8. Ondorioak
Ez da erraza aurreko orrialdeetan azaldutakoa laburbiltzen, zeren eta arazo, behar, baliabide, profesional eta erakunde ugari aipatu izan baitugu. Hala ere, gure ustez zenbait arloren bilakaeran adi izateari eutsi behar diogu, eta horiexek azalduko ditugu; ez, ordea, sakondu.
Babesik ez izateko arriskuan edo babesik gabe dauden haurren arloan, zenbait elementu ikusita, jarduteko eta familiei laguntzeko apustu irmoagoa behar dela deritzogu: neurri handi batean, udaleko gizarte zerbitzuen aldetik, protagonistak baitira, egoeraren babes maila oraindik handia ez bada ere eta testuinguru naturalean eta testuinguru naturaletik jardun daitekeenean; kalitateko laguntza iraunkorraren bidez, familia harreretan, bai adingabeari dagokionez, bai harrerako familiari dagokionez batez ere; familiarekiko jarduera areagotuz egoitzako harreran dauden haurrak eta nerabeak direnean.
Lagundu gabeko adingabe atzerritarren egoera berezia eta, beraz, aurreko lerroaldean azaldutakoa aplikatzeko familiarik ez dela-eta, babesik gabeko haurrak izanik ere, ikusitako arazorik ohikoenak hauexekin loturikoak dira: harrera protokolo ezberdinak, lurralde historiko bakoitzean irizpide ezberdinak erabiliz (bereziki adina ezartzeari dagokionez), eta horrek ondorioak dakartza babes sisteman sartzeko edo baztertzeko, edo egoitza baimena emateko betebeharra ez betetzea. Horiek guztiak ageri dira Haurraren Eskubideen Batzordeak Espainiari eginiko azken oharretan ere.
Babes sistematik datozen adingabeen proportzio altuaren gainekoak dira adingabe arau-hausleen inguruko elementurik kezkagarrienak, baita familiako eta bikotekidearen kontrako indarkeria delituen etengabeko igoerarekin zerikusia dutenak ere.
Hezkuntza arloari dagokionez, eta zehatzago, hezkuntza behar bereziak dituzten haurren eta nerabeen arreta denaz bezainbatean, familiekiko lankidetza hobetzearekin dago lotuta berriz ere arazo nagusia kasu guztietan. Gainera, gizarte mailan kaltetuen dauden pertsonak eta taldeak direla-eta, badirudi lanean jarraitu beharra dagoela bereizkeriak edo eskolako ghettoak galarazteko. Horretarako, komenigarria izango litzateke konpentsazio politikak eta zailtasun handienak dituzten ikastetxeekiko diskriminazio positiborako neurriak areagotzea.
Familiekiko komunikazioa eta lankidetza ere funtsezkoak dira eskola jazarpenean ere, betiere bizikidetza planei eta ikastetxeak horretarako bideraturiko beste tresna horiei garrantzirik kendu gabe. Esperientzia arrakastatsuak partekatzeko eta zabaltzeko unea iritsita, planak dokumentu inerte bihurtzean datza arriskua, tresna biziak izateko duten ahalmenari etekinik atera gabe.
Nahiz eta osasun sistemarekiko informazio zuzena eskuratzeko modurik izan ez, haurrekin eta, batez ere, nerabeekin harremanetan diren beste sistema batzuetako gizarte eta erakundeetako eragileek behin eta berriz aipatzen dute haurren eta gazteen osasun mentalaren arreta, beharrik premiazkoena den aldetik, adingabeen osasun eskubideari dagokienez. Horiei erantzuna emateko beharren eta baliabideen diagnostiko hobea izanik abiapuntu hartuta, aurrera egin beharreko zenbait alderdi ere aipatu dira baliabideen eta sistemen arteko koordinazioaren hobekuntzan.
Gizarte erakundeen azterlanetan eta txostenetan aipatzen denez, gora egin du haurren pobreziak, Cáritas erakundeak pobreziari buruz egin duen azken txostenean esaterako, edo Haurren Erakundeen Plataformak Espainiako Haurren Eskubideen Konbentzioaren aplikazioko III eta IV txostenen txosten osagarrian. Nahiz eta EAEn gai horren inguruko diagnostiko argirik ez dugun, VI. Kapituluan genioenez, halaxe dela irizten diote harremanetan izan ohi garen gizarte elkarteek eta profesionalek. Datu horien erakusgarri izango lirateke zenbait familiaren urritasunaren inguruan jasotako kexak.
Azkenik, haurren eta nerabeen bizi-baldintzak hobetzeko jarduerak azaltzeko izan diren orri askoren testuari amaiera emateko, haurrek parte hartzeko prozesua hobetu beharra azpimarratu behar dugu, eurekin etorkizuna eraikitzeko eta haien iritzia aintzat hartzeko haiei eragiten dieten gaietan. Ildo horretan, bat egiten dugu arestian esan dugun Haurren Erakundeen Plataformarekin hauxe aldarrikatzen duenean: haurrek eurei eragiten dieten eremuetan parte hartzeko egitura egokituak eta egonkorrak sustatzea, metodologia dibertigarriekin eta erakargarriekin diseinaturiko partaidetza-prozesuak ere. Aldez aurretik hauexek argituko dituzte metodologia horiek: nori iritsiko zaizkion ideiak, zer egingo den haiekin eta politikak garatzeko arduradunekin elkarteko eta elkarri eragiteko aukera. Ez dezagun ahantz, gainera, antzeko zerbait adierazi duela Haurraren Eskubideen Batzordeak Konbentzioaren 44. artikulua dela bide parte hartu duten estatuek aurkezturiko txostenen azterketaren dokumentuak dakarren 30. oharrean.