5. Txosten bereziak
5.1. Gai honi buruzko ezohiko txostena: EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan
2010eko apirilean, EAEko erakundeen jarduna nerabeen droga kontsumoaren arloan izeneko txostena eman zitzaion Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Ondoren, 2010eko ekainaren 23an aurkeztu zena Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Eskabideen Batzordearen aurrean.
Txosten honek Eusko Legebiltzarraren eskaerari erantzuten dio, eta gizartean eztabaidatzen den eta kezka sortzen duen gai bati heltzen dio: nerabeen eta drogen arteko erlazio, askotan arazoak sortzen dituena.
Kasu honetan, ez gaude ezezaguna egiten zaigun kasu baten aurrean. Izan ere, aurreko hainbat ikerlanetan aztertu den gaia da, gutxienez azken 25 urteetan.
Argitaratutako ikerlan horietako gehienak epidemiologikoak dira eta adingabeek drogekin duten harremanaren bilakaera ezagutzeko behar diren datuak ematen dizkigute.
Hori guztia hartu zen aintzat txosten honen ikuspegia eztabaidatzerakoan eta erabakitzerakoan. Arartekoaren txostenak datu horiek erabiltzen ditu, jada ezagunak direnak, baina harago joan nahi du: nagusiki, egoera aldakor horien aurrean erakundeek (tokikoak, autonomikoak…) ematen dituzten erantzunak aztertzen ditu, emaitzak zein diren, eragileek emaitza horri buruz duten iritzia zein den, sendotu edo hobetu beharreko jarduera ildoak zein diren… Beraz, haren ardatza –izenburuak berak adierazten duenez– erakundeen erantzuna da, euskal erakundeek kontsumo horien inguruan betetzen duten eginkizuna.Datuek erakusten dutenez, drogen eta nerabeen arteko erlazioa gero eta zabalagoa dago gure gizartean. Hala eta guztiz ere, ikasle gehienek noizbait drogak probatzen dituzten arren (batez ere tabakoa, alkohola eta cannabisa), egia da gehienek ez dutela drogak aldizka kontsumitzen jarraitzen denbora aurrera joan ahala. Hortaz, garrantzitsua da desberdintzea noizean behin kontsumitzea, maiz kontsumitzea, arrisku larriarekin kontsumitzea, mendekotasuna... Zorionez, nerabe askok ez du drogarik kontsumitzen edo noizean behin kontsumitzen du, askotan garapen prozesuari lotuta, esperimentatzeko edo taldean sartzeko, kide berdina izanik. . Honek ez du esan nahi etorkizunean droga-mendekotasuna duen pertsona izango denik.
Txostenak berezko izaera duten bi zati nagusi ditu: lehenengoa Datuei buruzkoa; eta bigarrena Iritziei buruzkoa, bertan jaso eta aztertu baititugu iritziak.
Txostenaren amaieran, laburpen gisa, kapitulu batzuk daude (Ondorioak ataleko 8. kapitulua edo Arartekoaren Gomendioak izeneko 9. kapitulua adibidez. Gainera, kapitulu batean (7.) Europako zenbait herrialdetan burutu diren programen berri ematen da, jardun onen adibide modura.
Datuak direlakoei dagokionez, txostenak ibilbide historiko bat egiten du gure inguruko kontsumo ereduen gainean (1. kapitulua), ondoko droga-mendekotasun planen azterketa egiten du (2. kapitulua), ikasleek kontsumitzen dituzten substantziei buruzko datu nagusiak laburbiltzen ditu (3. kapitulua) eta 4. kapitulutik aurrera, argi eta garbi desberdintzen ditu esku hartzeko "eremu" eta "esparru" nagusiak. Oro har, prebentzio unibertsala eta prebentzio selektiboa. Eta, bi esparru horien barruan eskolako, familiako eta komunitateko giroak; izan ere, inguru horietan biltzen da gazte jendea nagusiki.
Iritziak zatiari dagokionez, 5.3 kapitulu edo atalarentzat arreta berezia eskatu nahi dugu: Kapitulu horretan nerabeen beren ahotsa bildu dugu. Hor nerabeek hainbat eta hainbat konturen gainean duten iritzia bildu dugu: zer den haientzat prebentzioa; nor den haien ustez toxikomanoa, zergatik kontsumitzen duten; drogak lortzea erraza zaien; adinak edo sexuak kontsumoan duen eragina; nola sailkatzen dituzte drogak "haiek", nola baloratzen dute eragile sozialen esku-hartzea (polizia, eskola, familia, hedabideak…). Gai honetan eta haiek tartean hartzen dituzten guztietan, oso garrantzitsua iruditzen zaigu adingabeen iritzia jasotzea: haien iritzia zuzenean ezagutzea. Txosten honen VII. txostenean –gure haurren eta nerabeen ahotsa–, txosten berezi honetan islatu ziren nerabeen iritzien laburpen bat bildu da.
