta zeuden, erregistroak zuzen beteta eta izapideak arrazoizko denboretan eginda. Hala ere, kontsultatu genituen eskubideak jakinarazteko aktek ez zituzten betetzen Prozedura Kriminalaren Legeko 520. artikuluko baldintzak; izan ere, atxiloketa eragin zuten egitateen kalifikazio juridikoaren berri ematen zuten, ez egitateen euren berri. Ertzaintzaren atxiloketa zentroetan urtero ohartarazten dugu jardunbide horretaz, baina oraindik ez da zuzendu. Aktak ere ez ziren egokitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren prozesu penaletako informazio eskubideari buruzko 2012ko maiatzaren 22ko 2012/13/UE Zuzentarauan jasotako arauketari, eta atxiloketari dagozkion gainerako alderdietan ere ez zen betetzen zuzentaraua.
Udaltzaingoan kontsultatu genuen atxiloketa baten erregistroetan abokatuen laguntza eskatu zen, baina hura ez zen agertu eta, hala ere, inguruabar hori eta haren arrazoia ez ziren agirietan jaso; hori dela-eta, gogorarazi behar dugu erregistroen eta atxiloketari lotutako gainerako agirien edukiak fideltasunik eta handienaz zehatz-mehatz islatu behar dutela atxiloketa nola burutu den (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorreko III.6 atala).
Zentro horietan atxilotzeko egintzan bertan ez zaio atxilotuari ematen bere eskubideei buruz une horretan ahoz emandako informazioa jasotzen duen agiririk, ezta eskubideen berri eman izanaren aktaren kopiarik. Bestalde, atxilotuari ez zaio atxiloketaren lehen unetik ematen abokatuen laguntzarik urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean adierazi genuena betez (III.1 eta III.2 atalak).
Ertzaintzaren zentroan orokorrean baino ez da jasotzen burututako gorputzaren miaketan zehazki zer egin den eta hala egiteko zioak zehaztu gabe, miaketa guztiz biluzik egin ezean. Udaltzaingoari dagokionez, ez da jasotzen nola egin den ezta modu batean edo bestean egiteko zioak ere. Jokatzeko modu biak gure gomendioetatik aldentzen dira (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorreko III.5 atala eta “Miaketa polizialaren dilijentzia poliziaren bulegoetan”).
5.1. 2014an Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak da kexa gehien jaso duen administrazioa, eta haren ondoren Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek. Administrazioek jarduketa okerra egondako kexa askotan euren jardunbidea zuzendu dute. Halaber, oro har, modu onargarrian bete dute Arartekoari laguntzeko betebeharra, baina oraindik gure eginkizunak modu egokian betetzeko zailtasunak aurkitzen ditugu. Oraindik ere arazorik ohikoenak egiten ditugun informazio eskaerei erantzuteko luzamendua eta galdetzen ditugun kontu jakinei eta egiten dugun balorazioari ez erantzutea dira.
5.2. Poliziaren eginkizunaren erabilerari buruzko kexetan maiz errepikatzen diren arazoak agertu dira berriz, hala nola indarraren erabilera eta haren barneko kontrola, ustez okerrak diren jarduketen barne ikerketa, argiketen eta salaketa administratiboen kontrola, eragiten dituzten egitateei dagokienez, kontra-salaketa, bide publikoko identifikazioak, hutsegiteengatiko atxiloketa, agintekeria eta agenteek identifikazio profesionaleko zenbakia emateari uko egitea. Arartekoaren 2014ko otsailaren 20ko eta 2014ko ekainaren 9ko ebazpenetan kontu horietako batzuk aztertu dira.
5.3. Oraindik ez dira ezarri gomendatu ditugun mekanismoak indarraren erabilera eta argiketen edukia ikuskatzeko. Oro har, polizia jardunbideak ikuskatzeko gomendatu ditugun mekanismo gehienek ere ezarri gabe jarraitzen dute (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorreko II. atala). Ikerketari dagokionez, beste urte batzuetan ikusi ditugun gabeziek diraute. Oraindik dirauten arazoetako batzuk edukia urriegia izatea eta poliziaren jarduketari berari lotutako kausa penalaren izapidetzean babestuta ez ikertzea dira. Halaber, berretsi dugunez, oraindik ez da jardunbide protokolo argi eta zehatzik ezarri.
