9. Herri-administrazioen zerbitzuko langileak
1. Arloa kopurutan
Ararteko erakundeak 422 kexa-espediente bideratu ditu herri-administrazioaren zerbitzura lan egiten duten langileen arloan. Kopuru hori 2014. urtean jasotako guztien % 19,16 da.
Honako hauek izan dira kexa horiengatik eragindako administrazioak:
• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) 67
• Tokiko administrazioa 14
• Foru administrazioa 9
• UPV/EHU 2
Edukiari dagokionez, jasotako kexak honako azpiarlo hauei buruzkoak izan dira:
• Lanpostuen balioespena 194
• Ordezkapenak 103
• Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuak 75
• Beste alderdi batzuk 9
• Oporrak, lizentziak eta baimenak 9
• Lanpostuak betetzea 8
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 7
• Ordainsariak 6
• Herritarren eskubideak 3
• Bateraezintasunak 2
• Administrazio egoerak 2
• Laneko jazarpena 1
• Prestakuntza 1
• Diziplina-araubidea 1
• Lanpostuen zerrenda 1
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen (jasotakoak zein ebazteke egoteagatik horiei gaineratutakoak) izapidetze-prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
Datu horiek ikusita, agerikoa da herri-administrazioen zerbitzuko langileen arloan asko areagotu direla kexak. Aurreko urteetan ohikoa zena baino hiru aldiz kexa gehiago jaso dira. Hala ere, horietako asko jendetza handiak parte hartu duen eta pertsona ugariri eragin dioten administrazio-prozesuei dagozkienak dira. Hori dela eta, kexak pilatu eta espediente kolektiboen bidez bideratu dira.
Oro har, kexa horiengatik ukitutako administrazioak harkor azaldu dira, eta beharrezkoa den laguntza eskaini diote erakunde honi. Aitzitik, beste behin ere, Osakidetza-EOZen jarrera uzkurra azpimarratu behar dugu, zaildu egin baitigu aurkeztutako zenbait kexa behar adineko arretaz izapidetzea. Horrela gertatu da, adibidez, ebaluaziorako eta garapen profesionalerako deialdietan. Beroriei buruz berariazko aipamena egingo dugu jarraian datorren atalean. Halaber, jarrera horixe bera gaitzetsi behar diegu Enplegu eta Gizarte Arazoetako Saileko arduradunei, bai Lanbideko lanpostu-zerrendaren proposamenari buruz, bai Lanbidera atxikitako lanpostu horien helmuga-zentroen aldaketari buruz egin diren ekimenen gainean sustatutako kexak direla-eta.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuak
2.1.1. Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetako eskala eta kategorietara sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzeko adin-mugak
Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategoriara (24. promozioa) sartzeko iragarri den deialdiak kexa asko aurkezteko bidea eman die herritarrei, zeren haien aburuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetara sartzeko hautaketa-prozesuetako adin-mugak kendu beharko lirateke.
Kexa horiek jasotzeak jarduketa bat egitera bultzatu gaitu Segurtasun Sailaren aurrean. Arartekoaren 2014ko apirilaren 3ko ebazpenean irakur daitezke berorren gaineko xehetasunak.
Jarduketa horren ondorio gisa erakunde honek ulertu du Segurtasun Sailak emandako azalpenak, une honetan, justifikazio objektibo eta arrazoizkoa direla, eta, gainera, aldez aurretik azalpen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aldeko ebazpena izan dutela; izan ere, Justizia Auzitegia Nagusiak ez du berdintasunerako printzipioaren kontrakotzat hartu agente kategoriara sartzeko ezarritako gehieneko adin-muga. Alabaina, hori guztia betiere beste erabaki judizialik ez dagoen bitartean, irizpide jurisprudentzial desberdina ezarri eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten erakundeetako eskala eta kidegoetara sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzeko adin-mugak berriz aztertzera behartuko duena.
2.1.2. Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategoriara sartzeko hautaketa-prozesua: proba psikoteknikoaren zuzenketa
Hain zuzen ere, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategoriara sartzeko hautaketa-prozesu horren barruan, zenbait pertsonak euren desadostasuna agertu dute Kalifikazio-epaimahaiak adostutako akordio baten gainean.
