4.1. Kanpoko irisgarritasuna
Aireportura sartzeko, beharrezkoa da norberaren ibilgailuan edo taxian iristea, izan ere, gaur egun ez dago hiriburua eta azpiegitura komunikatzeko berariazko autobus zerbitzurik. Taxi zerbitzuak eskaeraren araberakoak dira, izan ere, horiek ere ez dute berariazko geralekurik instalazioetan.
Orain dela gutxi, ibilgailuak aparkatzeko eremuaren berriztatzea amaitu da, eta bertan mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko kasuan kasuko erreserbak jarri dira (6 plaza), hain zuzen ere irisgarritasunaren araudi autonomikoak finkatzen dituen irizpideei jarraiki. Azken hori estatu mailakoa baino hertsatzaileagoa da.
Aparkatzeko eremutik terminaleko atondoraino doan oinezko ibilbidea irisgarria da. Ez dago oztoporik ibilbidean, eta oinezko igarobideak behar bezala beheratuta daude. Ate automatikoek, gainera, barrualderanzko igarotze segurua errazten dute.
Mugarriak daude –berariazko laguntza eskatzen duen mugikortasun urriko bidaiariarekin topatzeko lekua– terminalaren kanpoaldean eta barruko atondoan. Aireportu guneko eraikinaren alboko espaloiak duen zoladura osorik berriztatuko da gutxi barru.