ADIFek EAEn duen trenbide sarearen barruan sartu egiten dira Bizkaian eta Gipuzkoan aldiriko zerbitzuak ematen dituzten gune funtzionaletako geltoki eta geralekuak, penintsularanzko distantzia ertaineko eta ibilbide luzeko zerbitzuei uztartutako azpiegiturez gain. Zabalera iberikoa duen trazatua da, zirkulazioaren noranzko bikoitzarekin tarte gehienetan.
ADIFek EAEn dituen geltoki eta geralekuen irisgarritasunaren diagnostikoa hurrengo trenbide korridoreen inguruan egituratzen da:
2.1. A1-Irun-Brinkola Gipuzkoako aldiriko linea
2.2. A1-Bilbo-Santurtzi Bizkaiko aldiriko linea
2.3. A2-Bilbo-Muskiz Bizkaiko aldiriko linea
2.4. A3-Bilbo-Urduña Bizkaiko aldiriko linea
2.5. Distantzia ertaineko eta ibilbide luzeko korridorea
Txosten honen eranskinen idatz zatian bildu egiten dira gabezien matrizeak eta irisgarritasun diagramak, eta horiek kuantitatiboki eta kualitatiboki irudikatzen dituzte joan-etorri kateko irisgarritasun mailak aztertutako aldirikoen korridoreetan.
2.1. A1-Irun-Brinkola linea
Gipuzkoako aldirikoen guneak linea bakarra du, A1 deiturikoa, eta Madril-Irun trenbide korridorearen barruan sartuta dago. Hura 29 geltokik eratzen du guztira Irundik hasi eta Brinkolaraino. Zabalera iberikoko bide bikoitzeko trazatua da, eta horrek zirkulazioaren bi noranzkoetan trafikoa independentea izatea ahalbidetzen du.
Korridore horretako zerbitzu eskaintzak hurrengo produktuak hartzen ditu: aldiriko eta eskualdeko trenen zerbitzuak, bidaiariak garraiatzeko eta salgaien zerbitzuak egiteko.
2.1.1. Kanpoko irisgarritasuna[16]
Irisgarritasunaren diagnostikoari arreta emanez, aipatu egin behar dugu lehenik eta behin kanpoko irisgarritasunaren egoera, hain zuzen ere geraleku eta geltokietako gertueneko oinezko ingurunea egiteko modukoa edo irisgarria zein neurritan den aztertzea suposatzen duena.
Korridore honetan oinezko ingurunea oso heterogeneoa da, eta hori espazio publikoaren titular diren administrazioen aniztasunaren isla da.
Lehentasunezkoa da geltokietan bertan irisgarritasuna hobetzeko jarduerekin batera kanpoko hiri inguruneetako ibilbideak ere pixkanaka berriztatze eta egokitzea, horren bitartez pertsonak jatorritik destinora (irisgarritasun katea) egiten duen joan-etorriaren funtzionaltasuna eta autonomia bermatzeko.
Zentzu horretan, Gipuzkoako aldiriko trenen trenbide korridorean gabeziak ageri dira oraindik, eta horiek islatu ziren jada Gipuzkoako garraio publikoak duen ibilerraztasunaren inguruko diagnostikoan (Gizloga, 2007).
Adibide modura, hauek dira oinezkoentzako kanpoko ibilbideetan gabeziak ageri dituzten hirigune nagusiak.
– Irun (Benta auzoa)
– Pasaia
– Herrera
– Loiola
– Martutene
– Hernani
– Andoain
– Zumarraga (behin-behineko ibilbidea ingurunean obrak egiten aritzeagatik)
Gabezia multzo horrek, batez ere, irisgarritasun fisikoarekin uztartutako elementuei heltzen die: malda malkartsuak, egokitu gabeko eskailerak, hondatutako pasabideak, eta abar.
Hiri zoladuran gida elementurik ez dagoela ere aipatu behar da –hankaz ukitzeko zerrendak–, horien bitartez ikusmen urrituak garraio ekipamenduetaraino gidatzeko.
2.1.2. Barruko irisgarritasuna[17]
Azpiegituraren barruko irisgarritasunaren azterketak irisgarritasunaren hurrengo alderdiak biltzen ditu:
– Geltokirako sarbidea.
– Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria.
– Zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena.
– Informazioa emateko eta txartelak saltzeko mahaiak.
– Informazio eta komunikazio sistemak.
– Altzariak.
– Komunak.
2.1.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
ADIFen Gipuzkoako geltokietako eraikinen barrualdera sartzea zaildu egiten da zenbaitetan oztopoak daudelako (eskailerak, mailak) edo kanpoko ateen kokapena ez delako funtzionala (estuak, astunak).
2.1.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Lineako geltoki eta geraleku ugarik ez du nasen artean joan-etorri autonomoa eta segurtasunekoa bermatzeko eraikuntza elementurik (egokituriko arrapalak) edota mekanismorik (igogailuak).
Alderdi hori oso kaltegarria da mugikortasun urriko pertsonentzat eta geltoki garrantzitsuenetariko batzuetan gertatzen da.
Nasen artean joan-etorrien segurtasuna bermatu ahal izatea izan behar da ADIF
ek Gipuzkoan garatzen dituen jardueren lehentasun nagusietako bat.
Ez dago azpiko edo gaineko pasabide egokirik, hautabide izateko eta trenbideen gainazaletik derrigor pasa behar izatea saihesteko, eta hori lehentasunezko esku-hartzea izan behar da, ez bakarrik joan-etorriaren funtzionaltasuna bermatzeko, baizik eta, baita ere, edozein pertsonaren segurtasuna areagotzeko bere mugikortasun maila zein den alde batera utzita.
Korridoreko lau geltokik (Irun, Donostia Iparraldea, Gros eta Loiola) bakarrik dituzte nasen arteko pasabideak behar bezala egokituta, hau da, irisgarritasun unibertsala bermatzeko elementu mekanikoekin edo eraikuntzakoekin.
