I. Kapitulua. Sarrera: helburua, proiektuaren helmena, metodologia
1. Proiektuaren helburua eta helmena
Txosten honen helburua EAEn garraioen sistema publikoak ageri dituen irisgarritasun gabeziak identifikatzea da. Horretarako, funtsezkoa izango da aztertzea joan-etorrien segurtasuna eta funtzionaltasuna nahiz mugikortasun urriko pertsona-taldearentzako sisteman ageri diren elementuen erabilera ergonomikoa.
Diagnostikoaren asmoa eremu honetako egungo egoeraren benetako irudia ematea da, eta baita agertoki objektibo bat izatea ere, esku hartzen duten agente eta herri-administrazioei ebaluazio jarraibideak beren aurreikuspenetara sartzea ahalbidetu diezaien. Horren bitartez, posible izango da pixkanaka beharrezko irisgarritasun egoerak hartzen joatea, gure autonomia erkidegoan garraio publikoko sistema hobetzen dela bermatzeko.
Azkenik, zehaztu egin behar dugu azterlan honekin erakundeen, enpresen eta gizartearen kontzientziazioa ere sustatu nahi dela, garraioan irisgarritasun neurriak hartzeko dagoen presazko beharraren gainean. Horretarako, eskuratzen diren emaitzak barreiatzeko eta sentsibilizaziorako kanpaina bat bideratuko da.
2. Txostenaren edukia eta egitura
Txostenaren helmena eta izaera finkatzeko, beharrezkoa da bi alderdi funtzional aztertzea: irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsona taldeak –mugikortasun urriko pertsonak– eta Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiarien garraio sistemari dagokion eremu funtzionala.
Garraioaren alorrean mugikortasun urria duen pertsonaren kontzeptuak bildu egiten ditu joan-etorriak egiteko eta garraio sistemak modu autonomoan eta funtzionalean erabili ahal izateko zailtasunak dituzten pertsona guztiak.
Joan-etorriak egiteko gaitasunean murrizketa, iragankorra edo aldi baterakoa izan, ezgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial batek eragindakoa da, nahiz eta beste motaren bateko faktoreek eragindakoa ere izan daitekeen, adibidez adinak eragindakoa edo une jakin batean kargak, maletak, eta abar lekuz aldatzeko beharrak eragindakoa.
Zehazki, mugikortasun urria duen pertsona definitzen duten inguruabar nagusiak hurrengo adieretan biltzen dira:
1. Joan-etorriak egiteko gurpil aulkia behar duten pertsonak. Bidaiatzeko benetako zailtasunak dituzte, mugitzeko oztopo ugari gainditu behar dituztelako: eskailerak, beheragunerik gabeko espaloiak, zoladura irregularrak, eta abar.
2. Zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonak, ohiko garraio zerbitzua erabiltzeko arazo garrantzitsuak badituzte: txartela erosteko, geltokira iristeko, ibilgailuan sartu eta hartatik irteteko, agenteei kontsulta egiteko, eta abar.
3. Ezgaitasunik gabeko adinekoak[2].
4. Anputazioren bat jasan izanagatik edo artritisa edukitzeagatik gorputzeko atalen batean mugikortasun funtzionalik ez duten pertsonak eta joan-etorriak egiteko benetako zailtasunak topatzen dituztenak: espaloiak igo eta jaisteko, ibilgailuetara sartu eta haietatik irteteko, eta abar.
5. Gutxiegitasun kardiakoa edo arnasakoa duten pertsonak.
6. Joan-etorri normalak egitea galarazten duen gaixotasunen bat duten pertsonak, adibidez giro berrietara egokitzeko arazoak topa ditzaketen alergia prozesuak dituzten pertsonak.
7. Modu iragankorrean mugikortasun galeraren bat duten pertsonak: haurdun dauden emakumeak, gorputz atalen bat igeltsatuta edukitzeagatik makuluekin ibili behar diren pertsonak; karga astunak daramatzaten pertsonak, adibidez haurrak besoetan edo haur kotxeetan daramatzatenak, eta abar.
Irisgarritasunean zailtasunak dituzten pertsonen multzoak, horiek mugikortasunagatik edo komunikazioagatik eragindakoak izan alde batera utzita, Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren I. Eranskineko 3. artikuluan definiturik daude.
Azterlan hau egiteko, bost kategoriatan sailkatu dira lehen aipatutako mugikortasun urriko pertsonak: adinekoak; ezgaitasun iraunkorra duten pertsonak, horien artean gurpil aulkia erabiltzen dutenak sartuz; aldi bateko ezgaitasun fisikoa duten pertsonak; haurdun dauden emakumeak, eta modu iragankorrean jarduera mugatzaileak egiten ari diren pertsonak.
Garraiobideetara iristerakoan talde horrek topa ditzakeen arazo nagusiak hauek izan daitezke:
– Izaera fisikoa dutenak: azpiegituretara iristeko mailen arteko aldeak, maldak eta eskailerak gainditzea ezinezkoa izateagatik; igarobide estuetan eta bira egiteko tokirik ez dutenetan barrena abiatzea ezinezkoa izateagatik; ateak ireki eta ixtea zaila izateagatik; aldi berean bi eskuak erabiltzea behar duten mekanismoak martxan jartzea zaila izateagatik, eta abar.
– Zentzumen izaera dutenak: botoi multzoak edo errotuluak bezalako gauzak identifikatzea ezinezkoa izateagatik edo mailen arteko aldeak edo irtenguneak bezalako oztopoak identifikatu ezinagatik; norabideak eta ibilbideen jarraipena finkatzeko informazioa falta izateagatik; zailtasunak edukitzeagatik seinale akustikoak eta argi seinaleak identifikatzeko, adibidez alarmak, txirrinak, eta abar.
