3.1. Bilbo-Balmaseda-Leon aldirikoen eta eskualdekoen korridorea
3.1.1. Kanpoko irisgarritasuna
Geltokira iristeko oinezkoentzako ibilbidea oso kalteturik dago Bizkaian FEVEren trenbide trazatua igarotzen den hainbat hirigunetan. Ikusi da alde ikaragarria dagoela funtzionaltasunaren eta joan-etorrien segurtasunaren aldetik Hiriburuaren eremuaren eta gainerako hiriguneen artean. Zentzu honetan, geraleku ugari kokaleku zail batean dago, errepidearen ondoan eta ibilgailuen trafiko biziko zonetan, espaloiez babestutako oinezkoentzako ibilbiderik gabe. Neurri batean, hirigintzaren aldetik ingurunearekiko apurtuta geratzen diren ekipamenduak dira.
Oinezko inguruneetan oztopo fisiko garrantzitsuak egotearen testuinguru honetan, are zailagoa da geltokien hiri ingurunea ukimeneko elementuekin –zerrendak– seinaleztatzeko beharra aipatzea, horien bitartez ikusmen urritua geltokiaren kokalekurantz bideratzeko.
3.1.2. Barruko irisgarritasuna
Idatz zati honek irisgarritasunaren hurrengo alderdien gaineko azterketa biltzen du:
– Geltokirako sarbidea.
– Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria.
– Zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena.
– Informazioa emateko eta txartelak saltzeko mahaiak.
– Altzariak.
– Komunak.
– Informazio eta komunikazio sistemak.
3.1.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Korridoreko ekipamendu gehienek geltokira iristeko arrapalak dituzte, eta haien funtzionaltasuna ezberdina da kasu bakoitzean.
Orokorrean, arrapalek ez dute eskubanda bi aldeetan, garaiera bikoitzean eta ibilbide osoan zehar, nahiz eta luzeraren, peraltearen eta maldaren aldetik haietako batzuk funtzionaltzat hartzerik dagoen. Beste zenbaitetan, arrapala horiek iristezinak dira erabat eta haien erabilera errazterik zegoen eskura egondako espazioa aprobetxatu izan balitz haiek luzatu eta zabalduta egiteko.
Eraikinei dagokienez, zera adierazi behar da: atondora iristeko ateek sarreran mailarik izaten ez badute ere, horiek estuak izaten dira eta orri bikoitzekoak, eta horrek zaildu egiten du mugikortasun urriko pertsonen igarotzea.
3.1.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Ziurrenik, FEVEren korridore osoan gehien kalteturiko irisgarritasun alderdia da. Horrela, hurrengo traba fisikoak ageri direla egiaztatu da: babes barandarik edo eskubanda egokiturik gabeko malda malkartsuko arrapalak, eskailera tarte arriskutsuak, trenbideen gainazaletik derrigor igaro beharra saihestuko duen elementu mekanikorik edota eraikuntza elementurik ez dago, eta abar.
Bestalde, zera egiaztatu ahal izan da: korridoreko geralekuak nasa bakarrekoak badira ere, gainazaletik igaro beharraren gaia adierazgarria da oraindik, izan ere, kasu askotan, oinezkoentzako kanpoko ibilbideak behartu egiten du trenbideak gurutzatzera nasara iristeko.
Kasu deigarrienetariko bat Bilboko Ametzolako geltokiarena da. Orain dela gutxi berriztatutako ekipamendua da, sestra beheratuan kokatzen da eta bere instalazioak FEVEk eta ADIFek partekatzen dituzte. Ekipamendu honetan, FEVEri dagokion alderdian ez dago nasara iristeko igogailurik.
Geltokietako atondoak oztopoetatik libre daude eta maniobrak egiteko behar besteko aukera ematen dute intereseko puntuetara joan-etorri autonomoa bermatzeko. Aitzitik, toki berdin horiek ez dute ukimen zerrendarik ikusmen urritua ematen diren zerbitzuetara bideratze aldera.
Galtzadako eta Basurtuko geltoki berrietan ageri diren ate automatikoek ez dute seinaleztapen horizontaleko bandarik kontraste kromatiko egokiarekin. Automatismo horrek igarotze denbora nahikoa eman behar die haietatik igarotzen diren pertsonei.
3.1.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, zoladurak propietate egokiak ageri ditu gogortasunaren, trinkotasunaren eta irristatzeen aurkako ezaugarrien aldetik, bai atondoetan, bai nasetan.
Nasetako segurtasun seinaleztapenari dagokionez, gehienetan zerrenda kromatikoa dago, baina ez dago botoien ukimen zoladurarik.
3.1.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
FEVE geltokien ezaugarria da, normalean, enpresa eragileko langilerik ez edukitzea arretarako. Halaber, arretarako eta jendeari txartelak saltzeko mahaiak ez daude behar bezala egokituta mugikortasun urriko pertsonentzat.
3.1.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Ekipamendu guztiek ez dute gutxieneko altzari multzoa joan-etorrian eraginkortasuna eta ergonomia bermatzeko.
FEVE geltokietan dagoen eserleku modeloak ez ditu betetzen, orokorrean behinik behin, eska daitezkeen irisgarritasun parametro guztiak, zehazki eserlekuek bizkarra eta beso-euskarriak edukitzea garaiera egokian (>0,45 m) lurrarekiko. Aldiz, ikusi ahal izan da eserlekuak EAEko beste trenbide lineetakoak baino garaiera altuagoan kokatzen direla.
Bestalde, ez dago berariazko eserleku erreserbarik mugikortasun urriko pertsonentzat geltokietan, eta euskarri iskiatiko osagarririk ere ez dago.
Ikusi ahal izan da bidaia baliogabetzeko gailuek zabalera handiagoko igarobidea eduki ohi dutela, gauzak garraiatzen dituzten pertsonentzat, gurpil aulkian daudenentzat, eta abarrentzat berariaz egina. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa da gailu hauen irekiera eta itxiera mekanismoak kontrolatzea, horren bitartez mugikortasun urriko bidaiariak igarotzeko aukera duela bermatzeko.
Autosalmentako makina modeloa nahiko modernoa da, baina oso funtzionaltasun gutxikoa. Gauzak horrela, ordaintzeko zirrikituak altuegi kokatzen dira (>1,20 m) eta makina ez dago egokiturik ikusmen urrituen taldeak erabiltzeko. Makinak, geltoki askotan, ateen atzean kokatzen dira eta horrek ere ez du haien erabilera errazten.
3.1.2.6. Komunak
Ez da ohikoa FEVEko geltokiek komun higieniko publikoak edukitzea eta, halakorik baduten kasuetan, horiek ez daude behar bezala egokituta.
3.1.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Korridoreko geltoki garrantzitsuenek (Bilbo, Basurtu, Irauregi, Sodupe, Zalla eta Balmaseda) sistema dinamikoak dituzte bidaiariari informazio akustikoa eta bisuala emateko.
Gainerako instalazioetan ez da informazio estatikoko paneletan ageri den informazioa ez den bestelako komunikaziorik ematen. Zentzu horretan, irakurketaren plano bisualak eta informazio zutoinetan jasotako edukien tamainak ez dute bermatzen erabiltzaile guztiak hartara iritsi eta hura irakurri ahal izango dutenik.