12. Osasuna
1. Arloa kopurutan
Aurten 90 kexa jaso dira guztira, honela banatuta azpi-arloen arabera:
• Erabiltzaileen eskubideak 32
• Osasun laguntza 18
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 16
• Itxaron zerrendak 10
• Herritarren eskubideak 9
• Kontratazio-araubidea, ondarea eta administrazioaren erantzukizuna 3
• Osasun publikoa 2
Abenduaren 31n arloko kexen informazio estatistikoa honakoa da.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Hautapena
Oraindik jaso ditugu Osasun Sistema Nazionalaren jasangarritasuna bermatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuko, erreformei eta lege testuinguru berri horretan gure autonomia erkidegoan egin den arautegi autonomikoari lotutako kexak. Osasun zerbitzuen eta erabiltzaileen arteko erlazioekin edo azken horiek haien funtzionamenduari buruz espero dutenarekin zerikusia duten beste kontu batzuen aldean ezin esan dezakegu aurten protagonismo berezia izan dutenik.
Osasun arreta publikoko erreformei lotutako kexak eskuratzeko eskubidearen onarpenaren ingurukoak izan dira, bai aseguratuei zein onuradunei dagokienez. Eraketa berriak zenbait alderditan argitasunik ez duela berretsi dugu; hori dela-eta, pertsonek ez dute beti jasotzen informazio argia eta adiera bakarrekoa euren egoerak doako osasun laguntza jasotzeko bidera daitezkeen moduari buruz.
Jakina denez, egun gure autonomia erkidegoan egoera irregularrean dauden atzerritarrentzat osasunaren eskuragarritasuneko erabateko parekatzea urtebete lehenagotik erroldatuta daudenei iristen zaie. Baldintza hori betetzen ez dutenek zenbait zerbitzu eskura ditzakete, familia-medikua esleituta, baina ezin dute erabat egin.
Beraz, gauden unean ezin dugu esan osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea denik eta, beraz, unibertsala denik. Testuinguru honetan, eskubide hori oraindik onartuta ez duten pertsonak hainbat egoeratan daude, eta batzuk Osasun Sailak urtebetez erroldatuta egotearen baldintza betetzen ez dutenentzat aurreikusi dituen formulek jaso ez dituzten egoeretan daude.
Pertsona horien orientabidea, osasun publikoko sistemara hurbiltzea bultzatuz edo haien egoerak lehen aldiz doazen eta osasun agiririk ez dutenentzat jarritako bideen bidez bideratuz, egiteke dago oraindik.
Beharbada, sistemak dauzkan informazio puntuetan, izan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarenetan, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua, -Osasun Sistema Nazionaleko osasun prestazioen Euskadiko Autonomia Erkidegoaren eremuko araubideari buruzkoa- edo Aseguru eta Kontratazioaren Zuzendaritzaren jarraibideak aplikatzean, edo Osakidetzan laguntza ematean edo legediak babestutako kasuetarako (adibidez, haurduntzari arreta emateko) hitzorduak ematean, pertsona horiei arreta ematen dietenen prestakuntza faltagatik da.
Atzerritar egoiliarrak dauden egoera mota guztiei, euren baliabideekin euren osasun laguntzari aurre egiteko zailtasun ekonomikoak dituztelarik, zenbait administrazioren (Osasun Saila, INSS edo Barne Ministerioa) jarduketa batzen zaio, eta haietako bakoitzaren erabakien irakurketa isolatura darama horrek batzuetan. Hura bideratzea ez da beti erraza, ezagutu ditugun kasuetan, behintzat, ondoren posible izan den arren.
Esaterako, kasu batean laguntzarako eskubidea ukatu zitzaion Espainian modu erregularrean, familia berrelkartzearen bidez, sartu zen pertsona bati. Horrek esan nahi du berrelkartzeagatiko baimena eskatu zuen unean pertsona hartzailearen baldintza ekonomikoak hartu zituela aintzat Barne Ministerioak, eta ez hatutako pertsonarenak (Espainian atzerritarrek dituzten eskubideei eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoa, 2/2009 Lege Organikoaren bidez erreformatu ondoren, onartu zuen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuko 53. eta hurrengo artikuluak).