Egindako diagnostikoaren eremu funtzionalari[3] dagokionez, azpimarratzekoa da honela egituratuta geratzen dela:
1. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten garraio sistemak.
1.1. Bidaiarien garraio publikoko zerbitzu erregularrak.
1.1.1. Erabilera orokorrekoa
1.1.2. Jatorria edo destinoa EAEn edukita
1.1.2.1. Garraio azpiegitura eta ekipamenduak
1.1.2.2. Material mugikorra
1.2. Taxi egokituaren lineaz kanpoko zerbitzua
2. Azterketatik kanpo utzi dira EAEn ematen diren itsas garraioko zerbitzu batzuk eta baita kable bidezko garraioak, funikularra eta zubi esekia ere.
[2] Irisgarritasunaren Plan Nazionala 2004-2012 (IMSERSO) delakoak ezgaitasuna ez duten adin aurreratuko pertsonak (65 urte edo gehiago) hartzen ditu inguruneko oztopoak ezabatzearen onuradun izan daitezkeen pertsona gisa.
[3] Aldez aurretiko oharra: EAEn dauden autobus geltokien irisgarritasun egoeraren diagnostikoa ez da oinarritu ekipamendu lagin baten berariazko azterketa batean. Aldiz, erreferentziako azterlan ezberdinetan oinarritu da. Horrela, txostenean ekipamendu hauetan ohikoen diren oztopo fisikoak eta komunikaziokoak azalduko dira.
3. EAE-n mugikortasun urria duen pertsona taldearen azterketa soziodemografikoa
Mugikortasun urria duen biztanleria zenbatzeko aintzat hartu da inguruneko oztopoek ez dietela bakarrik eragiten aldi batez edo iraunkorki ezgaitasunen bat duten pertsonei, baizik eta, baita ere, ezgaitasuna eduki ez arren mugimendu jakin batzuk burutzeko arazoak dituztenei, adibidez haurdun dauden emakumeei, adinekoei, igeltsatuta dauden pertsonei, eta abar.
Kalkulua egiteko estatistika eta agiri iturri ezberdinak erabili dira aintzat hartutako mugikortasun urriko pertsona kategoria bakoitzeko:
MUGIKORTASUN URRIKO PERTSONA TALDEAK | ITURRIAK |
Adinekoak | Estatistikako Institutu Nazionala (INE-2009) |
Ezgaitasun iraunkorreko pertsonak | Ezgaitasunari, autonomia pertsonalari eta mendetasun egoerei buruzko inkesta (EDAD-2008) |
Aldi bateko ezgaitasunen bat duten pertsonak | Ospitaleko mugikortasunaren inkesta (EMH 2008) |
Haurdun dauden emakumeak | Ospitaleko mugikortasunaren inkesta (EMH 2008) |
Gainerako biztanleria (jarduera mugatzaileak) | Azterlan ezberdinak* |
(*) Egile ezberdinak kuantitatiboki zera zenbatesten saiatu dira: une jakin batean mugikortasuna aldi batez zaildurik duen pertsona kopurua, adibidez haur kotxeetan haurrak garraiatzen direnean, pisu handiko gauzak garraiatzen direnean, erosketetako poltsak eramaten direnean, eta abar.
Zentzu horretan, bi talde finka daiteke mugikortasun urriko pertsonak hartzen dituen biztanleria multzoaren barruan:
– Mugikortasun urri iraunkorra: adinagatik edo izaera fisikoko edo zentzumen izaerako ezgaitasunengatik joan-etorri autonomoak egiteko gaitasuna mugaturik ikusi duten gizabanakoei heltzen die honek. Talde honetan adinekoak[4] eta izaera iraunkorrarekin ezgaitasunen bat duten pertsonak sartzen dira.
– Mugikortasun urri iragankorra: aldi batez joan-etorri autonomoak egiteko gaitasuna murrizturik ikusten duten gizabanakoei heltzen die. Talde honen barruan haurdun dauden emakumeak, aldi bateko ezgaitasunen bat duten pertsonak eta aldi batez mugatzaileak diren jarduerak egiten dituen biztanleria sartuko lirateke.
Izaera iragankorreko joan-etorri zailtasunak dituen biztanleria bolumenaren zenbatespenak aukera ematen du azterketan denbora eskala berri bat definitzeko:
– Haurdun dauden emakumeak: urteko denbora eskala bat gorabehera ematen da datua, azken 5 urteetako serie kronologikoetan oinarritutako batez bestekoaren emaitza.
– Aldi bateko ezgaitasuna: datua azken 5 urteetako serie kronologikoetan oinarritutako batez besteko bati jarraiki ematen da. Eguneroko denbora eskala aplikatu da, ezintasuna dakarren lesioaren 15 eguneko batez besteko iraupena zenbatetsiz.
– Gainerako biztanleria (jarduera mugatzaileak): aldi batez mugikortasuna baldintzatzen duten jarduerak egiten dituen pertsona multzoari buruzkoa da. Azterlan ezberdinen arabera[5], ezgaitasunik ez duen biztanleriaren %17,7 egoten da une jakinen batean pertsonaren joan-etorri normala modu iragankorrean zailtzen duten inguruabarretan.
