2.2. Donostiako autobus geltokia
Hiriburu gipuzkoarrak urteak daramatza autobusen geltoki intermodal berriaren proiektua eztabaidatzen, eta, denbora horretan zehar, erabiltzaileak ohiko terminal bat izatetik oso urrun dagoen ekipamendu batekin bizi behar izan dira.
Donostiako egungo autobus geltokia ez da aire zabalean ibilgailuak aparkatzeko dagoen eremu bat besterik. Bertan, ez dira bere egituran integratzen altzariak, ezta probintzia hiriburu bateko ekipamendu batek eduki beharko lituzkeen elementu funtzionalak ere.
Garraio eragileen merkataritza lokalak geltokiaren ingurumarietan sakabanatuta daude. Bidaiariek itxaroteko tokia markesina handi bat da, altzaririk eta informazio estatikorik gabea.
2.2.1. Kanpoko irisgarritasuna
Geltokia kalean bertan dago (Pio XII.aren kalea). Ekipamenduranzko oinezko ibilbide ezberdinek (hirigunetik edo Amarako auzotik) bermatu egiten dute mugikortasun urriko pertsonaren erabateko funtzionaltasuna eta segurtasuna bere joan-etorrian. Edonola ere, ikusmen urrituak behar bezala bideratzeko, gida izango den zerrendarik zoladuran ez dagoela ikusi da.
2.2.2. Barruko irisgarritasuna
Aire zabaleko eta azalera handiko aparkaleku modura, geltokiak ez du barrualdeko atondorik. Hala eta guztiz ere, hurbileneko oinezko inguruneak ez du oztoporik, eta horrek bermatu egiten du joan-etorria autonomoa eta segurtasunekoa izatea eragileen merkataritza lokaletaraino, eta han oztopoak hasten dira.
Lokal horietako askok mailak dituzte barrualdera sartzeko, eta horrek ez du ahalbidetzen gurpil aulkien erabiltzaileak barneratu ahal izatea. Bestalde, kanpoko ibilbideentzat adierazi den moduan, ikusmen urrituek ez dute kasu honetan ere ukimen sistemarik zoladura gainean gida izateko eta merkataritza lokalak topatzea errazteko.
Zoladura trinkoa, gogorra eta irristatzeen aurkakoa da. Altzariak eskasak dira, eta egokitu gabeko eserlekuak dituen eta euskarri iskiatiko osagarririk ez duen itxaroteko markesina handi batek eratzen du altzari multzo hori.
Geltokiak komun publiko egokitu bat du, kabina motakoa.
Erabiltzailearentzako komunikazio eta informazio sistemen erabateko gabezia dago. Ez dago informazio dinamikorik, ezta informazio bisualik edota akustikorik ere, eta informazio estatikoa eskasa da eta ez da oso funtzionala.
2.2.3. Ibilgailuen irisgarritasuna
Donostiako terminalean emandako zerbitzu gehienak zoru garaiko ibilgailuekin egiten dira, izan ere, hiri arteko zerbitzuak eta ibilbide luzekoak dira.
Ibilgailuen irisgarritasun diagnostikoa, haien tipologia gorabehera, txosten honetako kasuan kasuko kapituluan jorratuko da, errepidetiko sistemaren atalean hain zuzen.