Geroago, pertsona hartzailearen egoera aldatu egin zen, lana galdu baitzuen. Horren ondorioz, hartutako pertsonak ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren babesa eskatu zuen, eta hori ere ezetsi zitzaion, familia berrelkartzea onartu zitzaion baldintzetan oinarrituta.
Datu guztiak bildu ondoren haren nahia bideratu ahal izan bazen ere, gure ustez horrek erakutsi egiten du parte hartzen duten eragileen aniztasunak beti erraza ez den prestakuntza eskatzen diela administrazio eskudunei.
Atzerritarren laguntzarako eskubidearen eremu berean, esan behar dugu adingabe atzerritar batentzako osasun laguntzari lotutako egoera baten berri eman digutela berriz.
Egungo xedapenaren arabera, adingabe atzerritarrak eskubidea dauka laguntza espainiarren baldintza berberetan jasotzeko (maiatzaren 28ko 16/2003 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa, 3. artikuluan, 16/2012 Errege Lege Dekretuak emandako idazketa berrian) baina zenbait interpretazio sortzen ari da.
Aztertutako kasu batean, INSSk irregulartzat jo zuen adingabe bat Espainian egotea; horren ondorioz, kexa jarri zuen unean, ezin zen bere aitaren aseguruaren onuradun izan.
Ukatzeko kausarekin bat etorri zein ez, onuradun izaera onartzeko eskumena duenak (INSS) onartzen ez duela ikusita, adingabearen egoera bideratzeko bidea bilatu behar genuela iritzi genion; izan ere, egoera irregularrean jo zuten, baina aldi berean egoera irregular horretan daudenentzat dauden beste bideetatik kanpo utzi zuten (bizileku baimenik gabe).
Orduan harren erroldatze denbora urte bat baino laburragoa zen eta horrek haren kasua zailtzen zuen ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren eremuan, baina, hori gogoan izanda, arrazoizkoa iritzi genion, ukatzeko arrazoi haren egoera irregularra onartuta, kasua gure informazio eskaeran aipatutako 16/2003 Legeko 3. artikuluan onartua izateari eta, beraz, laguntzaren doakotasuna eskuratu ahal izateari.
Planteamendu horrek ez du ulertarazi behar gure ustez adingabe orok, atzerritarra izateagatik, laguntza doakorako eskubidea duenik. Gure proposamenak adingabearen egoera berezia izan zuen kontuan: laguntzarako eskubidea zuen aitaren semea, zeini organo eskudunak (INSS) ez zion onartzen onuraduna izateko eskubidea egoera irregularrean egoteagatik.
Ikuspegi horretatik, gure ustez adingabe hura zegoen egoera bereziak laguntzarako doakotasunaren justifikazioari buruzko egindakoaz beste ebaluazio bat ahalbidetzen zuen, 16/2003 Legeko 3. artikuluaren babespean.
2.2. Erabiltzaileen eskubideak
Eskubideen enuntziatuan desadostasunik ez dagoenean haiek gauzatzeko zailtasunak badaude batzuetan, arazoa are handiagoa da enuntziatuan edo edukian bat etorri ezean. Horren adibide da aldi baterako desplazatutako pertsona bati larrialdikoa ez zen laguntza espezializatua uko egitea.
Kexa batean azaldutako egoerak erakutsi egin digu gure iritziz okerrak diren funtzionatzeko ereduak daudela. Zehazki, lehen laguntza eskaini ondoren laguntza espezializatuko balizko eskaerak, larrialdikoak ez direnean, ezesten diren egoerez ari gara.
Pertsona horrek emandako datuak ikusita, haren egonaldi/desplazamenduaren aldia erroldatzea aldatzeko eskatzen dena baino txikiagoa zen. Ezusteko familia arrazoiek haren egonaldia luzatu zuten.
Ikusitako datuetatik ondoriozta daiteke jokabide hori ohikoa dela beste osasun sistema batzuetan eta, beraz, ez dela Euskal Osasun Sistemaren berezitasun bat. Dena dela, hori gogoan hartuta ere, ez dugu aurkitu ordenamenduak laguntza motan murrizketarik babesten duenik izatezko desplazamenduan oinarrituta eta, gainera, eskatzen duena ez dago behartuta laguntza behar izan duen autonomia erkidegoan erroldatzera.