Premisa horiek oinarri hartuta, erantsi diren grafiko eta taulek erakutsi egiten dute zein den EAEn mugikortasun urria duen biztanleriaren bolumena, aintzat hartutako talde ezberdinak gorabehera banatuta[6]:
PROBINTZIAK | BIZTANLERIAREN BANAKETA LURRALDEKA ETA MUP TALDEAK GORABEHERA | ADINEKOAK | ADINEKOEN %A | EZGAITASUN IRAUNKORRA | GUZTIRA MUGIKORT. URRI IRAUNKORRA | MUGIKORT. URRI IRAUNK. %A |
Gipuzkoa | 705.698 | 131,611 | %18,65 | 17.600 | 149.211 | %21,14 |
Bizkaia | 1.152.658 | 224.626 | %19,49 | 37.400 | 262.026 | %22,73 |
Araba | 313.819 | 53.300 | %16,98 | 10.100 | 63.400 | %20,20 |
Guztira EAE | 2.17.2.175 | 409.537 | %18,85 | 65.100 | 474.637 | %21,85 |
Iturria: geuk egina.
PROBINTZIAK | BIZTANLERIAREN BANAKETA LURRALDEKA ETA MUP TALDEAK GORABEHERA | HAURDUN DAUDEN EMAK. | EZGAITASUN IRAGANK. | GAINERAKO BIZTANLERIA (jarduera mugatzaileak) | GUZTIRA MUGIKORT. URRI IRAGANK. | MUGIKORT. URRI IRAGANK. %A |
Gipuzkoa | 705.698 | 7.027 | 7.143 | 97.254 | 111.424 | %15,79 |
Bizkaia | 1.152.658 | 10.350 | 11.444 | 155.810 | 177.604 | %15,41 |
Araba | 313.819 | 2.963 | 3.217 | 43.800 | 49.980 | %15,93 |
Guztira EAE | 2.172.175 | 20.340 | 21.804 | 296.864 | 339.008 | %15,61 |
MUP TALDEEN BANAKETA EAE-N LURRALDE HISTORIKOA GORABEHERA
Lurralde historikoak gorabehera banatutako datu erlatiboek agerian uzten dute mugikortasun urri iraunkorra nahiz iragankorra duten pertsonen artean banaketak baliokideak direla. Hala eta guztiz ere, deigarria da Bizkaian bizi den eta izaera iraunkorreko mugikortasun urria duen biztanleria portzentajea. Hori, biztanle kopuruaren aldetik, ehuneko puntu bat eta erdi gehiagoko balioa da Gipuzkoaren gainetik eta ehuneko bi puntu baino gehiagoko aldea Arabako probintziaren gainetik. Alde hori, nagusiki, adinekoen taldean ageri da.
GUZTIRA MUGIKORTAS. URRI IRAUNKORRA | GUZTIRA MUGIKORTAS. URRI IRAGANKORRA | GUZTIRA MUGIKORT. URRIA EAE-N | MUGIKORT. URRIAREN %A |
149.211 | 111.424 | 260.635 | %36,9 |
262.026 | 177.604 | 439.630 | %38,1 |
63.400 | 49.980 | 113.380 | %36,1 |
474.637 | 339.008 | 813.645 | %37,5 |
Iturria: geuk egina.
Datu orokorretara joz gero, esan daiteke egun EAEn bizi den biztanleriaren %37,5ek mugikortasun urria duela batez besteko egun bateko une jakin batean. Lehendik aipatutako antzeko beste azterlan batzuetan islatutako irisgarritasun oztopoak ezabatzearen onuradun den biztanleriaren portzentajeen antzekoa da datu hori.
Kopuru erlatiboek ere aukera ematen dute lurralde historikoak gorabehera antzekotasunak ikusteko, nahiz eta Bizkaian mugikortasun urriko pertsona portzentajehandiagoa islatzen den. Hori lehen azaldu diren aldeen ondorio da.
EAE bezalako lurralde batek ageri duen agertoki soziodemografikoaren joeran mugikortasun urriko biztanleriaren datuak testuinguruan kokatzea oso adierazgarria da.
Ariketa hori egiteak agerian uzten du zahartzeko joera nabarmena duen gizarte batean bizi garela. Jaiotza tasaren beherakada adierazgarria, 1,8an kokatzen dena gaur egun, kezkagarria bihurtzen ari da azken urteotan EAEn. Horrek, biztanleriaren bizi itxaropenaren hazkundeari uztartuta, gizarte ziurtasun ezeko agertokiak proiektatu besterik ez du egiten, alderantzikako biztanleria piramide batekin. Bertan, biztanleriaren portzentaje altuak mugikortasun urriko pertsonatzat hartuko dira, adin aurreratukoak izateagatik.
Zahartze tasaren proiekzioa EAE-n
Iturria: Eustat.
Erantsitako irudian erakutsitako denbora horizonteak hazkunde adierazgarria ageri du zahartze tasan datorren bosturtekorako[7]. Proiekzioaren arabera, hiru lurralde historikoak 1975. urtean erregistratutako biztanle kopuruaren antzekora iritsiko dira 2015. urtean. Gaur egun, lehen azaldutako taula ikusita, EAE osoko biztanleriaren zahartze tasa %20 ingurukoa dela ikus daiteke.
Azterketa mugikortasun urriko pertsonen kategoriari bakarrik aplikatuz gero, portzentajea %50eraino iristen da, erantsitako taula eta grafikoetan islatu bezala. Beste era batera esanda, EAEn batez besteko egun batean irisgarritasun zailtasunak dituzten pertsonen erdia adinekoen taldekoa da.