Aipatutako akordioak honako hauek argitaratu zituen: zuzenketa-txantiloia, bete beharreko gutxieneko puntuazioen atalaseak eta proba psikoteknikoaren (nahitaezkoa eta kanporatzailea) behin-behineko emaitzak. Proba psikoteknikoak lau ariketa zituen, hautagaien gaitasun desberdinak ebaluatzen zituztenak (arrazoibidea, ahozko gaitasunak, gaitasun espazialak eta datuen interpretazioa). Epaimahaiak ariketa bakoitzerako atalase desberdinak ezartzea adostu zuen.
Erreklamatzaileek euren kexan adierazten zutenaren arabera, erabaki horrek, deialdiaren oinarriak hausteaz gain, ez zituen betetzen enplegu publikora sartzeko prozesuetan agindu behar duten berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak. Gainera, haien iritziz, gainditzeko atalasea bera izan beharko zatekeen lau ariketetarako, epaimahaiak hautatutako irizpideak –haien arabera objektibotasunik gabeak– batzuei mesede egin baitzien eta beste batzuei kalte. Azkenik, defendatzen zuten ariketak egin ostean hartutako erabaki horrek epaimahaiaren jarduerak gardenak izateko betebeharra urratzen zuela; ariketak egin aurretik jakinarazi behar izan zutelako aipatutako atalaseak ezarri zituztela, eta ez emaitzak plazaratu ziren unean.
Behin Segurtasun Sailetik bidalitako informazioa eta dagokion jurisprudentzia aztertuta, ondorioztatu dugu deialdiko oinarriek beraiek gaitzen zutela epaimahaia hark hartutako erabakia hartzeko. Aldi berean, uste dugu ez zela izan arbitrarioa, gaikuntza nahikoa zuelako, eta modu objektiboan eta arrazoituan hartu zela, hautagaiek ariketetako bakoitzean lortu zituzten emaitzen bataz bestekoa zein izan zen ikusirik; jakina, haien identitatea ezagutu gabe, eta ariketa horiek ahalik eta pertsona-kopuru gehienak gainditu zitzala izanik azken helburua. Azken finean, ulertu dugu aipatu erabakia hartzeak deialdiaren oinarrietan aurreikusitako emaitza lortzea ekarri zuela, hau da, bakarrik gainditu zezatela proba ariketa bakoitzean gutxienez 15 puntu lortu zutenek eta lau ariketak batuta gutxienez 60 puntu lortu zutenek.
Erakunde honen iritziz, ezarritako irizpideak ez dakar berekin enplegu publikora sartzeko hautagaien gaitasun teknikoaren nagusitasunarekiko errespetu faltarik, horixe baita ordenamendu juridikoak lortu nahi duen xedea berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak elkartzean. Kalifikazio-epaimahaiak ezarritako zuzenketa-irizpideak, ariketa bakoitzerako desberdinak izanagatik ere, deialdiko oinarrietan aurreikusitako esparruaren barruan hartu ziren, eta neurri berean aplikatu zitzaizkien parte-hartzaile guztiei. Gainera, ariketa bakoitzeko erantzun zuzenek balio bera izan zuten guztientzat. Horregatik guztiagatik, erakunde honek ez du aurkitu arrazoirik ariketa bakoitzerako gainditze-atalase desberdinak ezartzen zituen epaimahaiaren erabakia zalantzan jartzeko.
2.2. Ordainsariak
2.2.1. Donostiako Udala: dedikazio bereziagatik osagarria duten lanpostuen berariazko osagarria egokitzea
Donostiako Udalaren zerbitzura lan egiten duen langile multzo batek kexa azaldu zion erakunde honi, Tokiko Gobernu Batzarrak (TGB) hartutako erabaki batzuk zirela medio. Erabaki horien artean zeuden bai dedikazio bereziagatik osagarria duten lanpostuen berariazko osagarria egokitzea, bai lanpostuak balioztatzeko proposamena onartzea eta, beraz, lanpostuen zerrenda aldatzea, lanpostu jakin batzuetan dedikazioagatik edota baliagarritasunagatik dagoen berariazko osagarriari dagokionez.
Erakunde honen esku-hartzea Arartekoaren 2014ko otsailaren 14ko ebazpenean izan du isla. Horren bidez, Udalari gomendatzen genion gai horien gainean hartu zituen erabakiak berriz azter zitzala.