Aitzitik, gure ustez jarduketa horiek euren patologiaren arabera dauden tokian daudela jasotzeko eskubidea dutenen osasun laguntza mugatzen dute. Nahi hori babesten du Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko 16/2003 Legeak, zeinek, 4. c) artikuluan, prestazioen katalogoan onartutako osasun laguntza dagoen autonomia erkidegoan jasotzeko eskubidea jaso duen. Bestalde, Lege bereko 24. artikuluak xedatu duenez, eskuragarritasuna lurralde nazionaleko tokia zein ere den bermatuko da.
Osasun laguntza hori Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroaren arabera gauzatu behar litzateke.
Ezin da alde batera utzi eskubidearen lege eraketa hori, laguntzaren jarraikortasuna dagoen osasun sistemaren erabiltzaileentzat aurreikusitako itxaron denborei egokitu behar bazaie ere.
Horregatik, Arartekoak jasotzeko eskubidea duten pertsonen laguntza espezializatuko eskaerei erantzutea gomendatu du, aldi baterako desplazatuta egon zein ez.
Atal honen barruan kokatu dugu pertsona batek jarritako kexa. Osakidetzaren mendekoa ez zen zentro batera bideratua izateko baimena eskatu zuen berak.Eskaera artatzea hemoderibatuen transfusiorik gabe egin nahian oinarritu zen, arrazoi erlijiosoengatik (Jehovaren lekukoa).
Kexaren alderdietako bat zen senda-agiria eman ziotela. Ospitaleak honela argitu zuen puntu hori: “Egun duen egonkortasun klinikoa dela-eta, infekzio aktiboen daturik gabe, eta pazientea ahoaren bidezko osasun tratamenduaren bidez kontrolatuta egonda, ospitalean senda-agiria ematea eta bilakaera ikustea erabaki da.” Erantsi zuenez, transfusioa saihesteko ahal zen guztia egingo zela eta guztiz beharrezkoa izanez gero baino ez zela egingo jakinarazi zitzaion, baina gaixoak bere erabakiari eutsi zion.
Medikuen erabaki hori zalantzan jarri ez zenez gero, ulertu genuen, datu gehiagorik ezean, administrazioak eskatutako ospitalera aldatzeko izapideari ez ekiteak ez zekarren, berez, ospitaleak laguntza ukatzerik, ordenamendu juridikoak osasun sistema publikoari, kasu honetan Osakidetzari, emanarazten dion zentzuan. Ondorio horretara iritsi ginen justizia auzitegiek egindako analisia ikusi ondoren; haren arabera, ez da funtsezko eskubiderik urratu osasun sistema publikoko osasun zerbitzuek euren pazienteei osasun laguntza haiek, Jehovaren lekukoak izateagatik, edo beste erlijio batekoak izateagatik, zein beste inguruabar batzuengatik, egokiak deritzeten baldintzetan emateko konpromisorik ez hartzeagatik.
Antzeko arazoa sortu zen beste kexa batean, kasu honetan euren sinesmenengatik artatzerako aurreikusitako baldintzei eragozpenak jartzen dizkieten pertsonei arreta eman behar dien pertsonaren ikuspegitik. Kontzientzia eragozpenaren ikuspuntutik azaldu zuen bere jarrera.
Eragozpenaren aplikazio praktikoa ez da erraza eta mugak izan ditzake. Kasu jakin bakoitzean egiaztatu behar da; izan ere, adibidez, ez da gauza bera bizi larrialdiko egoeretan hartutako erabakia, non medikuek baimenik gabe jardutea lex artis-en babestuta egon daitekeen, edo programatutako artatze bat egin behar denean har daitekeena, halakoetan posible baita, artatzea behar duen pertsonaren baimena ez ezik, ospitaleak gaixoaren sinesmenen arabera burutzeko baliabideak edukitzeko aukera ere ebaluatzea.
Ikuspegi juridikotik, ezin dugu esan transfusioaren arbuiatzea bere sinesmen erlijiosoetan babesten duenak hala egiteko eskubiderik ez duenik. Baina horrek ez du esan nahi beste teknika bat erabilita artatua izateko eskubidea duenik; horrek, gainera, medikuei tekniken fidagarritasunen araberako irizpideak ezartzea ekar lezake.