Nolanahi ere, jakina, beste gizarte eragile batzuen iritziak jasotzen ditu txostenak (5 eta 6. artikuluetan) hala nola familienak, irakasleenak eta adingabeekin lotutako beste gizarte erakunde batzuenak.
Txostenak argi nabarmentzen duenez, bi arlo handitan egin behar dira hobekuntzak premiaz:
1) Arlo honetan lan egiten duten erakunde guztien arteko koordinazioa.
2) Prebentzio selektiboa gehiago garatzea, berariaz arrisku egoera berezian dauden nerabeen zenbait sektorerentzat.
Arartekoaren lehen gomendioen ardatza, hain zuzen ere, bi arlo edo jarduera-ildo horiek dira.
Txosteneko 9. kapituluan bildutako 21 gomendioak ondoko bloke hauetan daude egituratuta:
- Erakundeen koordinazioari eta lidergoari buruzko 5 gomendio: Barne mailako nahiz sektoreen eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea planteatzea lehentasunezko helburu gisa droga-mendekotasuneko hurrengo planetan; Droga-mendekotasunen Kontseilu Aholku-emailearen eraketa eta dinamika berrikustea; egon dagoen pertsonalaren prestakuntza eta trebakuntza hobea sustatzea eta erraztea; ebaluazioa programen diseinuan sartzea eta poliziaren esku-hartzerako berariazko protokolo komun bat ezartzea adingabeak tarteak direnean (1-5 gomendioak).
- Prebentzio selektiboko jarduerei buruzko 6 gomendio: prebentzio selektiboko programak garatzea arriskuan dauden herritarrengan hutsune psikosozialak eta gizarte-hezkuntzako hutsuneak gainditze aldera; kontsumo arazoak eta justiziaren arloko arazoak dituzten nerabeentzako programak garatzea; osasun mentaleko problemak dituzten adingabeentzako programak garatzea; bereziki arriskuan egon daitezkeen sektoreentzako programak garatzea; adingabeak eskubide osoekin gizarteratzea zailtzen dituzten gizarte-ekonomiako eta kulturako arazo eta zailtasun ugari biltzen diren zonaldeetan programa osoak garatzea eta adingabe nerabeentzako eta gazteentzako prebentzioko berariazko arreta baliabideei laguntzea, kontsumo arazoak edota jarrera arazoak badituzte eta prebentzio selektiboko programak haientzat onuragarriak ez badira. Horrelako baliabide berriak sortzea egon daudenak nahikoak ez badira (6-11. gomendioak).
- Eskola eremurako 3 gomendio: Erakundeen arteko konpromisoa lortzea (Hezkuntza, Osasun eta Gizarte Ekintzaren artean) babes faktoreak indartzeko baterako estrategiarako; arreta berezia jartzea bereziki babesik ez duten herritarren sektoreak biltzen diren zentroetan, edo eskola porrot edo uzte tasa handienak biltzen diren zentroetan, eta LHI (egungo HLPI) ikastetxeetan burutzen diren eskolako prebentzio selektiboko programak baloratzea eta indartzea, edo antzeko ezaugarriak dituzten beste zentro batzuetan egin ahal izatea (12-14. gomendioak).
- Famili eremurako 3 gomendio: Familien prestakuntza, partaidetza eta konpromisoa sustatzea hainbat ekimenaren bidez, gurasoen eskolak edo beste antzeko batzuk; behar handienak edo arazorik handienak dituzten familiei laguntzea, baita bitartekotza programekin edo formulekin ere; kontsumo arazoak edota jarrera arazoak dituzten nerabeen eta gazteen familientzako berariazko arreta baliabideak bultzatzea, hain zuzen ere prebentzio selektiboko programek erantzun egokia ematen ez dutenean. Horrelako baliabide berriak sortzea egon daudenak nahikoak ez badira (15-17. gomendioak).
- Aisialdi eremurako 2 gomendio: Hainbat profesionalek aire zabalaren eta gizarte-kulturako animazioaren arloko lana onartzea eta bultzatzea, askotan baliabide gutxirekin eta bereziki sektore arazotsuekin lan eginda, eta prebentzio selektiboko programak garatzea nerabeak eta gazteak izaten diren aisialdi guneetan (18 eta 19. gomendioak).
- Nerabeen gizarte irudipenari eta partaidetzari buruzko 2 gomendio: Informazioa zaintzea eta koherentziarik eza galaraztea nerabeei heltzen zaizkien mezuetan, bereziki publizitatearen bidez eta hedabideen ematen den informazioaren bidez jasorikoetan, eta nerabeek eurentzako programetan eta ekimenetan parte-hartze handia izatea erraztea. Prebentzio eragile gisa duten eginkizuna indartzea (20 eta 21. gomendioak).
5.2. Arrisku egoeran dauden haurrei buruzko txosten berezia
2010ean, Arrisku egoeran dauden haurrei buruzko txostena egitea amaitu da. Txosten hau idazten ari garen honetan, argitaratzeko fasean dago, eta aurreikuspenen arabera, 2011ko lehen hileetan ikusiko du argia.
Arartekoaren beraren baliabideekin egin da oso-osorik txostena (zehazkiago, Haurren eta Nerabeen Bulegoko erakundeko pertsonalarekin), eta azken urteetan eginiko beste txosten eta jarraipen askoren laburpena izateko sortu da. Azterturiko sektore bakoitzari buruzko ikuspegi sintetikoagoa eskaini nahi du, ez hain zehatza; ikuspegi ebolutiboa.
Txostenaren ardatza arrisku berezian dauden haurren eta nerabeen egoera da, zehazkiago Arartekoak azken urteetan arreta berezia jarri duen egoeretan.
Bost kapitulutan egituratu da txostenaren funtsezko zatia:
- Haurren ezaugarritzeari buruzko lehen kapitulua eta, ezaugarritzearen barruan, "arrisku egoeran dauden haurrei" buruzkoa.
- Marko juridikoa eta eskumenen markoa labur aurkezteko bigarren kapitulua.
- Txostenaren zatirik garrantzitsuena, hots, hirugarren kapitulua, non arrisku egoera guztiak aztertzen diren. Beraz, adibidez: Arriskuan edo babesik gabe dauden adingabeak, lagundu gabeko adingabe atzerritarrak, adingabe arau-hausleak, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak, eskola porrota, haurren eta gazteen buruko osasuna...
- Diagnostikoari buruzko laugarren kapitulua, eta antzemandako zenbait arazo komun nabarmentzen dira.
- Arartekoaren gomendioei buruzko bosgarren kapitulua.
5.3. Beka: Adingabeak ala atzerritarrak? Lagundu gabeko adingabe atzerritarren jarduera politiken azterketa
Ararteko erakundeak azken urteetan adingabe atzerritarrei emandako berariazko arreta Ikerketa beka batean ere islatu da Arartekoak lagundu gabeko adingabe atzerritarren egoeran laguntza emateko izan duen berariazko arreta. Azken bi urtean egin da eta berriki aurkeztu da, non, aurkezturiko proiektuaren arabera, informazio gehigarria eman nahi zen, metodo jakin baten bidez. Izan ere, metodoak behar duen denbora dela-eta, gutxitan erabiltzen da: espedienteak aldian-aldian berrikustea. Hala, lagundu gabeko adingabe atzerritarren 329 espedienteko lagin bateko informazioa hustu eta ustiatu du, hiru lurralde historikoei eta 2006 eta 2007ko urteei dagokiena. Horretarako, harrera prozesuaren edo ibilbidearen ezaugarririk funtsezkoenak biltzen dituen datu-bilketa fitxa erabili da.
- Adingabea eta bere datuak identifikatzea, hezur-proben emaitzak barne.
- Zentroan sartu eta lehenengo unean dauden baldintzak eta inguruabarrak.
- Adingabea erregulatzeko eta dokumentatzeko buruturiko administrazio gestioak (tutoretza bere gain hartzea; erroldatzea; pasaportea eskuratzea; bizileku eta lan baimenak eskuratzea, etab.).
- Adingabe bakoitzak babes sisteman jarraituriko ibilbidea.
- Jatorrizko familiarekin egoitzaren testuinguruan izandako harremanak.
- Heziketa edo eskolatze prozesua, edo lan munduan sartzeko aukerak.
- Osasuna zaintzea.
- Emantzipazio edo babes sistematik irteteko prozesua…
Horiei gai guztiei buruzko informazio zehatza ematen du lan honek, baina ez fidagarritasun berarekin horietan guztietan. Zeren eta ikerketak aipatu beharreko baldintzatzaile bat izan baitu: azterturiko espediente edo historia pertsonal guztiek (multzoaren lagin adierazgarritzat hartutako 329 espediente pertsonalak, Lurralde bakoitzarekiko proportzionalak) ez zekarten beti beharrezko informazio guztia. Are gehiago, funtsezko zenbait arlotan oso informazio gutxi ematen zen, hots, informaziorik gabeko espediente gehiago zegoen informazioa zutenak baino.
Nolanahi ere, eta muga hori gorabehera, lanak datu asko ematen ditu, elkarren osagarriak, berriak batzuk, erabili ohi den informazioari dagokionez. Honako txosten hau idazteko unean, ikerketaren ondorioak laster aurkeztekotan dira egin diren aurreikuspenen arabera eta, beraz, Arartekoaren web orrian aurkitu beharko dira.