EAE-N MUGIKORTASUN URRIA DUTEN PERTSONEN XEHETASUNA | Kopurua | Ehunekoa |
ADINEKOAK | 409.537 | %50,33 |
EZGAITASUN IRAUNKORRA DUTEN PERTSONAK | 65.100 | %8,00 |
ALDI BATEKO EZGAITASUN FISIKOA DUTEN PERTSONAK | 21.804 | %2,68 |
HAURDUN DAUDEN EMAKUMEAK | 20.340 | %2,50 |
GAINERAKO BIZTANLERIA (jarduera mugatzaileak) | 296.864 | %36,49 |
MUGIKORTASUN URRIA EAE-N (BATEZ BESTEKO LANEGUN BAT) | 813.645 |
|
Azpimarratzekoa da ezgaitasunik ez duten baina aldi batez mugatzaileak diren jarduerak egiteagatik abagune batean mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonek mugikortasun urria duen biztanleriaren barruan hartzen duten –portzentaje altua –%36,5–.
Ondorioz, joera aldaketarik gertatu ezean, biztanleriaren zahartzea mantendu egingo da datozen 15 urteetan; horrela, mendetasun tasa –65 urtetik gorako adinekoak biztanleria aktiboari dagokionez– %50 inguruko balioetan kokatu liteke (%48,4). Mendetasun europarraren eskualdeko batez besteko kopurua baino ia zazpi puntu altuagoa den tasa da, izan ere 2004ko %25etik 2030eko %41era igarotzea aurreikusi da (Eurostat, 2008). Halaber, kalkulatu egiten da 2020. urtean lau euskaldunetik batek 65 urte baino gehiago edukiko duela[8].
Iragarpen hauek derrigorrezko egiten dute irisgarritasun baldintzak betetzea, garraio sistemetara sartu eta horiek normal erabiltzeko baldintzak betetzea eta horiek erakundeen eta agente eskudunen agendetan nahiz haien inbertsio programetan ahalik eta lasterren sartzea. Helburua pertsonek mugikortasunerako duten eskubidea baldintzatzen duten oztopo fisikoak eta komunikaziokoak eraginkortasunez ezabatzea izango da.
Erantsitako eskemak xehatu egiten du EAEko garraio publikoaren eskaintza, hain zuzen ere azterlan honen azterketaren xede dena.
PROBINTZIAK | RENFE | FEVE | EUSKOTREN | TRANBIA | METROA |
ARABA | Distantzia ertain edo luzea | L1, L2 | |||
BIZKAIA | Aldirikoak A1, A2, A3 Distantzia ertain edo luzea | Aldirikoa - Eskualdekoa | L1, L3, L4 | L1 | L1, L2 |
GIPUZKOA | Aldirikoak A1 Distantzia ertain edo luzea | L1, L2 |
PROBINTZIAK | HIRIKOA (hiriburuak) | HIRIKOA (bestelakoak) | HIRI ARTEKOAK (EAE barrukoak) | IBILBIDE LUZEKOA (EAEtik kanpokoak) | TAXIA |
ARABA | 9 linea | Udalerri 1 (proiektuan) | 27 linea | 37 linea | Bai |
BIZKAIA | 35 linea | 4 udalerri (1 proiektuan) | 106 linea | 70 linea | Bai |
GIPUZKOA | 26 linea | 9 udalerri | 130 linea | 64 linea | Bai |
PROBINTZIAK | HEGALDIAK |
ARABA | Estatukoak |
BIZKAIA | Estatukoak eta nazioartekoak |
GIPUZKOA | Estatukoak |
Iturria: geuk egina.
[4] Zenbatzeko, kontsultatu diren iturriei jarraiki (legedia, irisgarritasun planak, OMEren txostenak, eta abar) 65 urtetik aurrerako pertsona taldean finkatu da zenbaketa tartea.
[5] IMSERSOren garraio irisgarriko programaren ebaluazioa, MTASek argitaratutakoa (Madril, 1999). La Seguridad Vial y
las PMR. Juan F. Dols – Valentziako Unibertsitate Politeknikoa (2003). Irisgarritasunaren I. Plan Nazionala (2004-2012). IMSERS0 (2003).
[6] OMEk zahartzeari eta osasunari buruz 1998. urtean egindako txosten batek zera zioen: "Ekintza planen diseinatzaileak, mugikortasunaren murriztapenak aztertzen saiatzen direnean, pertsonek beren funtzio mugak aitortzearen mendeko dira. Mugikortasun urriaren kopurua biztanleria osoan (adinekoak barne) sistematikoki gutxiesten ari da ziurrenik".
7] Zahartze tasak 65 urtetik gorako pertsona portzentajeari heltzen dio biztanleria osoari dagokionez eta lurralde eremu jakin baten baitan.
[8] CIDEC. Lan Koadernoa, 44. alea. – Zahartze aktiboa: perspektibak eta estrategiak.
4. Irisgarritasun katea
EAEn garraio publikoko azpiegituren eta ekipamendu eta ibilgailuen irisgarritasun egoeraren diagnostikoa egituratu egin da funtzionalki lurralde historiko bakoitzean jarduten duen garraiobidearen inguruan eta irisgarritasun katea izena duen hori osatzen duten segmentuak gorabehera, hau da, edozein ibilbide jatorri batetik destino bateraino zatitzen den etapa multzoa gorabehera.
