VI. Kapitulua. Tranbia sistema
1. Sarrera, titulartasuna, kudeaketa eta ustiapena
Metro arina-tranbia erako garraio sistema Bilbo eta Vitoria-Gasteiz hirietan finkatu izana, hiri integrazioko ariketa handi bat izateaz gain, benetako iraultza bat ere izan da bidaiarien eskariari dagokionez. Horren bitartez, irisgarritasuneko erabateko bermeak dituen hiri garraioaren hautabidea eskaintzen da.
EAEko tranbia sistema, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren eskumenpekoa, Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietate publikoak kudeatzen du. Bestalde, EAEko tranbia zerbitzuen ustiapena Eusko Trenbideak-Ferrocarriles Vascos SA entitate publikoaren eskumena da, EuskoTran merkataritza markaren bitartez.
Bilbo eta Vitoria-Gasteizko udalek, bestalde, hirigintza bateragarritasuna aitortzen dute eta tranbia eraiki eta ustiatzeko lursailen erabilera bermatzen dute.
Tranbia gainazaleko hiri garraio bat da, modernoa, eraginkorra, edukiera handia duena eta irisgarria erabat; honek maiztasun altuko mugikortasun hautabidea eskaintzen die herritar guztiei, mugikortasun urriko pertsonak barne.
Bilbo eta Vitoria-Gasteizko tranbia sistemen ekipamenduak (geltokia) nahiz material mugikorrak bermatu egiten dute pertsonen segurtasuna eta autonomia joan-etorrietan eta garraio modu honen erabileran.
Bilboko tranbiak linea bakarra du Basurtutik Atxurira, eta 12 geraleku ditu.
Vitoria-Gasteizko tranbiak bi adar ditu, eta bakoitzean 12 geraleku dago. Bi adarrek enbor komuna dute, 6 geralekukoa, erdigunean:
2. Bilboko eta Gasteizko tranbia lineen irisgarritasun diagnostikoa
Eranskinen idatz zatian irisgarritasunaren diagrama bildu da; bertan, kualitatiboki erakusten da zein den joan-etorri katearen irisgarritasun maila aztertutako tranbia sistemetan.
2.1. Ekipamendua (geralekuak)
Bilbo eta Vitoria-Gasteizko tranbia sistemen geralekuek modulu estatikoaren an
tzeko eredua errepikatzen dute, hainbat elementu komun edukiz.
Geralekuaren egitura hurrengo zerbitzu eta elementuak integratzen dituen modulu tekniko batek osatzen du: txartelak saltzeko makina; ibilbidea baliogabetzeko gailuak eta balioztatzeko zutabeak; informazio dinamikoko sistemak denbora errealean; altzariak; komunikazio eta trafiko sistemak, eta energia unitateak. Hori guztia beirazko atari bati uztartuta dago, eta haren muturrean publizitate panela kokatzen da.
Diseinua mugikortasun urriko taldeen joan-etorri normala eragotzi dezaketen oztopoetatik libre dago.
Iturria: euskotran.es.
Kaletik geralekuraino oinezkoentzako sarbidea bermatu ahal izatea nahitaezkoa da gure hirietan garraio sistema honen erabilera unibertsala bultzatu nahi bada.
Zentzu horretan, azpimarratzekoa da helburu hori modu fidagarrian konpondu dela Bilbo eta Vitoria-Gasteizko geraleku multzoan; bertan, ekipamendu bakoitzaren hurbileneko oinezko inguruneak irisgarritasun bermea dira joan-etorri kate osoan zehar, jatorritik hasi eta destinoraino.
Hori esanda, zehaztu egin behar da beharrezkoa litzatekeela ukimen orientazioko sistemaren bat hartzea, horrek ikusmen urrituei geralekua topatzen laguntzeko.
Adibide gisa, behaketetan igarritako oztopo fisiko batzuk aipatzen dira.
Alderaketa eginez gero, Vitoria-Gasteizen tranbia proiektua orain dela gutxi ezarri izanak geralekuetan hobekuntza kualitatiboak sartzea ekarri du irisgarritasunaren gaian eta Bilboko tranbiak dituen ezaugarrien aldean.
Abantaila horiek honela laburbiltzen dira:
– Geralekuko informazioa Braille sisteman eta goi-erliebeko makrokaraktereetan idatzita dago.
– Irakurketaren plano bisuala, informazio paneletan, irisgarria da pertsona guztientzat.
– Autosalmentako makinak eta txartela baliogabetzeko gailua egokiturik daude ikusmen urrituentzat. Ordainketa eta erabilera gailuak egokituta daude.
– "CYBERPASS" sistema makina saltzailea topatzeko, eta "T Moduan" emandako mezuak entzumen urrituentzat.
