3. Ogasuna
2014an, Ogasun arloan 106 kexa-espediente kudeatu ditugu; alegia Arartekoak guztira kudeatu dituen espedienteen % 4,81. Hona hemen espedienteak dagozkien administrazioen arabera banakatuta:
• Tokiko Administrazioa 60
• Foru Administrazioa 22
Gaiei dagokienez, espedienteak honako hauei buruzkoak izan dira:
• Tokiko zergak 32
• Tasak 26
• Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura
administratiboa 20
• Prezio publikoak 15
• Foru zergak 13
Hona hemen kudeatutako kexen ekitaldi amaierako, hau da, 2014ko abenduko estatistikak:
Horren harian, azpimarratu behar dugu aurreko ekitaldietan herritarrek aurkeztu zituzten eta aurkeztutako ekitaldietan izapidetzez amaitu ez ziren erreklamazioak kudeatu beharrak baldintzatu egin duela 2014an jasotako kexen azterketa.
Izan ere, krisi ekonomikoa dela eta, ekitaldi horietan zergen inguruko gero eta erreklamazio gehiago jaso ditugu. 2013an izan genituen, hain zuzen ere, erreklamazio gehien.
2. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan herritarrek Arartekoari aurkeztutako kexen gai nagusiak landuko ditugu. Zaila da, ordea, nabarmentzeko kexak aukeratzea, ugariak eta askotarikoak baitira.
Dena den, tokiko zergen inguruko erreklamazioak dira nagusi, tokiko administrazioa baita gertukoena eta herritarren zerbitzu eta premia berehalakoenei erantzuten diena.
Herritarrak ez daude ados ondasun higiezinen jabeak zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat jotzearekin etxebizitza edo lokal horietan bizi edo lan egiten dutenen zerbitzu edo jarduerei dagozkien tasak ordaintzerakoan. Tasa horiek dira, adibidez, urarena, zaborrena eta estolderiarena.
Tasen zerga-izaeraren ondorioak ez datoz bat tarifa eta prezio pribatuekin araututako hornigaiekin; besteak beste, argiarekin, telefonoarekin, gasarekin eta abarrekin.
Higiezinen jabeak ez daude ados, ur-horniketa zerbitzua ematen dutenek haiei eskatzen dietelako errentariek ordaindu gabekoak ordaintzea, nahiz eta errentariak izan zerbitzu horren abonatuak. Higiezinen jabeek nabarmendu dute ez dutela horren berri jaso zerbitzuan alta berri bat egitea edo aurreko abonatuaren baja egitea eskatu duten arte.
Gauzak horrela, jabeentzat garrantzitsua da jakitea errentariak, alegia zerbitzuko abonatuak, tasa horiek ordaindu dituen ala ez.
Horniketa-zerbitzuek adierazi dute, ordea, higiezinen jabeei ematen zaiela egindako fakturazioen, dauden zorren eta bestelako intzidentzien berri. Horretarako, jakinarazpenak bidaltzen dizkiete, baldin eta zerbitzua kontratatutakoan jakinarazpen horiek bidaltzeko helbideren bat eman badute.
Azaldu dute, halaber, bulegoetan ere ematen dutela egindako ordainketen eta dauden zorren berri, eskatzaileak higiezinaren jabea dela egiaztatzen badu.
Tokiko zergei dagokienez, Arartekoak aholku eta iradokizun hauek egin ditu 2014an:
Aretxabaletako Udalari uztailaren 8an igorritako ebazpena, desgaitasunak dituzten pertsonen familien aldeko udalaren onura fiskalei buruzko informazio gehiago emateko, Ogasun arloko zerbitzuen jarduera Gizarte Zerbitzuekin koordinatuz.
Arartekoaren urriaren 22ko ebazpena. Horren bidez, Erandioko Udalari eskatu genion emakume bati ezgaitasunagatiko salbuespenak aplikatzeko Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergen ordainagirietan. Izan ere, emakumeak betetzen zituen Foru Arauko baldintzak baina ez zuen ibilgailuaren helbidea aldatu zirkulazioko erregistroetan, ez zekielako hori egin behar zenik.