Garraio sistemaren bat erabiltzea dakarren jatorri batetik destino baterainoko ibilbide baten Irisgarritasun katearen funtsezko elementuak hauek dira:
– Sarbide ibilbidea: hurbileneko hiri ingurunea garraioko azpiegitura edo ekipamenduarekin (trenbide geltokia, autobus geltokia, eta abar) lotzen duen oinezkoentzako ibilbideari heltzen dion etapa da. Garraio ekipamendura iristeko dagoen kanpoko ibilbidearen irisgarritasunaren[9] eta pasatzeko modukoa izatearen[10] gaineko azterketa hartzen du. Udalei dagokie etapa honetan irisgarritasuna bermatzea.
– Garraio ekipamendua: azpiegituraren barruko elementuetan joan-etorri eta erabilera baldintzei buruzko etapa. Hurrengoak hartzen ditu: eraikinerako sarbidea, halakorik egonez gero; joan-etorria instalazioaren barrualdean; ekipamendutik emandako eta bertan ageri diren zerbitzu publikoak normaltasunez eskuratzea eta horien erabilera ergonomikoa, eta ontziratze eta hartatik irtete segurua eta funtzionala azpiegitura-ibilgailua-azpiegitura erlazioan. Garraio azpiegitura eta ekipamenduaren kudeatzailearen eta garraio eragilearen beraren eskumena da katearen fase honetan irisgarritasun baldintzak betetzen direla bermatzea.
– Ibilgailua[11]: irisgarritasun katearen hirugarren segmentuak garraio ibilgailuaren barruko joan-etorri baldintzei heltzen die, hau da, joan-etorriaren segurtasunari eta erosotasunari buruzko gaiei, ibilgailuaren barrualdetik funtzionalki mugitzeko gaitasunari eta hartan ageri diren erabilera publikoko elementuen erabilera normalizatuari: txartela baliogabetzea, gelditzea eskatzeko txirrina, komunak... Etapa honen gaineko eskumena garraio eragilearena da bakar-bakarrik.
Jatorritik destinora doan ibilbidea irisgarria izan behar da kateko segmentu guztientzat joan-etorriaren arrakasta bermatu nahi bada. Zentzu horretan, aipatutako etapez gain, ibilbide honek bizitokiaren eta ingurune publikoaren arteko lotura gehitu behar du, komunikazio izaerako beste elementu batzuekin batera. Horiek informazioa eskuratzen dela eta hura erabat ulertzen dela, bidaia behar bezala planifikatzen dela eta hura ezustekorik gabe burutzen dela bermatu behar dute.
"Destinora iristeko aukerak benetan zalantzan jartzen dituen edozein pertsonak atzera egingo du eta ez dio ibilbideari ekingo. Zalantza horren ñabartasunean ezkutatzen da askotan ezgaitasunen bat duten pertsonen aurkako bereizkeria sakonena, eta, horregatik, irisgarritasun jardueretan aurrerantz jarraitzea eta haiekiko hurbil mantentzea oso garrantzitsua da".
Iturria: Espainiako Irisgarritasunari buruzko Liburu Berdea
Jarraian datorren taulak aintzat hartutako lurralde eremu bakoitzeko (lurralde historikoa) azterketak emandako xehetasunak erakusten ditu:
Lurralde historikoa | Garraio modua | Azpiegitura | Ibilgailua |
Gipuzkoa | Trenbidea | Geltokiak / geralekuak | Trena |
Airetikoa | Aireportua | Hegazkina | |
Errepidetikoa | Autobus terminalak / Geralekuak | Autobusa / Taxia | |
Bizkaia | Trenbidea | Geltokiak / geralekuak | Trena / Metroa |
Tranbia | |||
Airetikoa | Aireportua | Hegazkina | |
Errepidetikoa | Autobus terminalak / Geralekuak | Autobusa / Taxia | |
Araba | Trenbidea | Geltokiak / geralekuak | Trena |
Tranbia | |||
Airetikoa | Aireportua | Hegazkina | |
Errepidetikoa | Autobus terminalak / Geralekuak | Autobusa / Taxia |
[9] Irisgarritasuna: Ibilbide bat irisgarria (egokitua) dela esaten da horri buruzko araudian bildu diren funtzionaltasun eta dimentsio betekizunak betetzen dituenean, mugikortasun urriko pertsonen joan-etorrien autonomia eta segurtasuna bermatuz.
[10] Pasatzeko modukoa izatea: Irisgarria ez den ibilbidea, ez dituelako lege ezarpen guztiak betetzen. Aitzitik, behar bezain funtzionala eta segurua da pertsonaren joan-etorria ahalbidetzeko.
[11] Ibilgailu bat irisgarria dela esaten da mugikortasun urriko pertsona bat barrura sartu daitekeenean inolako laguntzarik gabe.
5. Azterketaren metodologia
5.1. Ikerkuntza-dokumentazioa
Irisgarritasun diagnostikoari ekin baino lehen, ikerkuntza lan xehatua egin da inguruneko irisgarritasun arazoren bat eta, zehazkiago esatearren, garraiobideetako irisgarritasuna jorratu eta arautu duten lege eta dokumentu iturrien gainean.
Hurrengoak ikertu eta dokumentatu dira: esparru juridiko autonomikoa, estatu mailakoa eta nazioartekoa; estatu mailako irisgarritasun planak; gizarte bazterkeriari eta ezgaitasunari buruzko berariazko txostenak; aukera berdintasuna eta bereizkeria eza sustatzeko programak; gizarte baliabideen mapak; ezgaitasunari eta mugikortasun urriari buruzko azterlanak, eta mugikortasun urria duten pertsonentzako irisgarritasun eta garraio konponbide zehatzak. Informazio multzo hori oso erabilgarria izan da diagnostikoa egiteko elementu gisa eta ondoren garraio sistema bakoitzean gomendio programa egiteko gida bezala.