29 geltokietatik 18tan ez dago gaineko igarobidea ez den bestelako aukerarik. Gainera, igarobide horiek oso kontserbazio egoera kaskarrean daude askotan, zoladura hondatuarekin, irristakorrarekin, mailen arteko aldearekin, irtengune eta mailekin, eta horiek benetan baldintzatzen dute segurtasuna.
Bestalde, partekaturiko nasek eraikuntza estutasuna ageri dute edo eragindako estutasuna bestela (kale-argiak, zutoinak...), eta horrek haien eraginkortasuna mugatzen du eta pertsonaren segurtasuna baldintzatzen du joan-etorriak iraun bitartean.
Ate automatizatuak lineako geltoki garrantzitsuenetan ageri dira. Ate hauek zerrenda horizontalak dituzte seinaleztatzeko, araudiak kontraste kromatikoari buruz finkatzen duena betez. Atea ireki eta ixteko denbora erregulatu egin behar da mugikortasun urriko pertsonari igarotzea ahalbidetzeko.
2.1.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, geltokietako atondoek baldintza egokiko zoladura dute trinkotasunari, gogortasunari eta irristatzeen aurkako propietateei dagokienez.
Aldiz, nasek eta, oso bereziki, trenbide-pasaguneek gabezia gehiago ageri dituzte, irregulartasunekin, goraguneekin eta lurzoru irristakorrekin.
Nasei dagokienez, ia geltoki eta geraleku guztiek dituzte gabezia garrantzitsuak segurtasuneko seinaleztapenaren gaian: ez dago ukimen botoirik edo kolore zerrendarik.
2.1.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Geltoki guztiak ez daude zerbitzatuta[18]. Horrelakorik dutenek salmahai egokituak eduki behar dituzte, hau da, garaiera gutxiagoko tarte batekin (0,80 m) eta 0,70 m-ra dagoen 0,50 m-ko sakonera duen zokoarekin. Orokorrean, zerbitzua duten geltokietako leihatilak ez daude egokiturik. Hala eta guztiz ere, joera pertsona batek atenditutako salmenta ordezkatzekoa da, autosalmentako makinen bitartez.
Instalazio gehienetan, leihatilarako joan-etorria oztopotik libre dago, eta horrek mugikortasun urriko pertsonaren mugikortasuna eta maniobrak egiteko aukera ahalbidetzen ditu. Aitzitik, komunerako eta geltokian ageri diren elementuetarako bidea adierazteko ez dago ukimen zerrendarik.
2.1.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Lineako geltokien multzoan eserleku modelo anitz dagoela egiaztatu ahal izan da. Gehienetan, modelo horien ezaugarri da bizkarrik edota beso-euskarririk ez edukitzea, eta lurzoruarekiko garaiera desegoki batean egotea (<0,45 m). Gainera, ez da mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako eserleku multzorik ikusi, ezta euskarri iskiatiko[19] osagarririk ere.
Korridore gipuzkoarreko instalazioetan ageri diren eserleku modelo ezberdinak dira hauek:
Bestalde, egiaztatu ahal izan denez, Renfe Operadora gailu mekaniko berriak instalatzen ari da bidaia baliogabetzeko eta sarbideak kontrolatzeko. Elementu horiek igarobide zehatza eta zabalera egokia dute gurpil aulkientzat, orgentzat, haur kotxeentzat. Hala eta guztiz ere, igarotzeko finkatu den gehieneko denbora kontrolatu egin behar da, mugikortasun urriko pertsonaren segurtasuneko igarotzea errazte aldera.
Autosalmentako makinei dagokienez, egiaztatu ahal izan da Renfe Operadorak ordezkatu egin duela txartelak saltzeko makinaren modelo zaharra modernoagoa eta funtzionalagoa den beste batekin. Edonola ere, modelo berria ez da erabat irisgarria.
Horri dagokionez, azpimarratzekoa da ikusmen urrituen taldeari egokitzen ez zaion makina modelo bat dela. Ez du soinu euskarririk erosketa prozesuan, eta goi-erliebeko karaktererik edo Braille sistemarik ere ez du. Gainera, zenbaitetan, makinak toki ez oso egokietan jartzen dira eta horrek pertsona haietara iristea zailtzen du.
2.1.2.6. Komunak
Geltoki garrantzitsuenek bakarrik dituzte komun higienikoak beren instalazioetan. Hala eta guztiz ere, Donostiako, Tolosa geltokiko eta Zumarragako ekipamenduek bakarrik dituzte komun egokituak.
2.1.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Donostiako guneko geltoki hauek ematen diote informazio akustikoa edo bisuala erabiltzaileari:
GELTOKIAK | SISTEMAK |
IRUN | Teleadierazgailuak eta megafonia. |
DONOSTIA | Monitoreak eta megafonia automatikoa. |
ZUMARRAGA | Ahozko informazioa (zirkulazio faktorea badago). |
TOLOSA GELTOKIA | Ahozko informazioa (zirkulazio faktorea badago). |
BEASAIN | Megafonia. |
ORDIZIA | Eskualdeko trenak bakarrik iragartzen dira. |
Gainerako instalazioetan ez da informazio estatikoa ez den bestelako komunikaziorik. Zentzu horretan, egiaztatu ahal izan da kasu askotan informazio panelen kokalekuak eta haietan bildutako edukien tamainak ez dutela errazten erabiltzaileak horietara iritsi eta irakurri ahal izatea. Informazioa ez da guztiontzako irisgarriak diren formatuetan ematen.
[16] Eskumen oharra: kaletik garraio ekipamenduraino dagoen oinezko ibilbidearen irisgarritasuna udal administrazioaren eskumena da (udalena, alegia).
