AURKEZPENA
2014. urtea oso bizia eta garrantzitsua izan da Arartekoarentzat, zentzu guztietan gainera. Zerbaiten on-gaitzak aztertzean gertatu ohi denez –eta horren adibiderik garbiena da Legebiltzarrarentzako txostena prestatzea beti argi-itzalekin egiten da topo; baina aurtengoa urte bereziki argitsua izan da emaitzei eta urteurrenei dagokienez, eta horiexek bihurtu dute urte berezia.
Horrela, Ararteko erakundeak 25 urte bete ditu jardunean. Asko egin da 1989ko martxoaren 8an Juan San Martínek, Euskal Autonomia Erkidegoko lehen arartekoaren kargua hartuta, pertsona talde txiki batekin Eusko Legebiltzarraren bulego batean lanean hasi zenetik. Arartekoan lan egin duten eta orain lanean ari garenok, gure zeregina edozein dela ere (guztiak beharrezkoak dira, erakundeak ezin hobeto jardun dezan), herritarrei laguntzeko jarreraz blaitzen gara, burutzen dugun lan motaren ondorioz une jakin batean pertsonekin enpatizatzen dugulako; zerbitzu publikoak (erakundearenak berarenak eta administrazio guztienak) eragingarritasun eta eraginkortasun printzipioen arabera jardun dezaten lagundu nahi dugulako; giza eskubideek, gauzatuko badira, habitat jakin bat behar dutela sentitzen dugulako, izan ere, bestela, murriztu edo ezereztu egiten dira; barneratu egiten dugulako gizarte-justiziaren, gizarteratzearen, gizarte- ekitatearen, aukera-berdintasunaren, benetako berdintasun eragingarriaren eta abarren aldeko kausa.
Efemeride hori hondo-iruditzat hartuta, horrekin lotutako zenbait jarduera gauzatu dira urte osoan zehar. Maiatzean, Auzitegi Nagusiaren sorreraren 25. urteurrena ere bazenez gero, jardunaldi bat egin zen auzitegi horrekin; irailean, Espainiako Herriaren Defendatzailearen eta autonomia erkidegoetako defentsa-erakundeen arteko Koordinazio Jardunaldiak; urrian, Estatu Sozialari buruzko II. Jardunaldiak, EHUrekin elkarlanean antolatutakoak. Arartekoaren 25 urteak ospatzeko erakunde-ekitaldi nagusia ekainaren 20an egin zen, Eusko Legebiltzarraren egoitzan.
Orobat, ospakizun hori beste urtemuga batekin lotu nahi izan genuen: hain zuzen, Nazio Batuen Batzordeak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zuenetik 25 urte betetzearekin. Horretarako, jardunaldi oroigarri bat antolatu genuen, azaroaren 18an, Unicefekin eta Save the Childrenekin.
Herritarrak egunetik egunera hobeto jabetzen dira beren eskubideez eta, horrexegatik, gehiago eskatzen diete herri-administrazioei; bizi dugun garai honetan, ararteko, herriaren defentsa-erakunde edo ombudsmanok eginkizun garrantzitsua egiten ari gara arazoak konpontzen, herritarren eta administrazioen artean bitartekotza- lanak egiten, baita administrazioen jarduera, zerbitzu eta politika publikoen kalitatea hobetzen ere. Behar bezala jarduten eta lanean dabiltzan defentsa- erakundeen lana soft power delakoaren adibide ona da, zeina lagungarria baita demokraziaren kalitatea hobetzeko eta pertsonak herri-administrazioen aurrean ahalduntzeko.
Urtero bezala, atseginez aurkezten dut Arartekoaren urteko txostena. Oraingo honetan beste gertakari bat gehitu behar diogu: 2014. urtean amaitu da Euskadiko pertsonen eskubideak babesteko Legebiltzarraren ordezkari gisa erakundearen buruzagitzan jardun dudan bigarren agintaldia. Horregatik, azkenekoz aurkeztu ahal izango dut, ararteko moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko defentsa-erakundearen jarduera.
Txosten hau, aurreko hiru urteetakoak bezalaxe, bizi dugun gizarte- eta ekonomia-egoeraren isla da, izan ere, Arartekoaren jarduera krisi ekonomikoa milaka euskal familiarengan izaten ari den ondorio larri-larrien ispilua da. Horrela, herritarrekin zerikusia duten Arartekoaren jardueren kopurua nabarmenduko nuke, 8.608 izan baitira; horien artean, aipagarria da 6.378 kexa kudeatu direla. Kexa horiek oinarrizko gaiekin lotuta daude: Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen ondoriozko laguntza ekonomikoak, bekak, etxebizitza babestua alokatzea, osasun-laguntza, hots kutsadura, garraio publikoak, ezintasunen bat duten pertsonak edo haur eta nerabe babesgabeak, besteak beste. Hazkuntza hori egiaztatzeko, 2010. urteari begiratu (orduan hasi zen krisia bere laztasun guztia erakusten) eta zer-nolako gehikuntza gertatu den ikusi besterik ez dago: %45 egin diren kexetan, 4 urtean soilik.
