Donostian bezala, Vitoria-Gasteiz
ere bere geltoki intermodaleko proiektua (garraio aldageltokia) gauzatu zain dago, eta bere egituran autobus terminala integratuko da.
Bitartean, egungo ekipamendua ez da nahikoa erabiltzaile guztien erabateko irisgarritasuna bermatzeko.
2.3.1. Kanpoko irisgarritasuna
Vitoria-Gasteizko autobus geltokiak eraikin bat du; haren atondoan integratzen dira informaziorako puntuak eta eragileen salmentarakoak, eta bidaiarientzako hainbat zerbitzu ere badago bertan. Gainera, instalazioaren aldamenean bi espaloi dago, Herrandarren kalean eta Jose Mardones kalean kokaturikoak, eta itxaroteko eremu eta ibilgailuen aparkaleku dira.
Ekipamendu horretara iristeko oinezkoen ibilbideak oztopoetatik libre daude, eta nahiko ibilgarriak dira mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorri autonomoa eta segurua bermatzeko. Aitzitik, ikusmen urrituek ez dute gida elementurik zoladuraren gainean, horien bitartez geltokiaren kokalekurantz bideratzeko.
Jose Mardones kalean ibilgailuak aparkatzeko eremuen aldamenean dauden espaloiak estuegiak dira, eta hori arrisku bat izan daiteke autobusetarantz abiatzen diren mugikortasun urriko pertsonentzat.
2.3.2. Barruko irisgarritasuna
Geltokiko atondorako sarbidea aurrealdean eta alboetan kokaturiko sarrera ezberdinetatik egiten da, eta horiek ez daude behar bezala egokituta irisgarritasun fisikoaren ikuspegitik. Oztopo nagusi gisa aipatu egin behar da bertan dauden arrapalen funtzionaltasun eskasa, eta horien baldintzatzaile da gainera ohiko ateak egotea arrapala horiek eta gero, estuak eta astunak.
Barruko atondoa oztopoetatik libre dago, eta horrek erraztu egiten du komunetarantz eta ekipamenduan eskainitako eta bertan dauden elementuetarantz abiatzea.
Zoladura trinkoa, gogorra eta irristatzeen aurkakoa da, baina ez du gida izateko zerrendarik, horien bitartez ikusmen urrituak orientatzeko atondoko intereseko puntuetarantz: salmenta leihatiletarantz, altzarietarantz, komun higienikoetarantz, eta abar.
Eragileen informazio eta salmenta puntuetako leihatilak ez daude behar bezala egokituta.
Komun higienikoek komun egokitu bat dute sexu bakoitzeko, baina horiek erabili ahal izateko garbitasun eta higieneko gutxieneko baldintzak ez daude bermaturik.
Altzarien eremuan, ez dago mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako eta utzitako berariazko eserlekurik, ezta euskarri iskiatiko osagarririk ere.
"Cyberpass" sistemarik edo "T Moduko" megafoniarik ere ez dago instalatuta, horren bitartez ahozko informazioa emateko ikusmen eta entzumen urrituei, hurrenez hurren.
2.3.3. Ibilgailuen irisgarritasuna
Vitoria-Gasteizko ekipamenduan emandako zerbitzuak zoru garaiko ibilgailuekin egiten dira, izan ere, hiri arteko zerbitzuak eta ibilbide luzekoak dira.
Ibilgailuen irisgarritasun diagnostikoa, haien tipologia gorabehera, txosten honetako kasuan kasuko kapituluan jorratuko da, errepidetiko sistemaren atalean hain zuzen.