IX. Kapitulua. Ondorioak
1. Ondorioak garraio sistemak gorabehera
1.1. Trenbide sistema
EAEko trenbide sistemaren irisgarritasun baldintzak ez dira gehiegi aldentzen beste eremu geografiko batzuetan ageri den egoeratik. Material mugikorraren eta trenbide azpiegituraren irisgarritasunaren egoerak, egun, ez du behar besteko bermerik eskaintzen mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko, eta hori azken urteotan inbertsio garrantzitsuak egin badira ere.
Trenbide sareetan irisgarritasunaren egoerak ageri dituen gabeziak irisgarritasun katearen funtsezko etapa guztietan gertatzen dira:
– Trenbide azpiegiturara sartzeko ibilbidean.
– Trenbide geltokien eta geralekuen sarbideetan.
– Geltoki barruko mugikortasunean, nasetara daramaten sarbideetan eta material mugikorrean. Azpimarratzekoa da gure autonomia erkidegoko tren geltokietan dauden trenbide-pasagune gehienek duten egoera larria, eta baita nasaren eta trenaren arteko irisgarritasun arazo konpondu gabea ere.
Halaber, beharrezkoa da azpimarratzea ia ez dagoela irisgarritasun neurririk komunikazioan trenbide sare osoan, horrek aukera eman diezaien ikusmen urrituei edo zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei informazio egokia eskuratzeko.
Halaber, garrantzitsuak dira ere instalazioetako ergonomia eta funtzionaltasunean eta garraio ekipamenduetan ageri diren gabeziak.
Aztertutako linea guztietan egiazta daiteke bi geltoki mota elkarrekin ageri dela: (1) irisgarritasun baldintzak biltzeagatik eredu izan daitezkeen geltokiak, lurralde historikoetako hiriburuei edo hirigune handiei uztartuta eta (2) segurtasunaren, ergonomiaren eta irisgarritasunaren alorreko gaietan gabezia adierazgarriak dituzten instalazioak. Trenez egindako joan-etorriek hiri arteko izaera edo izaera metropolitarra dutenez gehienbat, eredu diren geltokiak hirigune handietan bakarrik edukitzea ez da nahikoa edo ez da oso eraginkorra, izan ere, irisgarritasuna kate osoan bermatu behar dira, jatorritik hasi eta destinoraino.
Trenbide sareak gorabehera, ETS-EuskoTrenen lineek ageri dituzte, orokorrean, irisgarritasun baldintza onenak, ADIFen eta FEVEren kudeaketapean dauden euskal korridoreetatik igarotzen direnek ageri dituztenen aldean. Hala eta guztiz ere, egoera oraindik kritikoa dela aipatu behar da, izan ere, lehen adierazi dugun moduan, ikuspegi integratzaile batetik begiratuz gero ez da joan-etorri kate osoan irisgarritasuna bermatzen.
Gure autonomia erkidegoan 167 geltoki dago martxan, aldirikoen zerbitzuak emateko. Horietatik 73 ADIFenak dira, 73 ETSrenak eta 21 FEVErenak.
Irisgarritasun fisikoaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da EAEko geltoki guztietatik %22k bakarrik duela oinezkoentzako hiri ibilbide edo ingurune irisgarria.
Hiri ingurunetik nasara iristeko irisgarritasun fisikoa betetzeari dagokionez, geltokien %17k bakarrik ematen du mugikortasun urriko pertsonentzat berme guztiak biltzen dituen erabilera egiteko aukera. Gainerako %83 ez da irisgarria.
Geltokien irisgarritasunari buruzko emaitza ere ez da ona; %22 bakarrik iristen da irisgarritasun fisikora.
Eskuratutako datuak ikusita, azpimarratu egin behar dugu programatu edo gauzatu diren esku-hartzeen funtzionaltasunak, instalazioetan eta zerbitzuetan irisgarritasun baldintzak zehazki hobetzea ekartzeaz gain, ekintza estrategia orokorrago bat hartu behar duela, jarduerak irisgarritasun kate osoaren hobekuntza integralerantz bideratzeko.
