2.2. Arau- eta eskumen-markoa
Haurrei eta nerabeei duela gutxi aintzatetsi zaizkie eskubideak. Geroago hartu dira haurrak eta nerabeak eskubideak dituzten pertsona subjektutzat, baina nazioarteko eskubide humanitarioak giza eskubideak aintzatestearen eta estatuko ordenamendu juridikoetan babestearen aldi berean. Haurrek eta nerabeek, gainera, ezaugarri garrantzitsu bat dute: garatzen ari diren pertsonak dira, oraindik ez dute erabateko autonomia lortu. Horrek betebeharrak sortzen dizkie helduei, botere publikoei eta gizarteari oro har.
1990eko abenduan, Espainiak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena berretsi zuen, Nazio Batuen Erakundearen Biltzarrak 1989ko azaroaren 20an aho batez onartu zuena. Hauek dira printzipio edo eskubide erreferentzialak:
Bereizkeriarik ez egitearen eta aukera berdintasunaren printzipioa. Haur bakar batek ere ez du bereizkeriarik jasango, haurraren, gurasoen edo ordezkari legalen arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa, jatorri nazionala, etnikoa edo soziala, estatus ekonomikoa, oztopo fisikoak, jaiotza edo beste edozein baldintza kontuan hartu gabe. Neskek mutilen aukera berak izan behar dituzte; neska-mutil atzerritarrek bertako neska-mutilen aukera berak izan behar dituzte; ezgaitasunen bat duten neska-mutilek aukera berak izan behar dituzte, bizi-maila egoki bat izateko.
Haurraren interes gorena: Gizarte-ongizateko erakunde pribatu nahiz publikoek haurrei buruz hartzen dituzten neurri guztietan haurren interesak lehentasun osoa izango du.
Haurraren iritzia emateko eskubidea: Haurrek entzunak izateko eskubidea dute eta beren iritziak kontuan hartuak izatekoa, baita parte hartzen duten prozedura administratiboetan eta judizialetan ere. Haurrak eragiten dieten gaiei buruz iritzi bat eratzeko baldintzetan egon beharko dute, eta iritzi horiek behar bezala kontuan izan behar dira, haien adinaren eta heldutasunaren arabera. Haurrek parte hartzeko beharrezko neurriak ezarri behar dira, bai eta kontsultek eta elkarrizketek adingabeari kalterik ez diotela eragiten ziurtatzeko beharrezko bermeak ere. Haien zaintza, hezkuntza, osasun-zerbitzu, ordezkaritza legal, eta oro har, eragiten dieten gai eta erabaki guztiei buruzko iritziak, kezkak eta kexak adieraztera animatu behar dira.
Bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko eskubidea. Hala, haurrari babesa eta laguntza eman behar zaio, arropa, ostatua eta elikagaiak dituela ziurtatzeko, eta Estatuek ahalik eta ondoen bermatu behar du haurraren garapena. Haurrek zentzu zabalean ikasteko eta garatzeko aukera izan behar dute; hau da, mentalki, kognitiboki, sozialki eta kulturalki.
Familiaren birbatzea. Haurrak ez dira gurasoengandik bananduko, agintaritza eskudunak haien ongizaterako beharrezkoa dela epaitzen dutenean izan ezik. Estatuek familien birbatzea erraztuko dute, xede horretarako lurraldean sartzeko edo lurraldetik ateratzeko aukera emanez. Familia naturalak, jatorrizko familiak edo familia propioak lehentasuna du, adingabeen bizitza konpontzeko.
Babesik gabeko egoeretatik babestea Estatuek babesik gabeko egoeran dauden haurrak babestuko dituzte. Halaber, arrisku fisikoak eta mentalak eragotzi behar dituzte, eta sexu-abusuetatik eta esplotaziotik babestu behar dituzte.
Identitatearen eskubidea. Haur guztiek jaiotzen direnetik izen bat eta nazionalitate bat izateko eskubidea dute. Horrenbestez, estatuek haren izenaren, adinaren, nazionalitatearen, jatorriaren eta kulturaren bidez ezagutu behar dute, haren kultura, erlijioa eta hizkuntza askatasunez izatea erraztuz.
Osasuna izateko eskubidea. Haurrek ahalik eta osasun-mailarik onena izateko eskubidea dute. Estatuek haur guztiei osasun-arreta ematea zainduko dute, eta garrantzia berezia emango diete prebentzio-neurriei, osasunaren arloari buruzko hezkuntzari eta haurren heriotza-tasa murrizteari.
Hezkuntza izateko eskubidea. Lehen Hezkuntza doakoa eta derrigorrezkoa izango da. Hezkuntzak haurra prestatzen du ulermen-, bake- eta tolerantzia-giroan bizitzeko.
