4.2. Adingabe lege-hausleak
Arartekoak 1998an Adin txikiko lege-hausleak txosten berezia argitaratu ondoren, erakunde honek jarraipena egin du zentroetara aldiro joanda, urtero datuak eskatuta eta sektoreko arduradunekin, taldeekin eta profesionalekin bilerak eginda. Horien guztien berri aurreko urteetako txostenetan eman da.
2010ean egindako jarraipenei dagokienez, Justizia eta Herri Administrazio Sailari ofizioz eskatutako datuak daude. Ondorengo orrietan datoz emaitzak.
1. Azken urteetan burututako neurrien eboluzioa
Adingabe lege-hausleei buruzko Arartekoaren txostenarekin bultzatu nahi zen oinarrizko jarduera lerroetako bat zen, urtarrilaren 12ko, 5/2000 Lege Organikoaren ahalmen guztiak garatzea aurreikusitako neurri guztiei zegokienean eta, bereziki, askatasuna hainbeste mugatzen ez zuten haiei zegokienean. Neurriak egiaz ezartzeko funtsezko faktoreetako bat eskura dagoen bitarteko eta baliabide kopurua izaten da, eta horiek burutzea euskal Administrazioaren eskumena da.
Burututako neurrien eboluzioaren datu globalek horiek zenbat ezarri diren gehiago edo gutxiago jakiteko aukera ematen digute, baita joera orokorren berri izateko ere. Datu global hauek taula honetan daude:
16. taula. EAEn buruturiko neurrien kopurua (2009 eta 2010)
Neurri judizialak |
2009 |
2010 |
Erkidegoaren mesederako prestazioak |
314 |
347 |
Zaintzapeko askatasuna – kautelazkoa |
30 |
39 |
Zaintzapeko askatasuna – irmoa |
310 |
327 |
Tratamendu anbulatorioa |
22 |
10 |
Gizarte-heziketako ekintzak |
186 |
146 |
Barneratzea – kautelazkoa |
67 |
59 |
Barneratzea – irmoa |
116 |
209 |
Asteburuetako egonaldia |
152 |
128 |
Heziketa taldearekin elkarbizitza |
5 |
11 |
Heziketa taldearekin elkarbizitza – kautelazkoa |
3 |
4 |
Eguneko zentrora joan |
34 |
26 |
GUZTIRA |
1.239 |
1.306 |
Bariazioa |
+196 |
+67 |
% hazkundea |
%18,8 |
%5,4 |
Behin betikoak |
1.139 |
1.204 |
Kautelazkoak |
100 |
102 |
(Iturria: Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saila)
2005. urteaz gero, nolabaiteko egonkortasuna ikusten zen neurri judizialen hazkundean, lau urtez oso igoera handien ondotik (2000tik 2004ra). 2008. urtean, joera hori eten egin zen %9,1eko jaitsierarekin aurreko urtearekin alderatuta, eta goranzko bideari eutsi zion 2009an (ia %19) eta 2010ean (%5,4).
Hauexek dira kautelazko neurriek izan duten bilakaeraren ezaugarriak:
• Kautelazko askatasun zainduen kopuruaren igoera: 30 izan ziren 2009an eta 2010ean, berriz, 39.
· Kautelazko barneratzeen kopuruak behera egin du: 67 izan ziren 2009an eta 2010ean 59. Nabarmentzekoa da barneratzeari buruzko kautelazko neurrien iraupena luzatu izana ere. 2010ean, ezarritako kautelazko neurri kopuru handia luzatu egin da sei hilabete igarotakoan –5/2000 Lege Organikoaren azken aldaketaren ondotik: hiru hiletik seira luzatu zen kautelazko barneratzeen hasierako iraupena–. Beraz, luzatu egin da askatasuna kentzeko neurri horien behin-behinekotasuna
• Hezkuntza-taldean bizitzeko kautelazko 4 neurri izan dira. Sailak berak iazko gogoetari eusten dio, eta hauxe deritzo: "ez da batere egokia neurriaren lege izaera eta erregulazioa, eta neurria betearazteko lana, atsedena eta arreta behar dira, baina kautelazko izaera horrek ez ditu halakoak ahalbidetzen".