Ebazpenean azaltzen den legez, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legean sartu ondotik egin gabe zeuden egokitzapenak dira. Egokitzapen horiek erabateko arauketa izan dute Donostiako Udaleko Langileen Lan-baldintzak Arautzen dituen Akordio Arautzailearen bidez, hasiera batean 2010. urterako onartu zena eta, gerora, 2012an aldatu zena.
Gure hasierako jarduerari erantzunez, TGBk erabaki zuen Arautzeko Akordioan dedikazio bereziagatik gehienekotzat ezarrita dagoen % 25etik gorako osagarriak zituzten lanpostu batzuen berariazko osagarria egokitzea eta horiei norberaren osagarria jasotzeko eskubidea aitortzea, aldeak egon zitezkeelako Akordio bereko 74. artikulua aplikatzean. Hala ere, erabaki horrek ez zuen ekidin erakunde honek bere esku-hartzearekin jarraitu eta aipatutako gomendioa ebatzi zezala, irizten baitzuen akordio horiei buruz aurkeztutako alegazioek behar bezalako oinarria zutela.
Alabaina, zenbait interesdunek justizia-auzitegien aurrean errekurtsoak jarri zituzten, eta, horren ondorioz, Ararteko erakundearen eraketarako Legeak 13.1. artikuluan ezartzen duen geldiarazpenaren legezko betebeharra kontuan hartu behar izan genuen.
2.2.2. Hirurtekoak
Justizia Administrazioan, epealdi etenetan, bitarteko funtzionario gisa lan egin zuten bi interesdunek honako hau jakinarazi ziguten: nahiz eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua indarrean sartu zenetik sortutako hirurtekoak dagoeneko kobratuta izan, arau hori indarrean sartu aurretik sortutakoak ordain ziezazkietela eskatu zutela, eta erantzunik jaso gabe zeudela oraindik.
2007. urtean onartu zen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuak hirurtekoak jasotzeko eskubidea aitortu zien bitarteko funtzionarioei. Aitorpen hori etorkizunera begira egin zen, indarrean jarri aurreko epealdian atzeraeraginik izan gabe. Baina, gerora, Auzitegi Nagusiak irizpide hori gaitzetsi eta, aldiz, ontzat jo zuen hirurteko horien ordainketaren atzeraeraginezko efektuak epealdi horretatik haratago eragin zezala.
Hori horrela izanik, lankidetza eskatu genion Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko arduradun nagusiari. Gure eskabideari erantzunez, txosten bat igorri zigun, non, laburbilduz, honakoa adierazten zen: planteatutako arazoa jadanik ebatzita zegoela, interesdunek 2009. urtean egindako lehendabiziko ordainketa-eskaeraren kariaz, aplikatzekoa zen arauko atzeraeraginik ezaren printzipioan oinarrituta.
Azkenik, urte hartako ekainean, antzinakotasunari zegozkion zenbatekoak (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua indarrean jarri aurretik sortutakoak) ordaindu zizkieten jardunean zeuden bitarteko funtzionarioei, baina ez, ordea, dagoeneko jardunean ez zeudenei. Ez genituenez ezagutzen zein ziren hori horrela izateko arrazoiak, galdetu egin genuen ea atzeraeraginik ezaren printzipioak zergatik eragin zien azken horiei bakarrik. Erakunde honetan beste txosten bat jaso zen. Bertan esaten zenaren arabera, Administrazioak konpromisoa hartzen zuen bai erakunde honetara jo zuten pertsonen eskaerak aztertzeko, bai haien egoera berean zeuden gainerakoenak ere, eskatutako zenbatekoak ordaintze aldera egin behar ziren jardunbideak egiteko asmoz.
2.3. Lanpostuen balioespena
Kexa ugari jaso dugu Osakidetza-EOZek iragarritako garapen profesionala aitortzeko deialdien gainean.
Hasiera bateko esku-hartzean, osasun-arduradunek xehetasunez azaldu ziguten, batetik, nolakoa zen deialdi horien prestaketa eta egoera, eta, bestetik, zergatik erabaki zuten abenduaren 23ko 6/2011 Legeko 19.11. artikuluan jasotako geldiarazpena aplikatzeko beharrizana zegoela, aipatu deialdietako egintza zehatzei lotuta (Lege horrek 2012. urterako EAEko Aurrekontu Orokorrak onartzen zituen, eta 2012ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean). Geldiarazpen hori Zuzendaritza Nagusiaren berariazko ebazpen bidez egin zen. Hain zuzen, igorritako dokumentazioaren artean, maiatzaren 8ko 588/2014 Ebazpenaren kopia gaineratu zuten. Horren bidez, garapen profesionalerako ohiko deialdiaren zein apartekoaren (abenduaren 29ko 1930/2011 eta 1931/2011 ebazpenen bidez deitutakoak) geldiarazpena adostu zen, baita garapen profesionalerako mailen aitorpen berrien geldiarazpena ere.