Bibliografiaren idatz zatian xehetasunez jaso da kontsultatutako iturri tekniko eta juridikoen zerrenda.
5.2. Diagnostikoa egiteko tresnak
EAEko garraio sistema publikoaren irisgarritasuna ebaluatzeko prozesua landa kanpaina xehatu baten inguruan antolatzen da. Hura hurrengo bitartekoek eusten dute:
– Aurrez aurreko elkarrizketak erakundeen ordezkariekin, ezgaitasunaren gizarte agenteekin eta EAEn garraioaren plangintzari, kudeaketari eta eragiketari uztartuta dauden erakunde publiko eta pribatuekin. Elkarrizketa horiek aukera ematen dute lehen eskutik ezagutzeko zeintzuk diren irisgarritasuna hobetzearekin zerikusia duten agenteek beren eskumenen esparruan dituzten jarduera programak.
– Ekipamenduak eta garraiorako ibilgailuak behatzea; horrela, elkarrizketen fasean zehar bildutako informazioa alderatu eta osatzea ahalbidetu da. Ikuskatze lanak, halaber, froga grafikoak eta agiri bidezkoak eman dizkigu zerbitzuak ematerakoan topatutako irisgarritasun gabezien gainean.
– Telefono bidezko inkestak edo "mailing" bidezkoak, lehen mailako iturrietan eskuratutako informazioan sakontzeko.
Orokorrean, 25 elkarrizketa pertsonal egin da guztira, eta EAEko tren geltoki, autobus terminal, aireportu eta metro eta tranbia geraleku guztiak bisitatu dira. Horien gaineko behaketa prozesua landa laneko 100 orduraino iritsi da ia.
Erantsitako tauletan tokian bertan egindako elkarrizketa pertsonalen eta ikuskatzeen zerrenda xehatu da:
ERAKUNDEA
Eusko Jaurlaritza – Garraio eta Herri Lan Saila
Donostiako Udala / d-bus
Renfe Aldirikoak Bizkaia-Gipuzkoa
ELKARTU
Bilboko Udala / Bilbobus
ADIF
Bizkaiko Foru Aldundia / Bizkaibus
Euskal Trenbide Sarea (ETS) - EuskoTren
Gipuzkoako Foru Aldundia / Lurraldebus
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza
Arabako Foru Aldundia
Vitoria-Gasteizko Udala / TUVISA
ONCE - FEKOOR - EDEKA
FEVE
Bizkaiko Garraio Partzuergoa
AENA – Donostiako Aireportua
AENA - Vitoria-Gasteizko Aireportua
AENA – Bilboko Aireportua
Landa lanaren kanpaina
EGUNA | EBALUATU BEHARREKO ITEMAK | PROBINTZIA | ERABILITAKO ORDUAK |
Apirilak 15 | A-1 Linea. Renfe, Gipuzkoako Aldirikoak: Irun - Brinkola Donostiako Autobus Geltokia | Gipuzkoa | 12 |
Apirilak 16 | EuskoTren Zumaia - Lasarte Oria - Hendaia | Gipuzkoa | 7 |
Apirilak 19 | EuskoTren Bilbo - Eibar - Zumaia | Bizkaia - Gipuzkoa | 12 |
Apirilak 20 | EuskoTren Urdaibai - Txorierri Lineak | Bizkaia | 12 |
Apirilak 21 | FEVE Bilbo Balmaseda Lineak / Santander/Leon eskualdekoak | Bizkaia | 12 |
Apirilak 22 | A-1 Linea. Renfe, Bizkaiko Aldirikoak: Bilbo Abando - Santurtzi | Bizkaia | 7 |
A-2 Linea. Renfe, Bizkaiko Aldirikoak: Bilbo Abando - Muskiz | Bizkaia | 7 | |
Apirilak 23 | Bilboko Metroa | Bizkaia | 7 |
Bilboko tranbia | Bizkaia | 7 | |
Termibus – Bilboko Autobus Geltokia | Bizkaia | 7 | |
Apirilak 26 | Vitoria-Gasteizko tranbia | Araba | 8 |
ADIFen geltokia, Vitoria-Gasteiz | Araba | 8 | |
Vitoria-Gasteizko Autobus Geltokia | Araba | 8 | |
Apirilak 28 | A-3 Linea. Renfe, Bizkaiko Aldirikoak: Bilbo Abando - Urduña ADIF Geltokiak (eskualdeko zerbitzuak) Araban | Araba - Bizkaia Araba | 12 |
Apirilak 30 | Donostiako Aireportua | Gipuzkoa | 2 |
Maiatzak 21 | Vitoria-Gasteizko aireportua | Araba | 2 |
Maiatzak 7 | Bilboko aireportua | Bizkaia | 2 |
GUZTIRA: 95 |
Ikuskatze lan guztiaren oinarrian elementu grafikoak (argazkiak, alegia) eta auditoretza fitxa izenekoak osatzea dago. Fitxa horiek lege eta eskumen esparrua aztertzearen ondotik eraikitzen dira, eta, bertan, behaketetan kontrolatu beharreko oinarrizko alderdi guztiak xehatzen dira.
Adibide modura, ikuskatze fitxa baten eredua erantsi da:
Deskargatu ikuskatze fitxa baten eredua
Txostenaren CD formatuan, behaketa kanpainatik etorritako auditoretza fitxa guztiak sartzen dira, garraio sistemak gorabehera antolatuta.