2010ean, aldaketa nabarmenak izan dira neurri irmoetan. Aire zabaleko neurri irmoei dagokienez, hauxe nabarmendu beharra dago:
• Gizartearen mesederako prestazioen kopuruak %10,5 egin du gora 2009koarekiko, 2008an jaitsiera handia izan ondoren, baina oso urruti dago aurreko urteetako zifretatik, non nabarmen gainditzen baitzen laurehun kasuen muga (2006 eta 2007).
• Zaindutako askatasunerako neurriak goranzko joerari eusten dio, eta aurten 327 kasu izan dira.
• Gizarte-hezkuntzako lanen kopurua nabarmen jaitsi da, 2009an %17 igo ondoren. Hala, 2007ko antzeko zifretan gaude.
Barneratzeko neurri irmoei dagokienez, aplikazioaren hazkunde handia nabarmendu behar da (2009an baino %80,2 gehiago), baita iraupenaren igoera nabarmena ere. Hori dela-eta, igo egin da gazteen justizia sareko ikastetxeen okupazio-tasa, eta %100 inguruan kokatu da, plaza eskuragarrien kopuruak gora egin badu ere. Tasa horrek %100 gaindituko luke leku ezezagunean dauden eta plaza erreserba duten adingabeak kontuan hartzen badira. Asteburuko egonaldietan, iaz hazkunde nabarmena izan ondoren, %16ko murrizketa gertatu da 2010ean.
Familia barruko indarkeriarekin eta bikotekidearen kontrako indarkeriarekin lotutako delituek, 2009an ia %30 igo ondoren, berriz ere egin dute gora, %4,7. 111 neurri ezarri ziren delitu horiengatik, guztizkoaren %8,5. Neurri horien %30 neskei ezarri zaizkie (iazko kopurua bi halako ia-ia).
2.Barnetegietako zentroen eta baliabideen sareetan eta aire zabaleko zerbitzuetan 2009an sartutako aldaketak
2.1. Ikastetxeen sarea
Sailaren oinarrizko egiturari eutsi egin zaio ikastetxeen sareari dagokionez. Hala eta guztiz ere, sareko plazen kopurua igo eta zentro berria sortu dela nabarmendu nahiko genuke.
Hala, 2010ean, jarraitu egin da Mendixolako (Aramaio) ikastetxea birmoldatzeko lanekin, Itxaslur (Muskiz) zentroa egokitu da zentroan sartzeko neurriak betetzeko hasierako faseetan eta Andoiu/Gorbeia (Gasteiz) zentroko plazak gehitu dira. Gainera, Biosko ikastetxea ireki da (2. maila) Artean, asteburuko egonaldien neurrien kopuruaren igoerari aurre egiteko, eta soilik neurri horiek betetze aldera. Biosko zentroak 6 plaza ditu eskuragarri, eta zabalik egoten da ostiral goizetik igande goizera arte.
Ibaiondo ikastetxea (1. maila) zabalik izan da bere bost taldeekin, eta guztira 39 plaza eskaini ditu.