Gipuzkoako lurralde historikoko udalerri askotan, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) kuota likidoaren %150eko gainordaina gehitzen diote, eta herritar batzuk ez daude horrekin ados. Gainordain hori dela eta, Zarauzko Udalari gomendio bat egin genion, maiatzaren 5eko ebazpena. Aztertu genuen kasuan, etxebizitza lagata zegoen eta lagatzailea ez zegoen etxebizitzan erroldatuta; horregatik, udalari eskatu genion higiezin hori ohiko etxebizitza zuela egiaztatzeko aurkeztutako froga (hornigaien kontsumoa) aztertzea.
Halaber, Debako Udalari, apirilaren 10ean, gomendatu genion egindako likidazioa ofizioz baliogabetzea eta zerga-ordenantza aldatzea, argitzeko OHZko gainordaina ez ordaintzeko salbuespena fisikoki elkartuta dauden etxebizitzen kasuan aplikatu behar dela.
Orobat, Errenteriako Udalari aholkatu diogu (maiatzaren 28ko ebazpena), lan-kontuengatik lurralde historikotik kanpora bizitzera joandako familia baten kasuan, gainordainarekin egindako OHZren likidazioa ofizioz baliogabetzea.
Prezio publikoei dagokienez, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolari azaroaren 17ko ebazpena igorri diogu, atzerrira lanera joan zelako ikasturtea hasi ezin izan zuen pertsona bati matrikulagatik ordaindu zuen zenbatekoa bueltatzeko; izan ere, ikasturtea hasi baino lehen jakinarazi zuen ezingo zuela eskoletara joan.
Mutrikuko Udalari ere bidali genion ebazpen bat ekainaren 2an, familia bati bidalitako 2012-2013 ikasturteko matrikulako eta 2012ko iraila, urria eta azaroko hileko kuotako ordainagiriak baliogabetu zitzan, 2012ko ekainaren 5ean jakinarazi baitzuten seme-alabei baja emango zietela herriko Udal Musika Eskolan.
Bilboko Udalari, urriaren 20ko ebazpenaren bitartez, aholkatu genion udalaren kirol-instalazioen hobaridun tarifak berrikustea, guraso bakarreko kide gutxiagoko familiak integratzeko.
Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailari aholkatu genion foru-ostatuen sarea erabiltzeko prezio publikoak berrikustea, desgaitasunak dituen jendea integratzeko asmoarekin; hori, joan den azaroaren 6ko
ebazpenean.
Foru-zergen arloan, zehazki Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, Arabako Foru Ogasunean irizpidea aldatu dute eta, ondorioz, seme-alaben zaintza partekatua epai bidez aintzatetsia duten zergadunek seme-alabengatiko kenkaria aplika dezakete.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
Ekonomia- eta finantza-krisia asko luzatu denez, Euskal Autonomia Erkidegoko familia eta enpresa asko kinka larrian daude. Gauzak horrela, ezinbestekoa da zerga-sistema berrantolatzea, aberastasuna gehiago eta hobeto banatzeko eta finantza publikoen iraunkortasuna ziurtatzeko. Hori lortzeko, batetik, gaitasun ekonomiko handiagoa dutenek ahalegin handiagoa egin behar dute; eta bestetik, zerga ezartzeko modukoak diren errentak ezkutatzea zailtzeko eta zergak ordaintzea ez saihesteko neurriak indartu behar dira.
2013. urtearen amaieran, indar politikoek lurralde historikoetan zerga-sistema aldatzeko oinarriak adostu zituzten. Horri esker, hitzartutako zerga handiak arautzeko foru-arau berriak onartu dituzte; zerga handi horiek dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ), Sozietateen gaineko Zerga (SZ) eta Ondarearen gaineko Zerga (OZ). Alde horretatik, zehaztu beharra daukagu Gipuzkoako lurralde historikoan indarrean dagoela, oraindik ere, aberastasunaren eta ondasun handien gaineko zergari buruzko 10/2012 Foru Araua, abenduaren 18koa.