Ikuspegi oso horretatik abiatuz, argi geratzen da zein den agente bakoitzak duen erantzukizuna trenbide bidezko garraio sistemaren irisgarritasunean eta katearen etapa bakoitzean. Horrela:
– Udalei sarbide ibilbidearen, hau da, hurbileneko hiri ingurunea eta trenbide ekipamendua edo azpiegitura komunikatzen dituen oinezko ibilbidearen irisgarritasuna bermatzea dagokie.
– Azpiegituraren kudeatzaileei dagokie beharrezko neurriak hartzea joan-etorri segurua eta funtzionala bermatzeko geltokietan.
– Trenbide eragileei dagokie material mugikorra, erabakigarria delako erabat irisgarria izango den nasa-tren erlazioa bermatzeko.
Egindako diagnostikoan eskuratutako ondorioei buruzko informazio zehatzagoa eskuratzeko, txosten honen I. eranskinera jotzen dugu. Bertan, laburpen fitxak izeneko horietan, aztertutako korridore bakoitzari buruzko berariazko informazioa bildu da.
1.2. Sistema metropolitarra
Orokorrean, Bilboko metro sistemak kalifikazio altua eskuratu du irisgarritasunaren gaian. Hala ere, kasuan kasuko hobekuntza jarduerak egitea eskatzen duten gai batzuk badira, batez ere ikusmen eta entzumen urrituei sistema horretara autonomiaz iristea erraztuko dieten horiek.
Zentzu horretan, adierazi dezakegu instalazioak eta oinezko inguruneak irisgarriak badira ere mugikortasun urriko pertsonentzat, zenbait oztopo ere ageri dituztela komunikazioaren gaian, hain zuzen ere jarraian xehatuko ditugun hauek:
– Oinezkoentzako inguruneetan ikusi da ez dagoela zoladuran gida izateko ukimen seinaleztapenik, horren bitartez ikusmen urrituak orientatzeko igogailuen sarrerarantz eta atondora sartzeko arrapala eta eskaileretarantz.
– Gidatzeko ukimen seinaleztapenik ere ez dago igogailutik barruko atondoko intereseko elementu eta zerbitzuetarantz.
– Halaber, egiaztatu da nasara iristeko eskailera eta arrapaletan ez dagoela gida sistemarik (plakak Braillen eta goi-erliebean), horiek ikusmen urrituentzat orientazio izateko hartu nahi duten noranzkoa argitzeko garaian.
– Nasan ez dago gida zerrendarik ikusmen urritua bideratzeko unitate mugikorraren sarbide ateen kokalekurantz (urruneko ateak). Hori arazo bat izan daiteke unitate mugikor laburrenen kasuan.
– Igogailuei dagokienez, adierazi behar dugu egiaztatu egin dugula beharrezkoa dela erabilera lehentasunen sistema bat finkatu eta arautzea, eta, horrekin batera, gailu kopurua eta edukiera bermatzea. Horrela, geltoki berrietan eskaria behar bezala atenditu ahalko da.
1.3. Tranbia sistema
Tranbia sistemak erreferentzia dira hiri garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalaren gaian. Ez dira bakarrik "hiria egiten duten" proiektuak, hiri integrazioko lan sakona eta trazatua igarotzen den eremu funtzionaleko espazio berrantolamendua eskatzen duten aldetik; horrekin batera, bereziki, mugikortasun urriko pertsona taldeen gizarteratzea eta kultura integrazioa ahalbidetzen duten proiektuak dira, eguneroko joan-etorriak oztoporik gabe egingo direla bermatzen baitute. Inor baztertzen ez duen garraio sistema bat da, eta ezgaitasunen bat duten pertsona guztiek, haur kotxeak daramatzatenek eta une jakin batean bizikleta bat garraiatu dezaketenek erabil dezakete. Garraio publiko seguru, irisgarri eta ingurumenarekiko errespetuzkoa den baten aldeko apustu irmoa da.