IKASTETXEA |
Maila |
HERRIA |
PLAZAK |
KUDEAKETA |
LANGILEAK |
IBAIONDO |
I |
Zumarraga |
39 (mutilak) 5 talde |
Justizia eta Herri Administrazio Saila |
64 + 13 irakasle + zerbitzuak |
MIGUEL ÁNGEL |
II |
Ortuella |
7 (mutilak) |
15 |
|
MENDIXOLA |
II |
Aramaio |
Berriztatze lanengatik itxita. 2011ko bigarren seihilekoan berriz irekitzeko asmoa dute |
|
|
URIBARRI |
II |
Arrazua- |
16 (barneratuta) eta 4 (eguneko zentroan) |
Berriztu Hezkuntza Elkartea |
30 |
ITXASLUR |
II |
Muskiz |
6 (barneratuta, anaitasunezko bilerak hezkuntza-taldean eta asteburuetako egonaldiak) |
Zentroa zabalik egongo da 2011ko ekainaren 30era arte |
|
BIOSKO |
II |
Artea |
6 (asteburuetako egonaldiak) |
|
|
ANDOIU/GORBEIA |
II |
Andoiu |
15 (neskak) |
Gaztaroan Ekin elkartea |
30 |
AUTONOMIA |
III |
Bilbao |
6 (mutilak eta neskak) |
Berriztu Hezkuntza Elkartea |
8 |
AUTONOMIA EGOITZA. |
III |
Donostia- |
4 (mutilak) |
Berriztu Hezkuntza Elkartea |
6 |
AUTONOMIA EGOITZA. |
III |
Donostia- |
6 (mutilak eta neskak) |
IRSE-Birgizarteratzeko Euskadiko Erakundea. Bizkaia |
8 |
Zentroan sartzeko neurriak betetzeko eta hezkuntza taldeko bizikidetzarako neurrietarako dauden plaza eskuragarrien kopuruak %13,8 egin du gora. Beraz, zentroan sartzeko neurriak burutzeko plazen kopurua, 2010. urtean, 99 izan da guztira, betiere zentroan asteburuko egonaldiak betetzeko 6 zenbatu gabe (urritik gaur egunera arte). Honelaxe dago banatuta mailaka:
• 39 plaza I. mailan (5 hezkuntza talde dituen zentroa).
• 44 plaza II. mailan (lau zentro). 6 plaza gehiago asteburuko egonaldiak betetzeko urritik hasita gaur egunera arte.
• 16 plaza III. mailan (hiru egoitza-unitate, horietako bat familiaren barruan mehatxu, eraso, eta abarren zioz neurriak ezarrita dituzten pertsonen arretan espezializatua).
Sailaren datuen arabera, eta aurreko urteetan bezala, ez da zentroan sartzeko neurriak betetzea Autonomia Erkidegotik kanpoko beste zentro batzuetara bideratu, gazteen justiziaren euskal sarean plazak falta direlako. Adingabeen Epaitegi egokiak EAEtik kanpora irtetea komeni dela zehaztu duenean edo adingabea beste autonomia erkidego batzuetan bizi denean, ordea, betetze hori gertatu egin da.
2.2. Aire zabaleko zerbitzuen sarea
2010ean hiru hezkuntza taldeei eutsi zaie aire zabaleko neurriak betearazteko: Talde 1 Bizkaian (14 profesional), talde bat Gipuzkoan (8 profesional, sei hiletan beste 2 profesionalen errefortzuarekin) eta bestea Araban (4 profesional).
Eguneko zentroen sarea finkatu da:
• Zabalik Bizkaian: 20 plaza eskuragarri. 8 profesionalen arreta jaso du.
• Ireki Gipuzkoan. 12 plaza eskuragarri. 4 profesionalen arreta jaso du.
• Uribarri Araban: 4 plaza eskuragarri. 2 profesionalen arreta jaso du (horietako bat lanaldi erdian).
Aurreko urteetan bezala, profesional bakoitzeko 15 adingabeko ratioari eustea lortu da.
3.Zerbitzuen araudia
Arartekoaren erakundean hainbat alditan nabarmendu dugu bi arau garatzeak eta aplikatzeak duten garrantzia. Bi arauok 2005ean onetsi eta sartu ziren indarrean: 5/2000 Lege Organikoaren Arautegia eta Haurren eta Nerabeen Arretari eta Babesari buruzko Legea, Eusko Legebiltzarrak onetsia 2005eko otsailean.
Sailak jakinarazitakoaren arabera, apirilaren 21eko 80/2009 Dekretua onetsita eta argitaratuta, Euskal Autonomia Erkidegoan askatasuna kentzeko neurriak betetzeko ikastetxeei buruzkoa, bete egiten da Haurren eta Nerabeen Arretari eta Babesari buruzko 3/2005 Legea. Dekretu horretan, zentroek askatasuna kentzeko neurriak betearazteko bete behar dituzten baldintza materialak, funtzionalak eta pertsonalaren arlokoak arautzen ditu, eta beren beregi ezarri ditu adingabeen eta haiei arreta ematen dieten profesionalen eskubideak eta betebeharrak, baita barne araubidea eduki behar izatea ere, zentroaren eta hezkuntza proiektuaren berezitasunei lotuta.