Zerga-sistemaren berrikuntza horren eragina 2015eko lehen hiruhilekoan nabarituko dugu, orduan hasiko baitira PFEZren likidazioak egiten, araudi berriaren arabera. Ondoren, Sozietateen gaineko Zergan nabarituko ditugu aldaketak. Orduan jakingo dugu zeintzuk diren berrikuntza horren indargune eta ahulguneak, eta herritarrek zenbateraino onartuko duten.
2014. urtearen amaieran zergen zuzenketa tekniko eta aldaketa batzuk aurkeztu zituzten hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietan, zerga handi horien arauketa berrian eragina duten terminologia, argitalpen eta eguneratze arloko gai batzuk konpontze aldera.
PFEZren gaineko aldaketa nagusietako bat da, adibidez, banandutako zergadunei ohiko etxebizitzan berriz inbertitzeagatik salbuespena luzatzea, eskualdatutako etxebizitza saldu aurreko bi urteetan haien ohiko etxebizitza izan ez bada ere. Dena den, salbuespena luzatu ahal izango da baldin eta higiezina ezkontide edo izatezko bikote ohiaren eta murrizketa aplikatzeko eskubidea ematen duten ondorengoen ohiko etxebizitza bada. Eskari hori zergadun gipuzkoar batek egin zion Arartekoari, eta 2014ko urtarrilaren 1ean onartu zuten lurralde historiko horretan. Orain Arabako eta Bizkaiko lurralde historikoetan PFEZ arautzen duten Foru Arauetan sartu da.
Edozein modutan, orain gutxi onartutako abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauak eragin handiagoa izango duela dirudi. Foru Arau hori, zehazki, Gipuzkoako lurralde historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzekoa da.
Azkenik, 2014ko urtarrilean, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak, alegia Euskal Autonomia Erkidegoaren eta estatuaren arteko zerga- eta finantza-harremanak arautzen dituen organoak, hainbat zerga-hitzarmen adostu zituen, Kontzertu Ekonomikoa eguneratze aldera. Hitzarmen horien bitartez, estatuak onartutako zerga batzuk Kontzertuaren sisteman sartu dira eta orain, ondorioz, zerga horiek ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea foru-aldundiei dagokie. Nagusiki, hitzarmen horiek zerga hauetan izan dute eragina: kreditu-erakundeetako gordailuen gaineko zergan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergan, gastatutako erregai nuklearren eta energia nukleoelektrikoa sortzen denean geratzen diren hondakin erradioaktiboen gaineko zergan, eta instalazio zentralizatuetan gastatutako erregai nuklearra eta hondakin erradioaktiboak biltegiratzearen gaineko zergan.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Ogasun arloan herritarrek planteatzen dizkiguten banako kexa eta kontsultak aztertzen eta ebazten ditugu, batik bat. Horrez gain, lan garrantzitsua da, baita ere, segimendua eta gomendio orokorrak egitea eta ofizioz jarduerak sustatzea. Hori, arauak aldatzeko eta herritarren mesederako jardunbide administratiboak ezartze aldera. Erakundeak, gainera, zergadunen eskubideak defenditzeko, hedatzeko eta sustatzeko ekimenetan ere parte hartzen du.
Zergadunen eskubideak eta erakundearen jarduera ezagutzera emateko asmo horrekin parte hartu du Arartekoak Forum Fiscal aldizkariaren 2014ko martxoko 196. alean, non, elkarrizketa moduan, herritarrak gehien kezkatzen dituzten zerga-sistema foral eta tokikoaren inguruko hainbat gai landu ziren.
Arartekoak sustatzen dituen jardueren helburuetako bat ekonomia ahulenen gaineko zerga-kargaren eragina arintzeko neurriak hartzea da. Asmoa ez da pertsona eta familia horiek zerga-pribilegioak izatea, baizik eta etorkizunari aurre egiteko erraztasunak ematea, gizartean baztertuta gera ez daitezen.
Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergaren oinarriaren zehaztapenean akats batzuk antzeman ditugu eta, ondorioz, Arartekoak zerga horiek arautzen dituzten Foru Arauak berritu beharra planteatu du, akats horiek, gure iritziz, kontribuzio-ahalmenaren printzipioa kaltetzen ari direlako. Proposamen hori Arartekoaren 2014ko abenduaren 17ko 2/2014 gomendio orokorrean dago jasoa.
Zehazki, lurraren balioaren murrizketako kasuetako zergaren erregulazioaren ezagutza ezaz ari gara eta toki erakundeek erabilitako bestelako metodologiaz, zerga horren zerga oinarria erabakitzeko orduan, eskualdatutako eskubidea azalerako benetako eskubidea denean. Eskualdatze horiek ohiko samarrak dira gure jarduera juridikoan, babestutako etxebizitza asko gure autonomia erkidegoan 75 urterako esleitu baitira azaleraren eskubide araubidean.
Kasu askotan, lurrak eskualdatuz gero lur horien balioa handitu egiten da, hau da, gainbalioa sortzen da. Hori gertatzen da, esaterako, higiezinen boomaren aurretik eskuratutako higiezinekin.
Ordea, sektoreko krisi ekonomiko larria dela eta, eskualdatze batzuetan hiri-lurren balioak ez du gora egiten.
Halakoetan, etxebizitzak higiezinen merkatua gora egiten ari zen une batean erosi ziren egoerarekin egokitu zela kontuan hartu behar da. Hala ere, pertsona horietako batzuk, hipotekako kredituak ordaintzeko modurik ez izatean, erositako higiezinak uzteko beharra izan dute krisiaren ondorioz, merkatuaren zurruntasun eta eskaera faltaren baldintza batzuetan, eta horrek guztiak higiezinen prezioak nabarmen jaistea eragin du. Horri titularretako bat bizi den higiezina eskualdatzeko behar handiko egoera gehitzen bazaio, eskualdatzeak izatea eragin du, eta saltzaileek higiezin horiek erostean ordaindutako prezioaren azpitik gainera.
Pertsona horiek beren harridura erakusten dute zerga bat igortzeagatik, haien kasu zehatzetan hiri lurren balioaren gehikuntza bat ez delako egon, kontrakoa baizik.
Tradizionalki, higiezinen gainbalioen gaineko tokiko zergaren helburua izan da, lursailaren titularrak edo edukitzaileak ahaleginik egin gabe, eta nork bere jarduerarik egin gabe lortutako irabaziak kargatzea. Hau da, kargatzen ziren funtsean hirigintza plangintzari eta inbertsio publikoari erantzuten zioten lursailen balioaren gehikuntzak eta, hortaz, normala zen irabazi horien zati bat komunitatera bueltatzea, udalak izan baitziren beren hirigintza jarduerarekin aberastasun hori sortu zutenak.
Zerga horren zergapeko egitatea hiri lurrek izango duten balioaren gehikuntza da, eta agerian geratzen dena haien eskualdatzearen edo haien gaineko gozameneko benetako eskubideen eratze edo eskualdatzearen ondorioz. Orain, zerga hori erregulatzen duten arauak forukoak nahiz martxoaren 5eko 2/2004 Errege Dekretu Legegileak -Toki Ogasunen Lege Arautzailearen testu bategina onartzeko denak- hiri lurren balioaren gehikuntza kalkulatzeko metodo objektibo bat ezartzen dituzte, eta handik honako hau ondorioztatzen da, hasiera batean: jabetzaren eskualdatze orok edo gozameneko benetako eskubide bat eratzeak edo eskualdatzeak balioaren gehikuntza ekarriko duela beti: gainbalio bat.
Are gehiago, edozein teknika zentzagarriren arauan aurreikuspen falta sumatzen dugu, zergaren mekanikatik bertatik ondorioztatutako gainbalio objektiboa ekidingo duena.