Hala eta guztiz ere, Bilboko nahiz Vitoria-Gasteizko tranbia sistemara egindako ikuskatze bisitetan hurrengo gabeziak egiaztatu ahal izan dira:
– Bilboko eta Vitoria-Gasteizko tranbiaren proiektuetan irisgarritasun fisikoko oztopoak gaindituta, gaur egun komunikazio oztopoak geratzen dira kentzeko. Horrela, zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei sistemaren erabateko irisgarritasuna bermatuko zaie.
– Zentzu horretan, adierazi dezakegu Vitoria-Gasteizko tranbiak, Bilboko tranbia baino modernoagoa izateagatik, lortu egin duela dauden komunikazio oztopoak ezabatzeko behar diren irisgarritasun neurriak sisteman sartzea.
– Geralekuen hurbileneko oinezko inguruneek ez dute, gehienetan, gida izateko zerrendarik zoladuran, horren bitartez informazioa eman ahal izateko ikusmen urrituari.
– Beharrezkoa da erakunde eskumendunak Vitoria-Gasteizko tranbiaren inguruan sortu den arazoa jorratzea, hain zuzen ere markesinaren eta espaloiaren artean geltoki batzuetan dagoen igarobide estuari buruzkoa, izan ere, horrek gurpil aulkien erabiltzaileak igarotzea zailtzen du.
1.4. Errepidetiko sistema
1.4.1. Zerbitzu erregularrak (autobusa)
2012. urtea inflexio puntua izan behar da EAEn hiri arteko eta ibilbide luzeko zerbitzuen irisgarritasuna sustatzeko, hain zuzen ere hiri zerbitzuentzat plataforma baxuko autobusa sartzea izan zen bezala.
Zerbitzuen emakida mapa osorik berritzeak piztu egin behar du iraganarekin eteten dela, eta sarrerako atea izan behar da errepidetiko garraioaren garai berri batentzat. Garai berri horretan, kalitatea, modernotasuna eta zerbitzuen erabateko irisgarritasuna izango dira konpainia eragileen lehiakortasunak oinarri izango dituen zutabeak.
Horrekin batera, pixkanaka autobus geltoki eta geralekuak egokitu behar dira, horietara iristeko oinezko ibilbideak atondu, eta gidarien prestakuntza eta sentsibilizazio planak programatu eta burutu mugikortasun urriko pertsona taldeek dituzten behar berezien gainean.
Ibilbide luzeko zerbitzuak (eskualde artekoak)
– Ibilbide luzeko terminalek gabezia adierazgarriak ageri dituzte irisgarritasunaren, erosotasunaren eta ergonomiaren gaietan.
– Bilboko terminaleko instalazio eta zerbitzuek maila egokiagoa ageri dute Donostiako eta Vitoria-Gasteizko geltokiek ageri dutena baino. Azken horien egoera aurreikusitako geltoki intermodalen proiektuen baldintzapean daude.
– Bilboko autobus terminalean izan ezik, EAEko gainerako geltokietan gabezia adierazgarriak ikusi dira komunikazioen alorreko irisgarritasunaren gaian.
– Ibilbidean zehar zerbitzuak ematen dituzten ibilgailuen ezaugarria da irisgarriak ez izatea, izan ere, ez daude behar bezala egokituta mugikortasun urriko pertsonek erabil ditzaten.
Hiri arteko zerbitzuak (EAE barruan)
– Foru aldundiek emandako datuak gorabehera, Bizkaian autobus flotaren %91 da irisgarria, Gipuzkoan %78 eta Araban %43.
– Irisgarriak ez diren oin altuko ibilgailuak daudela ikusi da, nahiz eta horiek, lehen ere esan dugun bezala, beren jardunaren mugan dauden. Hala eta guztiz ere, linea guztiek dute beren flotan oin altuko autobus irisgarriren bat, eta hori mugikortasun urriko pertsonen eskura jartzen da zerbitzua aldez aurretik eskatzen denean. Autobus hauek plataforma elektrohidraulikoa eduki behar dute, aparkatzen den nasaren edo kanpoko galtzadaren eta autobusaren zoruaren barrualdearen artean dagoen maila gainditzea posible izan dadin. Beharrezkoa da hura behar bezala erabiltzea; bestela, arriskutsua izan daiteke erabiltzailearentzat.