Dena dela, gerta daiteke ospitaleek baliabideak edukitzea eta, beraz, transfusioa ez diren jardunbideak erabiliz artatzeko moduan egotea. Horregatik, ospitale batean paziente bati dagokionez zerbitzuak ematen dituen pertsonaren erabakiak ez luke haren antolamendutik kanpo geratu behar. Horregatik, gure ustez ezin da errezeta bakarra erabili, kasuaren inguruabar zehatzak (adingabetasuna, beste aukerak egotea, bizi larrialdia, etab.) ebaluatu gabe.
Mediku aldaketek, gehienetan ofizioz egindako aldaketen ondorioz, kexak eragin dituzte berriz ere. Saihestezinak direla onartuta, gure jarduketak aurreko medikuarekin jarraitzea eskatu dutenek emandako arrazoiak aztertzea bilatu du.
Zerbitzu espezializatua eta ospitalea hautatzeko eskubideari dagokionez, ikusi ditugun datu batzuek eskubide hori behar bezala aintzat hartzen ez dela adierazi digute, batzuetan bigarren iritzia izateko eskaerekin nahastuta.
2.3. Osasun laguntza
Haurdun zegoen emakume batek desadostasuna adierazi zuen ospitalean eman zioten arretarekin. Kexa hori Erdiratze Arrunta Artatzeko Estrategiaren eremuan kokatzen dela ulertu genuen; horretarako Erditza arrunta artatzeari buruzko gida praktiko klinikoa prestatu zen.
Gida horretan honakoak jaso ditu: ahalik eta ezagutzarik onenean oinarritutako jardunbide kliniko egokiak hedatzea eta erabiltzea, emakumeek erabakietan parte hartzea, profesionalak prestatzea eta ikerketaren sustapena, Osasun Sistema Nazionalaren testuinguruko lan ildo nagusi gisa. Kexan adierazitakoaren arabera, bidea egiteke dago.
Gure ustez, osasun laguntzari buruzko atal honetan kokatutako zenbait kexa ondare erantzukizuneko prozeduran bideratu behar ziren, eta zentzu horretan informatu dugu.
Hala ere, berriz gogorarazi behar dugu, batzuetan, kexaren aurretik erabili den pazientearen arreta zerbitzuen aurreko erreklamazio bidean tratamendu hobea izateak haren laguntzan esku hartu zutenek ordura arte argitu ez zituzten haren laguntzaren alderdiak argitzeko balio dezake.
Patologia artatzeko behar den medikazioaren eskuragarritasunak zenbait kexa eragin ditu.
Batzuk haiek agintzea baimentzeko prozedurari lotuta egon dira, gehienetan Osakidetzako Farmazia Batzorde Korporatiboak onartzen luzatzeagatik, ospitaleko farmazia zerbitzuak proposatu ondoren. Beste batzuetan baimentzeko prozedurari; izan ere, aurreikusitako mekanismoen –haien artean, prezioak finkatzea eta finantzaketa- bizkortasunik eza ez da zio bakarra (adibidez, C hepatitisa artatzeko medikamentu berriei buruzko jarrera terapeutikoen txostenak). Kexetan, pazienteek aldeak ikusten zituzten euren aburuz berdinak ziren egoeretan eta sentitzen zuten ez zeukatela informazio kliniko nahikorik, adibidez, C hepatitisa zuten gaixoen lehentasuna azaltzeko.
Farmazia prestazioko koordainketari dagokionez, kexa batzuek bizkortasun faltaren berri eman dute, osasun txartelak ekarpena jasotzeko darabiltzan datu ekonomikoak pazienteen uneko inguruabarrei egokitzeko.
Laguntza bidezko ugalketako tratamenduak (LUT) eskuratzeari buruzko kexa gehiago jaso ditugu. Batzuek adinaren arazoa adierazi dute, dagoen itxaron beharrari lotuta. Adinaren irizpideari dagokionez, gerta daiteke, lehendik zeuden itxaron denborak luzaroan handitzeagatik, itxaroteko baldintza arruntetan tratamendua jasoko zutenek ezin hura eskuratzea 40 urte bete izanagatik. Halako egoeretan, gure gomendioa inguruabar hori kontuan hartzea da, lehentasuna baztertu gabe, tratamendua eskuratzeko bidezko itxaropena itxaron denbora luzatzeagatik zaputz ez dadin.
Prestazio horri dagokionez, ezarpenaren aurreko diagnostiko (EDG) baterako baimena ukatu zaio elkar-traslokazioa zeukan emakume bati. Eskaeraren ezeztapena lehendik seme-alabak edukitzearekin izan du zerikusia.