5.3. Eskuratutako datuen ustiapena
Landa laneko (behaketak eta elkarrizketak) kanpainatik etorritako informazioaren ustiapena jarraian datozen oinarrizko printzipioei jarraiki egituratu da:
– Hierarkia printzipioa: ekipamenduen eta material mugikorraren ezaugarriak finkatzeko saiakera egin da haien irisgarritasun maila gorabehera, baina, betiere, garraioetara iristea eta haiek normaltasunez erabiltzea baldintzatzen duten oinarrizko bi irizpideak aintzat hartuta balorazioan, alegia, joan-etorriaren segurtasuna eta funtzionaltasuna (autonomia).
– Homogeneizazio printzipioa: informazioaren azterketa eta ustiapen metodologia bat hartzeko saiakera egin da, horrek ondoren aukera eman zezan garraio sistemen eta lurralde eremuen izaera kuantitatibo eta kualitatiboko alderaketak ezartzeko.
Printzipio gidari horiek informazioaren tratamenduan sartzeko, metodologia berritzailea hartu da. Horrek, parametro komun batzuen ebaluaziotik abiatuta, aukera eman du tresna grafikoak lantzeko eta horien bitartez garraio sistemen irisgarritasun ezaugarriak kuantitatiboki eta kualitatiboki ikusteko.
Garraio azpiegitura eta ekipamenduen diseinua eta funtzionaltasuna heterogeneoa denez, tresna grafiko horien erabilerak erraztu egiten du instalazioen, garraio moduen eta lurralde eremuen arteko alderaketa egin ahal izatea.
Bi dira ezaugarriak ateratzeko prozesuan eta ebaluazio alderatua egitekoan erabiltzen diren tresnak:
– Gabezien matrizea
– Irisgarritasun diagrama
5.3.1. Gabezien Matrizea[12]
Izaera kuantitatiboko tresna bat da, eta informazio osoa eta alderatua ematen du aintzat hartutako garraio sistemarentzako dagoen joan-etorri katearen irisgarritasunaren ezaugarriei buruz.
Horretarako, Irisgarritasun Indizea (II) izena duen adierazle sintetiko bat sortzen da. Horrek, garraio ekipamendu bakoitzarentzat (trenbide geltokia, autobus terminala, aireportua) bateratuak izango diren parametro batzuk aztertu eta baloratzearen ondotik, aukera ematen du objektibotasunez zenbatu eta alderatu ahal izateko oinezko ingurunearen eta instalazioen irisgarritasun maila. Katearen etapa guztietan joan-etorriak duen segurtasunaren eta autonomiaren (funtzionaltasuna) ikuspegitik egiten da azterketa.
Parametro hauetako bakoitzaren balorazioarekin, irisgarritasun alderdiak izena dutenak, eta ekipamendu bakoitzerako irteten diren irisgarritasun indizeekin, Gabezien Matrizea eraikitzen da. Horri esker posible da joan-etorri kate osoaren irisgarritasun egoera ikustea (ingurunea-ekipamendua-material mugikorra).
Bi irizpide finkatzen da joan-etorri katearen irisgarritasun alderdien balorazioa egiteko.
– Segurtasuna
Segurtasun bezala ulertzen da mugikortasun urriko pertsonak duen gaitasuna kasuan kasuko ekipamenduan edo ibilgailuan ageri diren elementuetara iritsi eta horiek erabiltzeko, segurtasun fisikoko, erosotasuneko eta duintasun pertsonaleko baldintza egokietan.
– Funtzionaltasuna
Funtzionaltasuna esaten denean ulertzen dena da mugikortasun urriko pertsonak duen gaitasuna kasuan kasuko ekipamenduan edo ibilgailuan ageri diren elementuetara autonomiaz iritsi eta horiek erabiltzeko.
Bi irizpideentzat hiru balorazio maila finkatu da metodologiaren aldetik:
– 0: egoera ezin hobea: segurtasuna duena eta funtzionala.
– 1: segurtasunaren aldetik nolabaiteko zailtasuna ageri duen egoera eta joan-etorrirako eta erabilera autonomorako oztopoak dituena.
– 2: egoera kritikoa segurtasunaren aldetik eta disfuntzionaltasunekin, joan-etorrietan eta elementuen erabileran autonomia ahalbidetzen ez dutenak.
Horrela, irizpide horiek oinarri hartuta, topatu diren gabeziak kritikotasuneko zazpi mailatan antolatuta geratzen dira erantsi den taularen ondotik:
Iturria: geuk egina.
Segurtasun eta funtzionaltasun irizpideak aplikatzeko kontuan hartzen diren irisgarritasuneko hamabi alderdiak antolatu egiten dira garraiora iristeko eta hura normaltasunez erabiltzeko funtsezko izaera edukitzearen arabera. Gauzak horrela, irisgarritasun alderdiak lehen mailakoetan eta bigarren mailakoetan bereizten dira.
– Lehen mailako izaera: alderdi hauen kasuan baldintza ezin hobetan egotea ezinbestekoa da erabat, mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorri segurua eta autonomoa bermatzeko garaian irisgarritasun kate osoan zehar.
Lehen mailako izaera duten irisgarritasun alderdien zerrenda:
• Kanpoko irisgarritasuna: oinezko ibilbidea, ateak, arrapalak, eskailerak...
• Barne joan-etorria ekipamenduan: ateak, eskailerak, oztopoak, zoladura, gidari izateko seinaleztapena, eta abar.
• Segurtasuneko seinaleztapena: zerrenda kromatikoak, botoiak...