– Arrapala matxuraturik duten oin baxuko ibilgailuak zerbitzuan daudela ikusi da.
– Geralekuetara iristea da oztopo nagusienetako bat hiri arteko zerbitzuak normaltasunez erabili nahi direnean.
– Komunikazioko irisgarritasunari buruzko alderdietan gabezia garrantzitsuak daudela ikusi da, bai geralekuetan, bai ibilgailuetan, eta hiru lurralde historikoetan.
– Arabako lurralde zerbitzuak dira maila desegokiena ageri dutenak.
Hiri zerbitzuak
– Geralekuetara iristea da oraindik oztopo nagusienetako bat hiri arteko zerbitzuak normaltasunez erabili nahi direnean.
– Hiru lurraldeetako hiriburuetako markesina modeloak funtzionaltasun egokia ageri du mugikortasun urriko pertsonek erabiltzeko.
– Espaloiaren eta ibilgailuaren arteko erlazioa pixkanaka hobetzen doala ikusi da, espaloi aurrerabideko plataformak jartzeari esker. Horiek aukera ematen dute ontziratzea eta hartatik irtetea segurtasun handiagokoa izateko mugikortasun urriko pertsonentzat.
– Hiri floten ibilgailuak oin baxukoak dira funtsean, eta irisgarriak dira erabat beren sarbide arrapalen bitartez.
– Gabezia batzuk antzeman dira komunikazioko irisgarritasunari dagokionez, bai geltokietan, bai ibilgailuetan, Vitoria-Gasteiz eta Donostian.
1.4.2. Taxi egokituaren zerbitzua
Egiaztatu da EAEko udalerri ugarik, hirigune garrantzitsuak zenbait kasutan, ez dituela betetzen taxi egokituaren zerbitzuak lortu beharreko biztanle estalduraren parametroak. Parametro horiek indarrean dagoen araudiak finkaturikoak dira.
1.5. Airetiko sistema
Airetiko garraioan ezgaitasunen bat duten pertsonek dituzten eskubideei buruz Batasuneko araudia euskal aireportuetan betetzeak baldintzatu egiten du irisgarritasunaren gainean egin daitekeen edozein azterketa. Eragin horietarako, azpimarratu egin behar dugu derrigorrezkoa dela laguntza pertsonala ematea hegaldiaren zikloko fase guztietan zehar: iritsiera, fakturazio prozesua, segurtasun eta aduana kontrolak, ontziratzea, hegaldia, ontzitik irtetea, kontrolak, ekipajea berreskuratzea eta destinoranzko irteera.
Hala eta guztiz ere, laguntza horrek ez ditu ezkutatu behar aireportuko instalazioen irisgarritasunean egiaztatu diren gabeziak:
– Euskal aireportuek irisgarritasun fisikoko baldintzak betetzen dituzte, baina oztopoak igarri dira komunikazioan eta horiek zaildu egiten diete zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei instalazioetatik mugitu ahal izatea.
– Alderdi gatazkatsuenetariko bat garraio publikoko zerbitzuen konfigurazioa da Hondarribiko eta Vitoria-Gasteizko aireportuetan, izan ere, ez dira egokiak jendeak erabiltzeko.
2. Amaierako ondorioa
Irisgarritasun unibertsalerako beharrezkoa da hiri inguruneetan, eraikinetan, garraio sistemetan, komunikazioan eta zerbitzuetan irisgarritasuna edukitzea, eta aipaturiko alderdik horiek funtsezko elementu dira pertsonen berdintasuna eta haien eskubideekiko errespetua bermatzeko. Garraio sistemen irisgarritasun unibertsalak aukera ematen die herritar guztiei gizarte bizitzan eta ekonomiarenean parte-hartze aktiboa edukitzeko aukera berdintasunean.