Informazio hori aztertzean, eta zehazki esateko ebazpen horren bidez hartutako geldiarazpen-erabakia, erakunde honek beste osasun-zerbitzu batzuetako ibilbide eta garapen profesionala arautzeko arauak bertan behera uzteagatik sustatu diren administrazioarekiko auzi-errekurtsoei buruzko epaietan jarri zuen arreta. Epai horiek adierazten dutenez, geldiarazpen horrek bakarrik eragiten die ibilbide profesionalari dagozkion ordainsariak jasotzeko eskubideari indarrean dagoen epealdian, baina garapen profesionala izatea murriztu gabe, nahiz eta ez egokitu irabazkin ekonomikorik.
Horregatik guztiagatik, erakunde honetatik osasun-arduradunei eskatu diegu jakinarazi diezagutela ea maiatzaren 8ko 588/2014 Ebazpenaren aurka aurkeztu ahal izan diren administrazio-errekurtsoetan eztabaida hori (geldiarazpenak izan dezakeen hedadura) agertu ote den; hala eta guztiz ere, ulertu dugu oharkabean gera ezin daitekeen gaia dela, eta Erakundeak nahitaez heldu behar diola jarritako errekurtsoak ebazteko garaian.
Eskatutako informazioa ezagutu eta egiaztatzeko zain gaude.
2.4. Ordezkapenak
2.4.1. Donostiako Udaleko Udaltzaingoko bitarteko agenteak
Donostiako Udaleko Udaltzaingoko bitarteko agente gisa lan egin nahi duten zenbait hautagaik zalantzan jarri dute udal horrek, azken deialdietan, kontuan ez hartzea 2009an egindako LEPetik atera zen kontratazio-zerrendan integratutako hautagaien lehentasun-hurrenkera. Haien aburuz, hurrenkera horren ordez, bereizkeriaz, euskarazko bigarren hizkuntza-eskakizuna (HE2) duten hautagaiei lehentasuna ematen ari zaio.
Zehazki, bereizketak sortzen dira hizkuntza-gaikuntzaren eskakizunak bitarteko funtzionarioak izendatzeko planteatzen direnean. Bitarteko funtzionario horiei honakoa eskatzen zaie: batetik, aldi baterako programak gauzatzea, eta, bestetik, zeregin gehiegi dauden egoerei edota zereginak pilatzen diren egoerei aurre egin behar izatea. Kasu horietan, non ez dagoen erreferentzia zuzenik lanpostuen zerrendan, udaltzaingoko agenteen aldi baterako beharrizanak zuzkitzeko interesatuta dauden balizko hautagaiei eskatzen ari zaizkien hizkuntza-gaikuntzaren eskakizunak Donostiako Udalak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren arabera landutako Euskararen Erabilera Normaltzeko Planaren ondorioak dira. Aipatu Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen du.
Izan ere, Donostiako Udalak konpromisoa hartu du Udalak antolatzen dituen zerbitzu eta jarduera orotan euskara eta gaztelania zerbitzu-hizkuntza izateko herritarrenganako harremanetan. Horrexegatik dauka Udalak helburutzat 86/1997 Dekretuko 11. artikuluan gutxieneko gisa ezarrita dagoen eta nahitaez bete behar den indizea gainditzea, eta arrazoi beragatik erabaki du jendeari harrera egiteko administrazio unitateetan, izaera soziala eta, oro har, elebiduna dutenetan, derrigortasun-data esleitzea. Horrela egin du izaera soziala duten lanposturik gehienetan, hala nola, Udaltzaingoaren kasuan. Aldi berean, azken helburu horrek azaltzen du, hura bete dadin, Plan berak esleitu izatea dagoeneko gaindituta dauden derrigortasun-datak, besteak beste, berariazko programen edota zereginen pilaketen ondorioz egin beharreko kontratazioetan. Horixe bera da esku artean dugun kexaren zioa.