5.4. Berriz ere, etorkinak identifikatzeko egindako kontrol orokor batek kexak eragin ditu. Hala ere, oraindik ez dira ezarri eremu horretan jarduketa diskriminatzaileak saihesteko gomendatu ditugun prebentzio mekanismoak (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorreko VI.1 atala).
5.5. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari Ertzaintzan arraza profilen garapena prebenitu eta kontrolatzeko neurriak hartzea gomendatu diogu (Arartekoaren 2014ko abenduaren 10eko Ebazpena); izan ere, gure aburuz, delinkuentzia prebenitzeko plan batean arraza jatorriagatik egin zen identifikazio jarduketen plangintza ez zegoen justifikatuta eta ez zituen betetzen eskatzen diren baldintzak diskriminatzailea ez zela ulertu ahal izateko. 5.6. Trafikoari buruzko kexak batez ere zehapen araubideari buruzkoak izan dira berriz ere, eta berriz utzi dituzte agerian hutsegiteen frogari, jakinarazpenei eta formula estandarizatuen erabilerari lotutako arazo batzuk.
5.7. Bilboko Udalari Trafikoaren eta Aparkamenduaren Ordenantza (TAO) aldatzea gomendatu diogu, desgaitasuna duten pertsonen ibilgailuen aparkamendu araubide berezian mugitzen diren ibilgailua gidatu ez arren aparkamendu txartel bakarra duten pertsonak sartzeko (Arartekoaren 2014ko urriaren 30eko Ebazpenean), ulertzen baitugu pertsona horiek kanpoan uztea diskriminatzailea dela eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkamendu txartel bakarra arautzen duen abenduaren 5eko 256/2000 Dekretuan ezarritako eredua urratzen duela.
5.8. Oraindik ez da guztiz bete polizia funtzionarioek polizia uniformean bistan dagoen toki batean identifikatzen dituen zenbaki edo erreferentzia bat eraman dezaten egin dugun gomendioa (urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorreko V. atala). Berriz errepikatu behar dugu zenbakia zalantzarik gabe ikusi behar dela herritarrek poliziekin harremanak izan ohi dituzten distantziatik.
5.9. Aurten bisitatu ditugun Sestaoko Ertzaintzaren eta Santurtziko Udaltzaingoaren atxiloketa zentroak, oro har, egokiak dira euren eginkizunerako, baina ez daukate adingabeentzako berariazko bulegorik eta irisgarritasuneko arazoak dauzkate. Udaltzaingoarenean aurreko bisita batean aurkitu genituen arazoetako batzuek diraute.
5.10.. Zentro bietan atxiloketen grabaketak gordetzeko epea ez da nahikoa mekanismoa eraginkorra izan dadin. Erakunde honek proposatu dituen beste neurri batzuk ere ez dira hartu, eta horrek haren berme izaera mugatzen du.
5.11. Bisitetan egiaztatu genituen atxiloketak, oro har, behar bezala bideratuta zeuden, erregistroak zuzen beteta eta izapideak arrazoizko denboretan eginda. Hala ere, eskubideen berri emateko aktek ez zuten jasotzen atxilotuari egozten zitzaizkion egitateen berri eman izana. Aktak ere ez ziren egokitu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren prozesu penaletako informazio eskubideari buruzko 2012ko maiatzaren 22ko 2012/13/UE Zuzentarauan jasotako arauketari, eta atxiloketari dagozkion gainerako alderdietan ere ez zen betetzen zuzentaraua. Bestalde, gorputzaren miaketa egiteko eta dokumentatzeko modua ere ez dator bat gure gomendioekin eta abokatuen laguntza ez da lehen unetik ematen, urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorrean (III.1 atala) adierazi genuena betetzeko.