3.3. Zenbait kexa nabarmen
2010. urtean Arartekoak jaso dituen adingabeekin lotutako gaien egoera orokorra labur aurkeztu ondoren, atal honetan, haurren eta nerabeen interesen eta eskubideen ikuspuntutik gomendio orokor edo ebazpen bereziki esanguratsuak sortu dituzten gai batzuk sakon aztertuko ditugu.
3.3.1. Arartekoaren 1/2010 Gomendio orokorra, urriaren 15ekoa
Gurasoen erantzukizun partekatua banandutako bikoteetan: botere publikoen zeregina (testu osoa web-orrialdean)
Aurreko atalean aipatu dugu banantzeko eta dibortziatzeko prozesuetan seme-alaben partekatutako zaintza lortzeko zailtasunak muintzat dituzten ehun kexa inguru aurkeztu direla 2010. urtean zehar. Gure legerian salbuespen gisa jasotzen da egoera hori, baldin eta alderdien artean ez badago adostasunik. Hala ere, ez da ezer berria Arartekoaren erakundean, azken urteetan pertsona asko, gizonak nahiz emakumeak, joan baitira antzeko demandak jarriz. Izan ere, azken bi txosten arruntetan gai horri buruz hausnartu zen, eta urteko txostenaren zati orokorraren IV.1. kapituluan xehetasun handiagoz azaldutako arrazoiei jarraiki, 2010eko urrian gomendio orokor hau egin zaie botere publikoei, xede hauetarako: nork bere eskumenen neurrian, beharrezkoak diren lege-aldaketak eska ditzatela, banantze eta dibortzio kasuetan seme-alaben zaintza bi gurasoek izan dezaten errazteko, hautabide onena bezala. Hori gurasoen erantzukizun partekatuaren bidez egingo da, betiere haurren interesa babestuz beste ezer baino lehenago.
Kasu honetan, azpimarratu nahi duguna da gomendioa adingabearen interes gorena defendatzean eta aldarrikatzean oinarritzen dela, eta aldi berean, haurrek eskubideak babesteko nazioarteko eta Europako arauen aurreikuspenak betetzen laguntzeko Arartekoaren zereginean inskribatzen dela. Hemen dago erreferenterik zuzenena: Haurren Eskubideen Europako Gutunean adierazitako xedapenak betetzen laguntzea. Honela dio Gutunak: "Haur orok du bere gurasoez gozatzeko eskubidea. Aitak eta amak, biek dute erantzukizuna seme-alaben garapenari eta heziketari begira…"; "Izatez edo legez banandu, dibortziatu edo ezkontza baliogabetuz gero, seme-alabek bi gurasoekin harreman zuzena eta etengabea izateko eskubidea dute eta bi gurasoek betebehar berberak dituzte".
Adingabearen interes gorenari dagokionez, eta urteko txostenaren zati orokorrean IV. kapituluan aipatutakoari jarraiki: "Gure epaile eta fiskalek, zentzuz jokatuz, interes hori adingabeen egonkortasunarekin identifikatzeko joera dute, eta egonkortasun hori guztiz bateragarria da, hasiera batean, bikotea banandu ondoren haurren zaintza bi gurasoek gauzatzen jarraitzearekin, betiere arrazoizko sistema baten bidez gauzatzen bada. Gure aburuz, testuinguru horretan egonkortasuna kontzeptu geografikotzat hartzen ez bada, baizik eta irizpide psiko-afektiboen arabera definitzen bada, egonkortasun hori adingabearen eguneroko bizitza zuzentzen duten espaziozko eta denborazko erreferentzien sendotasunean oinarrituko da, eta adingabeak, banantzea gertatu arren, aitak nahiz amak bera maitatzen eta zaintzen jarraitzen dutela sentitzean.