Ikuspegi formal batetik, ezin da zalantzan jarri zerga arautzen duten aurreikuspenen arabera igorri dela. Orain, ikuspegi material batetik, gure aburuz, zerga ordaintzeko gaitasun printzipioa eteten da, benetan gertatu ez den zerga gaitasun bat kargatzean eta, beraz, zergaren beraren mekanikatik ondorioztatzen dena.
HLBGZren egungo konfigurazioari eusteak zergak ordaintzeko gaitasun printzipioari eragin diezaiokeen disfuntzioak agerian uzten ditu, ondasun higiezinen gaineko jabetza eskubide eta jabaria mugatzeko benetako eskubideen eskualdatzeak benetan eta iruzurrik gabe existitzen diren ez baitakigu haiek erosi ziren prezioaren azpitik. Gainera, haren egungo idazketak zergaren likidazioa asko eragozten du, eskualdatzeak babes publikoaren mende dauden etxebizitzen gaineko azaleraren benetako eskubide bati eragiten dionean. Horregatik, hiri-lurren lursailen balioaren gehikuntzaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauen erreforma gehiago luzatu gabe aztertu beharko litzateke, benetako eskubideen eskualdatzea zergen ordainketaren mende gera ez dadin, inolako ondare irabazirik izan ez dela egiazta daitekeen kasuetan, kargaren xede den aldian, eta etxebizitza babestuen azalera-eskubidearen eskualdatzea erraz eta argi likidatu ahal izan dadin lurralde historikoetako udalerri guztietan.
Foru-ogasunek administrazio elektroniko barne-hartzaileari, alegia harremanetarako bide osagarriak jartzen dituen administrazio elektronikoari, eman behar diote lehentasuna; hori, herritar partikularrek gaur egun eskura dituzten bitartekoak alboratu gabe.
2014an, Gipuzkoako lurralde historikoko herritarren hainbat kontsulta jaso ditugu, non administrazioarekin bat ez datozela adierazi diguten. Azaldu digute aurten, banku-helbideratzea medio ordaindutako OHZren ordainagiria lortzeko dokumentuak.gipuzkoa.net web-orrian sartu, ordainagirien xehetasunak atalean klik egin eta sistemak eskatzen zituen datuak sartu behar zituztela: nortasun-agiria, bankuaren erreferentzia eta dokumentuaren kodea. Azken bi datu horiek banku-erakundeak emandako helbideratze-zordunketaren laburpenean zeuden.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, harekin harremanetan jarri ginen lehenbiziko aldian, adierazi zigun Aldundiak kudeatzen zituen udalerrietako OHZren ordainagiriek aurreko ekitaldietako informazio berbera zutela 2014n eta, beraz, ordainagiri horietan zehazten zela, zerga-kuotari eta subjektu pasiboari buruzko datuez gain, baita ondasun higiezinari buruzko informazio zehatza ere: katastroko balioa, zergaren tasa, hobari zehatzak eta aplikatutako gainordain zehatzak.
Hori ikusita, eragindako toki-erakundeengana jo genuen eta, haiekin batera, informazioa biltzeko ofiziozko espediente bat ireki genuen. Alde horretatik, Arartekoak azpimarratu du gure legeriaren arabera ezin dela ordainagiriak bitarteko telematiko bidez bakarrik eskuratzeko aukera eman, baldin eta subjektu pasiboak berariaz onartu ez badu. Halaber, agerian jarri dugu familiek, oro har, ez dutela bitarteko teknologiko modernorik, eta biztanleek (adin-tarte guztietakoek) ez dutela informazio-teknologia berriak erabiltzeko abilezia eta trebezia nahikoa. Horregatik, herritar guztiek egiten dituzten ordainketei buruzko informazio osoa eskuratzeko sistemak antolatu behar dira.
Jaso ditugun erantzunetan, zerga-administrazioak 2015eko ekitaldian arazo hori konpontzeko prest agertu dira, eta azpimarratu dute herritarrek izan dituzten eragozpenen iturria SEPA (Single Euro Payments Area edo Eurotan Ordaintzeko Eremu Bakarra) sistemaren ezarpena dela. Izan ere, 2014ko ekitaldian, sistema horrek ordainagirien banku-helbideratzeen bidezko ordainketan izan du eragina, besteak beste.