[17] Eskumen oharra: garraio ibilgailura irisgarritasun unibertsala bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa da ADIF
, eta horretarako azpiegiturak egokitzen ditu (sarbideak, pasabideak, eraikinak, nasak). Bestalde, RENFE Operadora eskumendun da instalazioetan dauden eta bertan ageri diren elementuen erabilera funtzionaltasunaren alorrean (altzariak, leihatilak, autosalmentako makinak...).
[18] Zerbitzatua: Termino honek enpresa eragilearen langileak geltokian daudela esan nahi du bidaiariari arreta emate aldera.
[19] Mugikortasun urriko pertsonaren atsedena errazten duten sistemak, esertzeko edo altxatzeko maniobra erabat gauzatu beharra saihesten dutelako.
2.2. A1 Linea-Bilbo Abando-Santurtzi
A-1 lineak Bilboko itsasadarreko ezkerraldea egiten du, eta Bizkaiko hiru aldiriko lineetatik jende gehien duena da.
Trenbide bikoitzeko trazatu bat da, eta horrek zirkulazioaren bi noranzkoetan trafikoa independentea izatea ahalbidetzen du. Hartatik, aldiriko trenez gain, Bilboko Portura doazen merkataritzako trenak ere igarotzen dira.
Irisgarritasunaren ikuspegitik aztertuz gero, A1 lineak heterogeneotasun nabarmena ageri du geltokien diseinuan eta hiriburu bizkaitarrari zerbitzua ematen dioten ekipamenduen egoeraren –modernoak eta funtzionalak– eta korridoreko gainerako instalazioek bizi duten egoeraren –zaharkituak eta oztopoekin– artean.
2.2.1. Kanpoko irisgarritasuna
Kanpoko irisgarritasunean ikusi denez, garraio ekipamendura sartzeko ibilbideetan mugak dituzten oinezko inguruneak daude linearen trazatua igarotzen den udalerrietan.
Muga horiek hurrengoak bezalako oztopoei buruzkoak dira: egokitu gabeko eskailera tarteak eta arrapalak, malda malkartsuak, trafiko biziko inguruneak, eta abar. Horiek arriskuan jarri dezakete mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorriaren funtzionaltasuna eta baita bere segurtasun propioa ere.
Halaber, beharrezkoa da orokorrean aipatzea hiri zoladuraren gainean ez dagoela ukimen elementurik, gidatzeko zerrendarik, ikusmen urrituei garraio ekipamenduak topatzen laguntzeko.
2.2.2. Barruko irisgarritasuna
Azpiegituraren barruko irisgarritasunari buruz zera azpimarratzen dugu:
2.2.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Orokorrean, geltokiko atondorako sarbidea kaletik egiten da komunikazioa errazten duten espazio garbien bitartez. Hala eta guztiz ere, ekipamendu batzuk oztopoak ageri dituzte eraikinera sartu ahal izateko: mailak, ate estuak, egokitu gabeko arrapalak, eta abar.
2.2.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
ADIFek Bizkaian dituen aldiriko korridoreen –A1 eta A2– ezaugarria da instalazio gehienetan pertsonak trenbideen gainazaletik ibili beharra saihesten duten elementu mekanikoak edota eraikuntzakoak edukitzea. Inguruabar hori nabarmenki ezberdina da ADIF
ek Gipuzkoan eta Bizkaiko A-3 linean bertan dituen azpiegituretan gertatzen denaren aldean, izan ere, bi kasu horietan derrigorrez gainazaletik erabili beharreko trenbide-pasagune ugari dago.
Aitzitik, geltoki guztiek ez dituzte joan-etorriaren unibertsaltasuna bermatzeko elementu guztiak –igogailuak eta arrapala egokituak–, beraz, segurtasunaren bermerako gainazaleko pasabideak kendu behar badira ere, joan-etorria baldintzatzen duten oztopoek berean jarraitzen dute.
Zehazki, A1eko sei geltokitan gertatzen da adierazitako hori: La Iberia, Lutxana, Olabeaga, Sestao, Peñota eta Barakaldok eskailerez eratutako igarobideak bakarrik dituzte (azpikoak edo gainekoak) nasa batetik bestera joateko.
Orokorrean, geltokien barrualdeko atondoa oztopoetatik libre dago, eta horrek behar besteko maniobrak egiteko aukera ematen du horren bitartez joan-etorri autonomoa bermatzeko. Aitzitik, espazio horiek ere ez dute ukimen zerrendarik horien bitartez ikusmen urrituak eurei zuzendutako interes puntu eta elementuetara bideratzeko.
Geltoki garrantzitsuenetan ageri diren irekiera eta itxiera automatikoko ateek, gehienetan, seinaleztapen horizontaleko bandak dituzte kontraste kromatiko nabarmenarekin.
2.2.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, ikusi ahal izan da zoladurak ezaugarri onak ageri dituela trinkotasunaren, gogortasunaren eta irristatzeen aurkako propietateen aldetik, bai eraikinen barruan, bai nasetan. Aitzitik, modu berean egiaztatu da Lutxanako eta Portugaleteko geltokiek kontserbazio okerragoko zoladura dutela, mugitzeko arazoak dituen pertsonaren (makuluekin, bastoiekin, eta abarrekin ibiltzeagatik) joan-etorria galarazten duten hondatutako zonekin.
Bestalde, beharrezkoa da aipatzea ia geltoki guztiek ageri dituztela gabeziak nasetako segurtasun seinaleztapenean: ez dago botoirik, ez zerrenda kromatikorik, ezta hankaz ukitzearen bitartez gida izango den elementurik ere.
2.2.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Informazioa emateko eta txartelak saltzeko leihatilak ez daude egokituta irisgarritasunerako araudiak jarritako parametroei jarraiki.