Beste espediente batzuetan halako kasuetan EDG egiten ez bada dagoen arrisku egoera adieraz da. Zehazki, seme-alabarik gabeko emakumeak ziren eta beste ziklo bat onartzeak (3 ziklori jarraitu zieten) prestazioaren baldintza bat ez betetzea zekarren.
Osasun Sailak jakinarazi zigunez, Osakidetzako laguntza bidezko giza ugalketaren jarraipen batzordeak egoera horiek baloratu zituen, eta haren arabera, prestazio hori eskuratzeko irizpideak ezartzeko arrazoien ikuspuntutik, gaitz genetiko baten posibilitatea ez zen salbuespena arrazoitzeko inguruabarra. Eraginkortasuneko irizpidea (3. ziklotik aurrera arrakasta-tasak duen murrizketa handia) kontuan hartuta, ez zen finantzaketa publikoaren bidez ordaindu behar.
Beste gogoeta bat ere helarazi zigun, ordea: desberdina da gaitz genetikorik gabeko ondorengoak bilatzeari dagokion balioa eta modu naturalean ondorengorik edukitzerik ez duen emakume batengan ondorengo biologikoak bilatzeari dagokiona.
Kasu honetan ez zen gertatzen hiru ahalegin agortu izanaren egoera zeinek, Laguntza bidezko Giza Ugalketaren Batzordeak adierazi zuenez, arrakasta-tasa urria iragarriko zukeen, finantzaketa publikoaren ikuspuntutik kontuan hartzeko elementua izanik.
Gaitz genetikorik gabeko ondorengoak lortzeko xedea antzutasunaren tratamenduetarako kontuan hartutako irizpideen salbuespen arrazoitua izan liteke. Halako kasuetan EDG emakume antzu bat artatzera zuzenduta ez dagoen prestaziotzat hartzeko aukera proposatu zuen iradokizuna ez zen onartua izan.
2.4. Itxaron zerrendak
Atal honetako kexa askotan ikusi dugunez, zegokien arreta zerbitzura joan ondoren, artatuak izateko espero zitekeen itxaron denborari buruzko informaziorik gabe jarraitzen zuten pazienteen informaziorik eza ohiko egoera da.
Kexen alderdi garrantzitsu hori aurreko txostenetan aipatu dugu; haietan adierazi genuenez, artatua izateko zain dagoenaren ziurgabetasuna murriztu ahal izateko informazio maila egon behar litzateke.
Itxaronaldiei buruz batzuetan azaldu diguten beste alderdi bat, haiek luzeak direnean, aldi baterako ezintasuneko egoerekin duen erlazioa da, batez ere haiengatik aldi baterako ezintasuneko egoera hori agor daitekeenean.
Interesdunak bere ezintasuneko egoera amaiaraz liezaiokeen arazoa saihestu nahi izatea, arrazoi klinikoa ez bada, bidezkotzat jo behar dugu. Bestalde, justifikatuta dago medikuak ere pazientearen prozesu klinikoa bere irizpidearen arabera juzgatzeko aukera ere, emandako datuak ikusita, artatzea aurreratzeko datu klinikorik egon gabe.
Baina kexa horiek, agian, kontuan hartu behar litzateke laneko bajen kudeaketa eta prestazioa hobetzeko INSSrekiko lankidetza hitzarmenekin lortu nahi den helburuari dagokionez; haietan, osasun sistemen eta Gizarte Segurantzaren arteko lankidetzaren bidez aldi baterako ezgaitasuneko egoeren estaldurak Gizarte Segurantzaren sistemaren jasangarritasunerako dauzkan ondorioak arindu nahi dira.
Kexa horiek agertzen duten alderdia, seguruenik, lankidetza hitzarmen horiengatik berdina ez bada ere, azaltzen ari garen arazoa ez dago helburu horretatik kanpo; izan ere, laguntza azkarragoak ezgaitasuneko egoera ahal den neurrian murrizten lagundu dezakeen moduarekin ere badu zerikusia.
2.5. Funtzionamendua
Sektoreko greba baten ondorioz larrialdiz kanpoko anbulantzia programatua erabiltzerik izan ez zuten paziente batzuen egoerak pentsarazi egin digu eragindako pertsonek ukoaren zioei buruz jaso zuten informazioa ez zela behar bezain zehatza.
