14. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
3 Ezintasunen bat duten pertsonak
10- Animaliak babestea eta edukitzea
1. Arloa kopurutan
2014an 7 kexa jaso dira animaliak babestearen arloan, hots, erakundeak ekitaldi horretan jasotako kexa guztien % 0,32.
2. Kexarik aipagarrienak
2. Kexarik aipagarrienak
Ekitaldi honetan azpimarratu nahi dugu, orokorrean, arlo honetan izapidetutako kexen eduki zehatza animaliak edukitzeari, partikularren etxebizitzetan, espazio publikoetan eta, bereziki, animalien harrera zentroetan edo egoitzetan, gune zoologikoak deritzen horietan, duten ongizateari dagokiela.
Alde batetik, adierazi behar dugu erakunde honetan jasotako zenbait kexa idazkitan animaliek EiTBren “El Conquistador del Fin del Mundo” telebista programan jasaten dituzten tratu txarrak salatu direla. Zehazki, programa horretan egiten diren probak salatu dira. Proba horietan, animalia biziak jan behar dira eta, haietako batean, parte-hartzaileek goitik behera irekita aurkezten den animalia baten gorputz zatiak erauzten dituzte haginkadaka. Bestalde, aipatu idatzietan aipatu edukiak dituen programaren iragarkia behin eta berriz ordutegi babestuan jartzen dela azpimarratu da.
Erakunde honek egindako eskaerari erantzunda, EiTBko zuzendari nagusiak honakoa jakinarazi zigun: “…Aztergai den programa reality bat da, biziraupen-proba muturrekoak jartzen dituena ingurune-egoera oso muturrekoetan. Azken emaitzarako, banakako eta taldekako lorpenak hartzen dira kontuan. Lehiatzaileak euren borondatez aurkeztu dira castingera, eta badakite zein diren programaren ezaugarriak.
Programa ordutegi babestutik kanpo emititzen da, eta indarrean den legeriaren arabera seinaleztatuta dago.
lnoiz, programaren autopromozioa egin denean, ordutegi babesturako egoki ez diren irudiak erabili dira, eta, gertakizun horretaz jabetuta, prebentzio neurriak hartu dira, berriro jazo ez dadin.
Produkzio eta errealizazio arrazoiengatik, programa Hego Amerikako Konoko hainbat tokitan grabatzen da, eta grabazio-aldia ez dator bat emisio-aldiarekin.
Azken edizioa Amazoniako oihanean daga girotuta, eta indiar guaraniak ere azaltzen dira. Programako hainbat proba guaranien bizimoduan eta ohituretan daude inspiratuta. Nolanahi ere, programako produkzioak hornitzen dituen abereak etxalde edo denda espezializatuetatik datoz.
Esandako guztiagatik. denboraldi honen gainekorako eta etortzeko diren edizioetarako, EiTBk ordutegi babestua zaintzeko konpromisoa berresten du, indarrean den legeriak zehaztu bezala, eta produkzio-etxearen arduradunak denon interesak bateratzeko beharraren jakitun ipiniko ditu.”
Jasotako erantzuna irakurrita, izapidetutako espedienteak amaitzeko ebazpenean, erakunde honek erabaki zuen honako oharpenak egin behar zizkiola EITBri:
1. EITBk emandako informazioa ikusita, adieraz dezakegu erakunde horrek ordutegi babestua betetzeko behar diren neurriak hartzeko eta salatutako programaren ekoizleari interes guztiak bateratu beharra adierazteko konpromisoa hartu du.
2. Horri dagokionez, esan behar dugu animaliak babesteko berme handiagoak eskatzen dituen gizarte sentsibilitate gero eta handiagoa dagoela. Ildo horretatik, Arartekoaren aburuz errealitateak animalien erabilerari buruzko eskema kontzeptualak berrikusarazten ditu. Horregatik, argi dago telebista publikoak, edonola ere, edozein bizidunekiko begirunea bultzatzeko balioak sustatzen ahalegindu behar lukeela.
Horregatik guztiagatik, EITBri iradoki genion programazio ekoizleentzako jardunbide protokoloak ezartzeko aukera azter zezala, animaliei erasotzen ez zaiela eta haien ongizatea bermatzeko kontrol neurriak ezartzeko.
Bestalde, esan behar dugu pirotekniaren erabilerak animaliei eragiten dien inpaktua salatu zuela herritar batek. Jakinarazi zigunez, zaldi batzuk halako lehergailuen erabilerak eragindako burrunbaren ondorioz hil ziren.
Horri dagokionez, azken urteotan gertakari batzuk ospatzean halako lehergailuen erabilera areagotzen ari dela, eta eragin handiena urte berrian sartzean daukala.
Gasteizko Udalak 2013ko abenduaren 20an atera zuen bandoaren bidez, urte berrian sartzea ospatzearen karietara erabili eta jaurtitako artifizio piroteknikoak arautu zituen. Beharrezkotzat jo zen ospakizun hori pertsonen, ondasunen eta animalien segurtasunarekin eta bide publikoan sortutako zaratak herritarren arteko bizikidetzak eskatzen dituen mugen barruan izan beharrarekin bateratzea. Hala, 2014ko urtarrilaren 1ean petardoak, trakak, suziriak, etab. 00:00en eta 00:15en artean erabili eta jaurtitzea onartzea eta haien erabilera ospitale, klinika, pertsona nagusien egoitza, gasolindegi edo erregai edo gas biltegi orotatik polizia edo larrialdietako zentroetatik eta animaliengandik erabiltzeko eskatzea erabaki zen.
Bando horrek jarduera pirotekniko horrek dakartzan ondorio larriak txikiagotzeko izan duen eragina ezagutzen ez badugu ere, erakunde honek behar besteko jarraipena egingo du esku-hartze aukerak aztertu eta dagozkien administrazioei bidaltzeko.
3. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Ekitaldi honetan animalien baldintzak edo ematen zaien tratua salatzen dituzten erreklamazioak pertsonen eta animalien arteko elkarbizitzan zenbait eremutan sortzen diren gatazkei buruzkoei nagusitu zaizkie.
Animalien bizi baldintzak eta pertsonek ematen dieten tratua kezka etengabea eta garrantzitsua izan da beti gure gizartean eta, noski, erakunde honek burutzen duen lanean. Horri buruzko gizarte kontzientzia ez dagokie bakarrik animalien defentsan sentsibilizatuen dauden taldeei, eta herritar gero eta gehiagoengana ere iristen dela ikusi dugu.