2.2.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Linean instalaturik dauden makina txartel-baliogabetzaile guztiek dute mugikortasun urriko pertsonentzako berariazko baliogabetze gune bat. Gune horretako igarobide zabalera handiagoa da gainerako gailuetan ikusten denaren aldean. Gailu hauen artean igarotzeko finkatu den denbora kontrolatu egin behar da, mugitzeko zailtasunak dituen pertsona igarotzea errazte aldera.
Eserlekuei dagokienez, lineak modelo ugari ditu, nahiz eta bakar batek ere ez dituen oso-osorik betetzen araudiak exijitutako parametroak. Ez dira betetzen beso-euskarriak edo bizkarra falta dutelako edo lurzoruarekiko garaiera desegokian daudelako (<0,45 m).
Euskarri iskiatiko osagarriak daudenik ere ez da ikusi, ezta mugikortasun urriko pertsonentzako berariazko eserleku erreserbarik ere.
Bizkaian autosalmentarako jarritako makinak Gipuzkoan instalatu direnen modelo berdinekoak dira, eta horiek aztertu dira jada txosten honetan.
2.2.2.6. Komunak
Bilbo Abandoko geltokian izan ezik, ez da komun publiko egokiturik ikusi.
2.2.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Geltoki guztietan, Peñota eta Sestao artean daudenak salbu, trenen iritsierari eta irteerari buruzko informazioa ematen da informazio teleadierazgailuen bitartez eta megafoniatik esatearen bitartez.
Gainerako instalazioetan, bidaiariarentzako informazioa informazio estatikoko panelen bitartez ematen da, eta horien kokalekua eta formatua ez da irisgarria pertsona talde guztientzat.
Arrazoiak hauek dira:
– Panelen kokalekuak ez du errazten mugikortasun urriko pertsona hurbiltzea, batez ere pertsona horrek gurpil aulkia erabiltzen badu.
– Irakurketarako plano bisualak eta edukien tamainak irakurtezin bihurtzen dituzte panelak gehienetan.
– Ez dago Braillen edota goi-erliebean idatzitako informaziorik.
2.3. A2 Linea-Bilbo Abando-Muskiz
A-2 lineak Meategi Gunea bezala ezaguna den eskualdea egiten du. Garai batean, trenbide ugari egon zen bertan eta haien funtzio nagusia eremu horretako burdin meategiei garraio zerbitzua ematea zen. Aldiriko trenez gain, Bilboko Portura zihoazen merkataritzako tren batzuk ere bertatik igarotzea aurreikusi zen (A1 linea ez delako gai eskari guztia xurgatzeko). Aitzitik, bide bakarreko trazatua eta bazterbide gutxikoa denez, ezinezkoa izan zen.
A2 lineak trazatua partekatzen du A1 korridorearekin, Bilbotik Barakaldoko geltokiraino. Gallartan linea bitan zatitzeko proiektu bat dago, Bilboko Portura trenbidez iristeko Seranteseko tunela gauzatzeagatik.
Linea horri dagokionez, adierazi egin behar da irisgarritasun diagnostikoa oinarritu egiten dela korridorean partekaturikoa ez den tarteko geltokien balorazioan, hain zuzen ere Galindotik Muskizera doan tarteko geltokien balorazioan. Helburua A-1 Bilbo Abando-Santurtzi linean egindako azterketarekin gainjartzeak saihestea da.
A-2 lineak egoera eskasean dagoen geltoki eta geraleku multzoa hartzen du, eta gabezia handiak ditu irisgarritasunari dagokionez. Halaber, ekipamendu batzuk gabezia garrantzitsuak ageri dituzte bidaiariarentzako segurtasunean, ergonomian eta erosotasunean.
2.3.1. Kanpoko irisgarritasuna
Kanpoko irisgarritasunari buruz adierazi egin behar dugu A-2 linean azterketaren xede den geltoki tartearen ezaugarria dela oinezkoentzako ingurune zailak edukitzea. Oztopoz jositako ibilbideak dira eta horiek ez dute mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorri autonomoaren eta seguruaren alde egiten.
Oztopoak esaten denean, nagusiki, hurrengoei buruz ari gara: eskailera tarteak dituzten ibilbideak, egokitu gabeko arrapalak, malda malkartsuak, trafiko biziko inguruneetan egotea. Horiek zorrozki baldintzatzen dute joan-etorriaren funtzionaltasuna eta baita pertsonaren segurtasuna bera ere.
Egoera islatzeko ildo honi dagokionez, beharrezkoa da aipatzea ez dagoela gidatzeko ukimen elementurik hiri inguruneetako zoladuretan, horiek lagungarri izan daitezen ikusmen urrituentzat garraio ekipamenduak topatzeko.
2.3.2. Barruko irisgarritasuna
Azpiegituraren barruko irisgarritasunari buruz zera azpimarratzen dugu:
2.3.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Galindo eta Muskiz arteko lineako geltoki gutxitan daude bidaiariak egoteko atondoak. Horien guztien artetik, deigarria da linea amaierako geltokiaren egoera, Muskizekoa, alegia. Bertan, eraikinera sartzeko arrapala ez dago behar bezala egokiturik, eta atondora sartzeko ate estuak erabili behar dira.
2.3.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Nasarako sarbidea oso zaila da mugikortasun urriko pertsonentzat A-2 lineako geltokietan.
Galindo eta Muskiz arteko tartean dauden instalazio gehienak nasa bakarrekoak dira, eta horrek, hasiera batean, joan-etorriaren segurtasunaren alde egiten du. Aitzitik, geltoki hauetan nasetarako sarbideak nekez egiten dira maila berean edo erabiltzailearen erabateko irisgarritasuna bermatzen duten elementu mekaniko edota eraikuntzakoen bitartez.
Egokitu gabeko arrapalak, eskailera arriskutsuak eta argi gutxiko lurpeko pasabideak, eta abar daudela ikusi da. Hori larritasun gehiago edo gutxiagorekin errepikatzen da aztertutako tarteko bederatzi geltokitik seitan.