• Ibilgailura sartzea eta hartatik irtetea.
• Joan-etorria ibilgailuaren barrualdean: oztopoak, ainguratzeak, barrak, eta abar.
• Informazio eta komunikazio sistemak instalazio eta ibilgailuetan: megafonia, zutabe estatikoak, teleadierazgailuak, eta abar.
– Izaera osagarria: Alderdi hauek ezin hobeak izatea ez da erabakigarria mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorriaren segurtasuna eta funtzionaltasuna bermatzeko.
Izaera osagarria duten irisgarritasun alderdien zerrenda:
• Altzariak.
• Komunak.
• Leihatilak, salmahaiak.
• Zerbitzu osagarriak (telefonoa, kutxazainak, kafetegia...).
Ondorioz, kontuan hartutako irisgarritasun alderdiek 0 (egoera ezin hobea) eta 4 (egoera kritikoena) arteko balioak har ditzakete, balorazioan erabilitako segurtasun eta funtzionaltasun irizpideei jarraiki. Irisgarritasun Indizea irisgarritasun alderdi bakoitzaren balorazioaren baturaren eta baloratutako alderdi kopuruaren arteko zatiduraren emaitza izango da.
Matrizeak bi II balio edukiko du ekipamendu bakoitzeko: bata, irisgarritasun alderdi guztien baloraziotik datorrena eta, bestea, garrantzitsuagoa, lehen mailako irisgarritasun alderdiak bakar-bakarrik aintzat hartzetik etorritako emaitza izango dena.
Instalazioen ezaugarriak atera eta aldez aurretik sailkatze honek lagundu egiten du ondoren egingo diren gomendioak hierarkizatzen. Zentzu horretan, ekipamendu jakin batzuetan lehentasunezko esku-hartzearen beharra are argiago geratzen da Irisgarritasun Indizearen balioa instalazio bakoitzean dagoen bidaiari eskaerarekin gurutzatzen denean.
Osatu gabeko matrizea azaltzeko eredua erantsi da.
Deskargatu matrizea azaltzeko eredua
Gabezien Matrizeko irisgarritasun alderdien balorazio guztiak hartu eta irisgarritasuneko indize sintetikoak kalkulatzen direnean, emaitza honela geratzen da:
– II≥2 ageri duten instalazio guztiak egoera kritikoan daudela uste da. Kasu hauetan, IIren balioa gorriz itzaleztatuta geratzen da matrizean.
– II≤1 ageri duten instalazio guztiak "irisgarritzat" jotzen dira[13]. Kasu hauetan, IIren balioa berdez itzaleztatuta geratzen da matrizean.
– 1 eta 2 artean kokatzen den Irisgarritasun Indizea duten instalazio guztiak (1>II<2) oso funtzionaltasun gutxikotzat jotzen dira.
– Bestalde, eskarian oinarrituta, geltokia bereziki garrantzitsua bada aintzat hartutako biztanleria gunean, IIren balioa gorriz seinaleztatuta geratzen da.
Jada eraikitako matrizea azaltzeko eredua erantsi da.
Deskargatu jada matriz eraikita azaltzeko eredua
5.3.2. Irisgarritasun Diagrama
Irisgarritasun Diagrama izaera kualitatiboko irudikapen grafiko bat da; bertan, aintzat hartutako mugen ezaugarriak eta tipologia gorabehera (fisikoak eta komunikaziokoak) eta joan-etorri kateko segmentu bakoitzerako, islatu egiten da zein den ebaluatzen ari den garraio sistemaren irisgarritasun egoera.
Irisgarritasun Diagramak irisgarritasun maila baloratzeko hiru kategoria ditu: irisgarria, funtzionala eta eskuraezina. Horiek bat datoz hiru irudikapen kolorerekin: berdea, anbarra eta gorria. Balorazio maila hauek aplikatu egiten dira garraio modu bakoitzeko irisgarritasun fisikoaren eta komunikaziokoaren ebaluazioan. Ebaluazioa joan-etorri katea gorabehera egiten da, kualitatiboki baloratuz ingurunearen egoera etapa ezberdinetan: Ingurunea, ekipamendua eta ibilgailua, eta, horrekin batera, baita puntu kritikoak ere, alegia, kanpoko ingurunearen eta garraio ekipamenduaren eta garraio ekipamenduaren eta ibilgailuaren arteko loturak.
Emaitza diagrama bisual bat da, eta bertan irisgarritasunaren egoeraren gaineko alderaketak ezartzerik dago trenbide korridoreak, aireportuak, errepidetiko garraio zerbitzuak, lurralde eremuak, eta abar gorabehera.
Jada beteta dagoen Irisgarritasun Diagrama baten eredu bat erantsi da.
Diagnostikoaren emaitzak (matrizeak eta diagramak) nahiz txosteneko ondorio eta gomendioak garraio sistemak gorabehera antolatzen dira, EAEko eremu funtzional ezberdinetan dagoen garraio publikoko eskaintzari jarraiki.
Premisa horiek oinarri hartuta, diagnostiko txostenaren eta ekintza planen idazketa hurrengo garraio sistemei eta zerbitzu elkartuei jarraiki egituratzen da:
[12] Azterlan honen esparruan, Gabezien Matrizea hurrengo sistemei aplikatu zaie: trenbideenari, errepideenari eta airetikoari.
[13] Ohikoa da ekipamendu hauetan eta guzti gabeziak topatzea, baina ez dira kritikotzat jotzen garraiobide bat segurtasunez eta funtzionaltasunez erabili ahal izateko.