Halaber, irisgarritasun unibertsalerako beharrezkoa da guztiontzako diseinuaren estrategia erabiltzea, eta horrek esan nahi du onartu egiten dela gizartea osorik dela bertako kideen aniztasunera egokitu behar dena. Hori dela eta, estrategia hori xede honetara zuzendu behar da: ezgaitasunen bat duten pertsonek erabateko mugikortasun maila eduki ahal izatea, horretarako asmo unibertsala duen garraioko zerbitzu publiko bat emanez, hain zuzen ere pertsona guztiak autonomia eta aukera berdintasunez jardutearen alde eginez.
Irisgarritasunaren gaiaren esparru juridikoa EAEn Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak finkatzen du. Legeak definitutako esku-hartze eremu ezberdinetan aplikatu beharreko baldintza teknikoak legea garatzeko bi dekretuetan finkatzen dira: 68/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena, eta 126/2001 Dekretua, uztailaren 10ekoa, Garraioan irisgarritasun-baldintzei buruzko Arau Teknikoak onesten dituena.
Lege hori indarrean jarri zenetik, garrantzitsuak izan dira garraiobideetan irisgarritasuneko neurri teknikoak hartzeko egin diren aurrerapausoak. Hala eta guztiz ere, txosten honetan egindako diagnostikoak aukera ematen du ondorioztatzeko gaur egun gabezia oso adierazgarriak daudela eta horiek erabilera unibertsala izatea baldintzatzen dutela.
Horri dagokionez, esan dezakegu EAEk ia iristezina den trenbide bidezko garraio sistema duela. Eskuratu diren datuak biribilak dira: irisgarritasun fisikoari dagokionez, azpiegituraren oinezko inguruneen %78 iristezina da; geltokien %78 ere iristezina da; eta kasuen %83tan ez da bermatzen oinezkoen ibilbidea egingarria izango denik kaletik nasaraino.
Azken urteotan egindako esku-hartze bolumena nahiz egun proiektaturik dagoen jarduera kopurua garrantzitsua bada ere, trenbide sistemako irisgarritasuneko egitura gabeziak oso adierazgarriak dira oraindik ere, beraz, oraindik inbertsio garrantzitsuak egin behar dira zerbitzu hauen erabilera unibertsala bermatzeko.
Errepidetiko sistemen irisgarritasun mailari dagokionez, adierazi daiteke autobus terminal nagusienen egoera nahiz autonomia erkidegoko lurralde osoko geralekuena ez dela ona ere ez. Halaber, hiri arteko ibilbideetarako eta ibilbide luzeko zerbitzuetarako erabiltzen den autobus flota erabat irisgarria izatea ez da lortu oraindik. Eragin horietarako, erabakigarria da errepidetik bidaiariak garraiatzeko linea erregularren emakidak berritzen direnean –laster gertatzea aurreikusi da– eragileei jartzen zaizkien baldintza teknikoak betetzea.
Komunikazioan irisgarritasuna bermatzen duten neurri teknikoak hartzea gainditzeko dagoen gai bat da oraindik autonomia erkidegoko garraio sistema osoan, baita irisgarritasun fisikoaren aldetik emaitza hobea eskuratu duten horien ikuspegitik ere, alegia, metroaren eta tranbiaren alderditik. Garraio sistema ezberdinetan informazioa eta komunikazioa eskuratzen dela bermatzeko elementuak jartzea falta da, eta horrek galarazi egiten die ikusmen eta entzumen urrituei autonomiaz garraio publikora iritsi ahal izatea.
Azkenik, azpimarratu egin behar dugu beharrezkoa dela tokiko administrazioek esku hartzea oinezko ibilbideen eta garraio azpiegituretara eramaten duten bideen egokitzapenean, horiek seguruak eta irisgarriak izan daitezen.
Kontuan hartu behar da joan-etorri kate osoan, alegia, jatorritik hasi eta destinora bitarte, irisgarritasuna bermatzeak zer garrantzia duen, egindako etapa kopurua eta erabilitako garraio moduak alde batera utzita.