Sarbideetan gutxieneko segurtasun betekizunak betetzen ez badira, ulergarria da gidatzeko elementurik ere ez izatea (ukimen zerrendak) ikusmen urrituentzat.
2.3.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Galindo-Muskiz tarteko geltokietako atondoek zoladura trinkoa, gogorra eta irristatzeen aurkako propietate onekoa ageri dute. Aldiz, nasa batzuk hondamen egoera handiagoa ageri dute, irregulartasunak, peralteak eta lurzoru irristakorrak edukiz.
Ia geltoki guztiek dituzte gabeziak nasetako segurtasun seinaleztapenetan: ez dago hankaz ukitzeko botoirik edota zerrenda kromatikorik.
2.3.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Azterlanaren xede den tarteko geltokiak zerbitzatu gabeko instalazioak dira gehienbat (enpresa eragileko langilerik gabe). Inguruabar hori dela eta, are garrantzitsuagoa da autosalmentako makinak eta txartela baliogabetzekoak egokitzea irisgarritasun unibertsalaren irizpideen ondotik.
Atondoa duten geltokietan, leihatilarako sarbidea oztopoetatik libre dago eta horrek pertsonaren zirkulazio askearen alde egiten du.
2.3.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Alderdi honen diagnostikoak A-1 Bizkaia korridoreko kapitulu homologoan adierazitakoari heltzen dio.
Aitzitik, beharrezkoa da puntu honetan azpimarratzea aztertutako tarteko ekipamenduetan altzariak eta zerbitzuak falta direla argi eta garbi. Inguruabar horrek ez du bidaiariaren segurtasunaren eta ergonomiaren alde egiten joan-etorrian zehar.
2.3.2.6. Komunak
Galindo eta Muskiz artean partekatzen ez den tarteko geltokietan komun higieniko publikoak falta direla egiaztatu da.
2.3.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
A-1 korridorean sartutako geltokiek salbu, A-2ko ekipamendu esklusiboek ez dute informazio teleadierazgailuen eta megafoniaren bitartez emandako informazio dinamikoko sistemarik.
Informazio estatikoa da garraio zerbitzuei buruzko informazioa hornitzeko bide bakarra. Zenbaitetan, informazio zutoinen kokalekuak, irakurketa planoak eta edukien tamainak ez dute informazioa eskuratzea bermatzen.
2.4. A3 Linea-Bilbo Abando-Urduña
A-3 lineak Nerbioi harana egiten du eta Bilbo-Tuterako trenbide zaharrari dagokio. Bertatik, aldiriko trenak igarotzeaz gain, Bizkaia Lautadarekin komunikatzen duten tren guztiak ere ibiltzen dira, bai merkataritzakoak, bai distantzia ertain eta luzeko trenak ere.
Korridore honetan nahastu egiten dira eredutzat jo daitezkeen geltokiak (Miribilla Bilbon eta Amurrio Iparraldea) oso egoera kaskarrean dauden geralekuekin. Hondamen hori ez da bakarrik irisgarritasun fisikoari dagokionez ikusten, baizik eta, baita ere, pertsonaren ergonomiaren ikuspegitik, hau da, joan-etorrian segurtasuna, erosotasuna eta funtzionaltasuna ematen duten alderdi horien guztien ikuspegitik.
2.4.1. Kanpoko irisgarritasuna
Kanpoko irisgarritasunari buruz esan egin behar da A-3 lineak funtzionaltasun benetan zalantzagarriko geraleku multzoa duela, oinezkoentzako dauden sarbide zailak ikusita behintzat. Zenbait kasutan, hirigintzaren aldetik ingurunearekin apurtzen duten instalazioak dira.
Oinezkoentzako ingurune oso zailak daudela egiaztatu da, hiriguneetatik urrun eta ia ibiltezinak. Ibilbideek malda malkartsuetan behera abiarazten dute pertsona, zolatu gabeko bidexka estuetatik igaro behar izatea eta eskailera tarteak jaitsi edo igo behar izatea.
Industrialdeetan kokatzen diren geralekuez ari gara, ibilgailu pribatuarekin iritsita ere sarbide zaila duten eremuetan, edo ibilgailuen trafiko biziko guneetan kokatzen direnez bestela.
Neurri txikiagoan, nahiz eta herrigune garrantzitsuei zerbitzua emateagatik adierazgarria izanez halaber, aipatzekoa da hurrengo geltokietan oinezkoentzako ibilbideek duten konfigurazioa:
Hankaz ukitzearen ondotik gidatzeko zerrendak daudela ikusi da zenbait ekipamenduren hurbileneko oinezko ingurunean (adibidez Amurrio-Iparraldean).
2.4.2. Barruko irisgarritasuna
Azpiegituraren barruko irisgarritasunari buruz zera azpimarratzen dugu:
2.4.2.1. Geltokirako sarbidea (eraikinaren atondoa)
Korridoreko ekipamendu gutxik du elkartutako eraikina eta atondoa. Daudenetan, mugikortasunerako oztopo nagusia ohiko ateen kokalekua da, sarbidea estutzen baitute bi orriak irekita ez egoteagatik.
Oso deigarria da Laudioko geltokiaren egoera, Bilbon kokaturikoak eta gero ziurrenik lineako garrantzitsuena izaki. Irudiek mugikortasun urriko pertsonei geltokira sartzea eragozten dieten mugak islatzen dituzte –mailak eta ate estuak–.
Ate automatizatu guztiek dituzte seinaleztapenerako zerrenda horizontalak kontraste kromatiko adierazgarriarekin.