Hori horrela izanik, erakunde honek ulertu du Udaltzaingoan egoten den aldi baterako agenteen beharrizanari (beharrizan hori aldi baterako izaera duten programen eraginez sortzen da, baita zeregin gehiegi dauden zein zereginak pilatzen diren egoeren ondorioz ere) erantzuteko Donostiako Udalak eskatzen duen hizkuntza-gaikuntza merezimendu- eta gaitasun-printzipioekin bat datorrela, eta, horrez gain, arrazoizkoa dela eta proportzionaltasun egokia duela 5. Plangintzaldiko (2013-2017) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean azaltzen diren hizkuntza-normalizaziorako ezarritako helburuekin. Ondorioz, betekizun horiek ezin daitezke diskriminatzailetzat hartu.
2.4.2. Osakidetza-EOZ
Interesdun askok jo du erakunde honetara aldi baterako kontratazio-zerrendak egin eta kudeatzen dituen Akordio-arauemailean egindako aldaketarekin desadostasuna adierazteko.
Indarrean dagoen Akordioak ezartzen du aldi baterako enplegu publikoa betetzeko garaian, lehentasuna izango dutela dagokion hautaketa-prozesuetako oposizioaldia gainditu dutenek gainditu ez dutenen aurretik. Kexak sustatzen dituzten pertsonek diote Akordio berri baten zirriborroa ikusi dutela, eta bertan ez dagoela aukera hori jasota.
Interesdunek ustezko erabaki horrekiko desadostasuna adierazi dute, horren arabera hautaketa-prozesuak gainditu ez dituzten hautagaiek, baina Osakidetzan denbora luzez lan egin eta euskarazko ezagutzak dituztenek, ordezkatu egin baititzakete esfortzu eta dedikazio handiz hautaketa-prozesu horiek gainditu dituzten pertsonak. Dena dela, uste dute irizpidea aldatu aurretik horren berri eman behar zitzaiela; hain zuzen ere, aipatutako hautaketa-prozesu horiek deitu ziren unean bertan.
Kasu honetan ere, txosten hau egiten bukatu dugunean, osasun-administrazioak ez dio erantzunik eman gure lankidetza-eskakizunari. Hori dela eta, uste dugu oraindik ez duela kexaren zioari buruzko erabakirik hartu.
2.5. Administrazio egoerak
Herritar batek bere desadostasuna adierazi digu Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluaren (EKGK) Osoko Bilkurak hartutako Akordioa dela-eta. Horren bidez, ukatu egiten zitzaion zerbitzu aktibora itzuli ahal izatea (borondatezko eszedentzian zegoen), eta iraungitzat jotzen zen erakundearekin zeukan lan-harremana.
Erakunde honetatik zegokion jarduketari ekin eta Kontseiluko arduradunari idazki bat bidali genion, lankidetza eskatzeko. Idazki horretan, gaiari buruzko zenbait gogoeta egiteaz gain, aipatutako erabakia hartzeko zioei buruz galdetu genuen.
Azkenik, ezin izan dugu gaiaren funtsari buruzko iritzirik agertu, erreklamatzaileak adierazi baitzigun auzitegietara jotzeko asmoa zeukala, bere eskubideak baliarazteko. Hala ere, gure esku-hartzearen eraginez, erakundeak azalpen sakonago bat eman du eztabaidagai zeuden erabakiak hartzeko erabili zituzten arrazoien gainean. Kexaren sustatzaileari jakinarazi diogu azalpen hori.
2.6. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio-prozedura
LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundian (aurrerantzean, BFA) dituen ordezkariek kexa bat aurkeztu dute erakunde honen aurrean. Kexa horren zioa honakoa da: Aldundiak ukatu egin die erakundearen webgunean argitaratzen diren Lan Eskaintza Publikoei (LEP) buruzko datuak, kable bidez, eskuratu ahal izatea.
Webgune instituzionalean argitaratzen diren lan-eskaintza publikoei buruzko datuen gainean BFAk egin dituen aldaketak honako asmo honekin egin dira: hautaketa-prozesuen kudeaketan datu pertsonalen tratamenduak eskatzen dituen bermeak ahalik eta gehien bete daitezela. Horren harira, jakina da hauxe dela gomendatzen dena: norgehiagoka-prozedurei buruzko izapidezko administrazio-egintzak Interneteko aldizkari ofizialetan edo erakunde-webguneetan argitaratu ordez, erakunde- webguneetan sarbide murriztua duten gune pribatuetan argitaratzea.