Gutxieneko zerbitzu gisa (printzipioz larrialdiak, hemodialisiak eta onkologikoak) sartzen ez diren garraioak geratzen diren egoera ez da oharkabean igaro 2014ko otsailaren 17ko Aginduan; izan ere, atzeratzeak gaixotasunaren bilakaera eragin liezaiokeen kasuez mintzatzean, honakoa dio: <“Beste kasu batzuetan, osasun prestazioa denboran programatzeak zerbitzu horien erabilera malgutu dezake, une batzuetan, osasun sistemaren funtzionamenduan zailtasunak eragin arren.”. Hortaz, garraiatze batzuk, printzipioz, aldatu egin daitezke pazienteen egoera klinikoek hala ahalbidetzen dutelako.
Informazio egoki eta zehatzagoak, artatzeko anbulantzia eskatu zen premia klinikoa bideratzea ahalbidetuko zukeen, adibidez, garraiobide horretan garraiatzea aurreikusi zen artatzea birprogramatuz eta, seguruenik, bide pribatu batera jo ondoren kostua erreklamatzeko eskaerak ezetsita ikus ditzaketenen frustrazioa saihestuko luke.
Osasun garraioaren prestazioa beste bide bat erabiltzeko ezintasun fisikoan edo beste kausa kliniko batean oinarritzen da. Horregatik, greba baten ondorioz hura programatutako egunean erabiltzerik ez dutenean, eragindako pertsonei une horietan zerbitzua burutzen den testuinguruaren berri eman behar zaie, hots, programatuta zeukaten anbulantzia ukatzeko kausak jakinarazi behar zaizkie.
Gutxieneko zerbitzuek, printzipioz, kontsulta, proba edo tratamendu atzeraezinen joan-etorriak bete behar dituzte.
Gutxieneko zerbitzuen Aginduan berariaz jasotako kasuetatik kanpo, egoera atzeraezinen aurrean noiz gauden erabakitzea konplexua izan daiteke, bestek beste, grebaren iraupena, oro har, ezin delako iragarri eta hitzorduak atzeratzea ez da beti posible edo ondoriorik gabea.
Horregatik, aurreikusitako laguntzaren eguna birprogramatzeko aukeraren eta, behar balitz, horrek artatzen ari den patologiaren bilakaerari eragin liezaiokeen moduaren berri ematea komeni da.
Atal honetan inoren baliabideekin egindako tratamendua baimentzeko prozedura batzuk kokatu behar ditugu; haiei modu bizkor edo dinamikoagoan heltzeak emaitza hobea emango zuen seguruenik. Hala iradoki zuen kimioterapia tratamendu baten aurreko kriozainketako prozesu bat eskuratzea ukatu izanaz ziharduen kexa batek.
Osakidetzan eskuragarri ez zegoenez gero, inoren baliabideetara jotzeko lehenagoko baimena eskatu zuen. Emaitza aztertuta gauzak honela gertatu zirela ondorioztatu genuen: pazienteak hasierako kontsulta bat egin zuen kriozainketa eskuratzeari buruz eta kontsultari emandako ahozko erantzuna dela-eta, prozedura hori Euskal Osasun Zerbitzuaren eskaintzan ez zegoela esanez, idatzizko eskaera formala aurkeztu zuen, zein tratamendurako behar zen medikamenduaren errezetarako bisatuaren eskaera bezala interpreta liteke.
Dialektikari begira, onartuta eskaera hori ez zela onartu gure autonomia erkidegoko zentro pribatu batera bideratzean zetzala ulertu ez zelako, arrazoizkoa da pentsatzea osasun administrazioak, funtzionamendu ahalik eta onenaren ikuspuntutik, hasiera batean Gregorio Marañón Ospitalera bideratzeko aukeraren berri eman behar ziola.
Informazio bizkorragoak kimioterapia tratamendua hasi aurretik kriozainketako prozedura eskuratzea ahalbidetuko zukeen; hura ez zen posible izan, lehen saioa Osasun Sistema Nazionaleko zentro batera bideratzeko aukera jakinarazi ziotenean izan baitzuen.