2.4.2.2. Nasarako sarbidea. Nasen arteko joan-etorria
Inolako zalantzarik gabe, ibilgailuaren irisgarritasunaren ondoren, hau da trenbide azpiegitura osoan arazo eta kezka gehien sorrarazten duen alderdia, eta ez bakarrik irisgarritasunaren ikuspegitik, baita pertsonaren segurtasunaren ikuspegitik ere.
Lineako geltokien erdiak gainazaleko derrigorrezko pasagunea du nasen arteko joan-etorrirako; hau da, ez dute eraikuntza elementurik edota mekanismorik trenbideetatik ibili behar izatea saihesteko. Hori, bere horretan arrisku handia bada ere edozein erabiltzaileren segurtasunerako, are arazo larriagoa bihurtzen da mugikortasun urriko pertsonen kasuan.
Gainera, zoladuraren egoerak eta trenbide-pasaguneen kokalekuak berak (kurban geltoki askotan) areagotu egiten dute modu adierazgarrian haien gainetik igarotzeko arriskua.
Egoera hori ikusita, presazkoa da ADIF
ek lehentasunezko esku-hartze plan bat gauzatzea.
Bestalde, beharrezkoa da azpimarratzea hirigune nagusietako geltokietan salbu, horietan eraikuntza elementuak dituztelako eta zenbaitetan baita nasetara joateko eta haien artean mugitzeko mekanismoak ere, gainerako ekipamenduetan nasetara iristearen arazoa gaineko edo azpiko pasabideen bitartez konpontzen dela, egokitu gabeko arrapalekin edo eskailera tarteekin.
Aintzat hartuz gero korridoreko ekipamendu gehienetan ez direla segurtasuneko eta funtzionaltasuneko gutxieneko betekizunak betetzen, badirudi logikoa dela pentsatzea instalazio hauetan ez dela egongo ikusmen urrituei zuzendutako informazio eta laguntza elementurik. Zentzu horretan, ikusi da gida zoladurarik ez dagoela geltokian barrena ibiltzea errazteko eta hartan eskaintzen diren zerbitzuak topatzeko.
2.4.2.3. Geltokiko / nasako zoladura. Segurtasuneko seinaleztapena
Orokorrean, atondo eta nasetako zoladurak propietate egokiak ditu trinkotasunari, gogortasunari eta irristatzearen aurkako gaitasunari dagokienez. Hala eta guztiz ere, ikusi ahal izan da trenbide-pasaguneak direla hondamen egoera handiena ageri dutenak, eta horrek arriskua eta gainazal horietatik egin beharreko joan-etorrien zailtasunak areagotzen ditu.
Ia geltoki guztiek dituzte gabeziak nasetako segurtasun seinaleztapenetan: ez dago hankaz ukitzeko botoirik edota zerrenda kromatikorik.
2.4.2.4. Leihatilak (salmenta eta informazioa)
Enpresa eragileko langileek atenditutako geltokiek ez dute leihatila egokiturik, ezta hiriburuko ekipamenduetan ere: ez Bilbo Abandon, ez Miribillan.
Leihatilara iristeko bidea oztopoetatik salbu dago, eta, horri esker, erabiltzailearen zirkulazio librearen eta maniobrak egiteko aukeraren alde egiten da.
2.4.2.5. Altzariak (eserlekuak, baliogabetzaileak, autosalmentako makinak)
Alderdi honen diagnostikoak A-1 Bizkaia korridoreko kapitulu homologoan adierazitakoari heltzen dio.
Aitzitik, beharrezkoa da azpimarratzea hurrengo geralekuek ageri duten altzari nahiz bidaiariarentzako zerbitzu elementuen falta nabarmena: Basauri, Bakiola, Arrankudiaga, Arbide, Laudioko Santa Kruz, Luiaondo, Salbio eta Iñarratxu. Inguruabar horrek ez du joan-etorriaren segurtasunaren, erosotasunaren eta ergonomiaren alde egiten.
2.4.2.6. Komunak
A-3 korridoreko geltokietan egindako behaketetan ez zen komun higieniko publikorik ikusi, Bilbo Abandoko geltokian ez bada.
2.4.2.7. Informazio eta komunikazio sistemak
Bilbo Abando, Miribilla, La Peña, Ollargan eta Laudioko geltokietan (zirkulazio faktorea badago[20]) bakarrik iragartzen da megafoniatik trenen irteera eta iritsiera.
Informazio dinamiko bisualari dagokionez, hiriburu bizkaitarreko ekipamenduek bakarrik dituzte informazio teleadierazgailuak.
Gainerako instalazioetan ez zaio erabiltzaileari bestelako komunikaziorik ematen, informazio estatikotik harago.
2.5. Distantzia ertaineko eta ibilbide luzeko korridoreak
Distantzia ertaineko eta ibilbide luzeko penintsulako trazatuek lotu egiten dituzte EAEren eremua Lautadarekin eta Ebroren korridorearekin, neurri batean Gipuzkoa eta Bizkaiko aldirikoen trenbide trazatuak integratuz (A3 linea).
Lehen aipatu diren aldiriko guneetan sartuta dauden eskualde izaerako geltokiez gain, irisgarritasunaren diagnostikoak aintzat hartu behar du Arabako probintzian ageri den azpiegitura, nagusiki herrigune nagusiei zerbitzua ematen dien hura.
Zentzu horretan, eta erreferentzia modura, behaketak egin dira Arabako Lurralde Historikoko hurrengo trenbide geltokietan:
– Vitoria-Gasteiz
– Dulantzi
– Agurain
– Araia
Aldirikoen lineetan egindako azterketan ez bezala, ibilbide ertain eta luzeko korridorearentzat aipatutako geltokietan egindako behaketetatik ateratako ondorio multzoa lantzea erabaki da. Halaber, material mugikorraren irisgarritasunari buruz berariazko azterketa egin da (txosten honetako 2.7.3. idatz-zatia).