Horregatik, gure ustez, irizpide horiek bete ahal izatearen argitan baloratu beharko dira, aurreiritzirik gabe eta objektibotasunez, kasu bakoitzean azal daitezkeen baldintza material eta emozionalak bi gurasoek seme-alabak zaintzeaz elkarrekin ardura daitezen, leku desberdinetan bizi izanda ere, zaintzeko denborak banatuz (ez du zertan izan bakoitzak denboraren %50) edo zaintzak berekin dakartzan egitekoak modu bideragarrian banatuz. Horren baitan egongo da hautatzen den sistemaren arrazoizkotasuna, baita horrek denboran barrena izan beharko dituen aldaketak ere, adingabearen bilakaeraren arabera."
Hala ere, Kode Zibilaren 92. artikuluko egungo baldintzetan, gurasoetako batek zaintza partekatzeko ukoa uste guztien gainetik gailenduko da, baita epaileak aukerarik onena uste badu ere. Beraz, berdintasuna lortzeko traba garrantzitsua dela iruditzen zaigu, eta eragin kaltegarria duela adin txikikoen eskubideen eraginkortasunean. Arazo hori gainditu nahi bada, jakina, ez dago zertan seme-alabez arduratzera behartu hori egin nahi ez duen gurasoa, baina bietako batek zaintza partekatua eskatu eta besteak zaintza berak bakarrik baliatu nahi duenean, azken horrek ez luke bere borondatea inposatzeko ahalmenik izan beharko epaileari −oroz gain adingabeen interesa errespetatuz− gurasoen erantzukizun partekatuaren ildotik agian egokiagoak irudituko zaizkion beste konponbide batzuen kalterako.
3.3.2. Arartekoaren 4/2010 Gomendio orokorra, abenduaren 23ekoa Familia homoparentalei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzea (testu osoa web orrialdean)
Adingabeekin lotutako edo adingabeak kaltetuta egon daitezkeen egoerekin lotutako bigarren gomendio orokorrak, azken urteetan jasotako kexetatik eratorritakoak, bi arazotan jartzen du arreta:
a. Sexu bereko bikoteek, batez ere seme-alabak dituztenek, barrera formalak izaten jarraitzea, EAEko administrazioak ez baitira behar adina egokitu edo ondo egokitu konstituzioak eta familia homoparentalen onarpen juridikoak ahalbideratu dituzten aldaketa juridikoetara. Gai horri dagokionez, Arartekoak EAEko herri-administrazio guztiak premiatzen ditu, funtzionamendua berrikus dezaten eta inertzia formal horiek, bidegabeak izateaz gain, eskubideak hauts ditzaketenak, espedienta ditzaten.
b. Emakumeen matrimonioen egoera anbiguoa, matrimonio horietan lagunduriko ugalketa tekniken bidez jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna bi emakumeen alde zehazteari dagokionez. Kasu horietan, eta sakoneko arazoa estatuko auzialdietan ebazteari kalterik egin gabe (egoera legala eta praktikoa erregistro zibiletan), EAEko Administrazio Orokorrak familia horien egoera hobetzen lagun dezake. Horretarako, lagunduriko ugalketa-teknikak erabiltzen dituzten klinikei eta zentroei hau jakinarazi behar diete: beharrezkoa dela seme-alabak izateko prozesu mota hori egiten ari diren ezkondutako lesbianen bikoteei informatzea ama biologikoaren emakume ezkontideak erditzea baino lehen dagokion Erregistro Zibilera joan behar duela epailearen edo Erregistro Zibilaren epaile arduradunaren aurrean formalki adierazteko nasciturusaren seme-alabatasuna aintzatetsi nahi duela, jaiotzan amatasuna zehaztu ahal izateko adopzio-prozesurik egin gabe.