Ondare erantzukizuneko espedienteen izapidetzeari dagokionez, kexa gehiago jaso dugu izapidetzearen iraupenagatik. Ez dugu alde batera utzi nahi espediente horien analisiak eta izapidetzeak eduki dezaketen konplexutasuna, baina ordenamendu juridikoan xedatutako epea luze gainditzeak hura aiparazten digu.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak ekarri duen funtsezko aldaketaren ondoren, haren alderdi jakin batzuk arindu egin dira talde jakin batzuek gure autonomia erkidegoan laguntza eskuratzeari dagokionez (ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua).
Bestalde, Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako osasun tratamenduei atxikitzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuak, laguntzak ezarri ditu medikamenduen prezioak tratamenduei jarraitzea galaraz ez dezan.
Iaz, Arartekoaren abenduaren 24ko 8/2013 Gomendio Orokorrean jasotako arrazoietan oinarrituta, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan ezarritako urtebeteko erroldatze muga berrikusteko eskatu genuen, Osasun Sistema Nazionalaren aseguratu edo onuradun ez diren pertsonen osasun laguntzarako egiazko eskuragarritasuna posible izan dadin.
Beste aukera batekin, Osasun Saileko Aseguratze eta Kontratazioaren Zuzendaritzaren jarraibide jakin batzuek laguntzaren jarraikortasuna bermatzea bilatu dute, osasun publikoaren ikuspegitik, 114/2012 Dekretuaren onarpena iritsi ez zaien pertsonek behar duten tratamendu farmakologikoa emanez. Halaber, azpimarratu egin behar da pertsona horiei familia-mediku bat esleitzea, haien osasun prozesuen jarraipenari laguntzeko.
Osasun Sailak jarraibideen bidea hautatzeko arrazoiak ez dira apetatsuak (zuhurtasuna Estatuko administrazioak aurkaratuko balu). Baina jarraibidearen tresnak ematen duen segurtasun juridikoa ez da haren hartzaileek xedapen orokor baten esparruan leukaketenaren parekoa; horregatik, gure ustez ez da alde batera utzi behar aipatu Dekretua egokitzearen bidea. Berariazko modalitate teknikoak proposa litezkeela onartuta ere, osasun laguntzarako eskubidea talde horri zabaldu behar litzaioke lurraldean egiatan bizi dela egiaztatzen denean.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Gure jardueraren iturri nagusia banako kexak dira oraindik; haietako batzuek gomendio orokorrak ekartzen dituzte, hala nola iaz dokumentazio klinikoa eskuratzeko irizpideen egokitzapenari buruz egindakoa, edo Osasun Sistema Nazionalean aseguratu ez diren pertsonen osasun laguntzari buruzkoa, arau testuinguruari buruzko 3. atalean aipatu dugunez; izan ere, egun osasun laguntzaren eskuragarritasun osoa oraindik baldintzatzen duen araudia egokitzean datza.
Gomendio horien edukiaren inguruan sortzen diren alderdien jarraipena arlo honetako ekintza planean jasota egon da.
4.1. Ofiziozko jarduerak
Zenbait hedabidek Osakidetzako langileei eragiten dieten alderdi batzuei buruz sektore batzuek adierazi dituzten desadostasunak jaso zituzten.
Alderdi horietako bat bajak ordezteari dago lotuta; egoera horrek, nola heltzen zaion, pazienteen osasun laguntzari eragin diezaioke. Eragin horrek ez luke ikuspuntu klinikora mugatuta geratu behar.
Osakidetzak 2011ko maiatzaren 9ko Lan Baldintzen Hitzarmenean aurreikusitako irizpideak helarazi zizkigun. Bajak ordezteko irizpideak, eta ez lanpostu hutsak ordeztekoak, ezagutu nahi genituenez gero, beste eskaera bat egin genuen gaixotasunagatiko aldi baterako bajak betetzeari buruz; baja horiek 6 hilabetetik beherakoak izan ohi dira, eta hasierako erantzunean azken horiek adierazi zizkiguten.
Gure ustez, kalitate estandarrek ez dute bakarrik adierazle klinikoen araberakoak izan behar. Bestela esanda, ez dirudi zerbitzu bat ibiltzeko osasun langileen ordezpena bigarren, seigarren edo hamargarren baja egunetik aurrera egitea berdin denik.
Txosten hau egiteko unean espediente hori irekita dago.