2.6. Ibilgailuen irisgarritasuna
2.6.1. Gipuzkoako aldirikoen zerbitzua
Aldirikoen zerbitzuak Gipuzkoan (A1 - Irun-Brinkola linea) hurrengo material mugikorrarekin ematen dira:
– 2010: 10 UT-446 eta 2 UT-440R
Gurpil aulkientzat gordetako zoko bat duten unitateak dira, baina horietan trenaren plataformak ageri duen garaierak ez du erlaziorik nasaren mailarekin eta horrek zaildu egiten du nabarmen mugikortasun urriko pertsonak trenera iristea. Gurpil aulkien erabiltzaile diren pertsonen kasuan, trenera sartzea erabat galarazten dute baldintza horiek.
Erlazio horretan dagoen "gap" bertikal-horizontala aldatu egiten da aintzat hartutako geltokia edo geralekua gorabehera, eta horrek are gehiago zailtzen ditu nasetan egin beharreko berriztatze jarduerak.
Irisgarritasunaren gaian, UT-446 hauek hurrengo ezaugarriak dituzte:
– Plataforma baxuak eta mailak pasillora iristeko.
– Pasillo estuak.
– Bagoi estankoak. Igarotzeko zailtasuna.
Renferen Irisgarritasun Plana 2014 delakoak erabat irisgarria izango den material mugikorra sartzea du helburuen artean, Donostiako guneko aldirikoen zerbitzuan. Material ibiltari honen adibide CIVIA trenak dira.
Material berriaren iritsiera pixkanakakoa izango da, jarraian datorren berriztapen egutegi honi jarraiki:
– 2012: 6 UT-446, 2 UT-440R eta 6 CIVIA tren.
– 2014: 12 CIVIA tren.
Flota pixkanaka modernizatzeko ezarri den egutegiaren arrazoia Nasak berriztatzeko plana gauzatzeko behar den denbora da. Berriztatze hori gauzatzen ari da, eta horrekin bereizketa tarterik gabeko nasa-plataforma erlazioa bermatuko duten instalazioak (goratuz edo beheratuz) egokitu nahi dira.
2.6.2. Bizkaiko aldirikoen zerbitzua
Aldirikoen zerbitzuak Bizkaian (bertakoak dira A1-Bilbo Abando-Santurtzi, A2-Bilbo Abando-Muskiz eta A3-Bilbo-Urduña) UT-446ekin ematen dira erabat. Zehazki, egungo flotak (2010. urtean) 21 tren ditu.
Gipuzkoan bezala, hemen ere arazo nagusiak nasaren eta trenaren arteko erlaziotik sortzen dira, ibiltezina baita erabat. Gainera, zenbait geltokitan segurtasunerako arrisku adierazgarria dago, baita pertsonaren beraren mugikortasun maila edozein dela ere.
Renferen Irisgarritasun Plana 2014 delakoak material ibiltaria berritzea eta CIVIA unitateak Bizkaiko lurraldean jartzea hartzen du. Hala eta guztiz ere, nasak egokitzeko jarduerak kostu handikoak dira eta, zenbait kasutan, abiadura handiko sarea Bilbora iristea definitzearen baldintzapekoak dira.
Hori dela eta, testuinguru hau ikusita, bestelako konponbide gisa pentsatu da UT-446 trenak egokitzea hirugarren bagoi irisgarri bat sartzearen bitartez. Kotxe berri bat izango litzateke, zoru baxua edukiko lukeena, eta multzo osoaren erdigunean kokatuko litzateke. Bertan, toki garbi bat edukiko litzateke gurpil aulkia erabiltzen duen pertsona kokatzeko, eta toki berdinean komun unibertsal bat ere edukiko litzateke.
Iturria: Renfe
2.6.3. Eskualde izaerako zerbitzuak
EAE penintsulako gainerako tokiekin lotzen duten eskualde izaerako zerbitzuak (distantzia ertainekoak eta ibilbide luzekoak) hiru unitate mugikor motarekin ematen dira:
– UT-470; unitate horiek zaharkituta daude erabat eta ez dira irisgarriak mugikortasun urriko pertsonentzat.
– ALVIA trenak. Askoz ere modernoagoak eta funtzionalagoak dira, eta gurpil aulkia erabiltzen duten pertsonentzako gordetako plaza bat dute.
– 449 Serieko ale erosi berriak. Mugikortasun urriko pertsonentzat berariazko sarbidea dute, gurpil aulkiarentzat gordetako tokia eta komun egokitua.
2007. urtetik aurrera, Renfek eta ADIF
ek ATENDO konpromisoa hartu dute. Hori zerbitzu pertsonalizatu bat da, trenbide sareko geltoki nagusietan ematen dena joan-etorriak egiteko zailtasunak dituzten bidaiariek trenbide zerbitzuak eskuratu eta erabiltzea errazteko eta hori bermatzeko. Zerbitzua pixkanaka finkatu da gure geografian barrena, eta, gaur egun, Donostia Iparraldeko, Irungo, Bilbo-Abandoko eta Vitoria-Gasteizko geltokietan topa daiteke.
2.7. Ondorioak
2.7.1. Gipuzkoa
Gipuzkoan garraioaren irisgarritasunaren diagnostikoaren gaian 2007an egindako azterlanean eskuratutako ondorioen aldean, egiaztatu da A1-Irun-Brinkola linean bilakaera ona egon dela, baina ez da nahikoa. Aldi horretan zehar, irisgarritasuna sustatzeko jarduera batzuk garatu eta proiektatu dira Gipuzkoako aldirikoen guneko geltoki garrantzitsuenetan.
Adierazi denaren arabera, CIVIA unitate berrien erabateko irisgarritasunaren alde egite aldera, inbertsio ekonomiko eskerga egiten ari da nasak egokitzeko –horiek igoz eta luzatuz–. Horrela, esku-hartze batzuk gauzatzen ari dira eta beste batzuk proiektuan daude geltoki ezberdinetan.