3.3.3. Arartekoaren 5/2010 Gomendio orokorra, abenduaren 28ekoa. Familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa bideratzea lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaerak (testu osoa web orrialdean)
Gomendio orokor horrek interesa du Familiaren esparruan aipatzen genituen kexekin lotuta nahiz beste eztabaida- eta azterketa-espazio batzuetan egindako kexekin lotuta egindako zenbait kudeaketen, esku-hartzeen eta hausnarketen laburpen gisa (ikusi, besteak beste, lanbidea, familia-bizitza eta bizitza pertsonala bateratzen laguntzeko politika publikoak berrikusteko udako ikastaroa, txostenaren zati orokorraren VIII.2. kapitulua. Hala ere, gure oinarrizko interesa honetan datza: lanbidearen eta familiako bizitzaren bateratze orekatu batek haurrek eta nerabeek beren hezkuntza-prozesuan eta pertsona gisa duten garapenean behar bezala lagunduta sentitzeko markoak eratzen izan ditzakeen ondorioak.
Gomendioaren hasieran Arartekoari esparru jakin horretan dagokion zeregina zehazten da. Esparru juridikoari eta lan-esparruari buruzko oro Arartekoaren kontrolpetik at dagoela azaltzen du, langilearen eta enplegatzailean arteko harremana EAEko herri-administrazio bakar batek ere esku hartzen ez duen harreman juridiko pribatua den heinean. Gainera, badaki planteamendu horiek hasiberriak direla eta administrazioarekiko auzian doktrina judizial urria dagoela, eta gainera, administrazioak antolaketa-ahalegin handia egitea eskatzen duela kasu batzuetan (pentsa dezagun pertsona erabiltzaileentzat bereziki ezagunak diren zerbitzuak –osasun zerbitzuak, egoitzazko gizarte zerbitzuak, etab.–, eta sarritan, etengabe eta txandakako erregimenean funtzionatzen dutenak. Hala ere, 1) negoziazioaren esparruetan eta langile publikoen lan-baldintzen arabera, lanbidea eta familiako bizitza bateratzeko neurriak praktikan jartzea erraz ditzaketen ekintzetan aldaketak eta/edo egokitzapenak sustatzera animatzen du; 2) Konstituzio Auzitegiaren doktrina proposatzen du (3/2007 epaia, urtarrilaren 15ekoa) izan daitezkeen interpretaziozko zalantzetan erreferente gisa; eta 3) eskaerak planteatutako baldintzetan artatzeko ezintasuna azaldu eta arrazoitzen duten antolaketa-zailtasunen motibazio nahikoa, objektiboa eta arrazoizkoa eskaintzen du.
3.3.4. Gure ustez, beste kexa bat ere garrantzitsua da, aurrekoak bezala azkenean gomendio orokor bat eratu ez duen arren, hain zuzen, APREVASek, Euskadiko Haur Goiztiarren Erakundeak aurkeztutako kexari buruz ari gara. Gure ustez, kexa hori nabarmentzeko modukoa da oso egoera larrian dauden haur batzuen egoera bistaratzen baitu. Haur horien garapeneko hainbat alderdi arriskuan egon daitezke goizegi jaiotzeagatik, eta gure Ongizatezko Gizartearen zenbait sistemen esku-hartze ondo harmonizatua behar dute beren eskubideak asetzeko. Gehienetan itxita dauden sailek heldutako behar osoen paradigmaren aurrean egongo ginateke. Zerbitzu soziosanitarioen eratzean hobekuntzak egiteko derrigorrezko beharraren adierazle ona da, 2008ko Arreta soziosanitarioa: esparru kontzeptuala eta nazioarteko eta autonomietako aurrerapausoak izeneko txosten berezian jada adierazi zena, eta hezkuntza-sistemarekin egindako esku-hartze koordinatuak eta iragazkorrak gehitu behar zaizkio.
Ararteko erakundearen jarduerak, kasu honetan, hobekuntzak ekarri ditu berekin kaltetutako pertsona horiek sistemetan zehar ibiltzeko arintasunean (osasun zerbitzuetan eta gizarte zerbitzuetan, batez ere) eta mendekotasuna baloratzen eskumena duten erakundeen jardunak berrikustean. Hala ere, bistakoa da oraindik lanean jarraitu behar dela sailen arteko lankidetzaren eta koordinazioaren bidean.