Alabaina, sistema horretan ordainagiriaren kontzeptua 140 karaktererekin bakarrik adieraz daiteke.
Neurri osagarri gisa, erakunde horiek dokumentuaren paperezko kopia eman diete udaletxeetara joan diren herritarrei. Hala eta guztiz ere, zerga-ordainagiriak dokumentu garrantzitsuak direnez eta zerga-informazio asko dutenez, ezin dira zerga-administrazioek herritarren on ustean hartutako erabaki eta jardueren mende utzi.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Krisi ekonomikoak eragina izan du zergadunen eskubideetan, batik bat zergak ordaintzea saihestearen inguruko kezkaren ondorioz.
Espainiako Konstituzioak honako hau dio 31.1 artikuluan: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango”.
Zerga-administrazioak erregularizazio-prozedura zehatzak gauzatu behar ditu, betekizun konstituzional hori bene-benetan bete dadin. Zenbaitetan, ordea, ez da aintzat hartzen zerga-araudia konplexua dela eta, gainera, foru-ogasunek akats edo huts batzuk luzatu egiten dituztela.
Herritarrek PFEZren inguruko erregularizazio-prozedurak aipatzen dizkigute batik bat, amaitu gabeko ekitaldi guztietakoak. Ekitaldiak amaitzen direnean, foru-ogasunek ordaindu gabeko zenbatekoen likidazio diferentzialak igortzen dizkiete zergadunei eta, gainera, zerga-administrazioak berandutze-interesak ordaintzea eskatzen die.
Berandutze interesen ordainketak kalte-ordain izaera du eta horren bitartez administrazioari zorraren ordainketan izandako atzerapena konpentsatu nahi zaio. Dena den, errealitateak gertakizun paradoxiko bat islatzen du; izan ere, azken urteotan, diruaren legezko interesa berandutze interesa baino ehuneko bat txikiagoa izaten ari da.
Zergadunek hutsak zuzentzea onartzen duten arren, zalantzan jartzen dute foru-ogasunek egindako autolikidazioetan eta huts horien konponketak berandutzean duten erantzukizuna aintzat ez hartzea. Askotan, adierazpen horiek balio dute zergadunari gero zergaren autolikidazio-proposamenak bidaltzeko, eta, gauzak horrela, hasieran konpondu gabeko hutsek iraun egiten dute eta hurrengo zerga-ekitaldietan sartzen dira.
Kaltetutako herritarrek diote zerga-administrazioak ez duela zigorrik jasotzen egindako huts horiengatik.
Ondorioz, foru-ogasunek arreta handiz jokatu behar dute euren bulegoetan egiten diren edo zergadunen bizilekuetara autolikidaziorako proposamen gisa bidaltzen diren errenta-aitorpenak egiterakoan eta, halaber, aitorpenak aurkeztu ondoren berrikuspen-prozesuak ahal bezain laster hastea lortu behar dute.
Ezin dugu ahaztu herritar gehienek aitorpenak egiteko zerbitzuak erabiltzen dituztela, batez ere, zerga-araudia eta zerga likidatzeko mekanismoak ez dituztelako nahikoa ezagutzen. Kasu horietan, zergadunek, aitorpena edo likidazioa sinatzen dutenean edo bizilekura heltzen zaizkien likidazio-proposamenak onartzen dituztenean, administrazioan uste osoa dutela uzten dute agerian.
Hala ere, zerbitzu horiek erabiltzeak ez du aldatzen aitortzailearen egoera juridikoa, beraz, egin daitezkeen ustezko akatsen edo balizko irregulartasunen ondorioak zergadunek pairatzen dituzte, horiek une oro euren ardurapean jardun izan balute bezala.
Gaur egungo krisi ekonomikoa dela eta, inoiz baino gehiago, zorren ordainketa luzatzeko eta zatitzeko adostasunak eskaini behar dira, bai betearazpen-bidean bai borondatezkoan, ekonomia apalak dituzten pertsonen bizitza estutasunean jartzen ez dutenak.