Gipuzkoako trenbideen azpiegiturak ageri dituen gabezia nagusiak hauek dira:
– Geltokien hiri inguruneetan askotan agertzen dira oinezkoentzako ibilbide kaskarrak eta segurtasunik gabekoak.
– Ez dago eraikuntza sistemarik edota sistema mekanikorik nasara iristea eta haien artean mugitzea bermatzeko. Segurtasunaren alorreko gabezia larriak topatu dira gainazaleko pasabideetan.
– Zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei zuzendutako segurtasun seinaleztapena eta informazioa ez da nahikoa sarbideetan, atondoetan eta nasetan.
– Zentzumen ezgaitasunen bat duen pertsonari informazioa ematea bermatzeko ez dago komunikazio dinamikoko sistemarik (informazio teleadierazgailuak eta megafonia). Zentzu horretan, informazio teleadierazgailuak instalatzen ari dira Gipuzkoako aldirikoen guneko geltokietan.
– Ikusi ahal izan da altzari multzoa ez dagoela egokitua: eserleku ez funtzionalak (berariazko erreserbarik ere ez dago mugikortasun urriko pertsonentzat), erabat irisgarriak ez diren autosalmentako makinak (kokaleku desegokia, garaiera altuan jarritako ordainketa gailuak, zentzumen ezgaitasunen bat duen pertsona taldeari egokitu gabeak).
2.7.2. Bizkaia
Gipuzkoako sarean bezala, Bizkaian ADIF
-Renfek dituen trenbide zerbitzuen irisgarritasuna erabatekoa izateko dagoen gabezia nagusia, eta beste ondorengo edozein azterlan ere baldintzatzen duena, hau da: garraio ibilgailura autonomiaz sartu ahal izatea bermaturik ez egotea, nasaren eta trenaren artean dagoen "gap" horizontal-bertikalaren bereizketaren ondorioz.
Ekipamendu guztietan (nasetan) tarte hori gauzatuko balitz ere, ikusi da Bizkaiko korridoreetan geltoki askok ez duela erabiltzailearen erabateko irisgarritasuna bermatzen. Zentzu horretan, beharrezkoa da azpimarratzea Bilboko geltokiek abantaila adierazgarriak ageri dituztela irisgarritasun mailari dagokionez, gainerako ekipamenduek ez bezala.
Bestalde, azpimarratzekoa da nasen arteko trenbide-pasaguneen egoera. Geltoki gehienek ez dute elementu mekanikorik edota eraikuntza elementurik, nasetara iristeko eta nasen arteko joan-etorri autonomoa erraztu eta bermatu ahal izateko. Trenbideen gainazaletik igarotzeak berekin daramatzan arriskuez gain, derrigorrezkoa da azpimarratzea areagotu egin dela arriskua trenbide-pasagune ugariren zoladura hondatzeagatik eta baita horiek kurban egoteagatik ere zenbait geltokitan.
Kanpoko sarbideak ere –kalea eta geltokia lotzen dituzten oinezko ibilbideak– oso kalteturik daude hainbat udalerritan. Hori dela eta, beharrezkoa da azpimarratzea garrantzitsua dela bermatzea ibilbide hori autonomoa eta segurtasunekoa dela irisgarritasun kate osoan zehar. Horretarako, funtsezkoa izango da oinezkoentzako inguruneak hobetzea, irisgarritasuna sustatzeko esku-hartzeak bideratzearekin batera, bai azpiegituran, bai material mugikorrean.
Trenbideen azpiegituran eta zerbitzuetan nabarmen ageri diren gainerako gabeziak, Bizkaian, honela zehazten dira:
– Ohiko ateak, ate estuak eta astunak dituzten eraikinak, kanpoko eta barruko komunikazioa baldintzatuz.
– Egokitu gabeko altzariak: eserleku ez oso funtzionalak eta erabateko irisgarritasunik ez duten autosalmentako makinak. Ez dago euskarri iskiatikoko tresnarik, ezta mugikortasun urriko pertsonentzako eserleku erreserbarik ere.
– Komunikazioko eta informazioko sistema dinamikoen hornidura eskasa da, nagusiki guztiontzako irisgarria den formatu batean informazioa eskura jartzeari dagokionez.
– Zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei zuzendutako ukimeneko segurtasun seinaleztapena eta gida ez da nahikoa sarbideetan, atondoetan eta nasetan.
2.7.3. Araba
Vitoria-Gasteizko kasuan salbu, lurralde arabarreko gainerako geltokietan ia ez dago eskualdeko eguneroko zerbitzurik.
Instalazio horien ezaugarri nagusiak hauek dira:
– Udalerrien kanpoaldeetan kokatzen dira, beraz, horiek kokatzen diren udal mugartearekiko mendetasunak joan-etorri luzeak eskatzen ditu, norberaren ibilgailuan normalean.
– Zerbitzatu gabeko geltokiak dira (langilerik gabekoak), funtzionaltasun gutxiko eraikinekin, erabiltzailearen egonaldia eta itxaronaldia errazteko ez bada.
– Ikusi ahal izan da ez dagoela elementu mekaniko edota eraikuntza elementurik, nasen artean segurtasuneko joan-etorria eta joan-etorri autonomoa bermatzeko.
– Informazio akustikoko eta bisualeko sistemak falta direla ikusi da, horien bitartez informazio estatikoa osatzeko, izan ere, azken hori ez dago erabiltzaile guztientzat irisgarria izateko formatu batean.
– Zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonentzat berariazko seinaleztapena falta dela ikusi da sarbideetan, atondoetan eta nasetan[21].
[21] ADIF
inbertsioak egiten ari da nasetako zoladura hobetzeko, irisgarritasunaren eta segurtasunaren araudira egokituz, eta baita geltokietako beste toki batzuk hobetzeko jarduerak gauzatzen ere.