4.Harremanak babes sistemekin
Justizia eta Herri Administrazio Sailari eginiko eskaeran, beste behin azpimarratu zen ondoko hauei buruzko informazioa eman beharra:
• Babes sistematik datozen adingabeen proportzioa (jarrera arazo larriak dituzten nerabeak eta, berariaz, lagundu gabeko adingabe atzerritarrak; horien arazoen gaineko jarraipena egiten da).
• Koordinaziorako mekanismoak, jarduteko irizpide komunak, informazioa trukatzeko sistemak, jardueraren jarraipena… babes sistematik datozen adingabeekin.
Justizia eta Herri Administrazio Sailak, bere erantzunean, berriz ere agerrarazten du gazteen justizia sisteman ikusitako bilakaera eta babes sistemetatik datozen adingabeen proportzio altua.
Datuek, beste behin, sistemen arteko erlazioa erakusten dute, bereziki zentroan sartzeko neurriei dagokienez. Egoera bereziki aipagarria da lagundu gabeko adingabe atzerritarren kasuan. 2010ean jaitsiera gertatu da gazteen justizia zentroetan arreta jaso duten adingabe atzerritarren portzentajean. Hala eta guztiz ere, zentroan sartzeko kautelazko neurrien %50 eta neurri irmoen %46 dira.
Bost taldek hartzen dute parte maizen bi sistemetan:
• Lagundu gabeko adingabe atzerritarrak (gehienak Marokokoak).
• Amerika Latinoan eta Errumanian jaiotako adingabeak, famili erreferente gutxiekin eta berdinen taldearen mendekotasun handiarekin.
• Familiaren barruan edo bikotekideei eraso egiten dieten adingabeak, eta adingabea ingurunetik bereizi beharra dago.
• Emantzipaziorako aukera errealik ez duten 18 urtetik gorakoak.
• Babes zentroan bizi diren adingabeak. Igoera handia gertatu da nesken kopuruan.
Bi sistemen arteko koordinazioari dagokionez, nabarmen hobetu dela adierazi du Sailak. Alabaina, adingabe atzerritarren eta jarrera arazoak dituzten tutoretza edo zaintzapeko adingabeen arazoak dirau; izan ere, askotan, ez dute aurkitzen babes sisteman haien beharretarako erantzun egokirik eta, beraz, sistema penalak ematen du erantzuna azkenean.
Iaz bezala, Sailaren aburuz, aipamen berezia merezi du osasun mentaleko eta jarrera arazoak dituzten nesken egoerak, zeren eta "erantzunik ez dagoenez edo erantzun egokirik ez dagoenez, biderkatu egin baita adingabeen epaitegien jarduna."
5.Zentroetan bertan eskainitako hezkuntza eta osasun arreta eta hezkuntza eta osasun zerbitzuekiko lankidetza
Hezkuntza arreta ezberdina da zentroei esleituriko mailaren arabera: III. mailako zentroetan, ohiko sarean egiten da eskolaratzea kasu guztietan; II. mailako zentroetan, egoera mistoa dago, kasuen arabera: ohiko sarean eta barnetegietan bertan; eta Ibaiondo zentroan (I. maila) gelako 6 irakasle eta tailerreko 7 irakasle daude, 2010ean osorik betea eta Hezkuntza Sailaren mendekoa.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak 2001eko azaroaren 7an emandako 6973. zk.ko aginduak araututa dago barnetegietan bertan jasotako hezkuntza arreta, eta aztertzeko eta aldatzeko fasean dago.
Osasun arretari dagokionez, badira aldaketak zentro batzuetatik besteetara; izan ere arreta horixe da Justizia Sailaren eta Osasun Sailaren arteko lankidetza hitzarmenaren xedea. Oro har, ez da arazo nabarmenik antzematen premiazko arretan, hasierako arretan edo eguneroko arretan, dela osasun etxeetan bertan, dela barnetegietan (Ibaiondon, adibidez: egunero medikuntza eta erizaintzako bi orduko arreta du Osakidetzako pertsonalaren bidez).