Horretaz guztiaz gain, nabarmendu beharra daukagu zerga-administrazioek idazki estandarrak erabiltzen dituela, maiz, herritarrekin harremanetan jartzeko. Herritarrak, ordea, ez dira teknikari juridikoak, ezta zerga-araudi eta -prozedurak ezagutzen eta ulertzen dituzten adituak, oro har. Horregatik, administrazioek zerga-jakinarazpen estandarizatu argiago eta ulergarriagoak egiteko eta hartzaileen premia zehatzetara moldatzeko ahalegina egin beharko lukete.
Herritarrentzat eta zergadunentzat oso garrantzitsuak dira, esate batera, ordainketa egiteko modua eta epea, ordainketa atzeratzea edo zatitzea eskatzeko aukerak, helegitea jartzearen ondorioak eta abar. Informazio hori guztia, ordea, ez da nabarmentzen, letra txikiarekin adierazten delako; edo ez da ulertzen, terminologia tekniko juridikoarekin azalduta dagoelako.
Prozedura horiek, antza, ulerterrazak dira adituentzat eta zerga-prozedura eta -hizkerarekin ohituta dagoen jendearentzat; baina herritarrek, oro har, nekez ulertzen dituzte. Arazoa are larriagoa izaten da zergadunak ikusmen-desgaitasunen bat edo testuak ulertzeko zailtasunen bat badu. Horrek guztiak eragina du, ezinbestean, zergadunak bere burua defenditzeko eta babes judizial eragingarria izateko legezko eskubidean; izan ere, nekez jarriko ditu, epe eta modu egokian, harentzat kaltegarriak diren egintza administratiboen kontrako helegiteak.
Zerga arloan, likidazioa aurkaratzeko epea amaitzen denean, helegitea epe horretan aurkeztu ez bada, likidazioa irmotzat eta zergadunak onartutzat jotzen da eta, beraz, ezin zaio helegiteak jartzeko bide arruntak baliatuz kontra egin.
Babes judizial eragingarria izateko eskubideari dagokionez, legezko abisuak egin behar dira, soilik, zordunaren helbidea zein den jakiteko bitarteko guztiak agortzen direnean eta administrazio organoak jakinarazpen zuzenak egiteko moduko helbidea aurkitzeko gainerako baliabideak bideragarriak edo erabilgarriak ez direnaren uste osoa duenean.
Espedientean ageri denean zergaduna ez dela ohiko bizilekuan bizi eta helbiderik utzi gabe joan dela, errolda-unitateetan interesduna non bizi den ikustea da herritarrek haiei jakinarazi gabeko ekintzek kalterik egingo ez dietenaren eskubidea bermatzeko modu bakarra.
Posta zerbitzuak edo zerbitzu horrekin elkarlanean aritzen diren erakundeek zergadun batek helbidea aldatu duela egiaztatzen denetik igarotzen den denborak zorraren zenbatekoan eragina du, bereziki zor hori ordaintzea betearazteko bidetik agintzen denean. Izan ere, bilketa prozedurako fase horretan zorraren printzipala interes, gainordain eta, hala badagokio, kostu eta guzti ordaintzea eskatzen da.
Gaur egun, zerga-betekizunekin zerikusia duten aitorpenak bitarteko telematikoen bidez aurkeztea arrunt bilakatzen ari da. Gauzak horrela, foru-ogasunek administrazio elektroniko barne-hartzaileari, alegia harremanetarako bide osagarriak jartzen dituen administrazio elektronikoari, eman beharko liokete lehentasuna; hori, herritar partikularrek gaur egun eskura dituzten bitartekoak alboratu gabe.
Azkenik, azpimarratu behar dugu errekurtsoak ebazteko epearen barnean berariazko erantzun arrazoiturik ez eskaintzeak administrazioaren funtzionamendu zuzenaren kontrako prozeduraren patologia izaten jarraitzen duela.