Hala eta guztiz ere, ez da beharrezkoa azpimarratzea Vitoria-Gasteizko tranbian arazo batzuk ageri direla, gurpil aulkien erabiltzaileek geltoki batzuetan joan-etorria egiteari dagokionez. Gauzak horrela, geralekuko modulu teknikoaren eta espaloiaren ertzaren artean dagoen igarobidearen estutasunak baldintzatu egiten du pertsonaren joan-etorri segurua ekipamenduan eta, ondorioz, baita garraio sistemaren erabilera erabat funtzionala ere.
Ibilgailuak
Egun EuskoTranek duen flotak, Bilbon, zortzi tranbia unitate ditu. Vitoria-Gasteizen, tranbia parkea hamar alera iristen da.
Tranbien ezaugarriak beren irisgarritasunari dagokionez hauek dira:
– Bilboko tranbiako unitate bakoitzak lau sarrera eta irteera ate ditu bi aldeetan, eta horrek geldialdien denborak murrizten ditu. Vitoria-Gasteizko tranbiak luzexeagoak dira, konboi osoan sei ate izanez.
– Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako ateak daude, eta baita haientzako berariazko eremu bat ere ibilgailuaren barrualdean.
– Plataformarako sarbidea geralekuaren maila berdinean kokatzen da, eta horrek mugikortasun urriko pertsonak sartzea errazten du. Vitoria-Gasteizen, unitate guztiak zoru baxukoak dira.
– Mugikortasun urriko pertsonek tokiak dituzte beraientzat gordeta tranbiaren barrualdean (4 eserleku eta gurpil aulkientzako 2 toki).
– Unitate mugikorrek megafonia zentralizatua dute, eta haren bitartez hurrengo geralekua iragartzen da eta zerbitzuan egon daitezkeen arazoei buruzko mezuak ematen dira.
Gainera, Vitoria-Gasteizen, tranbia proiektua berriagoa den heinean, berariazko hobekuntzak daude ibilgailuetan, eta horiek aukera ematen dute erabateko irisgarritasunaren erronkarantz abiatzeko:
– Atearen kokalekuaren sistema akustikoa, ikusmen urrituentzat jarria.
– Entzumen urrituentzat interfonia eta megafonia "T Moduan" instalatu dira.
– Teleadierazgailua, eta hurrengo geralekua eta loturak adierazteko iragarle akustikoa ikusmen urrituentzat.
3. Ondorioak
Tranbia sistemak erreferentzia dira hiri garraio publikoaren irisgarritasun unibertsalaren gaian.
Ez dira bakarrik "hiria egiten duten" proiektuak, hiri integrazioko lan sakona eta trazatua igarotzen den eremu funtzionaleko espazio berrantolamendua eskatzen duten aldetik; horrekin batera, bereziki, mugikortasun urriko pertsona taldeen gizarteratzea eta kultura integrazioa ahalbidetzen duten proiektuak dira, eguneroko joan-etorriak oztoporik gabe egingo direla bermatzen baitute. Azken batean, sistema hauek pertsona guztientzat atseginagoa izango den hiria sortzeko helburuan aurrerantz egiten dute.
Ingurune honen testuinguruan kokatu behar da EAEko tranbia sistemaren irisgarritasun diagnostikoa. Bilbo eta Vitoria-Gasteizko proiektuetan irisgarritasun fisikoaren oztopoak gaindituta egonda, egungo erronka orain komunikazioaren aldetiko erabateko irisgarritasuna bermatzea da zentzumen ezgaitasunen bat duten taldeei.
Zentzu honetan, Vitoria-Gasteizko tranbiak, hiriburu bizkaitarrekoa baino modernoagoa izateagatik, hobeki integratu ditu komunikazio irisgarritasunaren erronkak. Helburua hau da: Bilboko tranbiak Vitoria-Gasteizko tranbia proiektuak finkatutako bidetik aurrera egin ahal izatea.
Bereziki, irisgarritasunaren hurrengo alderdien hobekuntza azpimarratu beharko litzateke:
– Makina saltzaileen eta baliogabetzeko gailuen erabateko irisgarritasuna geralekuan.
– Informazio dinamikoa eta estatikoa geralekuan eta hura irisgarria izatea erabat.
– Atearen kokalekua non dagoen adierazteko sistema akustikoak instalatzea.
– Megafonia sistemak instalatzea "T Moduan", ibilgailuen barrualdean.
Azkenik, Bilboko eta Vitoria-Gasteizko udalek aukera hau hausnartu behar dute: inbertsio esfortzua egiteko aukera tranbia geltokietara daramaten oinezko inguruneak egokitzeko. Horretarako, zoladuran hankaz ukitzeko zerrendak instalatu beharko lirateke gidari izateko, hain zuzen ere ikusmen urrituen taldeari zuzenduta.