Osasun mentaleko arazoen arretari dagokionez, arestian esan dugun hitzarmenak bete egiten ditu premiazko egoeretan zentroetan sartzeko beharrak –ospitale orokorretako akutuen unitateetan–, betiere hiruzpalau asteko iraupeneko egonaldiak badira. Sailaren aburuz, barnetegian egonaldi luzeagoak izateko beharrek ez dute erantzunik Osakidetzan, non ez baitago nerabeentzako egonaldi ertain edo luzeko baliabideen sarerik. Sare pribatuan ere ez dago baliabide hori, eta EAEtik kanpora ere ia ez dago.
Adierazitakoaren arabera, herritarrentzat ematen da oro har osasun mentaleko zentroetako arreta anbulatorioa. Zenbait kasutan, terapeuta pribatuen kontrataziora jo behar izan da, sistema publikoaren estaldura nahikoa izan ez dela eta. Gizarte edo osasun zerbitzuen arloetatik erantzun publikorik ez dagoela ere adierazi da, noiz-eta famili sistema osotasunean hartzen duen jarduera gauzatu beharra dagoenean.
Balorazio kritikoa egiten da toxikomanien arretan ere, aurreko txostenean jasotakoaren antzekoa, zeren eta arreta ez baita nahikoa eta Sailetik osatu beharra baitago sare pribatuko zerbitzuetarako laguntzarekin.
6.Eskariari behar bezalako erantzuna emateko edo 2008-2012ko epealdirako onetsitako plana betetzeko sisteman sartu diren hobekuntzak
Justizia eta Herri Administrazio Sailak uste du nahikoak izan direla egon dauden zerbitzuak eta programak eskaria betetzeko, baina egia da ere zentroan sartzeko neurriak bete behar dituzten zentroak okupazio mailarik handienean zeudela urtearen amaieran. Hori dela-eta, plazak gehitu behar izan dira nahitaez eta, 2011. urteari begira, Sailak ezinbestekotzat jotzen du zentro berriak irekitzea. Ildo horretan, hauxe agerrarazi du Sailak: "zailtasun handiak daude zentro berriak irekitzeko, ez bakarrik zenbait auzokideren aldetik, baizik eta, askotan, udal arduradunen aldetik".
Hauexek dira 2010ean zentroetan sartutako hobekuntzak:
• 12 plaza gehiago sartzea zentroan sartzeko neurriak bete behar dituzten ikastetxeetan.
• Zentro berri bat abiaraztea asteburuetako egonaldietarako neurriak betetzeko (Biosko, Artean).
• Higiezin bat egokitzea Andoiuko ikastetxea handitzeko. Arreta emateko ahalmena igo da: 11 plazatik 15 plazara.
• Mendixola ikastetxea osorik birmoldatu da, eta aurreikuspenen arabera, 2011ko bigarren seihilekoan irekiko da.
Sarturiko beste hobekuntza batzuei dagokienez:
· Luzatu egin da 2010era Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eta Justizia eta Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioen arteko lankidetza-hitzarmena, zertarako-eta EAEn bete ahal izateko Audientzia Nazionaleko Adingabeen Epaitegi Nagusiak terrorismo delituengatik ezarritako neurriak.
· Eutsi egiten zaio KREI erakundearekiko lankidetzari, jardueren kalitatea hobetzeko azterlanak, ikerketak eta ebaluazioak gauzatze aldera.
· Lan-talde bat sortu da gazteen justiziako ikastetxeetan hezkuntza formaleko arretaren arloko araudia egokitzeko; dagoeneko aipatua dugu aurreko orrialdetan.
· Lan-talde egonkor batean parte hartu da gazteen babes eta justizia sistemen arteko lankidetza-protokolo bat egiteko, babesik gabeko haurrei buruzko atalean aipaturiko protokoloetako bat.
· Hainbat material argitaratu da gazteen justiziako zentroei eta neurriei buruz.