BFAk, gomendio hori praktikan jartzean, ulertu du berak deitu dituen hautaketa-prozesuetako izapidezko egintzei buruzko informaziora sartzeko aukera bakarrik izan dezaketela prozesu horietan parte hartzen ari diren hautagaiek. Alabaina, gerora, epaimahaia osatzen duten kideei ere ahalbidetu die informazio horretara sartzea, hautaketa-prozesuaren gainean bidezko interesa dutela aitortu baitie. Aitzitik, Aldundiak sarbidea ukatu die sindikatuetako ordezkariei.
Erakunde honek uste du behar bezala arrazoituta dagoela BFAk bere erakundearen webgunean argitaratzen diren hautaketa-prozesuetako izapidezko egintzei buruzko informaziora sartzeko aukera ukatzea. Sindikatuetako ordezkariek informaziora sartzeko egindako eskabidea ukatzeak ez du esan nahi informazio sindikala izateko eskubidea urratzen denik, ezta, era berean, askatasun sindikala izateko eskubidea ere.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
2014. urtean Euskal Enplegu Publikoaren lege-aurreproiektua ari dira izapidetzen.
Zioen azalpenean adierazten denez, proiektu hori zuzenean dago lotuta duela bi hamarkada baino gehiago hasitako prozesu luze horrekin, funtzio publikoa arrazionalizatzeko eta modernizatzekoarekin, alegia. Alabaina, aldaketa nabarmenak dakartza bai Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legea (EPOE) argitaratzearen ondorioz, bai azken bi hamarkadetan Herri-administrazioen gainean gertatu diren aldaketen ondorioz.
Txosten hau ixteko orduan, aurreproiektuaren sustatzaileek jakitera eman dute proiektura gaineratuko dituztela sindikatuetako ordezkariek aurkeztutako arrazoibideak, proiektuak gutxieneko adostasuna izan dezan legebiltzarrean izapidetzeko prozesua betetzeko garaian. Hori horrela izateko zio nagusia honakoa izan da: euskal administrazio publikoan lan egiten duten pertsonen kopuru handia, lege horren eraginpean egongo dena, kontuan hartzea.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
4.1.Herri-administrazioen zerbitzuko langileen arloan izapidetutako kexak asko ugaritu dira; horietako asko jendetza handiak parte hartu duen administrazio-prozesuei dagozkienak dira. Hori dela eta, kexak pilatu eta espediente kolektiboen bitartez bideratzeko aukera egon da.
4.2. Oro har, kexa horiengatik ukitutako administrazioek euren betebeharra bete eta Arartekoari lagundu diote. Aitzitik, Osakidetzak jarritako oztopoekin egin dugu topo berriro, atzeratu egiten baitu, horretarako justifikazio egokirik izan gabe, erakunde honek eskatutako informazioaren ematea; ondorioz, esparru honetan aurkeztutako kexak modu egokian izapidetzea galarazten digu. Gauza bera gertatu da Enplegu eta Gizarte Arazoetako Saileko arduradunekin ere.
4.3. Ohikoa denez, funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuek kexa-kopuru handia jaso dute, beste urtebetez.
Kasu honetan, eztabaida sortu duen gaietako bat honako hau izan da: Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia osatzen duten kidegoetako eskala eta kategorietara sartzeko hautaketa-prozesuetan parte hartzeko adin-muga.
Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategoriara (24. promozioa) sartzeko Segurtasun Sailak iragarritako deialdiak errekurtsoa dauka jarrita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean. Horrenbestez, Auzitegi horren hurrengo erabakiaren zain egon beharko dugu, zeinak honako aurrekari hau duen: urriaren 6ko 627/2008 zenbakidun epaia (JUR\2009\3597).
Edonola ere, uste dugu beharrezkoa dela erreferentzia egitea Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2014ko azaroaren 13ko epaiari, berorrek izan ditzakeen ondorioengatik. Epai horrek, judizio aurreko arazo bati buruz erabakitzean (autonomia-lege batek udaltzaingoko agente-lanpostuetara sartzeko adin-muga 30 urtean ezartzen du), ulertu du xedapen horretatik eratortzen den tratu-desberdintasuna Kontseiluaren 2000ko azaroaren 27ko 2000\78\CE Direktibaren aurkakoa dela. Direktiba hori enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasuna eman dadin esparru orokor bat ezartzeari buruzkoa da.