Estatuek haurrak babestuko dituzten drogen legez kontrako erabileraren aurka, eta estupefazienteen ekoizpenean edo trafikoan parte hartzearen aurka.
Errespetuzko tratu penala izateko eskubidea Legeak hautsi dituzten haurrak duintasuna sustatzearekin bat datorren moduan tratatu behar dira, berriz ere gizarteratzeko ahalegina eginez. Eta askatasuna kentzen bazaie, helduengandik bereizita egongo dira. Ez dira torturatuko, eta ez zaie bestelako tratu krudelik eta umiliagarririk egingo. Gutxieneko adin bat ezarri behar da, eta adin hori bete baino lehen zigor-legeak hausteko gaitasuna ez dagoela ebatziko da.
Nazioartean, lehen haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko marko unibertsala den Nazio Batuen Hitzarmena aipatu da, baina komeni da jakitea badaudela Espainiak berretsi dituen adingabeei eragiten dieten gai sektorialei buruzko zenbait nazioarteko itun –hainbat nazioarteko erakundek sustatu dituzte itun horiek, hala nola Nazio Batuak, Nazioarteko Lan Erakundea, Europako Kontseilua, Hagako Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren Konferentzia : Haurren lana, adingabekoak ostea, sexu-esplotazioa, nazioarteko adopzioa eta abar. Gainera, Espainiako Estatuak gai horri dagozkion nazioarteko foroekiko duen lotura eta konpromisoaren adierazle gisa azpimarratu behar da Nazio Batuen Haurrei buruzko Biltzar Berezian (2002ko maiatzean egin zen) parte hartu zuela eta "Un mundo apropiado para los Niños y Niñas" izeneko dokumentuan jasotako Adierazpena eta Ekintza-plana onartu zituela.
Europar Batasunaren markoan ere berariaz haurren eskubideak aipatzen dituzten arauak daude. Arau horien artean nabarmenduko dugu Europako Parlamentuaren 1992ko uztailaren 8ko A-3.0172/92 Ebazpena, Haurren Eskubidearen Europako Gutuna onartzen duena. Ebazpen horrek hauek proposatzen ditu: haurren eskubideen defentsariaren figura, estatu-mailan nahiz Europa mailan. Defentsari horrek eskaerak eta kexak jaso beharko ditu, haurrei babesa ematen dieten legeak aplikatzen direla zaindu, eta botere publikoen jarduna haurren eskubideen alde bideratu. Halaber, haurren eskubideen erkidegoko gutun bat egin beharko litzateke, proposatzen den gutxieneko edukia duena. Halaber, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna (Lisboako Itunaren zatia) ere aipatzekoa da. Gutun horrek, adingabeei dagokienez, adingabeen entzunak izateko eskubidea, adingabearen interes gorena kontuan hartzea eta gurasoekin harremana izateko eskubidea ospetsu egiten ditu.
Edonola ere, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren printzipioak , goian azaldu direnak, jada Espainiako Estatuko ordenamendu juridikoaren zati dira, Adingabearen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan sartu ziren heinean (lege horren bidez partzialki aldatu ziren Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea. Lege hori botere publiko guztiak, berariaz haurrekin lotutako erakundeak, gurasoak eta senideak, eta biztanleria oro har lotzen dituen babeserako marko juridikoa da estatu-mailan. Lege horretan jasotzen dira nazioarteko araudiaren legearen eta haurren eskubideen aplikazio-esparrua, eta bereziki aipatzen da Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena. Herri-administrazioen jardunaren printzipio gidariak ezartzen dira, eta haurraren babes gabeko egoeretan zer egin zehazten da, bai eta haurrak babesteko erakundeak ere.
Horrekin batera, eta Espainiako Estatuaren lurralde- eta administrazio-egiturarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoak, ahal legegilea duenak, adingabeen eskubideen babesaren eta sustapenaren arloan autonomiako legeria garatu zuen 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa onartu zuenean. Lege horren bigarren Tituluan, "Haurren eta nerabeen eskubideak eta eskubide horien erabilera" izenekoan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean sortu ziren eskubideak zerrendatzen dira. Legearen gainerako ataletan babesik gabeko egoeran dauden haurren babesa arautzen da. Beraz, araudi sektorialari buruz hitz egitean berriz ere aipatuko dugu legea.
