4. Gasteizko aireportua
Vitoria-Gasteizko aireportua hiritik zortzi kilometrora kokatzen da, Forondako alkate-auzoan. Azpimarragarria da salgaien trafikoan garrantzitsua izateagatik. 2009. urtean, 39.933 bidaiarik erabili zituen instalazio horiek, 9.489 hegaldi egin zen eta 27.388 tona karga mugitu zen.
Gaur egun, bidaiarientzako zerbitzu eskaintza Madrilekin lotzen duen eguneroko zerbitzu bakar batean zehazten da. Hala eta guztiz ere, aireontziak hartzeko ohiko azpiegitura izaten da, klima inguruabar kaskarrengatik beste instalazio batzuetan lur hartzea posible ez denean.
Vitoria-Gasteizko aireportuan, interes orokorreko sareko gainerako aireportuen kasuan bezala, arautzaileak dira AENAk eta Hegazkineria Zibilak finkatutako printzipio gidariak mugikortasun urriko pertsonei eman beharreko berariazko tratamenduari dagokionez.
Mugikortasun urriko pertsonek egindako laguntza eskaeren batez bestekoa 6-8 ingurukoa da hilero. Azpimarratzekoa da instalazio gasteiztarreko arduradunek bilerak dituztela aldizka EDEKArekin (CERMIren –Ezgaitasunen bat duten pertsonen ordezkarien batzorde espainiarra– ordezkaritza autonomikoa), emandako zerbitzuetan sortu ahal izan diren arazoak aztertze aldera.
Aireportuak irisgarritasuneko plan partziala du, eta haren jarduera programa gauzatzen ari da eskura dagoen aurrekontuari jarraiki.
4.1. Kanpoko irisgarritasuna
Aireportura sartzeko, beharrezkoa da norberaren ibilgailuan edo taxian iristea, izan ere, gaur egun ez dago hiriburua eta azpiegitura komunikatzeko berariazko autobus zerbitzurik. Taxi zerbitzuak eskaeraren araberakoak dira, izan ere, horiek ere ez dute berariazko geralekurik instalazioetan.
Orain dela gutxi, ibilgailuak aparkatzeko eremuaren berriztatzea amaitu da, eta bertan mugikortasun urriko pertsonek aparkatzeko kasuan kasuko erreserbak jarri dira (6 plaza), hain zuzen ere irisgarritasunaren araudi autonomikoak finkatzen dituen irizpideei jarraiki. Azken hori estatu mailakoa baino hertsatzaileagoa da.
Aparkatzeko eremutik terminaleko atondoraino doan oinezko ibilbidea irisgarria da. Ez dago oztoporik ibilbidean, eta oinezko igarobideak behar bezala beheratuta daude. Ate automatikoek, gainera, barrualderanzko igarotze segurua errazten dute.
Mugarriak daude –berariazko laguntza eskatzen duen mugikortasun urriko bidaiariarekin topatzeko lekua– terminalaren kanpoaldean eta barruko atondoan. Aireportu guneko eraikinaren alboko espaloiak duen zoladura osorik berriztatuko da gutxi barru.
4.2. Barruko irisgarritasuna
Terminaleko atondoa eta bidaiaria eta harekin batera doazenak egoteko tokia oztopoetatik libre daude joan-etorriak egiteko, eta mugikortasun urriko pertsonen beharretara egokitutako zerbitzuak eta elementuak dituzte:
– Informazio eta fakturazioko mahaiak.
– Telefono publikoak / kutxazain automatikoak.
– Komun higienikoak terminalean eta irteera eremuan. Iritsiera eremuan ohiko komunak bakarrik daudela ikusi da.
– Eserleku erreserba mugikortasun urriko pertsonentzat (irteeren zonan bakarrik). Mugikortasun urriko pertsonentzako eserleku multzoa ez dago behar bezala egokituta. Euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago.
Hegazkinetik jaisten denetik terminalaren eraikinera sartzen den arte dagoen oinezko ibilbidea ibilgarria da eta oztopoetatik libre dago. Ez ibilbide honek, ez barruko atondoak, ez du ukimen-zerrendarik ikusmen urrituak orientatzeko puntu interesgarrietarantz.
Terminalak megafonia zerbitzua eta informazio teleadierazgailuak ditu, eta horiek hegaldien irteera eta iritsiera iragartzen dute, gerta daitekeen beste edozein inguruabarren berri ematearekin batera. Gutxi barru, indukzio magnetikoko begiztak[31] instalatuko dira informazio puntuan, entzumen urrituek informazioa eskuratu ahal izan dezaten beren audiofonoaren bitartez.