4.4.Hainbat iritzi nabarmendu dira ere lan-eskaintza publikoak berriz martxan jar daitezela eskatzen, azken urteetan jasan behar izan ditugun gastu publikoari eusteko neurriak direla-eta denbora luzez geldi egon baitira.
EAEko Administrazio nagusiak zenbait hautaketa-prozesu egiteko asmoa agertu du hezkuntza eta osasuna bezalako arlo esanguratsuetan.
Horregatik, eta nahiz eta errepikakorrak izateko arriskua izan, berriro azpimarratu nahi dugu nahitaezkoa dela zuhurtziaz aritzea, prozesu horien kudeaketan ahalik eta gardentasun handiena ziurtatzeko eta berorietan parte hartuko duten interesdunen bermeak zaintzeko.
Halaber, berriz nabarmendu behar dugu lehentasuna izaten jarraitu behar duela enplegu publikoetara sartzeko interesa duten herritarrei benetako aukera-berdintasuna bermatzeak. Horretarako, diskriminazio-positiboa sustatzeko neurriak ezarriko dira zailtasun bereziak dituzten gizataldeen alde, besteak beste, ezgaitasunen bat duten pertsonen alde.
4.5. Bestalde, erakunde honentzako garrantzitsuak diren zenbait organismok euren administrazio-egiturak egokitu edota erregularizatu egin behar izan dituzte aurten. Horixe da Lanbideren kasua. Hain zuzen ere, azken urteetan zehar areagotu egin dira gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko neurriei buruz erakunde honetan jaso ditugun kexak, eta, gainera, horietako asko Lanbideren funtzionamendu okerretik sortzen ziren arazoekin lotuta egon dira.
Administrazioak bere burua antolatzeko daukan ahalmenari hertsiki lotuta dauden prozesuak dira, eskumeneko izaera garbia dutenak. Ahalmen horrek gaitasuna ematen dio Administrazioari bere zerbitzuak egokien deritzon eran antolatzeko, eraginkortasun handiena izan dezaten, eta hain egokiak izan ez diren antolaerak mantentzetik eratorritako eragozpenik izan gabe. Alabaina, horrek guztiak, jurisprudentziak nabarmendu duenez, ez dakar berekin zerbitzuak libreki edota era independentean erabili ahal izatea, balizko arbitrariotasunen bat gertatzeari bide emanez. Horregatik, erakunde honetatik ahalegin handia jartzen dugu hartzen diren erabakiak behar bezala arrazoituta egon daitezen. Bestalde, prozesu horietan langile-ordezkaritzaren parte-hartzeko bermea bete eta zaindu behar da.
Orain arteko gure esku-hartzea Lanbideren lanpostu-zerrendaren (LPZ) proposamenari buruzko bertsio baten gainekoa izan da. Bertsio horrek 2014ko ekaineko data dauka. Horri buruz iritzia eman dugu, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) kudeatu eta bideratzeko programaren bidez kontratu ziren langile taldeak erakunde honen aurrean egindako planteamendutik abiatuta.
Edonola ere, badaukagu hasita beste zenbait esku-hartze ere, besteak beste, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik (SEPE) datozen, baina Lanbideren zerbitzupean dauden langile talde batek hala eskatuta jarraitzen ari garena. Orain arte ezin izan dugu horri buruzko iritzirik agertu, Enplegu eta Gizarte Arazoetako Sailak ez digulako laguntzarik eman harengana zuzendu garenean.
Une honetan, azpimarratu behar dugu ardura eragiten digula aurreratutako proposamenarekiko sindikatu nagusiek era bateratuan helarazi diguten ukapenak.
4.6. Sindikatuetako ordezkariak gardentasun gehiagoren eskaera baliarazten saiatu dira, informazio sindikala izateko eskubidea urratzen dela argudiatuta, eta, era berean, askatasun sindikala izateko eskubidea ere. Aitzitik, erakunde honetatik eskakizun hori argitu behar izan dugu, eta ohartarazi diegu webgune instituzionaletan sarbide mugatuarekin argitaratzen diren lan-eskaintza publikoei buruzko datuak era horretan argitaratzen direla hautaketa-prozesuen kudeaketan datu pertsonalen tratamenduak eskatzen dituen bermeak ahalik eta gehien bete daitezen.