Bukatzeko, adierazi behar da adingabeen eskubideak eta haurren babesean eta zainketan hartutako konpromisoak zehaztea oso lan luzea dela, hainbat arlori eragiten baitie, besteak beste: osasunari, hezkuntzari, gizarte-babesari, arrisku-egoerei eta babes gabeko egoerei, birgizarteratzeari eta haurren osotasunaren babesari. Hori dela eta, lege, dekretu eta gainerako garapen ugaritan aipatzen da, arau-marko zabal bat eratuz. Marko horretatik elementu nagusi hauek nabarmen ditzakegu:
Hezkuntza izateko eskubidearekin lotuta:
· 8/1985 Lege Organikoa, uztailaren 3koa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzekoa.
· 1/93 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.
· Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa.
· 118/1998 Dekretua, ekainaren 23koa, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duena.
· 201/2008 Dekretua, abenduaren 2koa. EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.
Haurren osotasunaren babesarekin lotuta:
· 15/2002 Lege Organikoa, azaroaren 25ekoa, Zigor Kodeari buruzkoa azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duena. Araudi horrek, besteak beste, etxeko indarkeriaren, adingabeak galbideratzeko delituen eta haurren osotasun fisikoa eta psikologikoa erasotzen duten delituen arloetan haurrei eragiten dieten neurriak ezartzen ditu.
· 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, genero-indarkeriaren aurkako babes osorako neurriei buruzkoa.
Babesik gabeko egoeran dauden haurrak eta nerabeak babestearekin lotuta:
· 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, haurrak eta nerabeak zaintzekoa eta babestekoa.
· 54/2007 Legea, abenduaren 28koa, Nazioarteko Adopzioari buruzkoa.
· 1/2008 Legea, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzari buruzkoa.
· 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
· 1618/2007 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, elikagaien ordainketa bermatzeko funtsaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzkoa[3].
· 40/1998 Dekretua, martxoaren 10ekoa, EAEko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskaritza arautzen duena.
· 114/2008 Dekretua, ekainaren 17koa, Foru Aldundiek adingabeen adopzioaren arloan jarraitu beharreko jarduna arautzen duena, eta aldi berean, urriaren 28ko 263/2002 Dekretua, Nazioarteko Adopzioaren erakunde laguntzaileen akreditazioa eta funtzionamendua arautzeari buruzkoa, aldatzen duena.
· 124/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, EAEn epaileak agindutako kontsultagatik familia-bilguneak arautzen dituena.
· 131/2008 Dekretua, uztailaren 8koa, gizartean babesik gabe dauden haur eta nerabeentzako egoitza-harrerarako baliabideak arautzen dituena.
Ezgaitasuna duten eta/edo mendekotasuneko egoeran dauden adingabeekin lotuta:
· 51/2003 Lege Organikoa, abenduaren 2koa, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunari, bereizketa-ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoa.
· 39/2006 Legea, abenduaren 14koa, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatzekoa.
· 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
Osasunarekin lotuta:
· 14/1986 Legea, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa.
· 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoa.
· 41/2002 Legea, azaroaren 14koa, pazientearen autonomia, eta informazio eta dokumentazio klinikoko gaiei buruzko eskubideak eta betebeharrak arautzen dituena (9.3. artikulua 12 urtetik aurrera entzuna izateko eskubidea).
· 2/2010 Lege Organikoa, martxoaren 3koa, sexu- eta ugalketa-osasunari, eta haurdunaldiaren borondatezko etendurari buruzkoa (13.4. artikulua. haurdunaldiaren borondatezko etendura onartzeko eskubidea).
· 175/1989 Dekretua, uztailaren 18koa, Osakidetzako gaixo eta erabiltzaileen eskubide eta obligazioen karta onartzen duena.
Erantzukizun penalarekin lotuta:
· 5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, adingabeen erantzukizun penala arautzen duena, eta lege hauek aldatzen dutena: 7/2000 eta 9/2000 Lege Organikoak, abenduaren 22koak; 9/2002 Lege Organikoa, abenduaren 10ekoa; 15/2003 Lege Organikoa, azaroaren 25ekoa eta 19/2003 eta 8/2006 Lege Organikoak, abenduaren 4koak.
· 1174/2004 Errege Dekretua, uztailaren 30ekoa, 5/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duena.
· 163/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, EAEko arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta eskaintzeko erakunde laguntzaileak baimendu, homologatu, ikuskatu eta erregistratzeari buruzkoa.
· 80/2009 Dekretua, apirilaren 21ekoa, askatasunaz gabetzeko neurriak betearazten dituen EAEko ikastetxeei buruzkoa.
[3] Helburu hau du: banandutako gurasoen seme-alabei diru-kopuru jakin batzuk jasoko dituztela bermatzea, aurrerakin gisa definitutakoak, bere baitan hartzen dituen familia-unitateak bere beharrei aurre egin ahal diezaien, elikagaiak ordaintzeko betebeharra duenak ordaintzen ez dituenean.