Informazioak herritarrak gaitzen eta aktibatzen dituela eta sozializazio-iturri dela ohartuta, Arartekoan informazio pila ematen ahalegindu gara gure web orriaren bitartez, horren irudia berriztatuta; eta horren adierazgarri dira aurten izan ditugun 98.834 bisitak eta ikusi diren 197.104 orrialdeak. Baliabide publikoak kudeatzeko orduan, gardentasun printzipioa betetzean sakondu dugu, publizitate aktiboaren bitartez; horrela, erakundearen aurrekontu- eta ekonomia-kudeaketari, langile multzoari eta soldatei buruz 2013ko urtarriletik aurrera eskaintzen genuen informazio ugariarekin batera, urtarrilaz geroztik, kontratazio txikien berri ematen da hilero (hori kontratatzailearen profilarekin osatzen da, zeina lehendik ere erabilgarri zegoen).
Saiatu gara gure herrialdeko gizarte-sareko lekurik ezkutuenetara iristen, baita ere gizarte-sare horren hormetatik kanpo dauden tokiak ezagutzen, halakoak egon badaudelako. Gure asmoa zen hitzik ez dutenei hitza ematea, egoera ezezagun edo ia ezezagunak argitara ateratzea, benetako berdintasun eragingarria izateko eskubide konstituzionala lortzen aurrera egitea, demokrazian sakontzea... Europako Batzordearen aintzatespena eta laguntza lortu ditugu, haren Justizia Zuzendaritzaren bitartez, Rainbow Has europar proiektua zuzentzeko. Proiektu horretan lanean ari dira EBko zortzi herrialdetako hamahiru erakunde, eskolaren eremuan joera homosexuala edo identitate transexuala duten adin txikikoen oinarrizko eskubideak behar bezala babesteko. Kudeaketa publiko aurreratuarekin dugun konpromisoaren ziurtagiria ere, Euskalitek emana, azken 5 urteotan egin dugun lanaren aitorpena da. Lan horretan azpimarratzekoak dira: erakundearen 3 hausnarketa estrategiko; 2013-2015erako plan estrategikoa; zerbitzu-karta eta hori 2013an berriztatzea, bertan sartu nahi baikenuen Arartekoak eskura daukan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko aukera; 2014an egindako erakundearen autoebaluazioa, kudeaketa aurreratuaren ereduan oinarrituta eta Euskalitek burututako kanpoko kontrastea gaindituta; gainera, hainbat sistema ezarri dira erabiltzaileen, erakundeko langileen eta ardura zaizkigun taldeen iritziak ebaluatzeko.
Bestalde, herri-administrazio eskudunek jarrera harkorra izatea lortu dugu gizarte-babeseko euskal sistema hobetzeko asmoz egin dizkiegun proposamenei buruz. Izan ere, kasuetatik ia %92tan, gure ebazpenak eta gomendioak onar daitezen erdietsi dugu, nahiz eta administrazioak horretara behartuta ez egon, eta nahiz eta, askotan, zuzendutako jarduerek ez duten legea hautsi, baizik eta, gure ustez, legeriaren interpretazio murrizgarrian oinarritu diren eta herritarren eskubideak behar bezala bermatu ez dituzten. Pozik gaude, baina, aldi berean, asko eskatzen diogu geure buruari, egunero tentsioari eta ezarritako estrategia-lerroei eutsi behar diegulako, gure eragingarritasuna eta eraginkortasuna are gehiago hobetu ditzagun.
Eskerrak emanez bukatu nahi dut. Eskerrik asko herritarrei, aurten ere Ararteko erakundean uste ona izateagatik. Milesker Arartekoan lanean ari diren edo lan egin duten guztiei, bere lan onagatik eta pertsonekin nahiz giza eskubideekin hartu duten konpromisoagatik. Eskerrik asko gizarte-erakundeei, beren laguntzagatik. Esker mila administrazio eta erakunde publikoei, Arartekoa erakunde eragingarria bihurtzeagatik herritarrei zerbitzua eta arreta eskaintzeko orduan. Eskerrik asko legebiltzar talde guztiei, pertsonen eskubideak babesteko duten goi ordezkariari eusten jarraitzeagatik.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKO