Espainiako Konstituzioak, 9.2., 14. eta 49. artikuluan ezarritako ma
nuen bitartez, zera eskatzen die botere publikoei: Pertsonaren berdintasuna eta bakarkako garapena sustatzea; herritar guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, erlijioarenean, kulturalean eta gizartearenean parte hartzen dutela bultzatzea; haien osotasuna zailtzen duten oztopoak deuseztatzea, eta irisgarritasuna erraztea pertsona guztientzat, horretarako ezgaitasunen bat duten pertsonen prebentzio, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratzeko politikak eginez.
Konstituzio testuaren 49. artikulua Elbarriak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen (ELGL) oinarri zuzena da. Lege hori esparru lege bat bezala antolatu zen, eta, ondorioz, ezintasunen bat zuten pertsonak gizartean erabat sartzea posible izateko oinarriak finkatu ziren.
Hala eta guztiz ere, ELGLk indarrean bi hamarkada eginda ere, gizartean desberdintasunak nabarmenki ageri ziren oraindik, eta batasunaren esparruan ezgaitasunaren adieran gertatutako aldaketetatik (bereizkeriaren aurkako borroka, irisgarritasun unibertsala) etorritako estrategiek –gizarte mugak espresuki aitortuta– eskatu egiten zuten legediak bilakaera edukitzea printzipio berri horiei jarraiki. Hori Estatu ma
ilako Aukera berdintasunari, Bereizkeria ezari eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 51/2003 Legea (ABBEIUL) aldarrikatzearekin gauzatu zen. Arau horrek, ELGL indargabetzen ez duena, aldaketa sakona ekarri zuen ezgaitasunaren fenomenoa jorratzeko modura, izan ere, hura giza eskubideen gai bat bezala hartzea planteatu zuen.
Lege testu honetan irisgarritasun unibertsalaren eta bereizkeria ezaren jada aipatutako korronteak ageri dira, eta horrek esparru bat eratzen du. Esparru horretan, jada ezaguna den helburu bat bitarteko berriekin eskuratzea bilatzen duen xedapen multzo bat islatzen da. Helburu hori honakoa litzateke: ezgaitasunen bat duten pertsonei aukera berdintasunerako eskubidea eta bizitza politikoaren, ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren eremuetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu eta onartzea.
ABBEIULek ezartzen dituen printzipio estrategikoak hauek dira:
– Bizitza independentea: erabaki ahalmena eta gizarte parte-hartzea.
– Normalizazioa: gainerako herritarren baldintza berdinetan iristea.
– Irisgarritasun unibertsala: ondasunen, prozesuen, inguruneen, zerbitzuen... baldintza orokorra.
– Guztiontzako diseinua: irisgarritasun unibertsal horren jatorritik egindako proiekzioa.
– Elkarrizketa zibila: ezgaitasunen bat duten pertsonen parte-hartzea eragiten dieten politiketan.
– Zeharkakotasuna: Politiken eta ekintza ildo publikoen ideia orokorra.
Aplikazio eremuak hauek dira: telekomunikazioak eta informazioaren gizartea; hiri esparru publikoak, azpiegiturak eta eraikuntza; garraioa; jendearen esku jarritako ondasun eta zerbitzuak, eta herri-administrazioekin garatutako harremanak.
ABBEIUL indarrean jartzea eta ondoren hura garatzeko arauak egin izana bultzada garrantzitsua izan da ezgaitasunen bat duten pertsonek eta elkarte mugimenduak behin eta berriro eskatutako kontzeptu berrientzat. Proiektu hau aplikatzeko eremuari dagokionez, azpimarratzekoa da lege multzo hau:
1.a 505/2007 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, ezgaitasunen bat duten pertsonak espazio publiko hirituetara eta eraikinetara sartu eta horiek erabiltzeko behar dituzten oinarrizko irisgarritasun eta bereizkeria ezeko baldintzak onesten dituena.
Arau honek hiri esparru publikoan eta eraikinetan arautzen ditu irisgarritasun baldintzak, eta pertsona guztiei bermatzen zaie haien gaineko erabilera independentea eta segurua. Halaber, terminoak eta parametroak harmonizatu eta bateratzeko beharrari erantzun egiten zaio, eta ekintza positiboko neurriak ezartzekoari ere bai, horren bitartez ezgaitasunen bat duten pertsonei eraikitako ingurunearen eta hiri espazioen erabilera normalizatua egitea ahalbidetuz.
Bestalde, guztiontzako diseinuan eta autonomia pertsonalean oinarritzen den irisgarritasunaren ikuspegiari egokituriko araudia eskaintzen da, eta, halaber, dauden beharretara irekiago dagoena, ezgaitasunaren barruan pluraltasuna gain hartuz.
2.a 1544/2007 Errege Dekretua, azaroaren 23koa, ezgaitasunen bat duten pertsonak garraio moduetara iritsi eta horiek erabiltzeko behar dituzten oinarrizko irisgarritasun eta bereizkeria ezeko baldintzak onesten dituena.
Arau honek irisgarritasuneko oinarrizko baldintzak eta bereizkeria ezekoak finkatzen ditu, ezgaitasunen bat duten pertsonek trenbideen garraio moduak, itsasotikoak, airetikoak, errepidetikoak, hiri eta hiri inguruko autobusezkoak, trenbide metropolitarrekoak, taxi eta garraio bereziko zerbitzuetakoak erabil ditzaten. Horretarako, ezarpen egutegia finkatzen da abenduaren 2ko 51/2003 Legearen zortzigarren azken xedapenean ezarritakoaren esparruan.
Halaber, hiru urtetik gorakoa ez den epea finkatzen du (2010eko azaroa), errege dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, Sustapen Ministerioak edo kasuan kasuko organoak gidaliburu tekniko osagarriak onetsi ditzan azpiegituretako irisgarritasunari eta ma
terial mugikorrari buruz errege dekretu honek eragindako garraiobide eta moduetan.
3.a 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren gaian arau-hauste eta zehapen araubidea finkatzen duena.
Irisgarritasunaren gaian onetsitako estatu ma
ilako arau hau osagarri modura aplikatzen da legedi autonomikoa eta gero. Autonomia erkidegoek beren legeak aldarrikatu dituzte irisgarritasun unibertsalaren printzipioak bermatze aldera.
4.a Azkenik, beharrezkoa da Zirkulazioko Kodea aipatzea –1428/2003 Errege Dekretua–. Izan ere, betebeharrak finkatzen ditu garraio enpresentzat eta horietan gidari diren langileentzat errepidetiko garraio zerbitzuen irisgarritasuna eta erabilera errazteari dagokienez. Gauzak horrela, esan dezakegu gidariak behartu egiten dituela espaloira hurbiltzera, horrela errazagoa izan dadin autobusera igotzea eta hartatik jaistea.
Halaber, autobusen geldialdiak eta berriro abiatzeak astindu edota mugimendu zakarrik gabe egiteko betebeharra dago, bidaiak iraun bitartean nahiz autobusera igo eta jaisterakoan pertsonen segurtasuna zainduz.