Trebiñoko Konderrian larrialdi bat artatzeko eskaeraren inguruko jarduketak burutu ziren inguruabarrei dagokienez, ofiziozko espediente bati ekin genion Osakidetzaren aurrean. Egin dugun analisia Arartekoaren 2014ko irailaren 26ko Ebazpenean jaso dugu. Haren bidez, neskatila baten heriotza tragikoagatik eta Trebiñoko Konderrian bizi den haren familiak 112 zerbitzura egindako laguntza eskaerari emandako erantzunagatik irekitako ofiziozko espedientea amaitu zen.
Ofiziozko hirugarren espediente baten bidez dokumentazio klinikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko oinarri erabiltzen diren irizpideei buruzko Arartekoaren azaroaren 5eko 9/2013 Gomendio orokorra, zeinen irizpideak Osakidetzak onartu baitzituen, betetzearen jarraipena egin nahi izan da.
Hura betetzeko, Osakidetzak idazki bana igorri die zerbitzu erakundeen gerentziei Gomendioa ezagutarazteko, eta jarraibideak bidali dira hura abiarazteko. Halaber, lantalde bat sortu da, Osasun Laguntzaren Zuzendaritzako eta Aholkularitza Juridikoaren Azpi-zuzendaritzako ordezkariek osatuta, eskuragarritasun eskaeren kudeaketako balizko aldaketak aztertzeko. Une honetan esfortzu gehienak osasun zorroan ari dira egiten, banako sarbiderako ingurune digitala izan dadin, eta sartu, zuzendu, ezeztatu eta aurka egiteko egungo prozedura egokitzen.
Lantaldearekin izan genituen bileretan berretsi genuenez, funtsean ez dago desadostasunik dokumentazio klinikoaren eskuragarritasunari buruz. Baina egungo diseinuak esfortzu handia behar du historia kliniko osoa osatzen duten dokumentuetan hirugarren pertsonen daturik edo ohar subjektiborik ez dagoela egiaztatzeko eta, egonez gero, ohar horien egileek haiek ematea onartzen duten kontsultatzeko.
Osasuneko zorroan historiaren digitalizazioari dagokionez ematen ari diren urratsek eskaera askoren kudeaketa neurri batean arinduko dutela espero daiteke.
Dokumentazio Klinikoaren Batzordearen eta lantaldearen arteko elkarlanak emaitzak emango dituelakoan gaude, egungo sartzeko prozesua egokituz.
Iaz larrialdiko laguntza bizileku baimenik ez duten pertsonei fakturatzeari buruzko ofiziozko espediente bat ireki genuen. Egoera hori 16/2003 Legeko 3. artikuluan dago jasota.
Egiaztatu dugunez, helarazi zitzaigun konpromisoa gauzatu egin da eta, egun, faktura laguntzarako eskubidea frogatuz gero baliogabetu egingo dela adieraziz igortzen da. Modu bertsuan ez bada ere, egiaztatu dugunez, jakinarazpen formalarekin batera hura frogatzeko moduari buruzko argibideak ere bidaltzen dira.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren erreformak dakarren esparru saihestezinean kokatuta, hura aplikatzea ez da erraza eskumenen erabilera partekatuarekin topo egiten dugun testuinguruan: osasun publikoaren aseguratu edo onuradun izatea onartzeko eskumena duen administrazioa (Estatua) alde batetik, eta laguntza hori gauzatzeko eskumena duen administrazioa (Eusko Jaurlaritza) bestetik.
Horri erantsi behar diogu osasunaz (INSS edo Osasun Saila) besteko hirugarren administrazio batek bizileku baimena bere modalitate guztietan emateari dagokionez hartutako erabakiak ere aintzat hartu behar direla. Ordenamenduak xedatu duenez, hura emateko baliabide nahikoak eta osasun asegurua edukitzea frogatu behar da. Lege xedapen batean oinarritutako presuntzio hori ez dator beti bat errealitatean, baina inguruabarrak egiatan egiaztatu gabe aplikatzen da.
Testuinguru horretan, non, bestalde, ekintza jakin batzuk xedapen orokorrak ez diren jarraibideen mende egotea beste zailtasun bat baita, egoera berdinei arreta desberdina emateko arriskua atzeman dugu, osasun eskubidearen eskuragarritasunari lotutako eskubide bilbe hori ez ezagutzeagatik. Lege murrizketekin batera, beraz, hura aplikatzeak dakarren zailtasuna daukagu.